Gizartea

Bizitza osasuntsu bat bilatzeko bidaia

Bizitza osasuntsu bat bilatzeko bidaia

Asier Arrate Iruskieta
Gaixotasun arraroak pairatzen dituzten umeek eta horien familiek bi arazori egin behar diete aurre. Alde batetik, gaixotasunaren inguruko informazio faltari, eta, bestetik, tratamenduek duten kostu handiari. Maialen Aulestiak Don...

Ahoak eta belarriak, euskalduntzeko prest

Ahoak eta belarriak, euskalduntzeko prest

Aitziber Laskibar Lizarribar

Euskararen ezagutzari eta erabilerari buruz azken urteetan egin diren azterketek agerian utzi duten errealitatea pozgarria bezain kezkagarria da. Gero eta gehiago dira euskaraz dakiten herritarrak. Erabili, ordea, gero eta gutxiagok erabiltzen dute. Hori iraul daitekeela erakusteko ahaleginean arituko dira, datorren ostegunetik aurrera, Deustuan. 11 egun euskaraz bizitzeko hautua egingo dute ehunka herritarrek 23an hasi eta euskararen egunera arte, abenduaren 3ra arte. Helburua argia da: nor bere errealitate eta gaitasunetik abiatuta, hizkuntza ohiturak alda daitezkeela frogatzea; euskaraz egiten dena baino askoz gehiago egin daitekeela erakustea, norbanakoen jarreran dagoela gakoa.

Euskarak 365 egun dinamikaren barruan sortutako 11 egun euskaraz egitasmoa gero eta herri eta auzo gehiagotan ari da zabaltzen. "Beroketa" gisa, oraingoz. "Froga" gisa. Izan ere, urtebete barru izango da saio handia, benetako erakustaldia. Euskaltzaleen Topagunea buru-belarri ari da horretan. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan egingo da 11 egun euskaraz, euskararen erabilera areagotzeko bidean gizartea aktibatzeko helburuarekin.

Berritzailea da egitasmoaren nolakotasuna, eta berria sustatzaileen elkarlana. Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza ari dira elkarrekin. Elkarlan zabalagoaren bila, gainera. Gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko proiektu bateratua izan nahi du; tokian tokiko elkarteen eta nazio mailakoen artekoa; eta euskalgintzan zein bestelako esparruetan ari direnen artekoa. Alegia, egitasmoak zeharkakoa nahi du izan; gune eta eremu guztiak zipriztinduko dituena.

Urtebete barru izango da hori. Baina, dagoeneko, hainbat herri eta auzo daude dinamikan murgilduta. Datorren urtekoari begira batzuk, eta horri aurre hartuta besteak. Horixe da, hain zuzen, Deustuaren kasua. Ostegunean hasiko du 11 egun euskaraz, hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegin praktikoan.

Lutxo Egiaren hazia

2015ean du lehen hazia herriz herri hedatzen ari den ekinaldiak. Duela bi urteko udan, Transitoak performancea egin zuen Lutxo Egia idazleak Bilbon. Hilabetez euskara hutsez bizitzea hartu zuen erronka; Bilbon hegemonikoa den hizkuntza, gaztelera, hil oso batez ez erabiltzea. Aberatsa izan zuen esperientzia. Nekeza batzuetan, baina uste baino positiboagoa. Espero ez zituen jarrera baikorrak jaso zituen gutxien espero zuen guneetan. Zailtasunak zailtasun, Bilbon ere euskaraz bizitzea posible dela erakutsi zuen ekitaldi harekin. Eta euskaraz hitz egiteko edota entzuteko prest dagoen jende asko dagoela.

Egiak marraztutako bideari heldu, eta euskaltzaleak aktibatzeko ekimenak hasi ziren, apurka. Donostiako Egia auzoa izan zen aktibatzen goiztiarrena, iazko urte hasieran. Zortzi astez, zortzi txandatan, 365 pertsonak parte hartu zuten euskaraz bizitzeko esperientzian. Lehen egitasmo horren arrakasta pizgarri izan zen beste askorentzat, eta han-hemen errepikatu dira saioak.

