Gizartea

Urdaibaiko saneamendu sarea ez dute bukatuko 2020ra arte

Urdaibaiko saneamendu sarea ez dute bukatuko 2020ra arte

Natalia Salazar Orbe

Uraren kalitatea ez da ona. Bizkaiko Foru Aldundiak ez bainatzeko gomendioa egiten du. Mezu hori entzun dute, behin eta berriz, udan, egunero, San Antonio hondartzako erabiltzaileek sorosleen bozgorailuetatik. Busturialdean, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren bihotzean, gertatzen den errealitatea da. Babes gune horretako saneamendu sarea osatu gabe dago, eta, Gernikatik Mundakara arteko ur zikinak itsasadarrera isurtzen dira, zuzenean, araztu gabe. Egoera horrek berdin jarraituko du datozen urteetan ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak iragarritakoaren arabera, saneamendu sarea osatzeko lanak ez dituzte bukatuko 2020ra arte.

Sukarrietan egiten ari diren ponpaketa estazioa da sistema horren guztiaren muina. Hala definitu du oraintsu Iñaki Arriola sailburuak gune hori. Berau martxan jartzen dutenean, "ondo araztu gabeko hondakin urak isurtzea ekidingo du, non eta aparteko ingurumen balioa duen Urdaibaiko natura erreserban". Hala adierazi du lanok bertatik bertara ezagutzeko Sukarrietara berriki egin duen bisitan.

Kezka isuriengatik

Ur hondakinen isuri nabarmen eta kezkagarriak ikusi dituzte, aurten, berriz ere, Mundakako Laidatxu hondartzako eta Ibarrangeluko Laida hondartzako erabiltzaileek ere, besteak beste. Ekosistema aberatsak zein paisaia erakargarriak zikindu dituzte isuriok. Zain Dezagun Urdaibai ekimenak behin baino gehiagotan salatu ditu kutsadura arazo larriak, uretan gorozkiak azaldu direlako.

Bestalde, Laidatxuko erabiltzaileen eta bertako bizilagunen kexak zabaldu dira sarean. Uztailean eta abuztuan bainurako uraren osasun kalifikazioa nahikoa izan dela ondorioztatu eta hala zabaldu dutelako agintariek. Aitzitik, iraila iritsita, alegia, udako sasoia bukatuta, hainbat neurketen arabera, hil horretan kalitatea ez delako izan nahikoa.

Egoera horiei aurre egiteko helburua du Sukarrietako ponpaketa estazioak; itsasora jaurtitzen diren urak araztuta isurtzea du eginbehar garrantzitsuena. Lurpean ari dira eraikitzen horretarako azpiegitura handia. Itsasadarreko ezker ertzeko —Gernika-Lumokoak barne— eta eskuin ertzeko zati bateko hondakin urak jaso eta Mundakako Lamiarango araztegira bidaliko ditu.

Zailtasun tekniko handiko lanak direla azaldu du Jaurlaritzak. Besteak beste, espazio gutxi dutelako, itsasadarraren ertzean eraiki behar delako, lurpean egiten ari direlako eta zati bat itsasoaren mailatik behera dagoelako.

Ponpaketa-estazioa sartzeko 160 metro koadroko espazio bat zabaldu behar izan dute Sukarrietako Marisma parkean, lur azpian. Bost metroko altuera eman diote. Egiturari eusteko porlanezko 300 zutabe iltzatu dituzte lurzoruan. Ostean, ponpaketa estazioa estaltzen duen porlanezko harlauza eraiki dute. Harlauza horren gainean berreskuratuko dute lanok egiteko suntsitu duten parkea.

Lur kopuru handiak atera behar izan dituzte estazioa kokatuko duten eremutik. Hamar metroko sakonera arte zulatu dute, eta 8.000 metro kubiko lur eta haitz erauzi dituzte.

Sukarrieta eta Lamiarango araztegirainoko lanen faserako 14,4 milioi euro erabiliko dituzte. Datorren urteko bigarren hiruhilekorako amaituko dute.

