Gizartea

Uhinen indarrak bultzatuta

Uhinen indarrak bultzatuta

Natalia Salazar Orbe

Ur gainean hegan, pisurik ez balute legez, doinu lasai edo gogor baten erritmora dantzan dirudite. Zeinek harrapatu onena, zeinek iraun luzeen uhinaren gandorrean. Itsasoaren astinduek lagunduta, zein astindu horiek beraiek eroriarazita. Afizioa ofizio bilakatu dute batzuek. Eta kultura bat sortu da haren inguruan: surfaren mundua. Indar hori baliatuta, jaialdia antolatu dute Sopelan. Hainbat elementu uztartu dituzte herrian errotuta dagoen kirola ikusarazteko. Duela lau urte hasitako ibilbideari jarraipena emanez abiatu zuten atzo Sopela Kosta Fest. Igandera bitartean, lehiaketak, ikastaroak, gastronomia, musika, antzerkia, natura eta umeentzako jarduerak uztartuko dituzte.

Familian, liburu artean

Familian, liburu artean

Olaia Zabalondo
Gurasoen, seme-alaben eta liburuen arteko kalitatezko ordu bat eskaintzen du Kontuleku egitasmoak. Helburu asko ditu tailerrak; nagusietakoa, haurren artean literatura zaletasuna piztea.

Arrakalatzen ari den Bilbo

Arrakalatzen ari den Bilbo

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Etengabe aldatzen ari da Bilbo. Hamarkada gutxitan, industria hiri izatetik hirigune moderno izateko jauzia egin du. Jauregia dago Euskalduna ontziola zegoen leku berean, eta salgaiak mugitzeko erraien bide berean eraiki dute Abandoibarreko pasealekua.

Eraldaketa posible egiten

Eraldaketa posible egiten

Asier Arrate Iruskieta

Bilboko Atxuriko tren geltoki alboan dago Hika Ateneoa. Kanpotik, edozein musika areto edo tabernaren antza du, baina, Bilboko mugimendu politikoentzat eta gai sozialetan lan egiten duten elkarteentzat, ondo pasatzeko espazio bat baino gehiago da. Paretetan dauden liburuen orriek ematen dute pista bat: lokal horretan, aisialdiak ez ezik, eztabaidek eta hausnarketek ere badute tokia. Duela hogei urte ireki zituen ateak, hainbat kolektibok elkartzeko espazio beharrizanari erantzuna emateko, eta, ordutik, ezkerreko mugimenduen eta gizarte eragile ugariren bigarren etxea bihurtu da.

Asmo zehatzik bako proiektua

Asmo zehatzik bako proiektua

Natalia Salazar Orbe

Hutsik dago Durangoren izaera finkatu beharko lukeen herrigunearen espazioa. Urte luzez trenaren joan-etorriek, trenbide eta pasaguneek baldintzatu dute durangarren egunerokoa. Aspaldi desagerrarazi zituzten, trenbidea lurperatuta. Orube zabalak atera ziren orduan herrigunean. Haren arteria bilakatu behar zutenek ez dute, oraingoz, aurreikusitako proiektu handirik ikusi, ordea. Durangoko Udalak eta ETS-Euskal Trenbide Sarea enpresa publikoak hitzarmena sinatuko dute laster Ezkurditik Abadiñora arteko mugara doan eremua urbanizatu eta hura ere herrigunean barneratzeko. 7.800 metro koadro baino gehiago dira. Horiek guztiak espazio libre eta gune berde bihurtuko dituela iragarri du udalak. Baina ez dago proiektuaren xehetasunik. Abuztuaren 23an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hogei eguneko epea zabaldu zen alegazioak egiteko. Datorren astean bukatuko da. Oraingoz behin-behinekoa den hitzarmena aurki sinatu eta behin betiko bihurtuko dela sinetsita dago udala. "Irailean edo urrian. Gehien jota, urtea bukatu aurretik". Hala azaldu du bertako prentsa arduradunak.

