Gizartea

Sei urteko lana, etetear

Sei urteko lana, etetear

Natalia Salazar Orbe

Aisialdi eta bizitza eredu berri bat eraman zituen Erandiora gazte asanbladak, Kalezulo gaztetxearen proiektuaren bidez. Duela sei urte jarri zuten martxan. Kontzertuak eta parrandak egiteko leku bat baino gehiago bihurtu da urte horietan guztietan. Denetariko jarduerak eskaintzen dituzte, musutruk: zumba eskolak, rokodromoa zein jaietarako karrozak egiteko lekua koadrilentzat. Gazteak elkartzeko gune bat da, eta autogestioa du ardatz. Ibilbide hori eta sustatzen duten eredua arriskuan dago, ordea. Erandioko Udalak gaztetxea ixteko dekretua sinatu du. Joan den asteko asteazkenean iritsi zitzaien jakinarazpen ofiziala bertako kideei. Lehenago, komunikabideen bidez izan zuten zetorrenaren berri. Egoera horri zelan egin aurre aztertzen ari dira gazteak eta haien abokatua. Dena den, gauza bat argi dute: botatzen ez dituzten bitartean han jarraituko dute. "Gu ez gara joango". Hala azaldu du Ane Gamarrak.

Hainbat arrazoi eman ditu udalak gaztetxea ixteko. Segutasun arazoak dira argudio nagusietakoak. Baina gaztetxean gauzatzen dituzten jarduerek hainbat lege urratzen dituztela ere ekarri dute gogora. Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziak eman ditu azalpenak: "Joko eta ikuskizunen legea urratzen du bertako jarduerak. Han gauzatzen dituzten jardueretarako lizentzia behar dutela dio lege horrek. 3/98 ingurumen legea ere bide beretik doa. Lurzoruaren legea ere urratzen dute". Gaztetxearen kokapenagatik ere kezka agertu du: "IHOBEren arabera, zorua kutsatuta egon liteke duela hainbat urte han garatzen zuten jarduerengatik. Industria astuna zegoela esango nuke".

Obra eta Zerbitzu saileko arkitektoaren txostenak segurtasun arazoak planteatu ditu, gainera. Ezbeharren bat gertatu aurretik ezarri beharreko neurriez mintzatu da: "Berehala itxi behar da, Madrid Arenan zein Zorrotzan gertatutakoen antzekoak ez jazotzeko".

Udalak egindako txosten teknikoa dute oinarri zinegotziaren argudio batzuek. "Txosten hori Facebook-eko argazkiekin eta eraikinaren kanpoaldeko itxurarekin egin dute. Ez dira sartu barrura azterketarik egitera". Hala adierazi du Gamarrak. Bilbaok helburu zehatz batzuk dituela sinetsita dago: "Aitzakia merke bat da gu hortik kaleratuta herriaren aurrean ondo geratzeko". Udal osoari ez baizik EAJri egotzi diote gaztetxeko kideek proiektuaren aurkako jarrera.

Bizilagunen artean gaztetxeko jarduerek eragozpenak sortzen dituela salatu du, bestetik, zinegotziak. "Kexak etengabeak izan dira. Aurten hainbat jaso ditugu. Ekainaren 30ean etxejabeen elkartearekin batzartu ginen. Uztailaren 7an idazki bat aurkeztu zuten, berehala esku har genezan eskatzeko".

Bestelako informazioa dute gaztetxekoek: "Ikusi dugu espedientea, eta azken bi urteetan bi kexa besterik ez dira egon. Aipatu duten auzokideekin egindako bilerari dagokionez, pertsona bakarrarekin egin zuten. Gainera, emakume hura ez zen azaldu gaztetxearen aurkako jarrerarekin, nahiz eta haiek saiatu ziren horretarako zirikatzen".

Garbitasuna auzitan

Horrez gain, Kalezulo betidanik elkarbizitza ardatz izan duen proiektua izan dela azaldu dute bertako kideek: "Beti zaindu izan da auzokideekiko zein Erandioko beste guztiekiko harremana. Jakin badakigu antolatzen ditugun ekintza batzuek —kontzertuek, kasurako— auzokideen atsedenean eragin dezaketela, eta, hori dela-eta, neurriak hartu ditugu beti: jaialdien jakinarazpena, bolumenaren kontrola edota ordutegiak adostea, besteak beste".

Jarduera horiek sortzen dituzten bestelako eragozpenak ere aipatu ditu Bilbaok: "Kalearen osasungarritasunean eta garbitasunean dute eragina: zaborra sortzen da, txizak, botilak...". Gaztetxekoen esanetan, eurek hartu dute kaleak argiztatu eta garbitzeko ardura halako jarduerak antolatu dituztenean. "Udalak ez baititu horiek betetzen".

Bilbaoren esanetan, udala saiatu zen gazteekin akordio bat lortzen, konponbide bat bilatzen, 2015. urtearen bukaeran hasi eta 2016.ean. "Uko egin zioten". Horren ondorioz, gaztetxea behin-behinean ixteko agindua ematen zuen dekretua sinatu zuen. Hala ere, gaztetxeak bere jarduerarekin jarraitu du.

Irtenbidea, legeztatzea

Itxiera saihesteko bide bakarra planteatu du Bilbaok: "Araudia betetzeko proiektua aurkeztu behar dute. Legeztatzea posible bada, lizentzia emango zaie. Hala ere, arkitektoaren arabera, legeztatzea oso zaila izango da". Dekretuaren jakinarazpena izan zutuenetik 15 eguneko epea zabaldu diete alegazioak egiteko.