Beste zatia

Sukarrietara iritsi aurretik, ordea, kilometro batzuk egin behar dituzte ur zikinek. Horiek bideratzeko, URA Uraren Euskal Agentziak itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak esleitu ditu. Gernika-Lumo eta Busturia artean egin beharreko lotura horrek 15 milioi eurotik gorako kostua izango du. Zehatz-mehatz, Gernikako ponpaketa estaziotik Busturiko ponpaketa estaziora arteko lanak gauzatuko ditu aldi baterako enpresa elkarte batek.

Lan horien helburua da Gernikatik Busturirainoko hondakin urak jaso, eginda dauden zein eraikitzen ari diren kolektore tarteetan batu, eta horiek guztiak Lamiarango araztegira eramatea.

Lanon barruan sei kilometro eta erdiko hodi tartea egingo dute. Zatirik handienean, grabitatearen indarrak bultzatuko ditu urak. Hala ere, ia bi kilometrotan bultzada beharko dute Game auzoko eta Muruetako hondakin urak kolektore horretara bideratzeko. Azkenik, lau ponpatze instalazio eraikiko dituzte isuriak saneamendu sistemara helarazteko.

Lan horiek guztiak bukatuta, Gernika-Lumotik Muxikara joango den kolektorea eraikitzea besterik ez da geratuko. Hori egin ostean erabat osatuta geratuko da Gernika eta Lamiarango araztegiaren arteko sarea. Hala, Gautezgiz-Arteaga, Kortezubi eta Mundakako itsasadarreko ezkerreko herrietako isuriak jaso eta araztuko dituzte.

2014an lortu zuten lanok egiteko akordioa Busturialdeko Ur Partzuergoak eta URAk. Aurretik urte asko blokeatuta egon ostean ekin zion biderari. EH Bilduk zeukan garai hartan partzuergoaren ardura. Euskal Herrian aberastasun ekologiko handienetakoa duen Urdaibain ur zikinak inongo tratamendurik gabe itsasora isurtzea saihestuko du saneamendu sareak.

Norbere jardunari begira

Norbere jardunari begira

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Alde nabaria dago gizarte arazo bat jakinaraztearen eta aurre hartzearen artean, ez baita gauza bera salatzea ala alternatibak eraikitzea. Dikotomia horretan murgilduta daude turismoaren eta gentrifikazioaren auziak, kasurako: bi-biek sortutako arazoak ikusarazteko hainbat saio egin dituzte eragileek Bizkaiko hiriburuan azken hilabeteetan. Baina salatze hutsak ez du, berez, ezer konpontzen. Alegia, gentrifikazioa existitzen dela ozen esateak ez ditu prozesuaren ondorioak desagerrarazten. Egoerarekin jabetuta, alternatiba bila dabiltza gizarte eragileak, eta hirian gertatzen diren aldaketei zer-nola aurre egin aztertzeko bi saio jarriak dituzte jada: azaroaren 8tik 12ra herritarren lekualdatzeei aurre egiteko proposamenak aztertuko ditu Urbanbat plataformak San Frantzisko auzoan, eta abenduaren 2 eta 3an, berriz, turismoaz eta gentrifikazioaz hausnartzeko #EHTurist topaketak egingo dituzte.

Taberna giroan, lagunartean ala ordezkari politikoen artean, turismoari zein gentrifikazioari buruzko solasaldiak areagotu egin dira azkenaldian: auzoen izaera aldatzen ari dela, alokairuak gero eta garestiagoak direla edota nork bere auzotik lekualdatzea beste erremediorik izan ez duela diote, adibidez, Bilboko Zazpikaleetako eta Bilbo Zaharreko hainbat auzokidek. Hala sumatu du Gorka Rodrigez Urbanbat kolektiboko kideak, eta gaiari heltzeko bestelako ikuspuntu bat proposatzea erabaki du plataformak horregatik. "Ikusi da gizarte eragileek gentrifikazioaren aurkako iritzia dutela, baina beharrezkoa da proposamenak zeintzuk diren aztertzea".

