Gizartea

Mende erdiz haziz eta heziz

Mende erdiz haziz eta heziz

Natalia Salazar Orbe

Mende erdi igaro da euskarazko eta kalitatezko hezkuntza proiektu sendo batek Zornotzan argia ikusi zuenetik. 50 urte bete ditu Andramari ikastolak. Denbora dezente igaro da Miren andereñoak lurzoruan esertzen ziren ikasleei eskolak emateari ekin zionetik. 1966- 1967ko ikasturtea zen. Frankismoaren diktaduran murgilduta, etxebizitza klandestino batean jarri behar izan zuten egoitza. Karmelo komentuko gela bat hartu zuten, eta Adolfo eta Andresen akademiek ere eskaini zizkioten euren txokoak, Ixer auzoan lehen ikastola eraiki zuten arte. 1981ean aldatu zuten Larreara; han egin du gaur egun arteko ibilbidea.

Mende erdi hori behar bezala ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu ikastolak. Astelehenean hasi eta larunbateko jaialdira arte, gogoan izango dute herrian Andramari ikastolaren ibilbidea.

Ekitaldi askotarikoak prestatu dituzte: oroitzapenak, esker onak eta sentimenduak nahastuko dira. Hori guztia musikaz, kulturaz, pedagogiaz, euskaraz, kirolaz eta festaz apainduko dute.

Ikasle ohiez inguratuta

Ikastolako ikasle ohiez inguratuta aurkeztu zituzten ospakizunerako ekitaldiak, asteartean. Horien artean, hainbat arlotan ospetsu bihurtu diren ikasle ohiek hartu zuten parte. Besteak beste, honako hauek izan ziren: Eneko Atxa eta Beñat Ormaetxea sukaldariak; Xabi Etxeita eta Asier Goiria futbolariak; Mikel Urdangarin eta Jose Gonzalez musikariak; Beñat Ugartetxea eta Unai Ormaetxea bertsolariak; Gorka Barrenetxea ginekologoa eta Anita Maravillas antzerki taldeko kide Miren Larrea.

1972an bihurtu zen Andramari gurasoen kooperatiba. Ordutik, irakasleek eta gurasoek eskutik hartzen dute parte ikasleen hezkuntza prozesuan. Herritik sortu eta herriarentzat egindako proiektuak herritarrekin batera ospatuko du orain urtemuga.

Etengabeko bidegurutzean

Etengabeko bidegurutzean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Krisi humanitario betean dago mundua. Gaur egun, 65 milioi pertsona baino gehiago dira beren lurraldea utzi eta beste herrialde baten babesera jo dutenak. Iheslariak edo errefuxiatuak; 1951ko Genevako nazioarteko itunaren arabera, "arraza, erlijio, naziotasun edo talde batekoak izateagatik jazarriak izateko beldur funtsatua duten pertsonak". Sexu jazarpena ere txertatu dute testuan motibo gisa. 65 milioi errefuxiatu. 65 milioi jazarri. "Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea", dio Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 14. artikuluak. Nazioarteko adierazpenetan dago jasota errefuxiatuei eman beharreko babesa, hortaz. Baina paperean idatzitakoa ez dator bat errealitatearekin: hamar iheslaritik zazpiri ukatzen zaie asilo eskaera. Errefuxiatu izatea lortzen ez dutenen kopurua ere gero eta handiagoa da. Urtea hasi denetik, Mediterraneoan itotako 485 pertsona zenbatu dituzte; 7.000 lagun irentsi zituen itsasoak 2016an, eta 3.800 2015ean. Bien bitartean, aldundiak iheslariei arta emateko sortutako programak, Goihabe izenekoak, 118 errefuxiatu artatu zituen iaz.