Bizkaian, Arrigorriagan eta Trapagaranen gauzatu dute esperientzia. Eta arrakasta izan dute. Horren erakusgarri, Arrigorriagan errepikatu egingo dute hiru egunez, euskararen egunaren ingurumarian. Derion, lau eguneko apustua egin dute oraingoz. Hilaren 30etik abenduaren 3ra bitartean 365 lagun euskara hutsez aritzeko erronka hartu dute. Horrez gain, euskaraz aritzeko aukera ematen duten denda eta tabernen mapa egin dute. Sustatzaileen hitzetan, 150 establezimendutatik erdietan dago euskaraz aritzeko aukera. Aiaraldean, 30 egunez ari dira euskararen erabilera sustatzeko programazioan, Bizkaiko eta Arabako herriak txandaka elkarlanean. 4.000 lagun aktibatu dituzte. Orozkon eta Urduñan hainbat ekitaldi egingo dituzte kalean zein ikastetxeetan, eta Urduñako udal ordezkariek ere bat egin dute ahobizi eta belarriprest figurekin.

Aurtendik 11 eguneko erronkari eusteko apustuari heldu diote Deustuan. Duela urtebete hasi ziren ekinaldia auzora eramateko lanean. Berbaizu euskara taldeak 25. urteurrena beteko zuela eta, 72 ordu euskaraz egitea pentsatu zuten. Baina Topagunea 11 egunekoa prestatzen ari zela jakin, eta horrekin bat egin zuten. "Guk ere proba moduan 11 egunekoa antolatzea erabaki genuen", azaldu du Jon Intxaurragak, sustatzaileetako batek. Irailean aurkezpena egin zutenetik ari dira buru belarri.

Espero baino arrakasta handiagoa bildu dute, dagoeneko. Auzoko berbalagunak, ikastetxeak, dendak, gazteak, hizkuntza eskola batu dira ekimenera. Baita Laboral Kutxa eta Kutxabank ere. Bi kutxen kasuan, ekitaldiaren berri emango diete langileei, parte hartzera gonbidatuz.

Edonola ere, zenbakiak dira arrakastaren erakusle argiena. Sustatzaileek 200 parte hartzaile lortzeko erronka jarri zioten bere buruari, eta dagoeneko 500 lagunek eman dute izena 11 egunez ahobizi edo belarriprest izateko. Topagunearen proiektuaren lanketak aurrera egin ahala zehaztasunez betetzen ari da, eta jakina da datorren urteko ekimenean bi parte hartzaile mota izango direla: euskaraz hitz egiteko gai direnak eta ulertzeko gaitasuna dutenak. Pin mota banarekin bereiziko dira multzo bakoitzekoak, elkarri euskaraz zuzentzeko nahia adieraziz. Oinarri hori hartuta, gero eta gehiago dira hizkuntza ohiturak aldatzeko prest agertzen ari direnak.

Zer eta zertarako gogoratu

Zer eta zertarako gogoratu

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Memoria asko daude: memoriak. Ez dago memoria bakarra". Azalpenekin jarraitu aurretik kontzeptuak argi utzi nahi izan ditu Luz Maceira ikerlari mexikarrak. Berehala hartu du posizioa. "Memoriak dimentsio politikoa du: botererako t...

Hezkuntza duina aldarri

Hezkuntza duina aldarri

Natalia Salazar Orbe
Hezkuntza publikoaren egoera "larria" salatu dute Steilas, ELA eta LAB sindikatuek ikasturtea hasi berritan. Horri aurre egiteko, oraingoz abendu bukaerara arteko mobilizazio egutegia aurkeztu dute. Cristina Uriarte Eusko Jaurlarit...

20 urte uhinak euskalduntzen

20 urte uhinak euskalduntzen

Natalia Salazar Orbe
Uhinek igorgailutik ateratzen direnetik hartzailearengana iristeko egiten duten bidearen antzeko ibilbide luzea egin du Bilbo Hiria irratiak. Irratiaren magia Bilbo Handiko herritarrengana iristeko lana bete du hogei urtez. Hori ba...

