Ur jarduerak bai, baina neurriekin, eta ez bainurako gune gisa

Ur jarduerak bai, baina neurriekin, eta ez bainurako gune gisa

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko Udalak kaleratu ditu Bilboko itsasadarrean egindako azterketen emaitzak. Maiatzeko triatloian parte hartu zuten hiru igerilarik leptopirosia dutela baieztatu du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Gobernu Batzordearen eta Ur Partzuergoko lehendakariaren babesarekin egindako agerraldian. Beste bi kasu ere egon daitezkeela. Horiek baieztatuz gero, guztira bost kasu liratekeela. Eta ez direla gehiago agertuko: “Dagoeneko ez da posible kasu gehiago agertzea, bakterioaren inkubatze epea amaitu baita”. Udalak egindako probetan, leptopirosi bakteriorik ez da aurkitu; beraz, kutsadura zirkunstantziala izan dela esan dute; momentukoa. Jatorria argitu gabe dagoela erantsi, eta “zorte txarrari” egotzi dizkio kutsatzeak.

Lau gunetan egin ditu azterketak udalak: Areatza-Arriaga inguruan, udaletxe aurreko arrapalan, Zubizuri inguruan, eta Itsas Museo ondoan. Inoiz egin gabeko proba “konplexuak” egin ditu, eta, alkatearen hitzetan, “orain arte genekiena” erakutsi dute emaitzek: itsasadarra ez dela bainurako gune egokia. “Baina horrek ez du esan nahi ezin denik ur jarduerarik egin”. Are, Aburtok ziurtatu du horiek sustatzen jarraituko duela. Badirela zazpi urte itsasadarrean kirol ekitaldiak egiten direla, milaka pertsonak parte hartu dutela horietan, eta lehen aldia dela osasun arazoak eragin dituena.

Hortaz, itsasadarraz gozatzeko deia egin du alkateak, baina baita zuhurtziaz jardutekoa ere. Edozein eremu bainurako gune egokitzat jo ahal izateko ezarrita dauden parametroetatik urruti dago itsasadarra, probek baieztatu dutenez. Baina hori aurrez ere jakina zela dio Aburtok. “Itsasadarra ezin dugu hartu hondartza edo igerileku bat balitz bezala”. Hala ere, ibaia gero eta garbiago dagoela nabarmendu du, eta eskaintzen dituen aukerez gozatzeko deia egin die herritarrei: “Bilboko herritarrek ez liokete uko egin behar bere espaziorik enblematikoenetakoaz gozatzeari”. Edozein kasutan, “arriskuak eta gomendioak” ezagutu behar direla ohartarazi du; arduratsu jokatu behar dela, eta neurriak hartu. Esate baterako, derrigorrezko dutxak ur jarduerak egiten diren leku guztietan jartzea aztertzen ari dela jakinarazi du. “Gomendagarria da dutxa, ia exijitzeko modukoa”. Hala ere, halakoak norberaren ardura direla eta norbere esku daudela gogorarazi du: “Uretan sartzea ez dago debekatuta, baina norberak hartu behar ditu neurriak”.

Nasapuntako jokoak ere ez dituela debekatuko esan du alkateak. Leptopirosi kasuen berri izan zenean itsasadarreko jardunak debekatu zituen udalak, baita jaien ingurumarian antolatuta zeuden nasapuntakoak ere. “Udalak ez ditu nasapuntakoak debekatuko, eta arduraz jokatzeko eskatuko dugu”.

Gauzak horrela, itsasadarrean egiten diren kirol eta aisialdi jarduerak sustatzen jarraituko du udalak. Leptopirosi kasuek eragin duten ezinegona baretu nahi du, eta “alarmismoak” kalmatu. Lasaitasun mezua eman du horretarako. Egunen batean itsasadarrean bainua hartzeko ametsa beteko duen esperantza azaldu du, eta horretarako lanean jarraituko duela agindu.

Bide horretan, Ur Partzuergoarekin bilduko da, aurki, udala. Itsasadarraren egoera aztertzen jarrai dezala eskatuko dio, eta proben emaitzen gainean elkarlanean aritu daitezela.

Bestalde, itsasadarrean kirol eta aisialdi jarduerak antolatzen dituzten enpresekin protokolo bat lantzen ari da, itsasadarraren erabilera, araudi, baimen eta gomendioak zehazteko. Itsasadarrean eskumenak dituzten erakundeen arteko koordinazioan ere sakondu nahi du udalak. Halaber, aste honetan Espainiako Ingurumen Ministerioarekin biltzekoa dela jakinarazi du alkateak, urari buruzko hitzarmena berriro sinatzeko. Helburua argi du: itsasadarreko jardunak sustatzen jarraitzea eta hartarako itsasadarraren izen ona berreskuratzea, bai bilbotarren artean bai nazioartean.