Hilaren 3an Elorriora iritsitako zazpi iheslarien kasuak lehen lerrora ekarri du errefuxiatuen gaia, beste behin ere. Kurdistango emakumezko bi, gizonezko bat eta lau adingabe aurkitu zituzten Valentziatik atera zen hozkailu-kamioian ezkutatuta. Oihartzun "handiegia" izan zuen Durangaldera iritsitako errefuxiatuen kasuak hedabideetan, CEAR Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordearen iritziz. Bizkaira iristen diren milaka errefuxiatuen kasuetako bat izan da zazpi kurduena, eta errefuxiatuen "segurtasuna eta pribatutasuna" lehenesteko deia egin zuen elkarteak.

Durangoko Udalak egokitutako etxe batean hartu zuten babesa Elorriora iritsitako iheslariek, eta Espainiako Estatuan asiloa eskatzeko asmoa zutela iragarri zuen CEAR elkarteak joan den astean. Baina astelehenean jakin zen Durangoko etxea utzi zutela.

Zazpi iheslari kurduak atzo atzeman zituen Guardia Zibilak Teruelen (Aragoi, Espainia), Frantziarako bidean zen kamioi batean. Iheslariek hasieratik azaldu zuten bere helburua Ingalaterrara iristea zela, eta joateko erabakia errespetatzeko eskatu du Durangoko Udalak berria jakin eta berehala. "Joatea erabaki dute, eta haien askatasuna errespetatzea besterik ez dagokigu guri".

Interes politikoen itzala

Askatasunik gabeko egoera da errefuxiatuena. Jaioterritik ihes egin arren, jaioterrira itzultzeko etengabeko arriskua dute, asilo eskaera egin eta ukatuz gero. Izan ere, ihes egin ondoren, iritsitako estatuan errefuxiatu estatusa frogatzea lan nekeza dela salatu dute iheslariak laguntzeko elkarteek behin eta berriz. Bizkaian asiloa lortzeko, adibidez, Poliziaren aurrean agertu behar dute iheslariek: estatuaren indarren aurrean, alegia. Eskatzaileek ahalik eta xehetasun gehien eman behar dute jatorrizko herrialdean jasan duten jazarpenaz eta ihes egitera bultzatu dituzten arrazoiez. Frogak eskatzen dizkiete. Iheslariek, ordea, esperientzia, bizipen eta kontakizunak besterik ez dute askotan. Eta hitzak sinetsi ala ez erabakitzeko, interes politiko, ekonomiko eta sozialak ere badituzte estatuek.

Urratsez urrats: estatu batek pertsona bati babesa eskaintzeko, pertsona horren jatorrizko estatuak izan behar du jazarlea. Eta hor gakoa: jatorrizko estatu horren bortxa aitortu behar du errefuxiatuaren babes eskaera duen estatuak. Nazioarteko gatazka edo gerretan, interesen arabera egiten da jazartzaile eta jazarriaren arteko definizio hori. Gutxitan onartzen dira asilo eskaerak, hortaz. Behin eskaera egin eta ezezkoa jasota, ihes egin duten herrialdera itzultzen dituzte askotan. Eta hori ez da jartzen zaien muga bakarra. Ikusi besterik ez dago Europara sartzea galarazteko urteotan eraikitako hesiak.

Neurriak Bizkaian

2015ean, 160.000 errefuxiatu herrialdeetan banatzeko konpromisoa hartu zuten Europako Batasuneko kideek, eta %8 baino ez dituzte hartu orain arte. Madrilgo gobernuak adostutako iheslariak jasotzeko duen ezintasuna ikusita, Jaurlaritzak errefuxiatuak zuzenean hartzeko proposamena egin berri dio Espainiako Gobernuari. Bizkaiko Foru Aldundiak Goihabe programa sortu zuen 2015ean iragarritako iheslari siriarrak artatzeko; berez, 500 lagun jasoko zituztela uste zuen aldundiak. Errefuxiatu siriarrak iritsi ez direla ikusita, programa zabaldu eta bestelako herrialdeetako iheslariei ere arreta ematea erabaki du aldundiak. 2016an, 118 artatu ditu Goihabek; Kongo, Ukraina, Afganistan eta Palestinakoak izan dira, besteak beste.

