Gizartea

Beldurra, andreen begietatik

Beldurra, andreen begietatik

Natalia Salazar Orbe

Beldurraren ondorioz dardarka, heroiren batek noiz salbatuko duen zain dagoen emakume bat; munstro baten eskuetan hauskor dirudien neska bat... Emakumea, biktima moduan; inoiz ez, edo gutxitan, bederen, ageri ohi da ahaldundutako protagonista gisa zine areto komertzialetan nagusi diren beldurrezko filmetan. Zinean islatzen diren gizarte estereotipoak baztertu eta emakumearen begirada ere barneratzearen garrantziaz jabetuta heldu dio beldurrezko filmen generoari Zinemakumeak Gara jaialdiak. Areto komertzialetan nekez aurki daitezkeen emakumeek zuzendutako filmei ikusgarritasuna emateko helburua du zikloak: Bilbon izango da, astelehenean hasi eta hurrengo asteko astelehenera arte. Film luzeak, laburrak, mahai inguruak eta zine kritikak eskaini eta egingo dituzte egun horietan guztietan.

Ana Gutierrez da jaialdiaren zuzendaria. Eta beharrezko deritze oraindik emakumeen lanei lekua egiten dieten era horretako ekitaldiei. "Emakumeek gero eta sari gehiago jasotzen dituzte jaialdietan euren filmengatik. Hala ere, zoritxarrez, film horiek guztiak ez dira iristen areto komertzialetara. Asko jaialdietan geratzen dira. Eta horiek ere garrantzitsuak dira, baina ez dira iristen publiko zabalarengana". Errealizazioaren eta zabalkundearen artean dagoen desberdintasun hori arindu nahi dute. Gutierrezek argi du: "Gizartearen erdia baino gehiago garen emakumeon begirada hori eman nahi dugu; gizonezkoen begirada soilik ikustera ohituta baikaude. Emakumeek gai oro zer-nola lantzen duten ikusi nahi dugu. Hala, era honetako jaialdiak beharrezkoak dira oraindik".

Izen handiko zinemagileak eta haien lanak ikusi ahalko dira Bilbon. Horien ondoan, hasten ari diren emakume sortzaileen film laburrek dakarten aire freskoari ere lekua egingo diote. Lau euskal zuzendariren lanak emango dituzte: Mar Gonzalez de Larramendiren Bestealdetik ikusi ahalko da asteartean; Norma Vilaren Jules D. eta Maria Zabalaren Bright Lights prestatu dituzte asteazkenerako. Eta Azahara Gomezen Extático lanari egingo diote lekua ostiralean. BBK aretoan egingo dituzte emanaldi horiek guztiak.

Amonaren barruan lehen begiratuan ikusten dena baino zerbait gehiago dagoela ikusten duen neska. Kontu handiz egurra lantzen ari den arotz baten lana etengo dute bat-batean atean entzuten diren soinuek. Emakume bakarti baten bizimodu lasaia aztoratu egingo da bere etxean pitoi kume bat aurkitzen duenean. Presentzia misteriotsu horrek bere desira ezkutukoenak piztuko ditu. Denetariko gai eta argudioak aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Irudimena askatuta, betiere, feminismoaren ikuspegitik landuta sortutako lanak dira denak ala denak.

Zine zuzendari handien artean, Kathryn Bigelow estatubatuarra nabarmendu dute antolatzaileek. Zuzendari onenaren Oscar saria orain arte irabazi duen lehen emakumea da. Ana Asensio antzezle, zuzendari eta gidoilari madrildarrak, bestalde, Most Beautiful Island lana aurkeztuko du jaialdiaren lehen egunean. Astelehenean eskainiko duten ikuskizuna estreinaldi garrantzitsutzat jo du Gutierrezek. South By Southwest AEBetako jaialdian film onenaren saria irabazi zuen. Protagonista bera ere han izango da, filmari buruz hitz egiteko.

Simone de Beauvoir saria

Horrez gain, aurtengo Simone de Beauvoir saria Isa Campo zuzendari, gidoilari eta ekoizleari emango diote. Isaki Lacuestarekin batera zuzendutako La próxima piel filmaren emanaldia ere egingo dute saria banatzeko ekitaldiaren aurretik. Beldurrezkoa ez den jaialdiko film bakarra izango da Campo eta Lacuestarena.

Zine emanaldiez harago doan programa dakar Zinemakumeak Gara zikloak. Beldurraren generoaren gorakada horretan sakontzeko helburua ere badu-eta jaialdiak. "Emakumea beldurraren generoa zer-nola iraultzen ari den aztertzeko hitzaldiak eta konferentziak egingo ditugu. Mahai inguruak zein zine kritikariak ere izango dira. Alde teorikoari ere heldu nahi diogu. Adituak, espezialistak eta kritikariak izango ditugu. Besteak beste, Violeta Kovacsics izango dugu gure artean. Aditu horien laguntzarekin aletuko dugu zer dagoen zuzendari horien eta zine horren atzean".

Zinematografiaren teorian, historian eta dokumentazioan doktorea da Kovacsics, irakaslea Bartzelonako unibertsitatean, eta ACCEC Kataluniako zinema kritikaren eta idazketaren elkarteko presidentea. Asteartean egingo dute hitzaldi solasaldia harekin.