Gaztetxearen beharrizanaren gakoa zein den azaldu dute bertako kideek: herrian ez dago gazteentzako "eskaintza erreal, duin eta aberasgarririk". Udalak iragarri du merkatu zaharrean gabezia horri irtenbidea emateko proiektua gauzatzeko asmoa duela. Oraingoz, hastapen fasean baino ez dago, ordea. Gaztetxekoek nahiko lukete proiektu horrek aurrera egitea, "gazteontzako proposamen soziokulturala edukiko balu". Baina ez dute itxaropen handirik agertu. Bilbaok iragarri du proiektua martxan izango dela 2018ko irailerako. 900 metro koadro dituen eremua eraberritzeko 600.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.

Datozen egun edo asteetan argituko da zer gertatzen den gaztetxearekin. Joan den ostiralean, manifestazioa egin zuten, hura ixteko dekretuaren aurka. Gaztetxeak Erandiori egin dion ekarpena ekarri du gogora Gamarrak: "Herrian gazteriak aisialdirako zuen aukera bakarra tabernak eta lonjak ziren. Gazte asanbladak herriarekin batera erabaki zuen gazteok behar genuela autogestioa, gure aisialdia eta bizitza eredua gauzatzeko. Herrian erreferentea da, eta denetariko herritarrak sartzen dira bertan, batekoak eta bestekoak".

Aldi baterako oasia, urte osoa desertuan irauteko

Aldi baterako oasia, urte osoa desertuan irauteko

Peru Azpillaga

Oasiak basamortuan hazten diren landare guneak dira. Desertuan bizitzeko funtsezkoak. Sahararrek ondo dakite hori. Orain dela berrogei urte kanporatu zituzten beren lurraldetik. Orduz geroztik, Tindufeko "aldi baterako" kanpalekuetan bizi dira haietako asko. Horrek ez du oasi baten inolako antzik. Kanpoko laguntzari esker irauten dute bizirik han, desertuaren erdian eta ur iturri propiorik gabe, adobezko etxe ahuletan. Udan, gainera, tenperaturek 50 graduak gainditzen dituzte erraz. Horregatik, han bizi diren umeentzat, uda Euskal Herrian igarotzea oasi batean egotea bezalakoa da. Janaria, ura, medikuak, aisia... Ume horientzat funtsezko bidaia da urtero Euskal Herrira egiten dutena. Batzuk familietara joaten dira; beste batzuk, ordea, Mari Carmen Zarragak, Hamdi Sidik eta beste batzuek antolatutako etxeetara.

Hori dela eta, Colegio Compañia de Mariak bilakaera izugarria izaten du udako hilabeterik beroenetan. Bere garaian goiko klaseko familien luxuzko eskola zenak desertuko ekaitz baten bisita jasotzen du uztailetik abuztuaren amaiera arte. Tindufeko 10 eta 12 urte bitarteko umeak dira, Urduñako etxe gris hori kolorez betetzen dutenak. Mari Carmen Zarragak (Erandio, 1957) eta Hamdi Sidik (Sahara, 1974) batera sortutako proiektuari esker, urtero algarak, barreak eta giro ona dira nagusi udako bi hilabete horietan. Hasieran, ostatu bat alokatzen saiatu ziren, baina, garestiegia zela ikusita, irtenbide baten bila hasi ziren. Bizitzaren tirabirek Colegio Compañia de Mariara eraman zituzten. Hango mojengana jo zuen Zarragak orduan, eta, bere proiektua azaldu ostean, eskuzabaltasun osoz hartu zituzten.

Mojak jada alde eginda daude, baina Zarragak eta Sidik hor jarraitzen dute urtero urtero, uztailetik abuztura, Saharako Tindufeko kanpalekuetan oso baldintza gogorretan bizi diren umeei aukera bat eskaintzen uda bakean eta giro ederrean igarotzeko. Urte osoa lanean ibili ostean, oporrak ume horiekin emateko hautua egin zuten aspaldi. Sei urte daramatzate han, musu truk utzitako eraikin horren hegal bat erabiltzen. Haien proiektua hiru euskarriren gainean dago eginda. Alde batetik, Nor fundazioak jartzen du finantzaketa ekonomikoaren zatirik handiena. Bestetik, Zarraga eta Sidi Bakeleku elkarteko kideak arduratzen dira dena prestatzeaz, eta uda osoa ematen dute han umeekin: janaria prestatu, txangoak egin, medikuarengana eraman... Azkenik, Zumaiako Darahli elkarteko gazteak astero txandakatzen dira, eta monitore funtzioa betetzen dute.

Irribarretsu agertu da Zarraga. Zahartzen ari dela dio, baina energiaz beterik dago oraindik. "Oso neketsua izan arren, oso gustuko dut hau egitea. Egoera zein den jakinda, ezinezkoa da beste alde batera begiratzea". Duela hamabost urte, umeak helduta zeuzkala hartu zuen lehen aldiz Saharatik etorritako neskato bat, Sarifa. "Pixkanaka, gero eta gehiago inplikatuz joan nintzen: behin hasita, ezin zaitezke gelditu. Monitore batek esaten zuenez, sahararrak droga goxo baten antzerakoak dira". Orduz geroztik, guztiz murgildu da herri horrek pairatzen duen egoera latzean laguntzeko asmoz.