Bizkaia harrera lurralde izateko lanean ari da aldundia. Herri eragileak eta tokian tokiko udalak ere ari dira urratsak egiten. Urduña, Ortuella, Dima, Ondarroa, Ermua, Munitibar, Ea eta Leioa, adibidez, harrera herriak dira gaur egun, eta iheslariak hartzeko neurriak adostu dituzte.

Bilbo pizteko txinpartak

Bilbo pizteko txinpartak

Natalia Salazar Orbe
Kultura, aisia eta herritarren arteko harremanak sustatzeko beste modu bat aldarrikatzen dute hainbat eragilek. Zail dute sarri asko, ordea, herriak herriarentzako antolatutako jardueren aldeko apustua egiten dutenek; gune autogest...

Basamortutik, arnasgune bila

Basamortutik, arnasgune bila

Natalia Salazar Orbe
Udako egun sargori bat; 60 gradu itzaletan. Bero sapa. Astuna. Urteak joan eta urteak etorri. Eta etorkizun oparorik ez. Marokok beren lurraldea okupatuta, beste irtenbiderik gabe geratu ziren Mendebaldeko Saharako bizilagunak. Bas...

Kultura eta kirola, udalekuen ardatz

Kultura eta kirola, udalekuen ardatz

Alaitz Armendariz

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du 2017ko udalekuetan parte hartzeko prozesua. Martxoaren 24ra bitarte, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutil bizkaitarrek aukera izango dute udalekuetara joateko zozketarako izena emateko. Guztira, 1.572 umerentzat egongo da tokia, eta zazpi instalazio eskainiko ditu aldundiak —Bizkaian sei eta Nafarroan bat—, zazpi eguneko egonaldiak egiteko: Lapurreketako baserri-eskola (Dima), Gorlizko aterpea, Urduñako aterpea, Zugaztietako aterpea (Trapagaran), Lauaxeta ikastola (Zornotza), Lurraska baserri-eskola (Ajangiz) eta Legasa (Nafarroa). Dena den, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eskainitako udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute ume bizkaitarrek, aldundien arteko toki trukeari esker.

Aurten, udalekuek zenbait berrikuntza izango dituzte. Iragarri dutenez, probako proiektu bi jarriko dituzte martxan uda honetan. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturarako diputatuaren hitzetan, aldaketa "nabarmenak" izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuetan: "Euskara beti izan da udalekuen ardatza, baina, aurten, gure hizkuntzaren erabilera informalarekin lotura zuzena duten jarduera bereziak ere egingo dira", zehaztu du. Beste bi arlo ere landuko direla aurreratu du: herri kirolak eta euskal kulturaren tradizioa. Bilbaoren esanetan, udalekuen helburua da umeek tokiko kirolen eta euskal kulturaren alderdi "adierazgarrienak" ezagutzea, landuko dituzten dinamika eta jolasak baliatuta.

Hala, "sakonago" landuko dituzte euskal kulturaren tradizioa eta kirola. Horretarako, aldundia herri kiroletako jarduerak lantzen ari da, umeak herri kiroletan trebatzeaz gain, kirol bakoitzaren historia eta esanahia ezagut dezaten. Gainera, euskal kulturaren tradizioa ere aztertuko dute, eta hainbat arlo landuko dituzte: euskal kantak, euskal dantzak, mitologia, joko tradizionalak, musika eta ohiturak. Jarduera berri horiek Lauaxeta ikastolan eta Zugaztietako aterpean egingo dituzte, baina, aurtengo probako proiektuez gainera, udalekuetan egin ohi dituzten jarduerak ere izango dituzte.

Aipatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen zazpi instalazioez gain, Bizkaiko neska-mutilek Araba eta Gipuzkoako aldundiek eskainitako tokietara joateko aukera izango dute; Gipuzkoan lau toki izango dira, eta Araban hiru. Gipuzkoako aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran eskainiko ditu egonaldiak, eta Arabako aldundiak, berriz, Barrian, Ulibarri-Ganboa urtegiko Zuhatza irlan eta Valderejon.

