Gizartea

Herritarrek babestu eta errugabetu dituzte

Herritarrek babestu eta errugabetu dituzte

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Munduko festa egunik onenak omen dira Bilboko Aste Nagusikoak, eta herritarren parte hartzea da arrakasta horren gakoa, Bilboko Konpartsen federazioaren arabera. Diotenez, arrakastatsua izan da aurtengoa, baina ez da polemikarik gabe igaro. Hontzak konpartsaren txosnak izan duen dekorazioa izan da ika-miken erdigunean, zehazki: kristo gurutziltzatu bat eta giza gorputz zatiekin osatutako Vaticanoko harategia. Kritika eta satira biltzen zituen diseinuak berehalako erantzuna jaso zuen, ordea: gotzaindegiak salaketa aurkeztu eta irudiak kentzeko agindua eman zion Bilboko 3. Instrukzio Auzitegiak Ertzaintzari, festen hirugarren egunean. "Zentsurari" umorez erantzun zioten konpartsakideek, eta txosnarik dotoreena saritzen duen kanpaia ere jaso dute Hontzakoek aurten. Salaketen ildoan, esperientziarik ez zaie falta Bilboko Konpartsei, ez baita munduko festarik onenetan halako gertakariak jazotzen diren lehen aldia.

Hontzak konpartsarena ez da aurtengo festetan izan den gertakari bakarra izan, ordea. Oihartzun mendiatiko gutxiago izan duen arren, txosnaren dekorazioan presoen argazkiak erakusteagatik hiru konpartsaren aurka salaketa jarriko zutela adierazi zuten festak abiatu eta gutxira Digindad y Justiciak eta PPk. Txori Barrote jarri dute jomugan, baina oraindik ez du salaketa ofizialik jaso, eta, hortaz, ikusteko dago auziak aurrera egingo duen ala ez.

Ez da adierazpen askatasuna eta iraina aurrez aurre jarri dituzten lehen aldia. 2003an, ia apainketarik gabe geratu zen Pa...Ya konpartsaren txosna ere. Western bat irudikatu zuten ordukoan, eta hainbat aurpegi ezagun ere jarri zituzten bertan; tartean, Bilboko gotzainarena, udal zinegotzi zen PPko Antonio Basagoitirena eta Telebilbaoko kazetari batena. Irudiak kendu, eta txosnagunean ziren hainbat pankarta eraman zituen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Umorez heldu zioten ordukoari ere, eta Dibertitzeko eskubidearen alde goiburupean, protesta egin zuen Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean Bilboko Konpartsen Federazioak.

Baina soka ez zen bertan eten; izan ere, bederatzi konpartsaren partaidetza debekatzea eskatu zuen hilabete gutxira PPk Bilboko Udalean. Zehazki, Hor Dago Abante, Kaskagorri, Askapeña, Txori Barrote, Pa...Ya, Hau Pittu Hau, Satorrak, Algara eta Kobetas Mendikoen aurka jo zuten PPkoek, presoen argazkiak jarri eta "terrorismoa goratzen zutela" argudio gisa hartuta.

Argazkien aurrekaria

Urte bereko inauterietan iritsi zen hurrengo kolpea. Txori Barrote konpartsak presoen argazkiak eraman zituen, eta Iñaki Azkuna orduko alkate jeltzaleak "sinbolo horiek jaiguneetatik kanporatzeko zorrotz" jokatuko zuela adierazi zuen. Bilboko Konpartsen eta udalaren arteko harremanak gaiztotuta zeuden orduan, eta mugarria izan zen 2004a: bi desfile antolatu ziren inauterietan. 2003 arte, konpartsek antolatzen zuten ekitaldi hori, baina urte horretan presoen auziarekin egondako mokokaldia zela eta, konpartsek, irudi bateratua eman, eta Txori Barrote babestu zuten.

Bestalde, Festetako Ordenantza onartu zuen Bilboko Udalak, eta gerora zeresan handia eman zuen 27. artikulua izan zen gakoa: txosnak kendu arazteko baldintzak zehazten ditu artikuluak: "pertsonen duintasunaren aurkakoak diren eta terrorismoa goratzen duten eta horrekin festen elkarbizitza eta normaltasuna arriskuan jartzen duten kartel eta ikurrak jartzea" dira baldintza horiek.