Hala ere, azaldu dutenez, herri oso bat dago egitasmoaren atzean. Janaria eta arropa Euskal Herriko hainbat tokitan jasotzen da; besteak beste, Getxon, Barakaldon eta Eibarren. Gainera, Urduñan bertan asko dira laguntzeko prest dauden pertsonak: eskola utzi duten mojak, Eroskiko koordinatzailea, medikuak eta dentistak, besteak beste. Guztiak prest, ume horiek artatzeko inolako oztoporik jarri gabe, nahiz eta orduz kanpo lan egin behar izan. Darahliko gazteak, bestalde, DBHn hasten dira monitore lanak egiten, eta askok 4. mailan aukera izaten dute Tindufera joateko. Gehienek monitore jarraitzen dute eskola amaitu eta gero ere. "Tratu oso ona dugu, eta familia txiki baten antzera egiten dugu lan hemen", aitortu dute. "Sahara txikia da hau". Ulermena ere ez da oztopo haientzat, jokoak antolatzeko duten traba nagusia horixe izaten den arren. Ume gehienek ez dakite ondo gazteleraz. "Askotan, askoz denbora gehiago ematen dugu jokoa antolatzen, jolasten baino. Baina, egia esan, uste dugun baino gehiago ulertzen dute, nahi dutenean soilik. Oso azkarrak dira, eta errespetu handia dute".

Hala ere, dena ez dira barreak eta algarak. Azken finean, umeak dira, eta, edozein umerentzat bezala, gogorra da bi hilabete ematea etxetik kanpo. Uda amaitzean, etxera itzultzeko gogo bizia izaten dute, familiarekin, beren herrira, basamortura.

Tindufeko kanpamentuak

Tindufeko errefuxiatuentzako kanpalekua orain dela berrogei urte sortu zen. Aljeriako Gobernuak utzitako lur zati batean eraikita, Mendebaldeko Saharako auzia konpontzen zen bitartean hango herritarrentzako babeslekua izatea zeukan helburu. Berrogei urte pasatu dira, eta aldi baterako kanpalekua izatekoa zena han dago oraindik, 200.000 pertsonari baino gehiagori babesa ematen. Zaila da han bizitzea. Oso zaila. Han ezin da ezinbestekoa ez den ezer topatu, asko bilatuta ere. Minimoz osatutako kanpaleku bat da. Eta minimoekin bizitzea irautea da. Hori dute helburu hango herritarrek.

Egia da urteen poderioz azpiegitura gehiago sortu dituztela eta egoera hobetu egin dela. Egia da urteen poderioz Kuban, Libian edota Aljerian hezitako umeen itzulerak ere asko lagundu duela. Medikuek, irakasleek, ingeniariek... kanpalekuko egoera hobetu dute. Egun, Kubako eta Venezuelako gobernuen laguntzari esker, batxilergoa ere sortu dute, eta aurten lehen selektibitatea egin dute. Hala ere, aipatu bezala, desertuaren erdian dagoen aldi baterako kanpaleku bat ez da bizitzeko toki aproposa, are eta gutxiago 10-12 urteko umeentzat. Udan, basamortuko eguzkia goi-goian dagoenean, bere izpi guztiak desertura igortzen dituela dirudi, eta tenperaturak 52 graduraino heldu daitezke. Desertuaren erdian. Herritik urrun. Udan Euskal Herrira egiten duten bidaia da, askorentzat, kanpalekuetatik irteteko lehen aukera. Itsasoa ezagutzeko duten lehen aukera. Larre berdeetan jolasteko lehen aukera. Baina ez datoz dibertitzera soilik: premiazko osasun zerbitzu bat jasotzen dute hemen, eta hori funtsezkoa izan daiteke haien etorkizunerako.

Geroz eta familia gutxiago

Baldintza horiengatik guztiengatik da Euskal Herria oasi bat ume horientzat. Zarraga, Sidi eta halako jendearen lanari esker da posible, baita urtero Saharako ume bat hartzeko prest izaten diren familiei esker ere. Bero kiskalgarritik ihes egiteaz gain, uda desertutik kanpo igarotzeak beste hainbat gauza ere eskaintzen baitizkie ume horiei: medikuarengana eta haginlariarengana joan eta azterketa on bat egin ahal izatea, hondartzan eta igerilekuan bainatzea, inoiz jan ez dituzten hamaika jakirekin elikatzea... Aurten, eskailera bat inoiz ikusi ez zuen ume bat ere izan dute. Eskailera bat.

Alta, ume horiek ez datoz jasotzera soilik. Asko dute emateko. Hamdik aitortu duenez, bere herriko enbaxadore txikiak dira, Mendebaldeko Saharako gatazka ikusarazten dutenak eta beren gardentasunarekin herri oso baten inplikazioa eta elkartasuna lor dezaketenak.

Hala ere, gero eta gutxiago dira Saharatik datozen umeak hartzera animatzen diren familiak. Aurten zertxobait gora egin arren, urrun daude orain dela bost urteko datuetatik: uda honetan 140 ume etorri dira Bizkaira. Zarragak dioenez, garrantzitsua da ulertzea zein den ume horiek uda kanpalekuetatik urrun igarotzeko duten premia. "Ez da soilik aisialdi kontua. Osasun kontua da. Hona etorrita, ume horiek medikuarengana joan eta osasun azterketa on bat egiteko aukera dute". 10 eta 12 urte bitarteko ume horientzat ezinbestekoa dela azpimarratu du. Sarri aurkitzen diete gaixotasunen bat. Ugarienak begiekin lotutakoak dira —lehortu egiten zaizkie desertuko baldintza gogorrak direla eta—. Baita elikadura egoki baten gabezia ere: desnutrizioa izaten dute gehienek.