Egonaldiak zazpi egunekoak izango dira leku guztietan, eta zenbait txandaren artean aukeratu ahalko da, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitarte. Taldeak adinaren eta hizkuntza ereduen arabera antolatuko dituzte: 7-8 urte (221 toki, euskaraz); 9-11 urte (751 toki euskaraz eta 50 ele bitan), eta 12-13 urte (500 toki euskaraz eta 50 ele bitan). Bizkaiko umeentzako 1.472 toki euskaraz izango dira, eta gainerako 100 elebidunak. Gainera, aldundiak tokien %5 gordeko ditu desgaitasunen bat duten umeentzat.

18 eta 121 euro artean

Aldundiak toki bakoitzaren kostuaren %72 ordaintzen du; hortaz, 121 euro ordaindu beharko dira ume bakoitzarengatik. Halere, baliabide ekonomiko urriak dituzten kolektiboetako kideek 18,15 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte, eta familia ugarietako kideek, ostera, 84, 70 euro.

Eskabideak martxoaren 24ra arte aurkeztu ahalko dira, Interneten bidez edo Bizkaiko foru bulegoetan, udal bulegoetan zein eskualde bulegoetan. Web orrian azaltzen da non dauden bulego horiek. Bestela, zalantzak argitzeko 944-06 33 60 telefonoa jarri dute eskuragarri. Zozketa apirilaren 24an izango da, eta tokirik lortzen ez dutenak itxarote zerrendan zein hurrenkeran gelditzen diren ere zehaztuko dute.

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek

Natalia Salazar Orbe

Izar Beltz ateneoaren 11. urteurreneko ospakizunak prestatzeko astelehenero egiten zuten batzarraren ostean iritsi zen ezustekoa. Asteartean, goizean goiz, Ertzaintzak hustu egin zuen Bilboko Irala auzoan zegoen "gune autogestionatu, libertario, antiespezista eta antierrepresiboa". Kautelaz hartutako neurri hori legez kanpokotzat jo dute hango kideek. "Legez ezin dute gauzatu era horretako esku hartzerik. 11 urte egin ditugu han, eta isilbidezko akordio bat geneukan jabearekin". Azken bi urteetan, elkarren arteko giroa gaiztotu egin da, eta ez ziren horren ondo moldatzen. "Beraz, normalena prozesu zibil batean sartzea zen". Horrelakorik ez da gertatu, ordea, eta hustu egin dute. "Legez ezin dute gauzatu neurri hori era horretako prozesu batean".

Egoera horri aurre egiteko, hustearen aurkako salaketa jarri dute Izar Beltzekoek. Aurreikusi dute epaileak erabakiren bat hartuko duela bospasei egun barru. Berriz ere gunean sartzeko baimena emango dieten itxaropena dute. Hori gertatuz gero, prozesu zibila abiatzea da euren asmoa.

Hamaika urtez atzera eginda, inor gutxik esango luke erabat utzita zegoen gune hura gaur egun Bilbon erreferente bilakatuko zenik. Urteetan gune horrek hartu duen oihartzun hori jo dute, hain justu, hustearen arrazoitzat. "Era horretako jarduerak erabaki politikoen eraginak izaten dira. Duela zenbait hilabete, Etxarri hustu zuten. Orain guri egokitu zaigu. Gure auzoan irauten duen era honetako gune bakarra Oihuka da. Noiz arte? Ez dakigu. Gaztetxeak eta gurea bezalako guneak esparru politikoak dira. Agintariek ez dute nahi euren hirian era horretako espazio autogestionaturik".

Epailearen erabakia iritsi bitartean, erantzun soziala eman dute kalean. Elkarretaratzera eta manifestaziora deitu zuten asteartean bertan. "Jende eta kolektibo asko etorri ziren. Ia 600 lagun elkartu ginen. Babes handia erakutsi digute. Hori oso garrantzitsua da: erakutsi digu gauzak ondo egin ditugula. Astearte buruzuri bat zen, euria ari zuen, eta, hala ere, ia 600 lagun azaldu ziren babesa ematera. Ederra da oso, eta adierazgarria".