Arazoan baino gehiago, alternatibetan jarri du arreta gunea. "Protesta egiteaz harago, beharrezkoa da egoerari aurre egiteko estrategia kolektiboak adostea". Eta norabide horretan antolatu dituzte aurtengo Hirigintzako eta Gizarte Berrikuntza jardunaldiak, Lekualdatzeak goiburupean. Seigarrengoa da aurtengoa, eta ekonomiaren eta turismoaren ondoriozko herritarren lekualdatzeak izango dituzten hizpide. "Gaurkotasuna duten eta hiriari lotuta dauden gaiak lantzen ditugu, eta, modu informalean bada ere, gure inguruan gero eta eztabaida gehiago daude gentrifikazioaren inguruan". Hari horri tiraka, azaroko jardunaldietan gaiari heltzea erabaki dute Urbanbateko kideek. "Ez gara gentrifikazioan soilik zentratuko. Dezplazamendu guztiak hartu ditugu aintzat: turistifikazioa, espazio publikoaren pribatizazioa eta etxebizitzarekin dauden arazoak... aztertuko ditugu".

Norbere buruarekin kritiko

Herritarrak ahalduntzeko eta aktibatzeko tresnak ematea da jardunaldien helburu nagusia. "Pedagogia falta nabari dugu: gentrifikazioaren kasuan, adibidez, prozesua zer den ere ez dakite herritar askok, eta halako fenomenoak zergatik gertatzen diren eta nondik datozen aztertzea oinarrizkoa dela deritzogu. Betiere, aintzat hartuta, prozesu horietan gizartea nola antolatzen den, administrazioak zein eginkizun duen eta kultur agenteek zer nolako erantzukizuna duten".

Herritarren lekualdatzea geldiarazteko esperientziak azalduko dituzte jardunaldien lehen egunean, azaroaren 8an. Oreretako Gazteen Etxebizitza Komunitarioa proiektua (Gipuzkoa), Valentziako Solar dels Menuts eta Alicanteko Los Futuros Posibles (Herrialde Katalanak), Jaengo Recuperacion de Espacios Urbanos para la Ciudadania (Espainia), Madrilgo Buzon 21 elkartearen esperientzia, Bartzelonako Alojamientos Tacticos de Repoblación Inclusiva eta Veneciako Architetture Precarie (Italia). Sareak sortzea eta harremanak lantzea dute hartu-emanek helburu, Rodrigezen arabera.

Tokian tokiko esperientziez harago, adituen iritziak bilduko dituzte Urbanbat plataformakoek. Erresuma Batuko Michael Janoscka ikerlaria, Latinoamerikako eta Europako hiriak aztertu dituena, "desplazamendu indarkeria" gisa izendatu duenaz arituko da azaroaren 10eko zikloan, eta harekin batera izango da Alvaro Ardura Madrilgo Unibertsitateko arkitektoa ere. Gentrifikazio ereduak izango ditu Ardurak berbagai. Bestalde, Left Hand Rotation kolektiboa, kulturak gentrifikazio prozesuetan duen zereginaz arituko da.

Kanpo faktoreak aztertzetik harago, nork bere buruari erreparatzea beharrezkoa dela dio Rodrigezek, eta bota du baieztapen borobila ere. "Guk geuk ere gentrifikatzen dugu. Gentrifikazioa ez da besteek sortutako prozesua soilik. Onartzea mingarria izan daitekeen arren, neurri batean ala bestean, guk ere elikatzen dugun fenomenoa da". Bizkaiko hiriburuko San Frantziskoko kasua jarri du Rodrigezek adibide gisa. "Auzoko kultur proposamen alternatiboek edo kultura aniztasunaren ideiak berak sortzen duten iruditeria erakargarria da jende talde batentzat eta gentrifikazio prozesuen oinarrietako bat da hori". Urbanbat plataforma bera jarri du ikusmiran. "Gizarte berrikuntzari buruzko egitasmoak egiten ditugu guk eguneroko jardueran, eta, nolabait, auzo alternatiboaren ikuskera hori elikatzen dugu".