Juan Mari Aburto: “Unibertsitate hiri bihurtu nahi dugu Bilbo”

Juan Mari Aburto: “Unibertsitate hiri bihurtu nahi dugu Bilbo”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Agintaldi erdia joan zaio Juan Mari Aburtori (Bilbo, 1961) Bizkaiko hiriburuko alkatearen zereginetan. 2015eko uztailaren 13an izendatu zuten alkate, eta oraindik ere egiteko gauza asko dituela dio. Legegintzaldia bukatu aurretik onartuko dute Bilbok datozen bi hamarkadetan hartuko duen itxura, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzen dutenean. Kalean gentrifikazioaren eta pisu turistikoen eztabaidak bolo-bolo dabiltzan arren, lasaitasunez heldu dio gaiari alkateak: "Hiritarrentzako Bilbo egiten ari gara".

Behin baino gehiagotan esan duzu Bilbok ez duela gentrifikazio arazorik. Baina auzokideek, ordea, nabari dutela diote. Zein da zure iritzia?

Guk uste dugu, oraingoz, Bilbok ez duela gentrifikazio arazorik. Bilboko parte zaharrak bere nortasuna mantentzen du, eta hori, guretzat eta oro har hiriarentzat, oso garrantzitsua da; horregatik ari gara hura babesteko plangintza estrategikoa garatzen Bilboko Udalean. Badakigu etxe turistikoen gaia kalean dagoela, baina horrek ez du esan nahi gentrifikazio arazoa dugunik, ez Bilbo Zaharrean, ezta hiriguneko beste eremuetan ere.

Etxe turistikoen gaia aipatu duzu. Zertan da horiek arautzeko udal ordenantza?

Aldez aurretik ere bageneuzkan neurriak hartuta, baina ordenantza berritu dugu orain. Bilbon, lehen solairuan soilik egon daitezke etxe turistikoak. Eudel eta Jaurlaritzarekin ere hitzarmena sinatu dugu, zeren, Jaurlaritzak erregistro bat egina badu ere eta hiriburuan dauden etxeak bertan azaldu behar badira ere, udalaren araudia ere bete behar dute. Eta, udalaren araudiaren arabera, lehen solairuetan ez dauden etxe turistikoak itxi egin behar dira. Parte zaharrean neurri bereziak hartu ditugu, auzoa babesteko eta gentrifikazioa saihesteko.

Zeintzuk?

Atari bakoitzean etxe bakarra egon daiteke orain. Hiriburuko gainontzeko eremuetan lau egon daitezke, betiere lehen solairuan baldin badaude, baina parte zaharrean bakarra egon daiteke atariko. Uste dut nahikoa neurri zorrotzak direla, eta gainontzeko hirietan ez dituztela halako neurriak hartu. Gainera, esango nuke alderdi politiko guztiak nahiko ados egon garela neurriekin.

Agerikoa da Zazpikaleetako merkataritza aldatzen ari dela, denda txiki ugari itxi baitituzte. Ez al dio gentrifikazio prozesuari erantzuten?

Merkataritza aldatzen ari da, bai. Baina uste dut ohiturak ere aldatzen ari direla. Nire semeek, adibidez, ez dute nik bezala erosten: ni tradizionalagoa naiz, eta gustatzen zait betiko dendetara joatea. Zazpikaleetako La Palma zapata denda itxita ikusteak sekulako pena ematen dit. Ni ere bat nator aldaketak atzematen diren ideia horrekin, baina prozesua ez da parte zaharrera mugatzen, baizik eta hirigune guztira, egoera aldatzen ari delako. Guk zer egin dezakegu horretan guztian? Bada, hirigintza plangintzetan merkataritza babesteko neurriak hartu.

Nola?