2009an erabili zuten lehen aldiz Festen Ordenantza konpartsen aurka egiteko. Ertzaintza jaietako gunean indarrez sartu, eta Txori Barrote eta Kaskagorri zigortzeko txostena osatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalarentzat. Presoen argazkiak jarrita zituztela eta "terrorismoaren biktimak umiliatu eta mindu" zituztela azaldu zuen Azkunak orduan ere, eta, aurrez adostutako ordenantza urratzen ari zirela argudiatuta, bi konpartsak zigortu eta sekula ikusi gabeko neurria hartu zuen udalak: bi urtez Aste Nagusian txosna jartzea debekatuta izan zuten bi konpartsek. Gerora, konpartsei arrazoia eman eta debekua ez zela zilegia izan azaldu zuen epaitegiak. Baina berandu iritsi zen erabakia.

Ingurumari horretan, eta jaietan konpartsek hartu zuten indarra ikusita, udalak eskatuta Batzorde Mistoa sortu zen udal ordezkari eta konpartsen artean. Aste Nagusia "pribatizatu" egin nahi zuela salatu zuten konpartsek 2010ean, eta beltzez jantzi zuten Bilbo, Aste Nagusia defendatuz goiburua hiriburuko txoko guztietara hedatuz. 24 orduz plantoa egin zuten konpartsa gehienek: festak eten zituzten egun batez. Geroztik, konpartsek Festa Batzordean geroz eta indar gutxiago zutela salatu zuten Festa Batzordean; alderdiei ematen ari zitzaiela indarra. Konpartsen eta udalaren arteko harremanen isla zen kolore beltza.

'Txupinera auzia'

2013ko Aste Nagusian Jone Artola Txori Barroteko konpartsakidea txupinera izendatu zutenean piztu ziren alarmak berriz. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkari zenak eskatuta, Artolari txupinera izatea galarazi zion Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak. Artola Etxerat-eko eta Txori Barrote konpartsako kide zela, Euskal Herritarrok-en eta EAE-ANVren hautagai izan zela eta haren anaia preso zegoela azaldu ostean, jaien hasierako txupinazoa hark botatzeak Terrorismoaren Aurkako Legea urra zezakeela argudiatu zuen epaileak. Alegia, baldintza horiek dituen txupinera bat aukeratzea ETAren biktimentzako mingarria izan daitekeela.

Bilboko konpartsek aukeratzen dute urtero jaietako txupinera, eta udalak berresten du erabakia, osoko bilkuran. Artola txupinera izatea berretsi zutenean, PPk berak ere ez zuen protesta berezirik egin. Gerora harrotu ziren hautsak, Urkijok haizatuta. Urte hartan, jaietako zinegotziak bota zuen festari hasiera ematen zion txupina; Itziar Urtasunek, hain zuzen ere. Iraia Iturregi pregoilariak mezua irakurri ostean jaka kendu, eta Artola besarkatu zuen elkartasun keinua eginez.

2016an, Urkijoren salaketa berretsi zuen Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak. Artola txupinera izan balitz biktimen eskubideei eragingo liekeela azaldu zuen epaileak orduan.

Eredu herritarra

Ezbairik gabe, jai eredua dago azken urteetan Bilboko Aste Nagusian izan diren eztabaida eta ika-mika guztien muinean. Festak ahalik eta herrikoien eta parte hartzaileen egiteko saiakera egin dute beti konpartsek, eta prozesu hori oztopatzen saiatu izana leporatu diote Bilboko Udalari behin baino gehiagotan. Gaur egungo Aste Nagusiaren izaeraren hastapena ere izaera horri lotuta dago. 1978. urtean Txomin Barullo konpartsa sortu zuen taldeak egin zuen proposamena. 40 urte beteko dituzte datorren urtean.