Hortaz, kritikotasuna da kontzientzia hartzeko lehen neurria, Rodrigezen arabera. "Soluzioak bilatzen dituzten agenteak gara edo izan gaitezke, baina kontziente izan behar dugu arazoaren parte ere bagarela. Neurri batean, herritarren lekualdatze prozesuetan erantzukizuna dugu". Rodrigezek nabarmendu du gaiaz eztabaidatzeko beharrezkoa dela eragile ezberdinen arteko elkarrizketa, baita administrazio publikoarekin izan beharrekoa ere. Bilboko Udalarekin harreman zuzena du Urbanbatek, eta gizarte eragile zein adituen proposamenak erakundearekin konpartitzea beharrezkoa dela uste du, politika publikoak diseinatzean errealitate guztiak aintzat har ditzaten.

Herritarren lekualdatzeak saihesteko estrategia kolektiboak adostu nahi dituzte Urbanbat plataformako kideek azaroaren 8tik 12ra bitarteko jardunaldietan. Lehen kolpea izango da aurtengoa, datozen urteetan gaiari heltzeko asmoa dutela azaldu baitu Rodrigezek. Urbanbat.org elkartearen webgunean dago jardunaldietan izena emateko aukera.

Esperientzien saretzea

Bilbo Zaharrean eta Zazpikaleetan gentrifikazioaren eta turismoaren kezka egon badagoela baieztatu du Rodrigezek behin eta berriz. Bada, ez dabiltza geldi auzokideak, eta gaiaz hausnartzeko #EHtourist topaketak egingo dituzte abenduaren 2an eta 3an: Euskal Herriko turistifikazioaren fenomenoa aztertu, esperientziak trukatu eta sarea osatzea dira, besteak beste, jardunaldien helburuak.

Bilbo Zaharreko hainbat bizilagun ari dira jardunaldiak lantzen, eta horien artean dago Iker Landajuela. Azaldu duenez, herritar multzo baten kezkatik abiatu da ekitaldia, eta, aurten, Bizkaiko hiriburuan egin dituzten bi jarduera jarri ditu aurrekari gisa. Bat: gentrifikazioaz eta turismoaz aritzeko hainbat aditurekin Bilbo Zaharrean egindako solasaldia, eta, bi: Last Tour enpresak, Bilboko Udalarekin batera, auzoan antolatutako Hirian festibalaren harira hainbat auzokidek egindako kanpaina. "Auzoko errealitatea kontuan hartu gabe antolatu zuten jaialdia, kultura kontsumoarekin erabat lotuz eta gentrifikazio prozesuen elementu gisa erabiliz".

Horra abiaburua. "Interesa genuenak elkartu eta eztabaidan hastea erabaki genuen. Izan ere, Euskal Herriko hainbat herritan nabari da turismoaren eragina, baina nork bere errealitatea du". Egoerari erantzuteko dinamikak tokian tokikoak izan direla dio, eta oraindik ere ez dela azterketa amankomunik adostu. "Turismo mota aldatzen ari da. Gaur egungo eredua ez da uda garaira mugatzen, urte osoan presente egotera pasatu da. Horrek hirigintza politika zehatz bati erantzuten dio, bulego batean adostutako erabaki politiko bati, alegia". Jarrerak adostea beharrezkoa ikusten du horregatik.