Emakumea eta munstroa mahai inguruan, generoari eta generoen rolei buruzko eztabaida piztuko dute, asteazkenean. Hiru hizlari ariko dira horretan: Desiree de Fez zine kritikaria, Itxaso del Castillo kazetaria eta Norma Vila Euskal Herriko Zinema Eskolako diplomaduna.

Begoña del Teso zine kritikaria izango du protagonista osteguneko saioak. Bere beldur kutunenak zeintzuk diren azalduko die bertaratzen direnei.

30 orduko lehiaketa

Adituen hausnarketa sakon horiekiko aurrez aurre, Xprest Aux film laburren VI. zinemaldia abiatuko dute hilaren 22an, igandearekin. Emakumeek zuzendutako film laburren lehiaketa da. "Emakume askok hartzen dute parte. Zine eskoletakoak eta antzeko lanetan ari direnak dira gehienak. Urtetik urtera lan gehiago aurkezten dituzte. 30 ordutan egin behar dituzte filmak. Egun polita izaten da gazteei errealizazioan aritzeko gogoa pizteko. Arrakasta handia ari da izaten".

Hurrengo egunean, astelehenean, emango diote bukaera jaialdiari. Ehundik gora lanen artean aukeratutako zortzi film laburrik onenen emanaldia egingo dute.

Beldurra, 22 urteren ostean

22 urteko ibilbidearen ostean, aurten lekua egin diote beldurrezko zineari. Jakin badakite ikus-entzule askok gustuko ez duten generoa dela. Hala ere, azken urteetan nabari dute goraka doala genero horretan lanean diharduen emakumeen kopurua. Gorakada kuantitatiboa gertatzeaz gain, filmotako gaiak lantzeko moduak ere aldatu dituzte andreek. "Rolen aldaketa ekarri du horrek. Emakumea biktima izatetik pertsona aktibo izatera pasatzen ari da". Eta gaiak ere orain artean genero horretan ikusiak ez zirenak hasi dira agertzen, gizonezkoaren begiradaren monopolioarekin apurtuz.

Orain artean aldaezinak ziruditen arketipoak aldatuta, iraultza ekarri dute emakumeon lanek. Feminismoarentzako itxaropenezko ostertza zabaldu dute. Beldur klasikoaren imajinarioa amesgaizto berriz kutsatu dute, eta eragin dramatiko sakona duen hizkuntza baliatu dute horretarako. Emakumeak gizartean dagokion lekua lortzeko prozesuaren beste bide bat zabaltzen ari da jaialdia. Gero eta ugariagoak diren zinemagileen lanak ikusgarri bihurtuko dituzte.

Motelago dabilen hiriburua

Motelago dabilen hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bilbo 30 hirigunea izango da 2018an; alegia, hirigune barruko errepideetan orduko 30 kilometroko abiadura muga orokortuko dute datorren urtean zehar. Hala baieztatu berri du Bilboko Udalak. Hiri garatuen pareko jarri nahi dute Bizkaiko hiriburua, eta 2030erako airearen kalitatea %50 hobetzeko erronka ere hartu dute. Hiri eredu "osasuntsuagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa" sortzeko Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana osatzen ari da udala, eta herritarrekin eztabaidan ari dira orain. Abagunea aprobetxatuz, hausnarketan eragiteko txostena osatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Oinezkoentzako bideak ugaritzetik haragoko ikusmira izan behar dute halako egitasmoek, ekologisten arabera. Diru sarrerak, generoak eta adinak mugikortasunean duten eragina azpimarratu du elkarteak txostenean, eta planak osatzean aldagaiak aintzat hartzea beharrezkoa dela uste dute.

Paradoxa bat: 1996tik gaur egunera 13.401 biztanle gutxiago ditu Bilbok, eta, hala ere, orduan baino 129.941 desplazamendu gehiago egiten dira gaur egun egunero. Ildo bereko beste datu bitxi bat: populazioak behera egin badu ere, errepide sareari eskaintzen zaion espazioa gero eta handiagoa da: 2006an hiriburuko lurraren %5,84 zegoen ibilgailuentzat bideratuta, eta 2015ean, berriz, %7,03. Kontrako noranzkoa hartuta doa Bilbo, hortaz: biztanle gutxiago dago, gehiago mugitzen dira, eta hirian gero eta toki gehiago hartzen dute ibilgailuek.

Lan arrazoiengatik izaten dira Bizkaiko hiriburuko lekualdatze gehienak. Lantoki eta bizitokien arteko distantziak nabarmen handitu dira azken hamarkadetan, eta, ekologisten arabera, prozesu bera gertatzen ari da oinarrizko ekipamenduekin ere: hirien kanpoaldean kokatzen dira osasun etxeak, ikastetxeak eta saltoki handiak. Bada, lana eta zerbitzuak lekuz aldatzeak eragin zuzena izan du hiriguneko mugikortasunean eta eguneroko joan-etorrietan. Ez da arrazoi bakarra, ordea. Gizartearen zahartzean jarri du fokua Ekologistak Martxan-ek, demografiak guztiz baldintzatuko baititu epe laburrean hirigunean mugitzeko baldintza eta moduak.