Baina EH Bilduk iragarri du alegazioak jarriko dituela. Koalizioak gogora ekarri du 2006an udalak onartu zuen Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak asmo handiak zituela. Hala ere, geltokia eta aurreikusita zegoen galeria komertzialaren erdia besterik ez dutela gauzatu salatu du Dani Maeztu zinegotziak. Erakusketa publikoan dagoen hitzarmenari dagokionez ere, kritika zorrotzak egin ditu. Besteak beste, 2006ko planean ETSk udalarekiko sortutako 4,2 milioi euroko zorra kitatzeko trikimailuak salatu ditu. Udalak ez du ezer esan nahi behin betiko hitzarmena sinatu arte.

Trenak liberalizatutako lurzorua urbanizatzeko adostutako lankidetza hitzarmena da, oraingoz, Durangoko Udalak eta ETSk sinatzeko dutena. Hirigintza alorrerako garrantzi handiko operazio gisa aurkeztu du udalak, "amaitzean, erabat desagertuko baita gaur egun udalerria zeharkatzen duen trenbidea".

Lan horietatik zer dagokion batari eta besteari, eta bakoitzak ordaindu behar duen dirua jasotzen du behin-behineko hitzarmenak. Urbanizazio proiektua idazteko erantzukizuna ETSk izango du. Horretarako, parte hartze prozesu bat abiatuko dute udalarekin batera. Beraz, oraingoz behintzat, ez dago asmo zehatzen zantzurik.

Hiru atal edo eremutan banatuta dago Durangoko trenbideak eta haren azpiegiturek hartzen zuten eremua. Geltokia bera eta garajeak zeuden eremua da horietako bat. Ezkurdi erdigune horretatik Abadiñora doan bidea jasotzen du eztabaidagai den hitzarmenak; eta Iurretara doan eremua, hirugarrena, ETSren erabilerarako utzi dute.

Proiektuen arteko lotura

Udalak eta ETSk behin-behinean adostu duten hitzarmenari EH Bilduk egin dizkion kritikak ulertzeko gainerako eremuetako proiektuen berri izatea nahitaezkoa da. Lehenengo gunea urbanizatzeko proiektua geldi dago. 2006an onartu zuten Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak hainbat lan aurreikusten zituen. Besteak beste, trena lurperatu ostean libre geratzen zen orubean hemezortzi solairuko bost dorretan 550 etxebizitza egitea onartu zuten. Babes ofizialekoak izango ziren horietatik ehun. ETSren egoitza izango zen ekipamendu bat ere egitekoak ziren. Baina Euskal Trenbide Sareak berak bota zuen atzera asmo hori. Proiektu hartatik argia ikusi duten azpiegitura bakarrak ondokoak izan dira: geltokia eta erabilera komertzialera bideratu behar zuten espazioen erdia, gutxi gorabehera, Maeztuk gogorra ekarri duenez. Geltokia, gainera, egoera txarrean dagoela salatu du.

Azalera horretarako guztirako aurreikusita zegoen gehiena geldi dago, beraz. Ez dute utzi bertan behera, ordea. "Hirigintza burbuila berpizteko zain daude, etxebizitzak egin eta saldu ahal izateko. Eraikitzeko duten eskubideari eusten jarraitzen dute, proiektuari berriro ekiteko". Garai hartako asmo handien erakusgarri, Zaha Hadid arkitektoak egin zuen gaur erabilgarri dagoen tren geltokiaren proiektua.

Orain sinatzear dagoen hitzarmena ez zuen aurreikusten Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak. 2006ko hartan, ETSren aldeko aprobetxamendu urbanistikoa gauzatu zela azaldu du Maeztuk: "Edonork garapen urbanistiko bat egiten badu, horren %10 dagokion udalari eman behar dio, inongo karga urbanistikorik gabe, gainera. Kasu honetan, ez zioten eman. Beraz, kopuru hori dirutan zenbat zen kalkulatu zuten". Kalkuluon arabera, 4,2 milioi euro eman behar zizkion udalari. Ez zizkion eman, ordea. Hala, etxebizitza eta lokal komertzialen aprobetxamendu guztia ETSren esku geratu zen.

Sinatzeko bidean dagoen hitzarmenera itzulita, udalak ETSri ia 4,1 milioi euro ordaindu beharko dizkiola jaso du. Besteak beste, trenbide sareak udalari lurrak liberatuta itzuliko dizkiolako, lurrotan dauden azpiegitura handiak kentzeko egingo dituen lanengatik eta urbanizazio lanetarako ETSk kontratatu beharko dituen lanengatik ordainduko dio diru hori.