Bilboko Semana Grande antolatzen zen lehenago, eta hiru ekitaldi besterik ez zegoen: pasodobleak, zezenak eta ibaian egiten zen boxeo txapelketa. Txomin Barullo konpartsa sortu zuen taldeak irabazi zuen ideien lehiaketa 1978an, eta hori izan zen gaurko Aste Nagusiaren izaeraren hastapena. Gizarte mugimendu sendoa zegoen Bizkaiko hiriburuan, eta elkarteek eta auzo mugimenduek sortu zituzten konpartsak. Ordutik, milaka lagun elkartzen dira horien bueltan —30 konpartsa daude egun, eta festek irauten duten bederatzi egunetan, egitarau herrikoi zabala antolatzen dute. Bateratasuna erakutsi dute Konpartsen Federazioa osatzen dutenek beti, eta elkar babestu dute izan gorabehera guztietan. Irudi bera erakutsi dute aurten ere.

Lurra defendatzeko deia

Lurra defendatzeko deia

Natalia Salazar Orbe
Lurra lantzen duenarena da, ez diruz erosi duenarena. Baieztapen eta lelo horri heldu diote Getxoko Tosu kaleko berdegunea aparkaleku erraldoi bilakatzerik nahi ez duten Tosu Betirako ekinaldiko kideek. Badakite hondeamakinak edono...

Ke tximinien artean irauten

Ke tximinien artean irauten

Peru Azpillaga

Petronorreko findegia 1972tik dago martxan Muskiz eta Abanto artean. Egitasmoak herrietan hainbat lanpostu sortu dituen arren, asko mobilizatu dira, behin baino gehiagotan, enpresak sortzen duen segurtasunik ezaren eta osasun kalteen kontra. Tximinietako kea, zarata, geldialdiak eta abiatzeak... Petronorren findegiak 2,6 milioi tona CO2 sortzen ditu urtero, eta, Euskal Herrian gehien kutsatzen duen enpresa izanik, biztanleen kezka eta haserrea pizten ditu.

Azken protesta aurreko astean bertan jazo da, astelehenetik asteartera, 24 orduan, findegiak koke edo URF plantan —fuel olioa murrizteko unitateetan— bi arazo izan ostean. Petronorrek "tenperatura altuari" atxikitzen dizkion arren, bada haien bertsioa zalantzan jarri eta koke plantaren ezegonkortasuna salatzen duenik. Meatzaldea Bizirik elkartea da horietako bat; urteak daramatza Petronorren jardunaren kaltea salatzen eta gero eta gehiago zabaltzen ari den enpresa horren aurrean mobilizatzen. Hedapen horren adibide da 2007an eraikitako koke planta, 800 milioi euroko inbertsioa eskatu zuena.

"Hemen bizi garenok usain txarrak eta zarata handia jasan behar ditugu; gainera, ezinezkoa da jakitea barruan zer ari den gertatzen", kexatu da Sara Ibañez Meatzaldea Bizirik elkarteko kidea. Haren esanetan, findegi batek "izugarrizko" jarduna du, eta urtean 50 geldialdi eta abiatze izaten ditu; eta, horietako bakoitzean, ezohiko arazo, zarata edota emisioak sortzen ditu.

Abuztuaren 21ean izan zuten azken gorabehera: koke plantan izan zuten arazoaren ondorioz, hondartzatik gertu dagoen tximinietako batek ohi baino sugar handiagoa sortu zuen. Ibañezek azaldu duenez, findegiak arazo bat duen bakoitzean sobera dituen gasak erre egin behar izaten ditu, eta tximinietatik igorri. Horren ondorioz, sua bizitu egiten da, eta, gainera, isurketa irregularra denez, "eztandaka" irteten da, Ibañezen arabera.

Abuztuaren 22an beste arazo bat izan zuten koke plantako konpresore berean. "Jendea beldurtu egiten da. Egun hartan dei andana jaso zituzten 112 zenbakian, baina bertako langileek ere ez zekiten zer esan, enpresak dioelako ezer ez dela gertatzen; baina ezin zara ziur egon, eta kezkatu egiten zara", azaldu du.