"Hemen oso ondo jaten dute, baina nabaritzen zaie urdaila murriztua dutela baldintza gogorren ondorioz", dio Zarragak. Normalean, neurriz azpiko pisuarekin heltzen dira, eta irabazten dituzten hiru edo lau kiloak oso lagungarriak dira negurako. Are gehiago kontuan izanik umeak direla, hazten ari direla eta elikadura on baten premia dutela. Gehienek ez dute inoiz arraina dastatu, eta ez dakite zein den barazki fresko baten zaporea. Beti dute bitaminaren baten falta. Horregatik, Oporrak Bakean programaren arduradunek behin eta berriro esaten dute familien beharra dagoela. Elkartasunaren beharra. Ume horientzat luxua dena desertuan bizirik irauteko premia ere badelako. Sidik nabarmendu duenez, ekarpen oro da garrantzitsua: "Ez du inporta asko edo gutxi izateak: garrantzitsuena laguntzea da". Hartara, sahararren aldeko elkarteek umeak etxean hartzeko deia egin diete herritarrei.

Garapen iraunkorraren ereduaren bila

Garapen iraunkorraren ereduaren bila

Natalia Salazar Orbe

Bide laburra egin du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Kudeaketa eta Erabilera Zuzentzeko Planak. Joan den irailean berretsi zuen jardunean zegoen Jaurlaritzak, eta oraintsu atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. Talde ekologistek eta hainbat herritarrek osatutako Urdaibaietz plataformaren argudioei arrazoia eman, eta Jaurlaritzari eskatu diote berriz aztertuta proiektu berria aurkez dezan. Aho batez egin dute eskaera. Munduan barrena izendatuta dauden 631 biosfera erreserbetako bat da Urdaibai. Busturialdean kokatuta, Euskal Herriko hezegunerik garrantzitsuena du barruan. Duen balio ekologikoari erreparatuta izendatu zuen Unescok biosferaren erreserba. 1986a zen. Handik hiru urtera, Eusko Jaurlaritzak erreserba antolatzeko eta babesteko legea onartu zuen. Lege horrek Urdaibairen garapen iraunkorra bermatzeko neurriak aurreikusten ditu. Hura kudeatzeko hainbat tresna sortu ziren. Besteak beste, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kudeaketa eta Erabilera Zuzentzeko Plana. Hamar urtean behin eraberritu eta egokitu behar da. Jaurlaritzak iaz onartu zuen plan horrek polemika handia sortu zuen talde ekologisten artean. Urdaibaietz plataforma sinetsita dago interes batzuei erantzuteko asmoz presaka onartu zutela. Plataformako kidea da Alfonso Caño: "Espekulatzaile batzuek lortu dute euren irizpideak markatzea landa eremuan". Hain zuzen, salatu duenez, aldatu egin dituzte legeak babesten zituen hainbat eremu. "Eremu horiek eraldatuta, aurreko planak baimentzen ez zituen erabilera batzuk baimentzen ditu berriak. Horrek presio gehiago egingo du babes bereziko guneetan". Artadi kantauriarrak, hezeguneak, kostaldea eta interes arkeologikoko guneei buruz ari da.

Helegite bat ere aurkeztu zuen Urdaibaietz plataformak. Epaitegiek onartu zuten. Bere bidea egiten ari da. Beste alde batetik jo zuten Eusko Legebiltzarrera, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien eskutik legez besteko proposamena aurkezteko bidea zabalduz. Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen proposamena ekainaren 22an plan hori atzera bota eta berri bat eratzeko eskatzeko. Caño pozik azaldu da erabakiarekin. "Legeak ezarritako lerro batzuk gainditu ditu planak. Haren bidez, ez dira bermatzen garapen iraunkorra bultzatzeko bete beharreko oinarriak". Planaren lanketa egiteko konpromisoa jaso dute. Datozen egunetan egingo dute bilkura monografikoa Urdaibaiko Patronatuan gai horri buruz eztabaidatzeko. Ez daki bilerak zein emaitza izango duen. Ikusteko dago erakundeak planaren hausnarketa integrala edo puntu zehatz batzuen aldaketa besterik ez duen bultzatuko.

Arrazoi nagusi bat egon da hainbat talde ekologistek eta herritarrek osatutako plataformak helegitea aurkezteko. Plan berria onartzeko beharrezkoa da natur baliabideen antolamendurako plana eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea. Hala ezartzen du legeak. Eta onartutako plana eratzeko ez zuten egin horrelakorik. "Gainera, planak jasotzen dituen aldaketak justifikatu egin behar dira. Alegia, babesa kentzen badiote lurraldeko eremu bati, arrazoitu egin behar dute zergatik hartu duten erabaki hori. Posible da babes hori kentzeko arrazoiak egotea, gerta baitaiteke lehenago zituen baliabide naturalak galdu izana. Baina azterketa egin behar da". Hori ez egiteaz gain, aldaketa sakonak egin dituztela salatu du: "Lehen oso baimen murritzak onartzen ziren lekuetan, orain industria, hotelak eta bestelako zerbitzuak jar daitezke".

Oraingoz indarrean jarraitzen duen planaren helburua argia zen, hura onartu zutenen arabera: berrikusketa hark gaur egungo egoerara egokitzeko xedea zuen, kontuan hartuta egoera sozioekonomikoa eta ingurumen araudia aldatu egin direla.