Gu udaletxera sartu ginenean, ostalaritza saturazioa zegoen hainbat tokitan, eta hori mugatzeko neurriak hartu genituen: Abandon eta parte zaharrean taberna gehiago zabaldu ez daitezen neurriak hartu ditugu, auzokideekin eta dendariekin elkarlanean. Gu merkataritza babesten saiatzen gara. Kontuan hartu behar da turista gehiago dagoela eta dendariek ere ikusi behar dutela horri nola aurre egin: beraiek ere egokitu egin behar dira. Nik behin eta berriz errepikatzen dut guk eraiki nahi dugun Bilbok hiritarren hiria izan behar duela. Hori da gure lehentasuna. Edonola ere, gaur egun, nazioarteko irudia du hiriburuak, eta hori baliatu egin behar da. Begirada bikoitza izan behar dugu.

Bilbo postal bihurtzen ari dela salatu dute hainbat eragilek. Uste duzu erdigunearen eta auzoen arteko ezberdintasun handia dagoela?

Ez nuke sekula ukatuko Abandoibarrak izan duen aldaketa guztia, hori azpimarratu nahi dut: nolako egoeran zegoen itsadarra eta nola dagoen orain. Baina, era berean, ukaezina da Otxarkoagan, Deustuan, San Ignazion eta beste hainbat auzotan izan den aldaketa. Gure asmoa ez da bi abiadurako Bilbo egitea. Baina gauzak ezin daitezke bi edo lau urtetan aldatu. Uste dut bilbotar guztiok baloratu behar dugula hiribuaren eraldaketa prozesua eta gaur egungo bizi kalitatea. Bi abiadurako Bilbori buruzko eztabaidak dauden arren, guk egiten ditugun inkesten arabera, auzokideak pozik daude hiriarekin eta beraien auzoan dagoen bizi kalitatearekin. Hiritarrei galdetu diegu ea zer aldatuko luketen, eta %56k erantzun digute ez dela ezer aldatu behar. Kopuru handia da. Edonola ere, alkate gisa, ez nago ados horrekin, gauza asko aldatu behar direlako Bilboren eraldaketa prozesua bazter guztietara irits dadin.

Orekatuta dago orduan?

Ezin da ukatu egoera ezberdinak dituzten auzoak ditugula, baina esango nuke auzo guztietan bizi kalitatea hobetu dela eta izugarrizko oreka dagoela. Nahiz eta gizarte ezberdintasunak izan, nahikoa kohesio dugu bilbotarren artean, eta gizarte kohesioa da gure helburu nagusia. Norabide horretan, argi izan behar dugu hirigintza ez dela neutroa eta planifikazioak ondorio zuzenak dituela. Oraingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean [HAPO] ere horretan gabiltza, datozen hogei urteko Bilbo nolakoa izango den zehazten. Horregatik diot hiritarren beharrak jarri behar ditugula zentroan.

Baina Mallonako auzokideek, adibidez, protesta egin berri dute auzoko egoera salatzeko.

Bilbo ez dugu orain egin, eta, orain egingo bagenu, ez genuke egingo Peñascalekin, Altamirarekin, Otxarkoagarekin... Baina ezin dugu hori dena bota eta hiri berri bat eraiki. Badakigu zer arazo ditugun, eta, ziur aski, horien artean garrantzitsuena auzoen irisgarritasuna da; mendi magaletan ditugun auzo horienak guztienak, alegia. Edonola ere, ezin dugu aurten edo datorren urtean behar diren igogailu guztiak jarri. Igogailuen plan berri bat egiten ari gara orain.

Nolako harremana duzue hiriburuko auzo elkarteekin?

Ezin da orokortu, auzo elkarte asko baitaude, eta, gero, federazioa dago. Federazioarekin harreman ona izan nahiko genuke, baina horrek ez du esan nahi iritzi guztiekin ados gaudenik. Hori bai, auzo elkarteek eta federazioak argi izan behar dute zein den beraien ordezkaritza, bazkideena soilik dutelako. Guretzat beraien iritzia oso garrantzitsua da, eta parte-hartze prozesuak oinarrizkoak dira guretzat. HAPOaren zehaztapen fasean, adibidez, 1.500 herritarren ekarpenak jaso ditugu.

