Herria osasun gune bihurtzeko urratsak

Herria osasun gune bihurtzeko urratsak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Medikuen eta ospitaleen jarduerara lotuta agertu ohi da osasungintza. Arta zerbitzu horretan jartzen da begirada gaiaz eztabaidatzean. Ospitalea gertu dagoen ala ez, hitzorduaren ordutegia errespetatzen den edota medikuaren harrera egokia den ekartzen dira ahotara maiz. Baina sorospen zerbitzu hori baino gehiago da osasungintza, Amets Jauregizar Bakioko alkatearen arabera. “Herri batean egiten diren tokiko politika guztiek dute eragina gure osasunean”. Hirigintza planetatik kirol eskaintzetara. Herritarren bizi kalitatean eragina duten politika eta neurri horiek guztiak lehen planoan jarri nahi dituzte Bakion horregatik, eta Osasun Sarea jarri dute martxan horri erantzuteko. Helburu argia du udalak: bakiotarren bizitza kalitatea hobetzeko egitasmoak martxan jarri nahi ditu. Eta hori egiteko, herritarren ahotsa jaso nahi du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko iniziatiba da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan Osasun Sareak sortzeko plana. Egitasmoan sartzeko proposamena egin zion Bakioko Udalari joan den urtean, eta aurten jarri dute martxan. Osasun Saileko ordezkariak, Bakioko Udalekoak, Osakidetzakoak eta Mungialdeko mankomunitatekoak elkartu dira mahai berean.

Azken hilabeteetan herriaren inguruko azterketa bat osatu du lan taldeak. “Diagnostikoa egiten aritu gara. Bakiok dituen osasun azpiegiturak zeintzuk diren ikertu eta herrian dagoen osasun maila ere aztertu dugu. Bidearen hasiera baino ez da hau; zero kilometroa, alegia. Orain herritarrengana eraman behar dugu egitasmoa eta horretarako foro irekia egingo dugu datorren urtearen hasieran”. Herritarrekin osatutako gune horretan erabakiko da osasunaren esparruan Bakion zein egitasmo jarri behar diren martxan.

Ikuspegi aldaketa

Instituzioetatik abiatutako ekimena da Osasun Sarea. Eta Jauregizarrek argi dauka erakunde publikoen abiadura nahi baino motelagoa izaten dela sarri. “Erakundeak geldoak dira, eta egitasmoak martxan jartzea kosta egiten da. Baina udaletik argi dugu ekimen dinamikoa egin nahi dugula, eta horretan ari gara orain”. Udalean dituzten baliabideekin, Osasun Sarearen egitasmoa arindu eta bestelako ikuspegi bat txertatu dute. “Osasuna ikuspegi asistentzialetik landu ohi da. Hau da: gaizki gaudenean edo minen bat dugunean, ospitaleen kontsumitzaile bihurtzen gara. Eta artapen horretan jartzen dugu arreta. Baina politika lokaletik, herritarren osasunean zuzenean eragiten duten hamaika neurri hartu daitezke”. Herritarren bizi kalitatearekin zerikusia duten neurriez ari da Jauregizar. Eta multzo horretan sartzen ditu, tartean, herria nola antolatuta dagoen, egon daitezkeen mugikortasun arazoak edota kirola egiteko dauden baliabideak.

Osasunean kanpo faktoreak dira erabakigarrienak. Hala azaldu du udal ordezkariak. “Ospitaleak gure osasunean duten eragina %10 eta %20 artekoa da. Gainontzeko ehuneko guztia, kanpo faktoreen ondorioa da”. Horregatik uste du beste eragile horiek aldatuta, herritarren osasunak ere hobera egingo duela. Funtsean, pentsamolde aldaketa bat da Bakioko sareak proposatzen duena: “Goazen perspektiba horretatik gauzak aldatzera. Badakigu anbulategiak egon egin behar direla eta gainera kalitatezko zerbitzua eskaini behar dutela. Herritarrek dugun oinarrizko eskubidea da hori. Baina badaude gure osasunean eragiten duten beste hamaika kontu ere. Askotan ahaztu egiten ditugu eta horietan fokua jartzea beharrezkoa dela uste dugu”.

Urte hasieran egingo dute foro irekia herritarrekin. Hala adostu dute Osasun Sarearen parte diren erakundeak. Baina bitartean hainbat ekimen jarriko ditu martxan udalak. “Desfibriladorea erosi du udalak eta hori erabiltzen ikasteko prestakuntza saioak egin ditugu herritarrekin”. 140 pertsonak parte hartu dute saio horietan. “Garrantzitsua da hori. Anbulantzia deitu eta Bakiora iritsi orduko hogei minutu igarotzen dira gutxienez. Herritar bati bihotzekoak ematen baldin badio, denbora tarte hori hil ala bizikoa da”. Herritarrek oinarrizko prestakuntza izateak arazo asko saihestu ditzake, hortaz. “Ahalduntze bat da, osasunean buruaskiak izaten hasteko prozesu bat”. Herritarrak foro irekira deitu bitartean postontzi bat ere jarri dute udalean, herritarren proposamenak jaso eta ekimen puntualak antolatzeko.

Jauregizarrek aitortu du herritarren artean badirela osasun zentroen irismenarekiko kezkak. Ospitalera joateko autobus gutxi daudela uste dute hainbat herritarrek, adibidez. “Orain arte mugatuta ikusi dugu gure burua kexu horien aurrean, eskumen horiek udalen konpetentziatik kanpo daudelako. Baina Osasun Sarean Jaurlaritza eta Osakidetzako kideak daude. Eta horrek, herrian dauden egonezinei buruz eztabaidatzeko eta irtenbideak adosteko aukera emango digu. Harreman hori oinarrizkoa da”.