Euskal Herriko esperientziak saretu eta indarrak biltzeko saioa egingo dute abenduko lehen asteburuko zitan. "Helburua da orain arteko esperientzia guztiak jasotzea eta saretzea, pixkanaka aurrera urratsak egiten jarraitzeko. Bakoitzaren arazo eta dinamiketatik abiatuta, trukerako gune bat sortu nahi dugu". Bi bloketan banatuko dituzte jardunaldiak. Bilboren errealitatea landuko dute lehenik, "sarea sortu behar da hirigunean, gaur-gaurkoz ez baitago irakurketarik". Eta Euskal Herriko esperientziak izango dituzte mintzagai gero. "Saretu egingo gara lehenik, eta aurrera begira zehaztuko dugu nola egiten dugun aurrera". Larrungo kremailera trena kokatzen den Sarako (Lapurdi) herritarrekin eta irailean Donostiako Ez garelako turistak gure hirian jardunaldietan parte hartu zuten eragileekin daude hartu-emanetan.

Lehen harremanak

Turismo arduratsuari buruz gogoeta egitea beharrezkotzat jo du Landajuelak. "Hemen nola bizi garen erakutsi beharko genuke, hiriburuaren nortasuna ezagutarazi, Guggenheim museoa ikustera joaten den turismoa bultzatu ordez". Bisitarien joan-etorriek herritarrengan duten eragina aztertzea ere beharrezkoa dela dio. "Herritarren egunerokoan zein eredu sozioekonomikoan nabari dira turismoaren ondorioak, eta auzoen nortasuna ere higatzen ari dira". Aldaketa horiek guztiak aztertu eta nola aurre egin hausnartzeko lehen kolpea izango da abenduko saioa. "Behin elkartuta ikusiko dugu aurrerantzean zer egin. Edonola ere, martxo inguruan bigarren topaketa batzuk antolatzea da gure asmoa, anbizio gehiagorekin".

Ekitaldiari buruzko informazioa ehtourist.wordpress.com webgunean jarri dute ikusgai.

Turismoaren eta gentrifikazioaren arazoa Bilboko auzokideen kezkagai dela agerian uzten dute datozen hilabeteetako bi topaketek, eta, salaketa hutsetik harago, bestelako ereduen bila dabiltzala bai bizilagunak eta baita elkarteak ere.

Bizkaiko garraio sistema publikoan txartel bakarra eskatzeko foroa sortu dute

Bizkaiko garraio sistema publikoan txartel bakarra eskatzeko foroa sortu dute

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lau garraio mota erabili daitezke Bizkaiko hiriburua alderik alde zeharkatzeko: Bizkaibus, Bilbobus, Metroa eta Tranbia. "Bide bera egiteko lau garraio baldin badaude ere, prezio bat du bakoitzak". Hala laburtu du Bizkaiko garraio sarean dagoen egoera Raul Mendezek, sortu berri den foroaren izenean. Hainbat sindikatuk, elkartek eta auzokidek sortu dute lurralderako txartel bakarra izateko eta garraio sistema bateratua eratzeko foroa. Egitasmoaren aurkezpena egin dute asteon, eta norbanakoen zein elkarteen atxikimenduak biltzen jardungo dira datozen hiletan. Aspaldikoa den eskaera bururaino eraman nahi dute oraingoan.

Gaur egun Barik txartel bateratua dagoen arren, garraio sisteman ez dago tarifa bateraturik. Argi utzi nahi izan dute ideia hori. Mendez: "Bere garaian txartel bakarra Creditrans zela saldu ziguten, eta orain sinetsarazi digute Barik dela. Baina nahita nahasten dute euskarri bakarra dena eta txartel bakarra izan beharko lukeena".

Gauzak horrela, txartel bakarrak sei oinarri bete behar dituela adostu dute foroa sortu duten elkarteetako ordezkariek. Bat: garraiobidea zein den aintzat hartu gabe, ibilbide berdinek tarifa bakarra izan behar dute. Bi: gero eta garraio publiko gehiago erabili, orduan eta gutxiago ordaindu behar dute herritarrek. Hiru: bidaien prezioak pertsonen errenten arabera antolatu behar dira. Lau: garraio sistema publikoaren koordinaziorako erakunde bakarra sortu behar da, herritarren parte hartzea bermatuko duena. Bost: zerbitzuaren kalitatea eta enpleguaren kalitatea bermatu behar dira. Sei: Bizkaia osorako erabilgarria den txartela diseinatzea ezinbestekoa da.