Sarri asko, ekologistei garapenaren aurka egitea leporatzen diete. Cañok argitu du ez dutela egiten horrelako planteamendurik: "Urdaibain 45.000 biztanle inguru bizi gara, eta hainbat zerbitzu behar ditugu; gasolindegiak eta denetarik. Jakitun gara. Kontua da hausnartzea non eta nola kokatu zerbitzu horiek". Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Kudeaketa eta Erabilera Zuzentzeko Plana ez da babeserako neurri bat soilik. Kudeaketa zelan egin behar den ere markatzen du. Hain zuzen, iraunkortasuna ardatz hartuta, urbanizatu ezin diren eremuetan gara daitezkeen jarduerak arautzen ditu.

Zer-nolako eredua nagusitu behar da Urdaibain? Horra hor gakoa. Turismoa erakarrita zerbitzuak bultzatu eta Urdaibain nagusi izan den lehen sektorea baztertuz joatea da helburua, ala biak neurrian uztartzea? Batera edo bestera bidean hartzen diren erabaki eta pausoek ezarriko dute muga. "Krisi larrian dago lehen sektorea. Arrantza eta baserriari lotutako jarduera tradizionalak ez dira babesten, eta ez dira bultzatzen". Caño sinetsita dago biosferaren erreserba izendatzeak horretarako baliabideak sobera ematen dituela. "Ez da ezer egin lehen sektorea berreskuratzeko, lehiakorra izan dadin eta kalitatezko produktuak sortu eta ekoitz ditzan eta elikadura burujabetza bermatzeko. Hori guzti hori, kontuan hartuta 30 urte daramatzagula biosferaren erreserba izendatuta".

XXI. mendera egokitutako jarduerak indartu eta sendotu beharko liratekeela sinetsita daude Urdaibaietz plataformakoak. Behar jakin batzuen arabera, babestutako artadiak ustiatzeko baimena zuten baserritarrek orain arte. Eta trekkinga ere aurreikusten zuen planak. "Orain, turismo masiboa erakartzeko jarduerei ateak zabaldu dizkiete: mendian barrena quad ibilbideak edo bestelako jarduera zaratatsuak baimendu dituzte". Beraz, mendia bera ere ez babestea salatu du.

Interes partikularren gainetik publikoa lehenestearen aldeko aldarria egin dute. Azken urteetan baimenak emateko irizpide finkorik ez dela egon salatu dute; eskatzailearen arabera edo horrek garatu nahi duen jarduera edo ekitaldiaren arabera baiezkoa edo ezezkoa jaso dutela eskaerek. Azken urteetan indarra hartu duen heinean polemikaren erdigunean ere egon den Mundaka Festival aipatu du eredutzat. Presio taldeen indarrari egin dio aipamen: "Esaterako, aurreikusten du motoen erabilera mendian. Bizikletena, ordea, ez da agertzen". Bide horretatik, plan barruan xehetasun maila handiagoa bota du faltan. Horrek zalantzak sor ditzakeela deritzo.

Interesen atzetik

Urdaibaietzek uste du planak hastapenetik egin duela ibilbide okerra. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan eta bi egunetara onartu zuen jarduneko Jaurlaritzak, dekretuz. "Jakin bazekiten dagoeneko EAJk ez zuela gehiengorik". Hauteskundeen emaitzek beste alderdi batzuek agintea hartzea ahalbidetzen zuten. "Hain justu, zurrunbilo horren barruan onartu zuten plana".

Bultzatu gura den herri eredua legoke pauso horien guztien oinarrian. Herrietan egin gura diren azpiegiturek zeresan handia dute arlo horretan. "Orain, presio ikaragarria dago. Beti egon da, egia esan. Baina, Gernika-Lumon, esaterako, hiru supermerkatu berri zabaldu nahi dituzte. Beste herri batzuetan txaletak eta urbanizazioak eraiki gura dituzte". Horiek guztiak garatzeko orduan oso garrantzitsuak dira lurren erabilera arautzen duten legeak eta arauak. Planaren berrikusketa sakona eskatu du, horregatik, plataformak. Berrikusketa hori egiten duten bitartean, indarrean jarraituko du iazko irailean onartu zutenak.

Laborategi betebeharra

Urdaibaiko biosferaren erreserbak egitekoa izan baduela eta bete beharko lukeela sinetsita dago Caño. "Laborategi gisa funtzionatu beharko luke. Bertan probatu beharko litzateke beste garapen mota bat nola gauzatu, gero handik beste leku batzuetara hedatzeko". Foruko harrobia jarri du adibidetzat. "Kareharria ustiatu dute han urteetan, modu zakarrean. Hura berreskuratzeko lanak ondo egiten saiatuz gero, Euskal Herrian antzeko egoeran dauden beste batzuetara zabal liteke esperientzia hori". Gernika-Lumoko akuiferoaren adibidea ere eman du. Kutsatuta dago. "Hura berreskuratzeko proiekturen bat jar zitekeen martxan unibertsitateko adituekin edo ingeniariekin. Eta esperientzia hori baliatu beste akuifero batzuk berreskuratzeko". Horretarako dirua zergetatik ez eze, Bruselak ematen dituen laguntzetatik ere bidera litekeela ekarri du gogora. "Proiektuak aurkeztuz gero, laguntzak ematen dituzte. Baina proiekturik ere ez dute aurkezten", kexu agertu da.