Salaketa ugari

Iruñetik, Durangotik, Gasteiztik... hainbat herritatik gerturatu ziren ateneoaren hustearen aurkako salaketa egitera. "Eta esparru zabal baten babesa ere izan dugu". Besteak beste, Udalberrik eta Ezker Anitzak salatu egin dute neurria. Lehenengoek gogora ekarri dutenez, "tradizioz langileen mugimenduarekin lotutako kultur guneak diren ateneoak ideien hedapen fokuak izan dira. Eta Iralakoa printzipio eta balio batzuk ardatz hartuta azken hamarkadan hainbat jarduera — kulturalak, bereziki — gauzatu dituzten pertsonen topagune izan da. Leku plurala zen; ideologia, estrategia eta ikuspuntu askotarikoei ematen zien lekua". Antzeko iritzia azaldu du Ezker Anitzak. Ateneoaren eta okupatutako bestelako gizarte guneen helburua da "gure auzoei bizitza ematea eta auzokideen mugimendua sortzea eta antolatzea".

Ospetsua zen Izar Beltz, oso. Hango jantoki beganora jende ugari biltzen zen larunbatero. Hala gogoratu dute hango kideek: "Euro baten truke platerkada bat jan zenezakeen. Beti jendez gainezka zegoen". Igandeetan zine emanaldiak egiten zituzten. Gimnasioa, bi entsegu gela zein lanak egiteko erreminten mailegua; denetarik eskaintzen zuen. Baita kontzertuak eta antzerkia ere. Betiere, drogarik gabe. "Gurean ez zegoen alkoholik edo tabakorik, gure irizpide politikoan era horretako konturik ez delako sartzen". Ikusteko dago proiektuari aurrera egiten utziko dioten.

Elkartasuna elkartasunari

Elkartasuna elkartasunari

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Mundu oso bat kabitzen da 100 metro koadroan, baldin eta sartzen dena mundu berri bat eratzearen aldekoa bada. Norbanako eta herri eragileentzako espazioa gordetzen du Bilboko Zazpikaleetako Zirika herri guneak. Aretoa erabili nah...

Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak

Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak

Alaitz Armendariz

Abandoko Indalecio Prieto tren geltoki historikoak erabateko aldaketa jasango du hurrengo urteetan. Onartu berri duten hitzarmen baten arabera, oraingo geltokia desagerrarazi, eta lur azpian bi solairu izango dituen geltoki berria egingo dute. Proiektua abiatzeko akordioa sinatu zuten aurreko astean Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak; ez dute behin betiko datarik ezarri, baina, lehen aurreikuspenen arabera, lan horien ondorioz, AHTa 2023an helduko da Bilbora. Obra osoa 2027an bukatuko litzateke; izan ere, geltokiaren gaineko eremuan mila etxebizitza inguru egitea da asmoa, berdegune bat ere izango duen 90.000 metro koadroko inguru batean. Zenbait komunikabidek adierazi dute guztira 300-400 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango dela. Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean ordaintzekoa litzateke hori. Europatik diru laguntzak lortzea ere posiblea da, halere.

Lanen lehen fasea ez da bi urte barru arte hasiko. Fase horretan, Bailen kalearen eta oraingo Abandoko geltokiaren artean egongo den geltokia egiteko indusketa lanak hasiko dira. Hiru solairu izango ditu geltoki berriak. AHTarentzako tunela behe-beheko solairuan egongo da: hogei metroko sakoneran egingo da, eta zortzi nasa izango ditu. Horren gainean, ohiko trenentzako nasak egongo dira, lur azpiko lehen solairuan: Renferentzat bost nasa izango dira, eta, FEVErentzat, hiru. Lehen fase horretan Abusu eta Abando arteko 2,1 kilometroko tunela egingo da, abiadura handiko trenak trenbide bikoitzean hel daitezen. Hala, aurreikusten da AHTa 2023an helduko dela Bilbora. 20.000 metro koadro geratuko dira libre eraikitzeko eta geltoki gainean aparkalekua sortzeko.