Dudazko azalpenak

Petronorrek tenperatura altuei egotzi zien gertaera, komunikatu bat kaleratuta. Hala ere, Ibañezek ez du hain argi ikusten. "Erantzunek ez gaituzte lasaitzen; egun hartan ez zeuden 26 gradu baino gehiago. Zer gertatuko da orduan benetan beroa egiten duenean?". "Hau jasanezina da", ondorioztatu du. Azken 45 urteetan istripu larriak izan dira; aitzitik, koke plantaren eraikuntza mukurua izan da hainbat biztanlerentzat. Ibañezek salatu duenez, "hainbat tokitan ikusi da planta hori oso kutsakorra dela eta gainera ez dela batere erraz kontrolatzen: aurten egindako geldialdi luzea koke planta hobetzeko izan da, eta aurreikusiak ez zituzten geldialdi gehienak ere bertan gertatutako arazoen ondorio izan dira". Gainera, dioenez, halako findegiak ez daude herriguneetatik hain gertu egoteko prestatuta, eta, normalean urrunago daudenez, ez dute biztanleei sortu ahal dizkieten arazoak zarata, usaina... ebazteko teknologiarik.

Udaletxearen jarrera ere ezbaian jarri du Ibañezek. "Urteak daramatzagu mahai baten sorrera aldarrikatzen Petronorren jardunaren segimendua egiteko". Jaurlaritzan hainbat mozio aurkeztu dituzte, eta baita legez besteko proposamen bat ere. Azken hori onartu egin zuten, baina bertan ez zen ageri herriko eragileak ere mahai horretan egon behar zirela. Gainera, ez dira inoiz batu.

Koke plantak petrolioaren osagairik astunenak eraldatzen ditu, eta eskari handiagoko produktu arinago bihurtu. Alta, Kosten Mugapeak ez zuen inoiz eraikuntza onartu. Ibañezek azaldu duenez, URF planta eraiki zuten eremua ez da Petronorrena, publikoa baizik. Domeinu publikoko eremu itsas-lehortarra da, Espainiako Kostalde Zuzendaritza Nagusiaren menpekoa, eta 2012. urtean amaitu zen kontzesio bati esker eraiki zuen han planta Petronorrek. "Denok genuen galdera bat buruan: zegatik eraiki zuten han 2012an kontzesioa amaituko bazitzaien? Laster izan genuen erantzuna". Kontzesioa amaitzean, EAJk eta PSEk egindako akordio bati esker, luzatu egin zuten tramiterako epea. Tramitean dagoen bitartean ezin da eraikuntza galarazi, eta, beraz, ez dute tramiteak amaitzeko presarik. "Non dago sortuko zuten aberastasun guztia? Haien poltsikoetan? Hemen kutsadura baino ez dugu guk".

Bidaia historiako aztarnetara

Bidaia historiako aztarnetara

Natalia Salazar Orbe
Matxinada eta borrokaldi ugariren lekuko izan da Bilbo historian zehar. Liskar horien sorburuak denetarikoak ziren arren, gehienetan bezala, boterearen eta aberastasunaren banaketa eta horrek sortutako bidegabekeriak zituzten ardat...

Hirigunean abiadura muga murrizten hasi da Bilboko Udala

Hirigunean abiadura muga murrizten hasi da Bilboko Udala

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Autoak nagusi diren hiriburuan toki gehiago egin nahi diete oinezkoei. Kutsadura eta zarata arindu nahi dituzte Bilbon, eta "eremu lasaiak" sortu nahi ditu udalak. Norabide horretan, abiadura murrizketak egingo dituzte hirigune osoan datozen hilabeteetan. Lehen neurria hilabetearen hasieran hartu zuten, Castaños auzoan orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzearekin batera. Asteartean egingo dute hurrengo urratsa: Errekalde zumarkalean autoek ezin izango dute orduko 50 kilometroko abiadura gainditu. Hiri osora zabalduko da neurria laster.

Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan kokatzen dira Bilboko Udalak hartu berri dituen neurriak. Izan ere, hirietako garraioa kutsadura sortzaile nabaria da, eta horretan jarri zuen mira Greenpeace talde ekologistak iaz, Aldaketa klimatikoaren balaztarik gabeko motorra azterketan. Hainbat hirigune aztertu zituzten ekologistek ikerketan, eta ohartarazi zuten gaur egun berotegi efektuko gasen %10 hirietako ibilgailuei dagozkiela. Bilboren kasua azpimarratu zuten egindako txostenean, Euskal Herriko hiririk handiena izanagatik ere ez baitzuen inolako planik egoerari aurre hartzeko.