Oraingoz, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek egin dute bat manifestuarekin: Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek, Ernaik, Gazte Komunistek, Ikasle Abertzaleek eta Ikasle Ekintzak. Baina indarrak biltzen jarraituko dute aurrerantzean ere. "Txartel bakarraren oinarri modura zerrendatu ditugun sei ezaugarrien alde lan egiteko prest dauden talde eta pertsona guztiek elkarlanean jarduteko eremua da sortu berri dugun foroa".

Aspaldikoa da garraio sarea bateratzearen aldeko aldarrikapena, Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakariak azaldu duenez. 2008an Garraio Publikoaren Liburu Zuria osatu zuen federazioak. Bertan, 1995 eta 2008 arteko garraio publikoaren egoera aztertu eta Txartel Bakarraren aldeko adierazpena onartu zuten orduan garraio publikoan ordezkaritza zuten sindikatuetako ordezkari guztiek. Azaldu duenez, eskaera behin eta berriz eraman dute erakundeetara. "Udaletara, Foru Aldundira eta Eusko Legebiltzarrera eraman dugu gaia, eta denetan onartu dituzte txartel bakarra ezartzearen aldeko mozio eta proposamenak". Baina egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu du. Horrez gain, metroaren 3. linearen irekieraren ondorioz izan diren prezio gorakadak salatu dituzte.

Azken bultzada

Datozen hilabeteak garrantzitsuak izango direla azpimarratu dute foroko kideek; izan ere, Diputazioak Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa prestatu behar du 2018. urte osoan, eta plana osatzeko gizarte mugimenduen eta herritarren iritzia aintzat hartzea besterik ez dute espero eragileek zein herritarrek. Abagune hori baliatu nahi dute foroan bildutakoek eta txartel bakarraren proposamena plan estrategikoan txerta dadin lan egingo dutela iragarri dute. "Beste bultzada bat eman nahi diogu txartel bakarraren eskaerari, eta oraingoan behin betikoa izango delakoan gaude".

Gatazka gizarteratzeko martxa

Gatazka gizarteratzeko martxa

Asier Arrate Iruskieta
350 egun baino gehiago daramatzate greban Bizkaiko zahar etxeetako langileek. Irailaren 27an, Gesca patronalarekin aurre-akordioa hitzartu zuten, baina momentuz, ez dute adostasunik lortu Lares eta Elbe patronalekin. Gatazkari ...

Etenik gabeko eztabaida

Etenik gabeko eztabaida

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Egutegian gorriz margotutako egunak gerturatzean, dantzan hasten dira zenbakiak berriz: zubian zenbat bisitari izango diren eta hotelak batez beste zenbat beteko diren neurtzen ibiliko dira turismoaren sektorean sartuta daudenak. Zenbakiaren arabera, pozago ala tristeago izango da egunotan ostalaritza. Atsedenik ez du turismoaren gaiak, batzuk beteta dauden ohe kopuruak zenbatzen ari diren bitartean mugak nola jarri eztabaidatzen ari baitira besteak. Azken hilabeteetako Bilboko Udaleko osoko bilkuretan lehen lerroan izan da gaia. Batasunik ez dago, ordea: udal gobernuko alderdiek ez dizkiote sektoreari mugak jarri nahi, eta lanean ari da hotel gehiago zabaldu daitezen. Oposizioak, aldiz, arazo bihurtu aurretik galga jarri nahi dio turismoaren gaiari. 2018a gakoa izango dela azaldu dute udaletik.