Datozen hamarkadetan adineko herritarren kopuruak gora egingo duela kontuan hartuz, aurrerantzean hartzen diren neurrietan oinezkoentzako guneetan eta irisgarritasunean arreta berezia jarri beharko dela azpimarratu dute. Izan ere, 2030ean bilbotarren %30,2k 60 urte baino gehiago edukiko dituzte, eta nabarmen igoko da 65 urtetik gorako populazioa: auzokideen %32,8 izango dira Txurdinagan eta Otxarkoagan, eta %32,2 Begoñan. Antzeko datuak dituzte Deustua eta Uribarri auzoetan ere.

Ohitura aldaketak nabari dira jada. Azken hamarkadan bilbotarrek mugitzeko hartu duten joerari erreparatu besterik ez dago. Hiritar gehienek oinez egiten dituzte eguneroko joan-etorriak Bilbon: desplazamenduen %64,7. Autoz, %12,3 mugitzen dira, eta gero eta gehiagok hautatzen dute bizikleta: 2003an, hiriko lekualdatzeen %0,3 egiten ziren bizikletaz, eta, gaur egun, %3,6 erabiltzen da. Desplazamendu gehienak oinez egiten badira ere, ibilgailuen kopurua nabarmena da oraindik Bizkaiko hiriburuan: 162.291 daude matrikulatuta eta horien artean 127.294 dira autoak. Beheranzko joera izan badu ere —2007tik 2015era 6.683 auto gutxiago daude matrikulatuta—, gora egin du motozikleta kopuruak: 3.906 gehiago zenbatu dira azken urtean, eta %29,2 igo da erabilera.

Saltoki handien eragina

Garraio publikoari dagokionez, goia jo duela uste du Ekologistak Martxan taldeak. Erabilerak behera egin duela baina azpiegitura gehiago eraiki direla nabarmendu du: metroaren hirugarren linea, adibidez. Autobusen erabilerak nabarmen egin du behera 2011 eta 2015. urteen artean, garraio partzuergoaren arabera. 1.791.000 bidaiari galdu ditu Bizkaibusek, eta 1.289.000 bidaiari Bilbobusek. Metroak eta Renfek ere bina milioi erabiltzaile baino gehiago galdu dituzte azken urteetan, eta joera horren hausnarketa beharrezkoa dela uste du talde ekologistak. "Kalitatezko garraio publikoa eskaintzeak ez du erabilera bermatzen".

Orain arteko zenbaki eta datuak orokorrak dira. Eta, generoaren, adinaren eta errentaren aldagaiak aztertuta, ondorio zehatzagoak atera behar direla uste dute ekologistek. Garraio publikoari dagokionez, gora egin du emakumeen erabilerak 1993tik hona, eta behera, aldiz, gizonenak. Autoen kasuan ere, areagotu egin da andreen erabilera, baina, autoa erabiltzen duten gizonen aldean, desorekatua da portzentajea: 2013an, gizonen %43,7k erabiltzen zuten, eta emakumeen %29,2k.

Badira eguneroko joan-etorriak baldintzatzen dituzten bestelako faktoreak ere; tartean, saltokien kokalekuak. Eguneroko gauza txikiak erosteko, hiri zein herrietan dauden denda txikietara jo ohi dute herritarrek. Baina gero eta gehiago dira erosketa handiak egitera saltoki guneetara jo ohi dutenak. Hamar daude Bilbo Handia eremuan: Max Center, Megapark, Carrefour Sestao, Ballonti, Carrefour Erandio, Artea Bilbondo, Eroski Leioa, Eroski Berango eta Makro. Bada, guztien joan-etorriak zenbatuta, egunean 84.551 desplazamendu egiten dira saltokietara, Bizkaiko Foru Aldundiak 2016an zirkulazioari buruz osatutako txostenaren arabera. Megaparken, adibidez, 25.000 ibilgailu pila daitezke larunbat batean. Bada, hamar saltokietatik, Ballontikoak soilik du metro sarrera. Gainontzekoetara garraio publikoz iristeko saiakera bera odisea amaiezina bihur daiteke.

Bizitoki ereduan ere aldaketa izan da Bizkaian 1990eko hamarkadatik aurrera, txostenaren arabera, eta ibilgailuen erabileran eragin zuzena du etxebizitzaren kokaleku horrek. Azken hamarkadetan Bizkaiko hiriburuko populazioak inguruko herrietara jo du, lana hirigunean mantendu duen arren. Antolaketa modu horiek autoen menpekoak direla dio elkarteak, eta eragin zuzena dutela eguneroko joan-etorrietan eta, hortaz, hiriaren mugikortasunean.

Tabernetako terrazak

Oro har, autoentzako errepide zena oinezkoentzako bide bihurtzea izan da mugikortasun planetan gehien azaltzen den neurria, eta hala egin dute Bilbon ere. Ezbairik gabe, neurri eraginkorrena da, autoak desagertu eta oinezkoak jartzen direlako erdigunean. Orain arte hartutako neurriei garrantzia kendu gabe, kritika egin du talde ekologistak. Dioenez, bide horretan egindako esku hartze gehienak hiriburuaren erdigunean kokatu dira, eta auzoetakoak, aldiz, unean-unean eraiki dira, aldez aurretiko planifikaziorik gabe. Hiri osorako plana egitea beharrezkoa dela diote ekologistek horregatik, eta, auzoetatik erdigunera oinez egiten diren joan-etorriak aztertu ondoren, eguneroko ibilbide horietan esku hartzeak egitea beharrezkoa dela uste dute.