Azterketa kaleratu eta gutxira egin zuten hitzarmena Grenpeacek eta Bilboko Udalak, eta, adostutakoaren arabera, hiriak %50 hobetu behar du airearen kalitatea 2030erako, 2012ko isuriak oinarri hartuta. Ez du erronka makala Bizkaiko hiriburuak, 180.000 ibilgailu sartu eta ateratzen baitira egunero. Udalak emandako datuen arabera, 07:00etatik 09:00etara 20.000 ibilgailu sartzen dira hirira, eta horietatik %80 inguru, pertsona bakarrarekin.

Gaur egungo egoera irauli eta kutsadura erdira jaistea da Bilboko Udalak duen helburua, eta Castaños eta Errekalde zumarkaleko zirkulazioan jarri dute fokua lehen pauso gisa. "Europako beste hiri batzuetan abian jarria duten neurriarekin, auzoa inguru lasaiago eta baketsuagoa izan dadin lortu nahi da, non bizilagunek eguneroko bizimoduari aurre egin ahalko dioten trafikoaren presioa jasan gabe".

Lehen neurriak

Castaños auzoan hartutako neurriak izan dira lehenak. Ibilgailuen abiadura moteltzeko neurria ezartzeaz gain, oinezkoentzako pasabide berriak jarri dituzte, eta baita espaloi handiagoak eraiki ere. Bidegorria ere aldatu dute planaren barruan, Campo Volantin pasealekura desbideratuta. "Auzo bat ingurune lasai bihurtzeak esan nahi du inguru atseginagoa sortuko dugula, non bizilagunek eguneroko bizimodua egin dezaketen trafikoaren inolako presiorik izan gabe".

Bilboren sarbide nagusietakoa da Errekalde zumarkalea. 20.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero, eta gehienek gainditzen dute orduko 50 kilometroko muga. Bertan sortzen den istripu kopuruaren eta kutsadura akustikoaren eraginez hartu dute, besteak beste, abiadura gutxitzeko neurria Alfonso Gil Bilboko Hirigintza zinegotziak azaldu duenez. Eta bi radar izango dira martxan asteartetik aurrera, neurria errespetatzen dela ziurtatzeko zumarkaleko 25 eta 27 zenbakien artean; hots, Colon de Larreategi eta Henao kaleen artean. "Helburua ez da dirua biltzea, baizik eta abiadura moteltzea". Gilen arabera, udalak egin dituen azterketek argi erakutsi dute Errekalde zumarkalearen ingurua herritarrek ez dutela paseoak egiteko erabiltzen, autoen abiadura tarteko. Hala, egitasmoaren bidez, herritarrak hiriburuko kaleetatik lasai ibiltzea ere bultzatu nahi du udalak.

Abiadura murrizteko radarrez gain, aparkatzeko 71 plaza jarriko dituzte bi norantzetako bideetan trafiko gutxi dagoen orduetarako; zehazki, gauez eta asteburuetan. Hortaz, bide bana izango da martxan bi norabidetan. Gainontzeko orduetan, aldiz, zumarkaleko lau bideak izango dira zirkulaziorako zabalik: hau da, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:00etara; larunbatetan, 09:00etatik 20:00etara, eta, igandetan, 11:00etatik 20:00etara.

Autoei nagusitasuna kendu eta oinezkoei ematea da Bilboko Udalaren helburua, eta, aurreneko neurriak Castaños eta Errekalde zumarkalean hartu badituzte ere, datozen hilabeteetan hiri osora zabalduko dute abiadura muga. Udalak jakinarazi duenez, Irala eta Zorrotza auzoetan egingo dituzte hurrengo lanak. Bilbo "30 hirigunea" izatea nahi dutela azaldu du zinegotziak, eta 2018rako nahi dutela orokortu.