Dena den, ez dute amore emango. Urdaibai garapen iraunkorraren sortzaile eta eredu izateko eginahaletan jarraituko dute. Argi daukate-eta bizitzaren arlo guztietan eragiteko baliabideak bultzatu behar direla han: "Ekosistemak babesteko, bizitza kalitate hobea bultzatzeko, kultura babestu eta kultura hori aprobetxatzeko beste turismo mota bat sustatzeko; baita gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gizarte duinago bat bultzatzeko ere".

Iaz, 426 animalia abandonatu jaso zituzten Bilboko kaleetatik

Iaz, 426 animalia abandonatu jaso zituzten Bilboko kaleetatik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gainezka. Bazterrean utzitako txakur eta katuak jasotzen dituzten elkarteak tokirik gabe daude: kaleetan aurkitzen dituzten animali guztiak artatzeko baliabiderik gabe. Azken urteetan gora egin du animalia abandonatuen kopuruak Bizkaian. Bilbon jasotako datuak izan daitezke horren adibide: 2016an, 236 txakur eta 190 katu hartu zituzten kaletik; 426 animalia daude, hortaz, norbaitek etxera eramateko zain. Arazoa arindu eta herritarren kontzientziak astintzeko asmoz, kanpaina bat abiatu du udalak, Maitasuna ez da erosten. Har nazazu zuretzat lelopean. Animaliak adoptatzeko prozesuei buruzko informazioa zabaldu du erakundeak hiriburuan zehar.

Mahatma Gandhi pentsalari eta politikari indiarrak zioenez, animaliak tratatzeko erarekin neurtu liteke herri baten kultura. Hala balitz, atzera bidean legoke Bizkaia. Izan ere, gero eta gehiago dira bazterrean uzten diren animaliak. Adituen arabera, gehiegi pentsatu gabe erosten dira gaur egun etxerako animaliak, eta, horregatik, eskuratu eta gutxira, maskota izateaz nekatu, eta abandonatu egiten dituzte jabeek. Horregatik, kasu asko saihestu daitezkeela uste dute adituek, eta ildo beretik jo dute animalien babeserako elkarteek ere azken hilabeteetan. Argia da mezua: etxerako animaliak erosi aurretik, oinarrizkoa da hausnartzea eta erantzukizunez jokatzea.

Bestalde, babes elkarteetan dauden txakur eta katuak etxean hartzeko eta eskuzabaltasunez jokatzeko deia egin du Yolanda Diezek, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak. Galdu diren animaliak jasotzeko, berriz, mikrotxipek berebiziko garrantzia dutela azpimarratu du Diezek. "Identifikazioa da gure txakurrak eta katuak identifikatzekoko lehen urratsa. Mikrotxipak dira galdu edo lapurtu dituzten animaliak aurkitzeko modurik eraginkorrena". Txakurren kasuan, derrigorrezkoa da txipa jartzea; katuen kasuan, ez. Edonola ere, galdu baino, animalia kopuru handiagoa abandonatzen da, eta, kasu horietan, txipa ere kentzen diete jabeek, animalia beraien jabetzakoa izan dela ezkutatzeko.

Gero eta gehiago

Txakurrak dira gehien abandonatzen diren etxeko animaliak, baina katuak ere gero eta gehiago abandonatzen dira. Hala baieztatu du Felinos Bilbao elkarteak. Udalarekin lankidetzan dihardu animalien babesa bermatzeko zereginean, eta kezkaz begiratzen diote azken asteetan kaletik jaso duten katakume kopuruari: guztira, 20 kume eraman dituzte kaletik egoitzara azken hamabost egunetan, eta egun bakarrean bederatzi katakume ere jaso dituztela azaldu du elkarteak.

Ugalkorrak dira katuak, eta, orain arteko joera ikusita, datozen hilabeteetan kopurua areagotu egingo den ustea daukate. Horregatik neurriak hartzea oinarrizkoa dela iritzi du Felinos Bilbao elkarteak: "Beharrezkoa da animalien esterilizazioaz, abandonuaz eta adopzioaz gogoetatzea eta kontzientzia hartzea".

Baina arazoa ez da bakarrik Bizkaiko hiriburukoa. Gero eta herri gehiagotara zabaltzen ari den arazoa da bazterrean utzitako animaliena, eta, beraz, animaliak kaletik hartzen dituzten elkarteek gero eta beharrezkoagoak dituzte baliabide ekonomikoak: jasotzen diren animalien albaitaritza lanak ordaintzeko, batetik, eta animalia horien mantenu lanek eragiten duten gastuei aurre egiteko, bestetik. Horregatik, dirua biltzeko merkatu txikiak antolatu ditu ikasturte osoan SOS Bilbao elkarteak; besteak beste, Leioan, Santurtzin, Bilboko Errekalde auzoan, Barakaldon, Sestaon eta Galdakaon izan dira azken hilabeteetan.

Sopelako Udalak ere herrian abandonatu dituzten animaliak hartzera deitu ditu herritarrak. Aurtengo martxoan udalak azaldu zuenez, herrian jasotako hamar txakur baino gehiago daude Iurretako Zaunk animalien babeserako zentroan. Egoitza berera bidaltzen dituzte herrian aurkitzen dituzten animaliak Etxebarri eta Berangoko udalek ere: Berango jasotako bost txakur daude Iurretako zentroan nork adoptatuko zain, eta Etxebarrin jasotako zazpi.