Nazioarteko hainbat ekitaldiren agertoki izango da Bizkaia 2018an: The World's 50 Best Restaurants munduko 50 jatetxerik onenen sariketa ekitaldia, makina-erremintaren azoka, Europako Errugbi Txapelketaren finala eta MTV sarien banaketa izango dira bertan, besteak beste. Ostalaritza pozik izateko hamaika jarduera egingo dira lurraldean, hortaz. Bilbok gaur egun dituen 71 hoteletako gela guztiak betetzea aurreikusten dute. Are gehiago, aurrerantzean bisitari kopurua areagotzea dute helburu, eta ostatu gehiago eraikiko dituzte horregatik.

Aurreikuspenen arabera, zazpi ostatu irekiko dituzte, gutxienez, datozen hilabeteetan: Isozaki dorreen eta Guggenheim museoaren artean lau izarreko hotela egingo du Vincci kateak, El Corte Ingles dendaren atzealdean Sercotel enpresak eraikiko du egoitza, eta Areatza parkean Laboral Kutxak zuen egoitza hotel bihurtuko dute. Etenik ez du zerrendak. Donostiako Maria Kristinaren ezaugarriak dituen hotel bat ere egingo dute Campo Volantin pasealekuko Olabarri jauregian, eta aurreikusita dago Termibuseko lanak bukatzean parke berrian ostatu bat egitea.

Adostasunik ez

Zankoeta kalean ere oheak jarriko dituzte lehen bulegoak ziren eraikin batean, eta berdin Irala auzoko Kirikiño plazaren ondoan. Hotelen eraikuntzak dira aipatutako denak; hortaz, etxe turistikoen datuak gehitu behar zaizkie hotelek eskaintzen dituzten ohe kopuruei. Udalaren apustua argia dela azaldu zuen Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak: mugak jarri ez, baizik inbertsioak erakarri nahi dituzte, hiriburuan hotel gehiago eraiki daitezen. "Bilbon ez ditugu Mallorca ala Bartzelonan dituzten arazoak". Hain zuzen, arazo bihurtu ez dadin, prebentzio neurriak hartzeko proposamenak egin dituzte udalean EH Bildu koalizioak, Goazen Bilbaok eta UdalBerrik azken asteetan.

Elkar babestu duten arren, proposamen bana eraman dute oposizioko taldeek udalbatzara. Batetik, turismo eredu iraunkorra bultzatzeko ekotasa zerga gehigarria ezartzeko proposamena egin berri du UdalBerrik Bilboko Udalean. "Turismo jasangarria sortzeko estrategia garatu behar du udalak. Ekotasak bisitariak erabiltzen dituen udal zerbitzuak finantzatzen lagunduko luke". Carmen Muñoz bozeramailearen esanetan, hartu beharreko lehen neurria litzateke zergarena. "Turismoa garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako elementua izan beharko litzateke". Goazen taldeak ere turismo eredua aztertu eta aurrera begirako urratsak egiteko hausnarketaren beharra azaldu zuen osoko bilkuran, eta, ekotasaren proposamena babesteaz gain, etxebizitza turistikoen erregistro publikoa egiteko eskaera egin zuen EH Bilduk.

Hiru proposamenak baztertu ditu EAJ eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak. Juan Mari Aburto alkateak azkenaldian ohiko bihurtu zaion esaldiarekin itxi zuen eztabaida: "Ez dezagun arazoa den baino handiago bilakatu. Turismoa BPGaren %6 besterik ez da". Koalizio abertzalea kexu da Zazpikaleetan eta Atxurin alokairuek izan duten gorakadagatik: abuztutik hona %24 egin dute gora Zazpikaleetan, eta %45, berriz, Atxurin. Neurriak hartu behar direla azpimarratu zuen Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak."Abuztutik gaur arte prezioek gora besterik ez dute egin, eta datu horien aurrean zerbait egin behar dugu. Ezin dugu beste alde batera begiratu".

