Basamortutik, arnasgune bila

Basamortutik, arnasgune bila

Natalia Salazar Orbe

Udako egun sargori bat; 60 gradu itzaletan. Bero sapa. Astuna. Urteak joan eta urteak etorri. Eta etorkizun oparorik ez. Marokok beren lurraldea okupatuta, beste irtenbiderik gabe geratu ziren Mendebaldeko Saharako bizilagunak. Basamortua bihurtu da haien bizileku. Umeek zein helduek eta adinekoek hura dute egunerokoa. Adorez beterik iraun dute. Baina gabezia ugari dituztela ezin da ukatu. Umeak urtean bi hilabetez egoera horretatik atera ahal izateko lanean dihardute hainbat elkartek. Tartean, Oporrak Bakean deritzona. Ehun familia eskatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Saharako umeak uztailean eta abuztuan harreran hartzeko.

“Premia handia dago”. Hala laburbildu du egoera Julio San Roman Bizkaiko koordinatzaileak. Umeak harreran hartzeko prest zegoen familia kopurua “murriztuz” joan da azken urteetan; baina umeen beharrizanak ez dira aldatu: “Oinarri-oinarrizko elikadura besterik ez dute. Arroza, dilista eta antzekoak, nazioarteko komunitatearen laguntzari esker iristen zaizkie. Mediku azterketa sakonagoen beharra ere badute. Saharan artatzen dituzte, eta osasuntsu daude, baina kontrol gehiago behar dituzte. Anemia eta antzekoak izan ohi dituzte. Beraz, elikadura osasuntsuagoa behar dute: barazkiak, fruituak, arraina… Zail dute han hori guztia lortzea. Hemen askoz aukera gehiago daukagu”.

Mundurako ate bat

Basamortuak aukera gutxi eskaintzen dizkie. Bai etorkizunera begira, eta baita egunerokoan ere. Goizean goiz jaiki, eta eskolara abiatzen dira. Gainerakoan, egun osoa kalean ematen dute, hareatzan gora eta behera. Itsasoan edo igerilekuetan ibili ahal izatea ia sinesgaitza iruditzen zaie. “Eurenean zoritxarrez ez dituzten lekuetara joateko aukera ematen die honek. Horrekin ez dut esan nahi gurea eurena baino hobea denik. Baina baditugu umeek goza ditzaketen hainbat gauza”.

10 eta 12 urte arteko haurrak dira programan parte har dezaketenak. “Hiru urtez jarraian dute aritzeko aukera. Familia berarekin egon daitezke, gainera, bi aldeek hala nahi izanez gero”.

Hori ere zail bilakatzen ari da, ordea. “Getxon, esaterako, ume bat hartzen zuen familiak aurten ezin du hartu”.

Astia da familiek behar dutena; bi hilabetez etxean izango dituzten umeekin egoteko denbora, alegia. “Bi hilabetez umeokin egoteko denbora izatea zaila da gaur egun. Orokorrean ez dugu izaten-eta bi hileko oporraldirik”. Hala ere, ez du oso argi zerk eragin duen harrera familien kopurua murriztu izana. “Herri solidarioa gara. Dena den, uste dut jende askok beste lehentasun batzuk dituela. Eta errespetagarria da”.

Esperientzia “positiboa” dela uste du San Romanek. 2000. urtean hasi ziren eurak haur sahararrak etxean hartzen. “Iaz izan genuen azkena. Egia da ume bat etxera iristean elkarbizitzarako esfortzua egin behar dela. Azken batean, ezezagun bat da. Helduok egin behar dugu esfortzurik handiena, eurak umeak dira eta”.

Hainbat herritan programa horren inguruan sortu diren elkarteak ere oso lagungarri dira. “Guri ez zaigu gertatu inoiz, baina, arazoren bat sortzen bada, esku hartzen dute”.

Harrerarako gakoak

Saharako haur bat etxean hartu gura dutenek tramitazio oso erraza besterik ez dute egin behar. Herrian bertan elkarteren bat baldin badute, haiekin harremanetan jarri behar dira. Gainerakoan, San Romanekin hitz egin dezakete ondoko telefono zenbakira deituta: 658-75 13 59. “Haurren hegaldien gastuak ere elkarteek edo udalek hartzen dituzte beren gain”. Beraz, gastu ekonomikoak ez dira atzera egiteko arrazoi.

San Romanek garrantzitsu deritzo elkartasun beharrizan horren iturburura jotzeari: “Aldarrikatu behar duguna ez da soilik umeak hona ekartzea. Herri horrek bere lurrak izateko eta sahararrek lur horietan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu behar da. Marokok militarki okupatuak dituen lur horietan bizitzeko eskubidea dute. Eurenak dira”. Egun hori iritsi bitartean, ordea, herrien elkartasuna dute arnasgune bakar.