Gehien zigortzen direnak

Txakur baztertuen artean, setter motakoak eta galgoak dira ugarienak. SOS Setter elkartearen arabera, horiexek dira guztien artean gehien zigortuak. Ehizarako erabiltzen dira arraza horretako animaliak, eta, behin denboraldia bukatuta, abandonatu egien dituzte jabe askok, erdi zaurituta daudelako, edo uste dutelako behin ehizara eramanda gero txakurrek ez dutela nahikoa ezaugarri jarduera horretan aritzeko.

Txakur horiek guztiak jaso, eta Gueñesen duten zentrora eramaten dituzte SOS Setter elkarteko kideek. Baina gero eta gehiago dira bildutako txakurrak, eta gainezka daude egoitzan: 250 animalia baino gehiago dituzte. Urtearen hasieran, txakurrak adoptatzeko kanpaina bat abiatu zuen elkarteak. Arduradunen arabera, animalia arraza batzuek ospe txarra dute, eta, aurreiritzi horien eraginez, zailagoa da herritarrek halakoak adoptatzea. Babes etxeetan pilatu egiten dira setterrak eta galgoak horregatik.

Lurra ere isilarazi den aroan

Lurra ere isilarazi den aroan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Izenik ez dute, baina badira, hala ere. Ez daude begi bistan, baina badaude, hor nonbait. Inoren esperoan: noiz aterako zain, nork aurkituko zain. Sarraski baten lekukoak eta biktimak, bukatu gabe dagoen gatazka baten aztarna isilak. Paco Etxeberria auzi medikuak dio hobi bat husten denean, hezurrez gain, ideologia ere azaltzen dela lurpetik, eta baita hildakoaren "duintasuna" ere. Hobi bat husten duen toki bakoitzean harri bat hartzen du Etxeberriak, eta, dioenez, etorkizunean denak bilduta erakutsiko ditu, 1936ko gerrak utzitakoaren erakusle gisa. Zortzi hamarkada pasatu dira faxistek lehen kaskezurrak lurperatu zituztenetik. Horien bila dabiltza hainbat senide oraindik ere, eta, 1936ko hobien behin betiko mapa zehaztea ezinezkoa dela jakinik ere, lanean ari dira tokian-tokian. Euskal Herrian 5.118 herritar fusilatu zituzten, Euskal Memoria fundazioaren arabera, eta 6.316 hil ziren borroka eremuetan. Desagertuta daude horien erdiak.

Munduan ez da antzeko kasurik, Kanbodiakoa salbu: 1975etik 1979ra bitarte populazioaren %15-30 bitartean desagerrarazi zuten. Zerrenda osatu gabe duten arren, milioi batetik gora dira desagertutakoak, adituen arabera. 1936ko gerrako emaitzak dira gordinenak Kanbodiakoaren ondoren: izan ere, guztira, 150.000 lagun inguru daude desagertuta oraindik. Euskal Herrian, 250 biztanletik bat desagertu zen 1936ko gatazkaren ondorioz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 8.666 gizon emakume daude desagerpen behartuen zerrendan, Aranzadi zientzia elkarteak Eusko Jaurlaritzari hobiei buruz aurkeztutako txostenean jasotako datuen arabera.

Lurrak irentsitako herritarrak aurkitzen aritu da Aranzadi azken hamarkadan, eta, orotara, 275 hobi kokatu ditu Euskal Herriko mapan. Baina lekukotza berriek, artxibategietan agertutako txostenek eta ezusteko informazioek areagotu egin dituzte hobien kopuruak azken urteetan. Ironia dirudi, baina inoiz baino biziago dago 1936ko gatazkan desagertutakoen mapa. Lemoan hustu zuten azken hobia, joan den hilean. Metalak detektatzeko gailuarekin hainbat objektu aurkitu zituen herritar batek Lemoatxeko haitzean, eta hildako borrokalari baten gorpuzkiak agertu zitzaizkion ondoan. Azken bost urteetan Lemoan aurkitutako laugarren hobia da joan den hilean hustu zutena, eta egoeraren isla ere bada: 80 urte igaro direla, bide bazterretan, mendietan eta orduko lubakietan gorpuzkiak azaltzen dira oraindik ere.

Frankismoa izan zen bere bandokoen gorpuak hobietatik ateratzeaz arduratu zen lehena, 1950eko hamarkadan. Berrogei hobi ireki zituzten, aztarnak Madrilgo Erorien Haranera eramateko. Bizkaiko hainbat herritan hustu zituzten: Arrigorriagan, Balmasedan, Bermeon, Bilbon, Busturian, Durangon, Fruizen, Gamiz-Fikan, Gernika-Lumon, Gordexolan, Gueñesen, Karrantzan, Loiun, Markina-Xemeinen, Muxikan, Otxandion, Saturtzin, Urduñan eta Zallan. Guztira, 212 herritarren aztarnak daude han. Haien hiltzaileak goratzeko tokian hobiratu zituzten borrokalari errepublikanoak.

Bizkaikoak ez ezik, Arabako 62 lagun eta Gipuzkoako 238 ere eraman zituzten, baita Nafarroako 140 errepublikanoren gorpuak ere. Baina 140 horietatik, 133 atera zituzten 1980an, Itzulera operazioa deitu zitzaion mugimenduan. Errepublikanoen senideek behin eta berriz eskatu dute epaitegietan gorpuak handik ateratzeko, baina ez dute inolako erantzunik jaso.