Pisu turistikoak mugatzeko ordenantza du Bilboko Udalak, zeinak zehazten duen soilik lehen solairuan jar litezkeela etxebizitza turistikoak. Baina eztabaida fasean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren egitasmoan, Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean "muga gehiago" jartzea aztertzen ari dira. Edonola ere, udal gobernuak ez du alarmarik piztu nahi. Eman berri dituen datuen arabera, turisten "gutxiengoak" egiten du etxe turistikoen aldeko hautua: 2016an %8,3k hartu zuten ostatu etxebizitzetan, eta %61,7k, berriz, egoitza tradizionalen alde egin zuen: hotel, hostal eta pentsioetara jotzen dute bisitari gehienek.

Bada, abagune horretan sortu dute Asovitur elkartea, Bizkaiko etxebizitza turistikoen elkartea. Airbnb eta Bookingen gisako plataformetan etxebizitza alokatzen duten 30 lagunek osatu dute elkartea, baina beren jarduna zabaldu ahala, taldea hazi nahi dute. Bilboko hainbat auzokidek osatzen dute elkartea: besteak beste, Zazpikaleak, Indautxu, Deustu, Miribilla eta San Inazio auzoetakoek. Hiriburuko herritarrez gain, baina, Getxo, Lutxana, Bakio, Plentzia eta Sopelako hainbat lagun ere bildu dira plataforman. Erakundeek etxebizitza turistikoen aurka hartutako neurrien aurrean bat egin eta beren "inbertsio eta ondarea defendatzeko" sortu dute Asovitur.

Pisuen jabeak, elkartuta

Azken urteko lege aldaketek eta administrazio publikoek pisuen erregularizaziorako hartutako neurriek "babesgabe eta informaziorik gabeko egoera batean" utzi dituzte jabeak. "Elkartearen nahia Bizkaiko pisu turistikoen jabeen ordezkaritza eta defentsa egitea da, bai administrazio publikoaren aurrean eta baita enpresen aurrean ere". Finean, pisuen jabeen eta erakunde eta enpresen arteko bitartekaritza lana egiteko tresna izango da elkartea.

Nazioarteko fenomeno bat da erabilera turistikoko etxebizitzen gorakada, eta, errealitate horri muzin egitetik urrun, egoera baliatu eta Bizkaia Europa mailako helmuga turistiko bihurtzeko urrats gisa aurkezten dute pisu turistikoen gaia. "Kalitateko zerbitzua eskaintzen dela bermatzeko eta sektorearen berrikuntzez aritzeko elkargunea izango da, baita ezarri berri den Turismoaren Legeak eskatzen dituen betebehar ekonomiko, fiskal eta juridikoen berri izateko ere".

Bazkide gehiago biltzea da Asovitur elkartearen asmoa. "Asko gara, eta are gehiago izan nahi dugu, erakundeek ez dutelako gure jarduera laguntzen; kontrara, oztopatu egin nahi dute. Oraindik ere garaiz gaude gure inbertsio eta ondasunak defendatzeko. Izan ere, askorentzat bizibide bakarra bihurtu da etxe turistikoena".

Zeresana ematen jarraituko du turismoaren gaiak datozen hilabeteetan ere. Mugatu ala ez, horra eztabaidaren muina: izan ere, batzuek ez dute arazorik ikusten, eta besteek, aldiz, aurrea hartu nahi diote arazoari.

Bertoko basorako itzulera

Bertoko basorako itzulera

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiak duen natur altxor nagusietakoa da Urdaibai. Leku gutxitan aurki daitekeen ekosistema du, eta hargatik du biosfera erreserbaren izendapena. Baina gabeziak ere baditu. Garai batean hostozabalen basoek janzten zuten e...

Autogestioa babestera deitu dute biharko

Autogestioa babestera deitu dute biharko

Natalia Salazar Orbe
Kultura eredu askea; hutsik eta utzita dagoen eremu baten erabilera auzoarentzat; herritarrak elkartu eta euren aisia eta auzolana partekatzeko gune aberatsa. Errealitate hori ikusten dutenekin aurrez aurre, okupazio delitu bat iku...