EH Bilduri "guztiz onartezina" iruditu zaio diru hori ordaindu beharra. "Hasteko, sekula ez delako hitz egin horri buruz. Gainera, zergatik ordaindu behar dugu durangarrok lurzoru hori berreskuratzearen truk, Jaurlaritzak trenbidea egiteko desjabetu zuena bada? Tren zerbitzurako erabilera hori galtzen duenean herriari itzuli behar zaio. Galdu du jada. Beraz, herriari itzuli behar diote, ez bi milioi eurotik gora kobratu". Eraiste lanak ere ETSri dagozkiola esan du, eta durangarrek ez dutela ordaindu behar horen truk. "Nork erabili ditu, bada, azpiegitura horiek? Haiek!".

Industrializazioa, ahanzturan

Industrializazioa, ahanzturan

Natalia Salazar Orbe

Sarri asko muga non ezarri beharko litzatekeen eztabaidagai izaten bada ere, zalantzaezina da teknologiak eta makinek egunerokoa erraztu dietela herritarrei. Egunerokoan, jada ohartu ere egin gabe, ohikotzat jo dugu hainbat elementuren erabilera: esaterako, etxe bakoitzean garbigailu bat izatera ohitu da gizartea. Baina hori ez da izan horrela beti. Dagoeneko inork gutxik gogoratu arren, garai batean, arropa baldea edo otzara hartu, eta errekara joan behar izaten zuten emakumeek arropa horiek garbitzera —emakumeak izaten ziren-eta garbiketa lan horietan aritzen zirenak—. Ur izoztuak eskuetako azala urratuko ziela sentitu behar zuten neguan, eta bero sapak ohikoa zen hezetasuna areagotuta, blai eginda bukatuko zuten udan. Hala ere, han jarraitzen zuten, buru-belarri, jantziak garbi-garbi utzi arte.

Bi kolera izurrite behar izan ziren emakumeok garbiketa lanok egiteko zituzten baldintzak aldatzeko. 1886 eta 1893 urteetan gertatu ziren. Egoera larria zen, osasun neurri eskasen ondorioz. Hala, arazoari irtenbidea emateko neurriak bultzatu zituzten: harraska publikoak sortu zituzten, besteak beste. Orain, garai hartako eredu arkitektoniko haietako azken azpiegitura desagertzeko arriskuan dago Bilbon. Hirian geratzen zen azken harraska publikoa eraitsiko du udalak; Barrainkuakoa, hain justu. Haren balioari erreparatuta, kritiko agertu da Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea (IOHLEE). Industrializazioarekin lotuta eraikitako ondarearekin gutxieneko sentiberatasunik ez agertzea deitoratu dute. "Harraska publiko guztiak eraitsi dituzte, eta ez diote lekurik eskaini garbitzeko lana errazago bihurtzeko eta herritarren osasungarritasuna hobetzeko hiriak eta arkitekturak egin zituzten esfortzuen memoriari".

Aspaldi utzi zioten harraska publikoek sortu zituztenean zuten egitekoa betetzeari. Bilbon zutik dirauen horrelako azken azpiegituraren hormek Barrainkuako barrutiko egoitza hartu dute barruan azken urteetan. Baina bestelako erabilerak ere eman dizkio udalak. Tipologia du ezaugarririk bereziena eraikinak. Erdigunean altuera bikoitza duen espazio bat dauka. Espazio horretan garbitzen zituzten arropak erabiltzaileek.

Guztiz bestelako erabilera dauka egun: erakusketetarako eremua eta bilera areto bat daude bertan. Hala ere, hori ere aldatu egingo dute, eta harraska publikoaren izaera erabat galarazi. Izan ere, eraikina berritu ez ezik, handitu ere egingo du udalak; azalera bikoiztuko diote urte bukaeran hasi eta 2019an bukatuko dituzten lanen bidez. 2.080 metro koadroko espazioa aurreikusi dute.

Eraikin enblematikoaren funtsa mantenduko du udalak. Hala iragarri zuen Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Eraberritze eta Espazio Publikoko zinegotziak. Harrizko fatxada eta espazio nagusiko beiratea zaharberrituko dituzte, "bere arima gal ez dezan".