Aldi berean, desagertutakoen senideek beren gertukoak lurpetik ateratzeko hainbat saio egin zituzten beren kabuz. Esku hartze bakanak izan ziren ordukoak, eta, nola ez, isilpean egin beharrekoak. Izan ere, Francoren diktatura bete-betean, senideak hiltzeaz gain, lurpetik ateratzeagatik bestelako zigorren bat hartzeko beldur ziren herritarrak.

Norbanakotik kolektibora

1936ko gerraren ondorioz hildakoen senideek isilpean eta etxe barruan gorde dute galdutakoaren oroimena. Samina jendaurrean agertu ezin, eta mina irentsita igaro dute belaunaldi ugarik bizitza, harik eta hirugarren ala laugarren belaunaldiek bilaketa lanak berpiztu dituzten arte. Mendea hastearekin batera suspertu ziren desagertutakoak bilatu eta lurpetik ateratzeko lan zientifikoak eta ofizialak Euskal Herrian; administrazioaren babespean, nolabait. Ezkutuan hustu beharrean, publikoki hustuko ziren, ordutik aurrera, 1936ko gerrako hobi guztiak.

Zehazki, 2002an ireki zuten Euskal Herriko lehen hobia Aranzadi Zientzia elkartekoek, Zaldibian (Gipuzkoa). Leonen (Espainia) aurkitutako hobi bati buruzko elkarrizketa entzun zuen herrikide batek irratian, eta udalera jo zuen berehala, azaltzeko Euskal Herrian ere halakoak gertatu zirela eta bazuela hobi bati buruzko informazioa. Udalak Aranzadira jo zuen, horrek ikerketa egin zuen, eta bi gorpu aurkitu zituzten, fusilatutako bi gazterenak. Tiro bana zuten garezurrean. Zaldibiko hobi haiek zabaltzeak "katarsia" eragin zuen, Aranzadi zientzia elkarteak inoiz azaldu duen gisan. Bukaerarik ez duen katearen lehen katebegia izan zen ordukoa, herritarrak hobiei buruz zuten informazioa ematen hasi baitziren.

Etxeko sutondoetan gordetako sufrikario indibidualak, belaunaldiz belaunaldi transmititu zirenak, albo batera utzi eta hildakoen inguruko berriak boz gora azaltzen hasi ziren orduan. Norbanakoen mina kolektibo bihurtzen hasteko eta 1936ko hartan gertatutakoak aztertzeko mugarria izan zen, hortaz, Zaldibiakoa. Eta hil zituztenen iloben lan eta ekitea oinarrizkoa izan da jardun guztian. Hainbat adituren arabera, katalizatzailea izan zen hobien auzia, eta orduan hasi zen ernatzen oroimen historiko edo kontzientzia historiko gisa ezagutuko zen kontzeptua eta mugimendua. Norabide berean, tokian toki 1936ko gerra eta ondorengo urteak aztertu eta ikertzeko taldeak sortu ziren, eta herri ekinaldiek oinarrizko zeregina izan dute jardun horretan. Nafarroa aitzindari izan da oroimen historikoaren lanketan. Altaffailla kultur elkartearen Navarra 1936. De la Esperanza al Terror liburukia da horren erakusle argiena. 1986an argitaratu zen, fusilatutako herritarren zerrendarekin.

Lekukotzen premia

Zaldibiako hobia ireki ondoren iritsi ziren Arrasate, Andoain eta Elgeta (Gipuzkoa), eta Abadiñoko hobi husteak. Zerrenda hazi besterik ez da egin ordutik. Bizkaiko lurretan azken urteetan egin dira esku hartze gehienak: Urduñako hilerrian, adibidez, hamalau errepublikanoren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik 2014an. 2016an, Pedro Uriguen gudariaren gorpua atera zuten Mendatan; Etxeberriako Zelaietaburuko defentsa lerroan ere borrokalari bat atera zuten lurpetik, eta Larrabetzun lau hobi aurkitu zituzten: Ramon Portilla Acedo CNTko borrokalariarena, tartean.

Beste horrenbeste gorpuzki aurkitu dituzte Lemoan ere, eta Artxandan beste borrokalari bat atera zuten lurpetik iaz. Gaur-gaurkoz, 46 dira Bizkaian mapan dauden hobiak, eta hamahiru atera dituzte lurpetik. Hezurrei izen-abizenak jartzeko bidea erraztu dute hainbat tokitan gorpuzkien ondoan aurkitutako identifikazio plakek. 64160 zen Portillarena.

Ezbairik gabe, tokian-tokian jaso eta gorde diren lekukotzek oinarrizko informazioa eman dute 1936ko gerrako hobiei buruz, eta ahozko historia jasotzeari garrantzia eman zaio horregatik azken urteetan. Baina sarri askotan aipatu da berandu egiten ari dela lan hori guztia, eta testigantzak jasotzeko premia gero eta handiagoa dela, gutxi baitira orduko garaiak bizi eta bizirik daudenak. Milaka desagertu dago oraindik re Bizkaian, eta, guztiak aurkitzea ezinezkoa izango den arren, beharrezkoa da eginahalak egitea. Sarraski baten lekuko dira, eta izen-abizenak dituzte.

Herdoilarentzako irtenbide bila

Herdoilarentzako irtenbide bila

Natalia Salazar Orbe
Basorda baserria itsasoari begira zegoen, Lemoizen. Lasai asko. Lurrak eta itsasoak bat egiten duten eremuan, kostaldearen bukaeran, infinitura begira. Etxe hartatik hartu zuen izena bertako kalak ere. Talaia paregabe hartatik ater...