Hain zuzen, parte-hartze prozesu horiek salatu ditu federazioak. Azaldu dutenez, ez dira iritziak aintzat hartzen. Hala da?

Auzo elkarteekin beste arazo bat izan dugu Barrutietako Kontseiluen parte hartzeari dagokionez. Beraiek boto eskubidea izatea eskatu dute, baina guk ezetz esan diegu; izan ere, gauza bat da parte hartzea, eta beste bat erabakitzea, banatu egin behar dira. Hiritarrak kexatzera norengana joaten dira? Guregana etortzen dira, ordezkariongana. Auzo elkarteek oso ondo ezagutzen dituzte beraien auzoak eta horietan dauden arazoak, horregatik diogu eskuz esku lan egin behar dugula.

1.400 etxebizitza eraikitzea proposatu duzue HAPOn. Zertan oinarritu zarete?

Batzuen ustez, etxebizitza gehiegi eraikitzea proposatu da, baina, gure ustez, oso garrantzitsua da Bilbok populazioa gehitzea. Azken urteetan mantendu egin dugu biztanleria kopurua, eta hazi egin nahi dugu orain. Horretarako, unibertsitate hiri bihurtu nahi dugu Bilbo. DigiPen teknologia unibertsitateak, adibidez, egoitza izango du Zorrotzaurren datorren urtean. Horrek esan nahi du beste unibertsitate bat egongo dela. Deustuko unibertsitateak ere medikuntza fakultate berria egingo du, eta EHUko mendikuntzakoek ere unibertsitate berria dute Basurtun. Mondragon Unibertsitatearekin ere harremanetan gaude. Hori egiteko gai bagara, populazioa irabaziko dugu.

Gazte mugimenduak eta okupazio mugimenduak, ordea, zuen jarduna salatu du.

Argi eta grabi diot: okupazioaren aurka nago, eta baita okupazioaren mugimuenduaren aurka ere. Horrek ez du esan nahi autogestioaren aurka nagoenik; alderantziz, nahiko nuke bultzatu. Nik uste dut gazteek eremuak behar dituztela, eta guk espazio horiek babestu behar ditugula. Baina, horretarako, akordioak erdietsi behar ditugu. Deustuko gaztetxearekin, adibidez, akordioa genuen. Baina akordioa betetzen ez bada eta arazoak sortzen badira, esku hartu behar da. Karmelakoekin ere aspalditik ari gara harremanetan. Hiru solairuko eraikina du Karmelak, eta gure asmoa da soilairu bakarra erabiltzea. Hitzarmen bat egin nahi dugu horretarako, baina oso zaila izaten ari da. Zorrotzan, adibidez, frontoia berritu genuen, eta haren azpian eremu oso egokia sortu zen. Espazioa aprobetxatzeko akordioa egin dugu Jai Batzordearekin eta Gure Lurra elkartekoekin. Berdin Errekalden: Belategi enparantzako lokala Errekalde Berriz elkarteak kudeatzen du. Argi diot: ni autogestioaren alde nago, baina ez okupazioaren alde.

Ze iritzi duzu Bilboko portuan errefuxiatuak sartu ez daitezen eraiki duten hormari buruz?

Argi utzi nahi dut aspalditik ibili naizela elkarte ezberdinekin errefuxiatuen gaia lantzen, eta hirian prest gaudela errefuxiatuek dituzten beharrei erantzuteko. Hori esanda, argi eduki behar dugu aireportuak eta portuak oso esparru bereziak direla segurtasunari dagokionez. Gu aireportu batera goazenean badakigu zenbat neurri ditugun bertara sartzeko, eta portuan segurtasuna hobetzeko erabaki dute horma hori egitea. Hori kenduta, argi dugu hiri bezala errefuxiatuei zerbitzuak eman behar dizkiegula.