IOHLEE elkarteak ez deritzo nahikoa neurri horri. "Harraska erabat eraitsiko dute; fatxada soilik utziko dute apaingarri gisa, baina zanpatuta geratuko da eraikuntza berriaren solairuen azpian. Barnealdean, 1980ko hamarkadan eraikina eraberritu zutenean egin zuten beiratea jarriko dute".

Garrantzi historikoa

Garrantzi arkitektonikoa eta historikoa eskutik helduta doazen afera da Barrainkuako harraskarena. Garai berriek eskatu edo sortzen dituzten beharrizanak asetzeko, hiriaren jatorria, historia eta funtsa desagerraraziz doaz. Baita munduarekin lotzen duten historiaren elementuak ere. 1884an aurkitu zuen Robert Kochek kolera eragiten zuen germena zein zen eta zelan kutsatzen zen. Hori dela eta, garrantzia berezia ematen hasi zitzaien kolera gaixoen gorozkiekin kontaktua izan zuten arropak garbitu eta desinfektatzeko prozesuei.

Apurka hedatuz joan zen Europako higienisten artean uraren eraginari buruzko ideia; hainbat gaixotasun transmititzeko bidea izan zitekeela ebatzi zuten. Zenbait kasutan, larri bilaka zitezkeen osasun arazo kolektibo haiek eta horien aurkako konponbideak ezin zitzaketen utzi norbanakoen esku. Hausnarketa horretatik abiatuta, hainbat neurri eta egitasmo jarri zituzten abian. Besteak beste, harraska publikoak. Bilbo Zaharrean eraiki zuten horrelako lehenengoa. 1880tik aurrera, hainbat eskaera egin zituzten herritarrek udalak euren auzoetan antzeko azpiegiturak jar zitzan. Bilbon ur gabezia arazoak zeudela eta, uzkur azaldu zen udala, ordea.

Izurriteen ondorioen beldurrek gain hartu zioten uraren gabeziari. 1885ean kolera izurrite bat iritsi zen hiribilduaren ateetara. Eta, ostean, 1893an, gaixotasun horren ondorioak pairatu zituzten auzo askotan. Egoera horren aurrean, premiaz ekin zieten harraska publikoen sarea eratzeko lanei.

Bi helburu zituen sareak. Batetik, ordura arte herritarrek arropak garbitzeko erabiltzen zituzten itsasadar eta erreketako urak saneamendu sarera eramateko prozesua izugarri errazten zuen. Bestetik, garbiketa lanetarako erabiltzen zuten uraren kalitatea erregulatzea lortuko zuten. Harrasketan lixibarekin garbitzeko galdarak jarri zituzten, izurrite egunetan gaixotasunak kutsatzeko arriskua murrizte aldera.

Garbitzeko soilik ez

Bitxikeriaz eta pasadizoz betetako egunen gorabeherak gorde dituzte garbiketarako espazio horiek zutik utzi dituzten urteetan. Garbiketa lanetarako ez eze, elkarren ondoan ordu eta egunak igarota sortzen ziren albiste zein beharrizanei buruz eztabaidatzeko eremuak ere baziren. Behin baino gehiagotan atera ziren handik hainbat emakume agintarien aurrean kexak edo eskariak egiteko aldarrikapenak egitera.

Goizean goiz irekitzen zituzten: 06:00etan; udan, ordubete lehenago. Eta 21:00etan itxi. Barruan ezin zitekeen saldu xaboirik, anilik ez bestelakorik. Gizonentzako ere debekatuta zegoen sarrera.

Harraska txikiak zituen erabiltzaile bakoitzak arropak garbitzeko. Egun batetik bestera utz zezaketen arropa bertan lehortzeko. Hala ere, udalak ez zuen erantzukizunik hartzen lapurretarik gertatuz gero. Ongintzazko zahar etxeetako eta kuarteletako arropak bereizita garbitu behar ziren. Aurretik lixibarekin garbitzen zituzten, gainera, ur irakinetan. Ur irakin haietatik atera nahian bezala desagertu dira industrializazioko aztarna haiek. Horren aurrean, Bilboren izaera ez ahazteko esfortzuak eskatu ditu IOHLEEk.