Ekologistek aipatzen duten eta auzokide elkarteek ere aspaldidanik salatzen duten bestelako arazo bat: oinezkoen espazioaren pribatizazioa edo jatetxe eta tabernen terrazen kasua. Bilbon, badira egitura finkoa duten hainbat taberna, terraza lurrera lotua dutenak eta kalearen erdigunean kokatuta daudenak. Kaleak blokeatzeaz gain, errepidearen efektu bera lortzen dute terrazek: oinezkoena den kalea erdibituta geratzen da. Ledesma da adibide nabarmenena.

Orain arte hartutako neurriak puntualak izan direla uste du elkarteak, eta beharrezkoa dela, oinezkoentzako kaleak eraikitzeaz gain, oinezkoen sarea duen hirigunea egitea: oinezkoentzako zein kale egokitzen den pentsatu beharrean, bide egoki eta eraginkorrena zein den aztertu, eta, diagnostiko horren arabera, elkarrekin konektatuta dauden oinezko bideen sarea osatu.

Bizikleten erabilera areagotzeak ere esku hartzeak eskatuko dizkio hiriburuari; izan ere, Bilboko Udalak egindako kalkuluen arabera, 12.000 desplazamendu egiten dira hiriburuan egunero bizikletaz, eta, orain arteko joerarekin jarraituz gero, gora egingo du kopuruak datozen urteetan. Auzoen arabera, egoera bat ala beste du bizikleta sareak hirigunean. Kanpoaldean dauden auzoetan irisgarritasun arazoak dituztela uste dute Ekologistak Martxan-ekoek, eta egoera horiei irtenbidea bilatzeko neurriak hartu beharko direla datozen urteetan.

Epe laburreko neurriak

Hirigunean orduko 30 kilometroko abiadura muga orokortzea adostu dute Bilboko Udalean. Baina oraindik ere argitu gabeko hainbat ertz ditu 2030era bitarteko esku hartzeak zehaztuko dituen Hiri Iraunkorrerako Mugikortasun Planak. Garraio publikoa bultzatzeaz gain, egunero hirigunera sartzen den auto kopurua murriztu nahi du, eta, horretarako, ordainsaria jarri ala ez hausnartzen ari da erakundea joan den urtetik. Alderdi eta herritarren artean hautsak harrotu ditu proposamenak, ordea.

Ez dute erronka malaka, 180.000 ibilgailu sartu eta ateratzen baitira egunero Bizkaiko Hiriburura, eta lan arrazoiengatik dira gehienak. 07:00etatik 09:00etara soilik, 20.000 ibilgailu sartzen dira hirira. Ekologistak Martxan-eko kideen esanetan, ordainsaria jartzea baino eraginkorragoa da hiriguneko kale eta errepideetan aldaketa progresiboak egitea. Autoen erabilera oztopatzen duen hiria eraikitzen hasita, herritarren ohiturak ere aldatuko direla uste dute ekologistek.

Enpresetan ere kontzientziak astindu nahi ditu udalak, eta 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan ere neurriak hartuko dituztela iragarri dute. Lantokiek langileen artean autoaren erabilera murrizteko neurriak hartzea bultzatuko du, besteak beste, eta gauza bera egingo du udal langileen artean ere.

Bizkaiko hiriburua abiadura geldoagoan mugitzeko neurriak hartuko dituzte berehala. Baina autoak moteldu baino, nola murriztu da arazoa hiriburuan.

Itsasoko zaborren jatorrietara

Itsasoko zaborren jatorrietara

Aitziber Laskibar Lizarribar
Urtero zortzi milioi tona plastiko isurtzen dira itsasora, munduan. Norbaitek itsasertzean utzi eta batu gabe geratzen diren zaborrak itsas barrenera eramaten dituzte olatuek. Eta zaborra pilatuz doa. Gero eta plastiko gehi...

Bizitzeko hiria eraiki nahian

Bizitzeko hiria eraiki nahian

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Salaketa bat: "Nortasunik gabe geratzen ari da Bilbo". Konponbide bat jarraian: "Eskatu eta aldarrikatzeaz harago, guk geuk ekarpena egin nahi dugu hirian, herritarrena den Bilbo bat eraiki nahi dugu guk ere. Baina, horretarako, beharrezkoa da auzokideen hitza aintzat hartzea". Bat datoz Javier Perez Abandoko foro herritarreko kidea, Maria Pilar Arias Olabeaga Bizirik plataformako kidea, Carlos Ruiz Gure Etxea Uribarri elkarteko kidea eta Cristobal Rivera Otxarkoagako Familien Elkarteko kidea. Hiri bereko bizilagunak dira laurak, baina errealitate ezberdinak dituzte. Hiri eredua birpentsatu behar dela diote herrikideek, eta beraien hitza aintzat hartzeko besterik ez diotela eskatzen Bilboko Udalari; alegia, hiria hiritarrekin batera eta hiritarrentzat egitea. Norabide horretan jarraituko dute auzo elkarteek lanean. "Elkartuta indartsuagoak gara".