Bigarren fasean, oraingo geltokiaren funtzionamendua apur bat aldatuko da, aldirietako bi nasa kendu beharko baitituzte. FEVEren lineak geltokiaren -1 solairura aldatuko dituzte; horretarako, tunel faltsu bat jarriko dute orain Ametzola dagoenaren eta geltoki berriaren artean. 2023 bukaeran amaituko litzateke bigarren fase hori, FEVEren nasak martxan jartzearekin batera.

2024an hirugarren fasea bukatuko litzateke: Urduñatik heltzen den Renfe linea mugituko dute orduan. Ordea, Muskiz eta Santurtzitik datozen trenak laugarren fasean helduko lirateke behin betiko nasetara. Horrela, lur azpiko lanak 2026. urtearen amaieran bukatzea aurreikusten da. Hori egitearekin batera, bidaiari guztientzako eraikina eraikiko dute lur azalean; garraioak bateratzea sustatu nahi dute horrela. Gainera, geltoki berriaren ondoko lau solairuko aparkalekuko lanak egiten hasiko dira. Azkeneko fasea Cantalojasko lubakia estaltzea izango da; 2027an bukatzea aurreikusten dute.

Oraingo Indalecio Prieto geltokitik gordeko den bakarra eraikinaren egitura izango da, haren balio historikoarengatik. Ondoan, hainbat etxebizitza eraikin egingo dituzte, lokal komertzialak, ekipamendu publikoak eta berdegune zabal bat. Proiektua egiteko ordaindu beharreko diru kopurua, 300-400 milioi euro bitartekoa, hiru erakunderen artean ordainduko dute: Espainiako Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala.

Ez dute oraindik zehaztu zein izango den behin betiko zifra, baina horri etxebizitza berrien gainbalioak kendu beharko litzaizkioke. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea tentuz mintzatu da ordaindu beharreko kopuruaz, eta nabarmendu du pausoak "bata bestearen atzetik" eman behar direla: "Ez dakigu zein izango den finantzaketa, baina gu prest gaude dirua jartzeko. Beharrezkoa izango da aurrekontuetatik dirua jartzea, eta baita hirigintza ikuspuntutik aprobetxamenduak lortzea ere".

Europako laguntzak

Azaldu duenez, geltoki gainean 90.000 metro koadroko gune bat irabaziko dute hiriarentzat, etxebizitzentzako eta hiritarrentzako ekipamenduekin. Bilboko alkateak Europatik lor daitezkeen laguntzak ere aipatu ditu. "Bilboren kasuan, proiektu hau gizarte proiektua da, eta horrek esan nahi du Europako Inbertsio Bankutik finantzaketa zati bat lor dezakegula". Aburtok nabarmendu du hiriarentzat oso proiektu "garrantzitsua" dela, eta hiru ikuspuntu aipatu ditu: gizartearena, ekonomiarena eta hirigintzarena.

Alkateak iragarri du "oraingoz" lizitazio bat egin dutela, azterketa baten bidez jakiteko nola geratuko den behin betiko egitasmoa. Etxebizitza kopuruaren inguruan galdetuta, Aburtok adierazi du zifra "erabakitzeke" dagoela: "Guk hainbat aukera landu ditugu udalean, baina lizitazioa martxan jartzeko bakarrik". 800-1.000 etxebizitza izan daitezkeela onartu du; hala eta guztiz ere, "gehiago edo gutxiago" izan litezkeela ere ohartarazi du.

Familia premia bete beharrean

Familia premia bete beharrean

Natalia Salazar Orbe
Hainbat arazo direla tarteko, asko eta asko dira euren seme-alabak behar bezala artatu eta zaintzeko modurik ez duten sendiak. Adingabeentzako egoitzak bihur daitezke ume horien etxe. Hala ere, premia handiak izaten dituzte haurrok...