Urteko lana jai giroan ezagutarazteko eguna

Urteko lana jai giroan ezagutarazteko eguna

Asier Arrate Iruskieta

Guztiak parte izan ahal diren “gizarte koloretsu eta alai” baten alde egiten du lan Bizipoza elkarteak, eta helburu hori ezin hobeto islatzen du urtero antolatzen duten Bizipoza jaialdiak. Aurten, Derion ospatuko dute gai bereziak lantzen dituzten elkarteen eguna, eta han izango dira familiako eta gizarteko hainbat alor lantzen dituzten elkarteak. Aurten ere elkarte bakoitzak aukera izango du bestelako errealitateak ezagutu eta bere lana gizarteratzeko. Leire Elizegi Bizipozako kudeatzailearen esanetan, hori guztia festa giroan egingo dute: “Izenak dioen bezala, helburua bizipoza sortzea da, gizarte alai eta koloretsu baten alde egitea”.

Domekan ospatuko dute Bizipoza eguna, Derioko kirolgunean. Egun osoko jaia izango da, eta sei gunetan banatutako dozenaka ekintza, tailer eta ikuskizun antolatu dituzte. Frontoiko gunean, egun osoan, Bizipoza osatzen duten elkarteak ezagutzeko aukera egongo da. Arantzazu kalean jarritako oholtzan, berriz, ikuskizunak eta dantzaldiak izango dira goizean goizetik. Arantzazu kalean bertan, Athletic fundazioaren eskutik, giza egingo dute. Bestalde, futbol eta tenis zelaien gunean, Irrien Lagunak klubeko puzgarriak eta BBK fundazioak jarritako rokodromoa eta ohe elastikoak egongo dira. Gune guztietan, elkarte ugarik antolatutako tailerrak eta emanaldiak izango dira.

5.000 lagun

Jaialdirako sarrera doakoa izango da, eta bazkarirako txartela eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak Bizipozaren webgunean eskura daitezke. Aurreko urteetan bezala, aurten ere, egun horretarako 5.000 pertsona inguru espero dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, eta bazkarirako dagoeneko 1.000 pertsona inguruk eman dutela izena. Elizegik azaldu du Bizpozaren barruan elkarte guztiek batuta egiten dutela lan denontzako gizarte berri bat eratzeko asmoz, eta domekako jaialdia helburu hori betetzeko antolatu dela: “Bizipoza eguna da defendatzen ditugun balio guztiak transmititu eta taldeak ezagutarazteko eguna”. Auzolana eta elkartasuna nagusi diren egun osoko jai bat dela azaldu du kudeatzaileak.

Bizipoza jaialdia 2013an egin zuten lehenengoz Lazkaon, eta bosgarren ekitaldia izango du aurtengoa. Elizegik azaldu duenez, Bizipoza jaialdiak Irrien Lagunen klubean du jatorria: “Irrien Lagunen klubeko jaialdian gero eta elkarte gehiago biltzen hasi zirela ikusita, jaiak bere bide autonomoa hartu behar zuela erabaki zuten, eta hortik sortu genituen elkartea eta jaialdia”.

Egun osorako antolatutako ekintzen zerrenda luzea da, baina Elizegik azpimarratu du elkarteek elkar ezagutzeko duten aukera dela jaialdiko ekintzarik esanguratsuena. “Irriz eta alaitasunez, familiek, jolasen bidez, aukera dute elkarteak ezagutu eta harremana sendotzeko”. Hala ere, elkarteen arteko harremana sendotzea eta euren lana ezagutzera ematea ez dira jaiaren eta Bizipoza elkartearen helburu bakarrak. Askotariko gaiak lantzen dituzten elkarteei baliabideak eskaintzea eta lotura lanak egitea ere Bizipozaren eginbeharra dira. Izan ere, Elizegiren esanetan, Bizipoza elkartea “elkarteen elkarte” bat da, eta haren eginbeharra da “jatorriz ezberdinak” diren baina “balio berak” dituzten taldeen arteko elkarlana sustatzea.

Egun, 33 elkartek osatzen dute Bizipoza. Elkarte guztiek gai ezberdinak lantzen dituzte, eta haur eta familien ongizatea dute helburu. “Elkarteak Bizipozaren balio transmisoreak dira, Bizipoza eta bertako kideak balioetan aberastu eta hezten dituztenak”, berretsi du Elizegik. Horien artean daude, besteak beste, kulturartekotasuna, gaixotasun arraroak, familia eredu alternatiboak eta genero identitatea lantzen dituzten elkarteak. “Guztiok helburu eta nahi berak ditugu”, adierazi du Elizegik; “denentzat izango den mundu baten alde lan egitea”. Gaineratu duenez, helburu hori lortzeko elkarte guztien tresna dira “auzolana, elkartasuna eta euskaraz eta euskaratik aritzea”.

Boluntario sare zabala

Bizipozaren zeregina burura eramateko, elkarteen lanaz gain, boluntario sarearen laguntza ere badu elkarteak. Bizipozako boluntario sarea norbanakoek, eragileek eta elkarteek osatzen dute. Elizegik azaldu duenez, boluntario sarera batzen direnak elkarteko laguntzaile bihurtuko dira, eta kontsultarako eratuko diren organoetan parte hartzeko aukera izango dute: “Bakoitzak ahal duen erako ekarpena egin dezake, dirua jarriz edo lan eginez”. Kudeatzaileak esan du boluntarioek nahi edo ahal dutena eskain dezaketela: “Norbait jaialdiko azpiegitura lanetan aritu daiteke, adibidez, edo ikastaro bat eman dezake”.

Egun, Bizipozako boluntario sarea osatzen dabiltza, eta, sare horri esker, hainbat ekintza antolatu dituzte: Irrien Lagunak klubaren aldizkarian hilero elkarte batek komiki bat argitaratzen du elkartea ezagutarazteko, BBK fundazioari esker komiki horiek ikus-entzunezko bihurtu dituzte, eta, Real Sociedad fundazioarekin, bisitak antolatu dituzte ospitalera. Domekako jaia hori guztia egun batean biltzeko aukera dela gogoratu du Elizegik: “Elkarteen bozgorailu handi bat bihurtzekoa”.