Hiriburuko auzo elkarte eta eragile sozialekin batera mobilizazioa egingo dutela iragarri du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak asteon. Elkartea kritiko azaldu da udalak deitzen dituen eta "ezertarako balio ez duten" parte hartze foroekin. Auzoetako eskaeren aurrean Bilboko Udala "entzungorrarena" egiten ari dela salatzeko eta "bizitza kalitate hobea duen Bilbo" aldarrikatzeko, hiriburuko elkarte eta gizarte eragileen artean indarrak bilduko dituztela azaldu du federazioak. Esandakoarekin bat datoz Perez, Arias, Ruiz eta Rivera ere, baina erroetara jo dute mahaiaren bueltan eseri eta berehala.

Erdiak, kanpoaldean

Auzoetara begira jarri aurretik hainbat datu eman ditu Ruizek. "Bilboko bizilagunen %50 mendi magalean dauden auzoetan bizi dira; hots, periferian daudenetan. Gainera, hiriburuko populazioa gero eta zaharragoa da: gaur egun, 65 urtetik gorakoak dira biztanleen %29". Jarraitu du hizketan. "Baldintza horiek aintzat hartuta, erdigunetik gero eta urrunago bizi, orduan eta bizi kalitate eskasagoa dago".

Betolaza, Mintegitxueta (Monte Caramelo), Masustegi eta Buia dira, Ruizen arabera, baldintzarik okerrenak dituzten auzoak. "Ez dago han bizitzerik. Etxebizitzak oso gaizki dituzte, zaharkituta, eta ez zaie berritzerik egin. Irisgarritasuna ere oso txarra da". Betolaza auzoaren goiko aldera iristeko 350 koska igo behar direla dio. "Garraio publikoa defizitarioa da oro har, eta, zerbitzuei dagokienez, zer esan, oinarri-oinarrizkoa dute: eskolak eta anbulatorioak".

Hitza hartu dio Riverak, berehala. "Nik urrunago joko nuke. Uste dut Bilbo-dekoratu bat egin dela: Terra Mitica bat turistentzat. Guztia, lehen industria eta portu jarduerak ziren tokian. Industria eta lana galdu ditugu, eta turismoari begirako ekonomia ezarri". Ostalaritzari lotutako lanak direla prekarioenak, hala azpimarratu du Riverak. Bat dator Ruiz: "Industriak sekulako beherakada izan du hiriburuan eta inguruko herrietan. Uste dugu denok pintxoen salmentarekin eta tabernetako terrazan saldutakoekin biziko garela. Argi dago Bilbon baliabide eta gaitasun nahikoa daudela bestelako ekonomia eredu bat ezartzeko, baina ukatu egiten dira". Errealismoz eta ironiaz erantzun dio Riverak, irriz. "Pentsa, itsasontziak ere lapurtzen dizkigute!". Naval ontziolan eraikitzen ari diren kableontzia eramaten saiatu zen armadorea joan den astean.

"Bizitza berreskuratzeko"

Ontziolak duen egoera jarri du, Otxarkoagako auzokideak, ekonomiak duen egoeraren isla. "Hiriburuan enpresa asko joan dira pikutara azken urteetan". Otxarkoagako auzokidea da Rivera, eta auzoan enpleguari dagozkien gaietan sentsibilizazio berezia dutela aitortu du. "Gurea langileen auzoa izan da historikoki". 1960ko hamarkadan sortu zen auzoa, frankismo betean, eta Bizkaiko hiriburura iritsitako beharginak pilatu ziren bertan. 1981ean, etxebizitzak eraberritzeari ekin zioten. "Irisgarritasunarekin arazoak ditugu. Etxebizitzetan igogailuak jartzeko lanean ari gara orain, eta plan bat ere aurkeztu dugu udalean".

Baina igogailuena ez da arazo bakarra. Riverak ohartarazi duenez, etxebizitzek berriz konpontzeko premia dute. 1981ean berritu ziren zortzi etxe dorre berriro berritu behar dira, eta dorre bakoitzeko milioi erdiko gastua egin beharra dago. Auzokide askorentzat ordaindu ezineko dirutza eskatzen du horrek. Kontuan hartu behar da, azken ikerketen arabera, mila eurotik behera kobratzen dutela Otxarkoagako biztanleek, batez beste. Diru laguntzak lortzea ere ez dutela batere erraza azaldu du Riverak. "Oso baldintza zorrotzak jartzen dituzte". Laguntzak Madrilen eskatu behar dituztela azaldu du; zati bat diru laguntzen bidez ordaintzen dela, eta gainontzekoa, maileguen bidez. "Udalak ez du ezer egiten".

Hamarkadetan etxebizitzak eraiki eta banatzeko erabili izan diren irizpideek auzoen arteko desoreka areagotu egin dutela ohartarazi du Otxarkoagakoak. "Guk badaukagu bereizgarri bat: 3.600 udal etxebizitza eraiki zituzten, eta urte askotan hor sartzen zituzten sozialki beheko katean zeuden pertsonak". Luzaro mantendu den ondorio bat eragin zuen horrek: "Marjinazioa kontzentratu egin da".