Bizikletak errepidetik

Hiriguneko errepideetan egingo den aldaketa horrekin ez du bidegorrien beharrik ikusten zinegotziak. Autoak orduko 30 kilometroko abiaduran dabiltzan kaleetan errepidetik joan daitezkeela uste du, eta, horregatik, ez du horren beharrezkoa ikusten hiriguneko bidegorri sarea zabaltzea. Hirigintza zinegotziak azaldu du udalaren bizikleta zerbitzua ere jarriko dutela eta elektrikoak ere erosiko dituztela aurten. Bilbobus elektrikoak ere eskuratu ditu udalak, eta lurpeko aparkalekuetan eta taxi geltokietan ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailuak jarri dituzte.

Gurasoen aurkako erasoak, gora

Gurasoen aurkako erasoak, gora

Natalia Salazar Orbe
Kolpeak, bultzadak, irainak, mehatxuak, umiliazioak, baimenik gabe gauzak hartu edo lapurtzea edota gurasoek lor ezin ditzaketen gauzak eskatzea; exijitzea. Gero eta familia gehiagoren egunerokoa bilakatu dira. Erasotzaileak, gaine...

Salaketa jarriko die aldundiak Bizkaia Frontoia eraiki zuten enpresei

Salaketa jarriko die aldundiak Bizkaia Frontoia eraiki zuten enpresei

Iñigo Astiz

Auzitegira helduko da azkenean Bizkaia pilotalekuaren aurrealdea berritzeari buruzko afera. Eraikinaren aurrealdeko harlauza guztiak erortzen hasi, eta lau aldeak konpondu behar izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Hasieratik obran parte hartu zuten eraikuntza enpresak egin ditu arazoaren arduradun aldundiak, eta akordio bat lortzea izan da haren asmoa. Orain arte. Erantzunik jaso ez, eta salaketa jarri die. Konponketa lanek izango duten 1,7 milioi euroko kostua enpresa eraikitzaileak bere gain hartzea nahi du aldundiak.

Sonatua izan zen Bizkaia frontoiaren irekiera ekitaldia. 3.000 ikusle har ditzake, eta Euskal Herrian dagoen pilotalekurik handiena da. Binakako zein banakako lehiaketa nagusien finalak ere bertan egin izan dira geroztik, baina kasik hasieratik izan ditu arazoak. Eta, horren ondorioz, egunkarietako kirol orrietan agertzeaz gain, azpiegiturei eskainitako orrietan ere azaldu da behin baino gehiagotan.

Ateak ireki eta lau urtera erori ziren eraikinaren aurrealdeetako losak. 2015eko abenduaren 7an jausi zen frontoi aurrealdeko arbela beltzezko lehen losa, eta gehiago izan ziren gero. Ikerketa eskatu zien horregatik aldundiak bi enpresari, eta argia izan zen bien ondorioa: eraikinaren lau aldeak berritu behar zirela ondorioztatu zuten biek. 150 plaka baino gehiago ziurtatu zituzten aldundiak kontratatutako langileek hasieran, baina osorik zaharberritu behar zela ebatzi, eta banan-banan kendu behar izango dituzte orain 10.600 harlauzak. Martxoan egin zuten zaharberritze lanentzako lehiaketa publikoa, eta orain hasiko dira lanak. Hemeretzi aste barru bukatuta egon behar lukete konponketa guztiek.

Edonola ere, berrikuntza eta konpontze lanek iraungo duten bitartean, ez da frontoia itxi beharrik izango.

Beltz mantenduko dute

Bi milioi euro inguruko kostua izango dute zaharberritze lanek, eta hortik dator erakunde publikoaren eta eraikuntza egin zuten enpresen arteko eztabaida. Izan ere, eraikuntza lan eskasen ondorio da arazoa aldundiaren esanetan, eta, beraz, eraikuntza enpresei dagokie haien kargu egitea. Negoziatzen saiatu dira, baina azkenean salaketa jartzeko asmoa azaldu du aldundiak. Konponketak bukatzean izango da hori.

Kolorea izan da beti eraikinaren bereizgarrietariko bat. Beasaingo harrobiko arbela natural beltzezkoak dira plakak, izan ere, baina, adituen hitzetan, ez da izan material hautaketarik onena. Inguru haizetsua da Miribillakoa, eta tenperatura aldaketa handiak izaten dira negutik udara artean. Horrek hondatu egiten ditu arbelezko losak, eta horregatik arazoak. Ilunagoak diren harlauza artifizial batzuk jarri dituzte orain haien lekuan. Zelulosa zuntzez eta erretxinaz eginda daude harlauza berriak, eta arbelezkoak baino iraunkorragoak dira. Mantendu egiten da pilotalekuaren irudia, baina seguruagoa da eraikina.

Eraiki aurretik hasi ziren problemak. Kutsadura arazoak izan zituzten zoruan, eta hamabi hilabetez etenda egon ziren lanak. Pilotalekua eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen Afer enpresak geldi izan zituen obrak hilabete luzez, eta, azkenean, harekin tratua etetea erabaki zuen aldundiak. Bigarren lehiaketa egin zuten horretarako, eta horrek ere atzeratu egin zituen lanak. Kostua ere handitu zuen horrek: hasieran 16 milioi eurokoa izan behar zuen lanak, baina 24 milioitik gorako kostua izan zuen azkenean.

“Egoera hobetu ezean, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki”

“Egoera hobetu ezean, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki”

Peru Azpillaga

Luze jotzen ari da gidabaimena eskuratzeko aztertzaileen auzia, eta oraindik luzeago joko duela dirudi. Ekainaren 19an hasi zuten greba dela eta, soilik ostegunetan eta ostiraletan egiten dira gidabaimena eskuratzeko azterketak. Bi eskari nagusi egin dituzte Asextra aztertzaileen elkarteko kideek. Batetik, aztertzaile gehiagoren beharra aldarrikatzen dute. Bestetik, 2015eko grebaren ondorioz, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin hitzartutako ordainsari espezifikoa jasotzea: funtzionarioek jasotzen duten ordain osagarria, 240 euro ingurukoa.

Arazo horren erdian daude autoeskolak. Haiek dira grebaren kaltetu nagusiak, eta, gauzek hobera egiten ez badute, etorkizun latza dute aurretik. Gai horren inguruan mintzatu da APAVI Bizkaiko Autoeskolen Elkarteko lehendakari Iñigo Montenegro (Getxo, 1954). Haren ustetan, bi aldeak akordiotik urrun daude oraindik. Haiek ahal duten guztia egiten ari direla dio, baina arazoaren konponbidea beste batzuen esku dagoela. "Iraila izango da hilabeterik zailena; abuztuan lanak ez badu gora egiten, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki".

Zein da zuen egungo egoera?

Oraintxe bertan, gure lan egiteko gaitasuna %60 gutxiagotu da. Urtean lan gehien dugun garaian, gure gaitasunaren %40an ari gara soilik lanean...

Zer ondorio ekar ditzake horrek?

Ondorio ekonomiko larriak. Ekaina, uztaila, abuztua eta iraila dira, normalean, hilabeterik garrantzitsuenak, gure bezeroak oporretan daudelako. Beraz, hilabete horietan lanik ez izatea oso kaltegarria da guretzat. Greba uztailaren 31ra arte dago deituta. Larria da ikustea bai DGT bai Asextra akordiotik urrun daudela oraindik. Gainera, azken horiek jakinarazi dute akordiorik ez lortzekotan irailaren 4tik aurrera greba mugagabera joko dutela.

Zertan eragingo lizueke horrek?

Horrek oporretatik itzultzen diren autoeskolak ez irekitzea ekarriko luke. Hots, lana erregulatzeko espediente bat edo lan araudiak ahalbidetzen duen beste sistemaren bat erabili beharko genuke. Azterketarik ez badago, guk ezin dugu lanik egin.

Egoera larria da, beraz.

Lehenengo asteetan ez zen asko nabaritu. Azterketa teorikoak daude egunero administrazioko langileek eginak. Horri esker, ikasgeletan geneukan lana aurrera atera dugu. Baina, azterketa teorikoa egin ostean, pertsona horiek praktikak egiten hasi behar dute, eta, noski, ez badute data jakin batean aztertuak izateko bermerik, ez dira hasiko klase praktikoak egiten.

Nola daude azterketa praktikoa egiteko itxaron zerrendak?