Ekipamenduak ere eskatzen ari dira Otxarkoagan 2012tik. Riverak azaldu duenez, merkataritzarako espazioak beharrezko bihurtu zaizkie auzoan. "Banketxe eta dendak jartzeko gunerik ere ez dugu, ezta taberna eta jatetxeak jartzeko ere". Bizitza ekonomikoa eta soziala berreskuratzeko beharrezkoak direla dio. Beste hainbat tokitan gehiegizko ostalaritza arazo bada, faltan sumatzen dute Otxarkoagan. Edonola ere, bestelako zerbitzuak ere faltan dituztela azpimarratu du Riverak. "Kiroldegia eraikitzea, kasurako, 1995eko HAPOan jasoa dago, eta oraindik ez da egin. Dirurik ez dagoela esan digute behin eta berriz. Orain, aldiz, aurrekoa bete gabe dagoela, beste HAPO bat eztabaidatzen ari gara".

Olabeagan ere antzera dabiltza. Auzoan apenas duten dendarik. "Denetatik duen okindegi bat besterik ez dugu auzoan". Auzoaren defentsak behartuta sortu zen Olabeaga Bizirik plataforma, 2003an. Bilboko Udalak hiribururako sarrera eraiki nahi zuen bertan, eta lanak gelditzeko elkartu ziren bizilagunak, Ariasen hitzetan. "Auzoa txikitu nahi ziguten". Lortu zuten azpiegitura erraldoia geratzea, eta, ordutik, zerbitzuetan eta garraioan jarri dute fokua. "Apenas dugun garraio publikorik". Azken urteetan Bilboko Udalarekin dituzten harremanak hobetu egin direla dio plataformako kideak, eta pixkanaka eta batzuetan berandu bada ere eskatu dituzten hainbat neurri ezarri dituztela. Bilboko hegoaldeko tren saihesbidea lurpetik joatea adostu berri dute, esaterako.

Eztabaida prozesuan dagoen HAPOan auzoari onurak ekarriko dizkioten hainbat neurri hartu direla uste du Ariasek. Albotik bota dio Ruizek: "Zuei, Olabeagan, ondare industriala ere kendu dizuete eta!". Piztu da bat-batean Arias. "Bai, egia da hori. Begira, nik errespetatu eta ulertzen dut herritarrak gustura egotea itsasadarraren bazterrean terrazak dituzten tabernetan. Baina guri sekulako disgustua eman digute". Euskalduna ontziolaren zamatoki zenaren gainean porlanezko plataforma bat jarri zuen duela urtebete Astillero tabernak. "Bilboko Udalean kexatu ginenean hauxe erantzun ziguten: 'Harriak besterik ez dira'".

Iraganarekiko errespetua

"Zuentzat zer ziren, bada, harri horiek?", galdetu dio Perezek Ariasi, ezjakintasunez. "Guretzat auzoa dira harri horiek guztiak, gure iraganaren eta gure identitatearen parte. Hori suntsitu digute". Bilboko Udalak ez du hori ulertzen, ordea. Abando auzoa zerbitzuei lotutakoa da zuzenean. Erakusten den Bilbo ederraren erdigunea da, eta hori salatu du Perezek. "Atrakzio parke bat dirudi denak, eta nortasunik ez duten inguruak sortu besterik ez dute egiten". Epe laburrean Iparragirre kalea oinezkoentzako bihurtu nahi zutela-eta bildu zituen udalak Abandoko auzokideak duela gutxi. "Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko eskatu genien. Asfaltoa jartzetik harago, egitasmoaren eragina ere aztertua zuten ala ez ezagutzeko. Ba, ez ziguten ezer esan".

Erantzukizun falta. Bi hitz horiekin azaldu du Perezek erakundeek duten jarrera. "Sentipena dut gauzak egiten direla egiteagatik, eta azpiegiturak eraikitzeko kontratuak ere arinkeria handiarekin egiten direla". Termibus autobus geltoki berriko lanak jarri ditu adibide gisa. "Orain dagoen behin-behineko geltokiko txarteldegia bizilagunen etxe bloke batean sartu dute, eta autobusen joan-etorriekin ere ernegatuak dituzte auzokideak. Izugarria da".

Lehentasunak eta oinarriak

"Guk Bilbo egin nahi dugu. Baina hiri izateko lehen oinarria da jendea bizi den habitata izan behar duela. Hori ardatz gisa hartzen bada, negozioa eta aisialdia bigarren mailara pasatu behar dira, derrigorrean". Lehentasunen hierarkizazioa egitea beharrezko ikusten du Perezek, eta, horretarako, ezinbestekotzat du gaur egun agintzen duen ekonomia eredua baztertzea. "Ekonomiak epe laburreko joera hartu du, eta hirian ere hala jokatzen dugu. Arkitektonikoki, epe laburrerako egitasmoak egiten direla esango nuke, epe luzeko proiektuetan indar egin baino". Funtziorik gabeko eraikinak egiten dituztela dio Perezek, eta etxebizitzak ere gero eta kalitate txarragokoak egiten direla. Bat egin dute gainontzekoek ere.

Miribillako frontoia hartu du, horren harira, Riverak. "Arbelekin eraiki zuten, eta erori egin zaizkie. Okerrena da berdin gertatu zitzaiela Txurdinagako auzo etxean". Ruizek jarraitu du zerrenda egiten: "Arangoitiko igogailuarenak ere ez du izenik, beti dago hautsita. Azpiegiturak egiten dira saltzeko ala espektakulurako. Kalkulu baten arabera daude eginda, eta ez behar direlako".