Orain soilik ostegun eta ostiraletan egiten dira azterketak. Normalean, autoeskola bakoitzak azterketa bat egiten zuen astean; uztail osoan, berriz, azterketa bat edo bi egin dituzte soilik. 2.856 froga atzeratu dira Bizkaian, grebako hamazazpi egun hauetan. Trafikoak azterketetara deitzen jarraitzen du, grebarik egongo ez balitz bezala. Beraz, jendeak azterketa egiten den tokiraino joan behar du, eta han jakinarazten diete froga atzeratu den ala ez. Badago azterketara bi edo hiru aldiz hurbildu den jendea. Froga uztail hasieran egin behar zuten pertsonek abuztuaren amaieran egin beharko dute.

Trafiko zuzendaritza kolapsatuta dago, beraz.

Guztiz. Egoerak berdin jarraitzekotan, orain aurkeztu nahi duten ikasleek azterketa ezingo dute irailaren 11ra arte egin. Blokeo egoera batean gaude.

Arriskuan daude autoeskolak?

Bizkain, Gipuzkoan eta Araban 300 bat autoeskola daude, gutxi gorabehera 1.000 pertsonari lana ematen diotenak. Ateak ez baditugu irekitzen, pertsona horiek guztiak kaltetuak izango dira. Asko, gainera, autonomoak dira, eta bat eta bost langile bitartean dituzte. Beraz, hain lan gutxi izateak zuzenean eragiten die.

Irtenbiderik aurreikusten duzu?

Ez dago irtenbide askorik. Hemen bi arazo daude nahastuta. Bata aztertzaileen greba da. Bestea, aztertzaileen kopuru txikia, greba amaitu arren indarrean jarraituko duena. Horrek asko murritzen du gure lan egiteko gaitasuna.

Zergatik ari dira greban?

2008an egin zuten lehen greba, eta 2015ean bigarrena. Azken horretan, dokumentu bat sinatu zuten. Bertan, DGTk ordainsari espezifiko bat ordainduko ziela onartu zuen, baina ez du bere hitza bete. Zaila da konponbidea topatzea. Ez dute ezta dokumentu bera errekonozitzen ere; batzuek diote ordaintzera konprometitu zirela, eta besteek, aldiz, ezetz.

Dena dela, aztertzaile kopurua urria izango da, ezta?

Greba amaitzen denean ere aztertzaile kopurua oso txikia izango da. 2009tik aurrera kopurua asko jaitsi da; Bizkaian, adibidez, hamazazpi aztertzaile daude, baina Gipuzkoan lau soilik. Gainera, aurten asko erretiratuko dira. Bestalde, inork ez digu inolako konponbiderik proposatu. Guk azterketak egitea eskatzen dugu, besterik ez.

Administrazioak dio lanpostu gehiago sortuko dituela, baina ez da egia. Zenbakiekin eta pertsonekin jokatzen ari da: 500 lanpostu gehiago sortuko zituela esan arren, 397 kategoriaz aldatzea besterik ez du egin. 70 postu sortu ditu, baina hogei hilabete beharko dituzte oposizioa gainditzeko. Azkenik, esaten dute armadako ehun pertsonari aztertzaile izateko aukera emango dietela. Bere garaian gauza bera egin zuten Correosen, baina soldaduak ez dira funtzionarioak, eta, beraz, oposizioa gainditu behar dute berdin-berdin. Arazoak bere horretan jarraituko du.

Ikasleek zer diote?

Kokoteraino daude. Azterketa teorikoa egin dutenak zain daude, baina askok kanpoan ikasten dute, eta denbora amaitzen ari zaie. Jada klase praktikoak egiten ari zirenek bertan behera utzi dituzte. Eta azterketa gainditu ez dutenak harrapatuta geratu dira. Uztailean gainditu ez, eta irailean dute hurrengo aukera.

Etenik ez duen gaitza

Etenik ez duen gaitza

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Hasi eta berehala lehen kolpea. Joan den asteburuan jaurti zuten Zornotzako jaiei hasiera emateko txupinazoa, eta festen eztandarekin batera iritsi zen lehen zartakoa: emakume batek sexu erasoa salatu zuen jaien lehen egunean. And...