Udalak azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen duen politika izan du jo-puntuan Ruizek. "Udala eraikuntza enpresen menpe dagoen erakunde bat da. Ez du ezer egiten presioa dagoela nabaritzen ez baldin badu". Publiko eta pribatuaren arteko harremanean, Bilbon pribatua gailentzen dela ohartarazi du. Adjudikazioak ere horrela egiten direla, diruak mugituta. "Gerora arazoak sortzen dira, eta etengabe berritu behar dira". Uribarriko eskailera mekanikoak ere izan ditu hizpide. "Oraindik ez dut ezagutu denak ondo dabiltzan egunik. Halako azpiegituretan etengabe konpontzeko lanetan aritzeak izugarrizko gastua sortzen du".

Uribarrin ere irisgarritasun arazoak dituzte aspaldidanik. Aldapan gora eraikitako auzo gisa ezagutzen dute askok, eta Artxandako funikularrak arazoak arindu ditzakeela uste dute auzokideek. "Funikularrak egiten duen bidearen erdigunean geltokia jartzea aldarrikatzen gabiltza aspaldidanik. Lezamako Bide Zaharrean geldialdia eginez gero, bertan bizi diren 3.500 herritarrek erabiliko lukete". Bi arazo konponduko lituzke neurri horrek, Ruizen arabera. "Gaur egun, defizitarioa da funikularra, eta, auzokideen erabilerarekin, finantzaketa hobetuko litzateke. Bestetik, edozein gestio ala erosketa egin behar duten auzokideek, autoa hartu beharrean, garraio hori erabiliko lukete".

Autoak eta aparkalekuak

Aparkalekuekin ere arazoak dituzte Uribarrin. "7.000 toki ditugu auzoan, eta 32.000 auto daude matrikulatuta". Ruizek argi du: kale eta auzoetan herritarrek, hots, oinezkoek izan behar dute lehentasuna, eta autoen presentzia bigarren mailara igaro behar da. Baina egiten diren mugikortasun planek aintzat hartu behar dute autoekin dagoen arazoa, eta, azaldu duenez, halako planak auzoko errealitatea kontuan hartu gabe marrazten dira.

Castaños kalea jarri du adibide gisa. Orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarri zuten uztailean, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan dagoen neurri gisa. "Semaforoak kendu, eta urdinez marraztutako oinezko pasabideak jarri dituzte, hain justu itsuak diren sei bizilagun dauden eremu batean. Semaforoen soinuaz gidatzen ziren bidea gurutzatzeko; zer egin behar dute orain?". Auzoak ezagutzea eta bertan dauden bizilagunen beharrak aztertzea beharrezkoa dela dio Ruizek. "Bilbon 500 itsu daude, eta horientzako den hiriburua ere egin behar da".

Aparkalekuen arazoa badute Abandon ere, Perezen hitzetan. "Azterketa bat egiten gabiltza gure kabuz, aparkalekuen arazoari heltzeko. Egia esan, lur azpian daudenak ezagutu ere ez ditugu egiten, eta horien gaineko ikerketa bat esku artean izatea interesgarria litzateke, badagoelako lur azpiko Bilbo bat ia ezagutu ere egiten ez duguna, baina existitzen dena".

Ariasek irriz erantzun dio Perez eta Ruizek aparkalekuen arazoarekin erakutsitako kezkari. "Zatozte Olabeagara Athleticen partida dagoen egun batean, eta saia zaitezte autoa auzoan uzten". Irriz jarraitu du Olabeagako auzokideak. "Lehen, sikiera, espaloiak errespetatzen zituzten, baina orain kaos hutsa da".

Etorkizuneko planari begira

1995ean onartu zuen Bilboko Udalak azken HAPOa, eta datozen urteetako Bilbo definitzeko egitasmoan dago murgilduta orain. Baina mesfidati daude auzotarrak. Ruiz ziur dago orduan gertatu zena errepikatuko dela: "200 ekarpen aurkeztu genituen auzo elkarteek, baina, gerora, udalak planaren 600 moldaketa egin zituen, eta gure iritzi eta proposamen guztien gainetik pasatu zen". Oraingoan, 400 ekarpen dituen txostena aurkeztu du auzo elkarteen federazioak. "Ikusiko da zer gertatuko den". Ruizen ustez, HAPOa zehazteko udalak bultzatzen dituen parte hartze prozesuek "ez dute ezertarako balio". Bat egin dute gainontzekoek ere. "Nik sentipena dut kolpe leungailu moduan erabiltzen dituztela parte hartzeko batzordeak, aldarrikapenak geratzeko tresna gisa", zehaztu du Perezek.

Badira hilabete batzuk Bilboko Udalak HAPOaren eztabaida faseak izan duen parte hartzearen inguruko datuak eman eta balorazioa plazaratu duela. Pozik azaldu dira udal ordezkariak, "600 agentek baino gehiagok" parte hartu dutelako, era batean ala bestean. "HAPOa egiteko abiapuntua bera ere okerra da", dio, ordea, Ruizek. "Planaren aurreproiektua Bartzelonako tekniko talde batek egin du. Zer dakite beraiek Bilbori buruz?".

Eztabaida horren erdian, herritarren parte hartzerako araudia aldatu zuen Bilboko Udalak martxoan, eta aldaketa "atzerapausotzat" jo dute auzo elkartekoek. Barrutietako Kontseiluetan auzotarren parte hartzea bultzatzea funtsezkoa da elkarteko kideentzat, eta iruditzen zaie indarrean dagoen prozedurak ez duela hori ahalbidetzen. Bost proposamen egin zituzten auzo elkarteetako kideek: Barrutietako Kontseiluetan auzotarren presentzia handitzea, "talde politikoen ordezkaritzarekin parekotasunean" aritzea, murrizketarik ez egitea, erabakiak hartzeko "konpetentzia erreala eta baliabide teknikoak" izatea, boto eskubidea izatea, eta, azkenik, barrutiak berrantolatzea, egungo osaketa desorekatuta dagoela uste dutelako.

Eraiki nahi den AHTaren tren geltokiaren egitasmoa aipatu du Riverak. "HAPO berria aplikatzean egoerak ez du hobera egingo. Abandon, geltokia lurperatzen dutenean, izugarrizko espekulazioa sortuko da". Ruizek azaldu du gauza bera nabari duela Zazpikaleetan. "Lehen eraikin historiko bat zegoen tokian Zara denda bat jarri zuten".

Auzoetan bizi dituztenei buruzko hausnarketak partekatu ondoren, Aburtori dei egin diote, zuzenean: "Egiten ditugun ekarpenak entzun behar ditu; bestela ez gaitzala deitu parte-hartze prozesuetara joateko. Gu ez gaude eskatzeko soilik, guk ere bultzatu nahi dugu bestelako Bilbo bat, eta ostalaritzara mugatuko ez den ekonomia sortu nahi dugu. Kanpotik datozenei zerbitzua ematetik harago doan hiriburua eraiki behar dugu". Eta horretarako bidea marraztua du, dagoeneko, Bilboko auzo elkarteen federazioak: eragile sozialekin eta federazioan ez dauden gainontzeko auzo elkarteekin harremanak landu, eta "bestelako Bilbo bat" aldarrikatzeko protesta eta presioa egingo du datozen hilabeteetan.

Zimendu ezberdinak dituzte

Zimendu ezberdinak dituzte

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Nola dago Bilbo? irmotasunez diot: Bilbo ondo dago, eta hobeto egongo da". Hitz horiek erabilita abiatu zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak beren-beregi hiriburuaren egoera aztertzeko joan den ostiralean egin zuten osoko bilkura. Bilbotarra izateaz harro dagoela azaldu zuen Bizkaiko hiriburuko alkateak. "Bilbo hiri irekia, erakargarria, garbia eta segurua da; garraio publiko bikaina du, baita gizarte zerbitzuak eta hiriguneko mugikortasuna ere. Kulturaren, kirol ekintzen eta hiriguneko ibilbide berdeen alde egiten diren apustuak ia bikainak dira". Munduko kapitala da Bilbo, Aburtoren hitzetan. Baina nazioartekoa baino gehiago, auzotarrena izatea nahi dute oposizioko taldeek. Erakundeak bultzatzen duen hirigintza ereduari kritiko begiratzen diote EH Bildu koalizioak, Ganemos Goazen Bilbok eta Udalberrik, eta hiria "ez aurrera ez atzera" dagoela uste du PPk: "Hiri garrantzitsuen erakusleihotik erori da. Irrika falta zaio".

<

Deustuko Gazte Lokala bota, eta etxebizitzak egin nahi ditu udalak

Deustuko Gazte Lokala bota, eta etxebizitzak egin nahi ditu udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar
Deustuko Gazte Lokaleko kideek aurreko astean jakinarazi zuten Bilboko Udalak eraikina husteko agindu diela. Irailaren 8an jakinarazi zien, idatziz, 26 urteko bizitza duen gune autogestionatua utzi behar dutela; sorpresaz hhartu zuten. Aste honetan, gaiaren inguruan hitz egin du udalak. Hirigintza batzordeari buruzko informazioa emateko agerraldian.

Ekonomia suspertu eta turismoa erakartzeko bidea landu du Elantxobek

Ekonomia suspertu eta turismoa erakartzeko bidea landu du Elantxobek

Natalia Salazar Orbe
Aldapan behera kokatuta, itsasora jaisten den sakonunean dago Elantxoberen bihotza. Xarmaz beteriko herria da, baina deserosoa ere suerta daiteke herritarren egunerokorako. Gora eta beherako ibilbide malkartsuei aurre egin behar diete, egunero. Oztopo horiei aurre egiteko konponbideak eta herriaren ekonomia suspertzeko baliabideak martxan jartzeko plana du udalak.

Bilboren erraiak agerian

Bilboren erraiak agerian

Natalia Salazar Orbe
Bilbo erraietatik begiratuta. Deustuko sifoiaren pasagunean sartu, eta, itsasadarraren azpitik Arte Ederren Museora arte, hiriburuaren barrenak agerian utziko dituzte. Saneamendu azpiegitura ibilbide turistiko bilakatuko da bi egunetan.