20 urte uhinak euskalduntzen

Natalia Salazar Orbe

Uhinek igorgailutik ateratzen direnetik hartzailearengana iristeko egiten duten bidearen antzeko ibilbide luzea egin du Bilbo Hiria irratiak. Irratiaren magia Bilbo Handiko herritarrengana iristeko lana bete du hogei urtez. Hori bakarrik ez. Bilbon sortu eta Bilbora begira euskarazko edukiak hedatzen dituen irrati bakarra da. Hala ekarri du gogora urtebete eta erdi irratiaren koordinatzaile lanak egiten ari den Ane Zabalak. Urteurren borobila behar bezala ospatzeko zer egin, eta disko bat grabatzea bururatu zitzaion taldeari. Josu Zabala irratiko teknikariak koordinatuta sortu dute 20 urtez euskal taupada. Zortzi abestiz osatu dute. “Ez da nolanahiko diskoa”, teknikariak berak azaldu duenez.

Eskarmentu handiko artista enblematikoak zein gazteak elkartu dituzte; bikoteka, gehienetan: Anje Duhalde eta Aire Ahizpak; Mikel Urdangarin eta Izaro; Ruper Ordorika eta Rory McLeod; Zea Mays eta Belako-ko Cris Lizarraga; Txema Murugarren, Petti eta Rafa Rueda; Hedoi Etxarte eta Maisha MC; eta PiLT eta JP Lohian. “Bikote oso bereziak lortu ditugu. Batzuk orain arte ikusi gabeak dira, eta lagun zahar batzuk berriz elkartzea ere lortu dugu. Kantu bakoitzak badu bere istorio propioa”.

Hasieran kantu enblematiko batzuk jasotzea proposatu zuten. Baina berehala baztertu zuten ideia: “Horrek ez zuen ekarpenik egiten. Gureak gogoangarria izan behar bazuen, zerbait berezia behar zuen izan. Irratia elkarlana dela pentsatuta, gure lagun artistei elkarlana eskatzea erabaki genuen”. Emaitza bistakoa da.

Era horretakoa izan da irratiaren ibilbidea bera ere: elkarlanean oinarritutakoa. Hala azaldu du Ane Zabalak: “50etik gora kolaboratzaile ditugu gurean. Denak dira Bilbo Handiko euskaldunak, eta esparru guztietakoak: besteak beste, ekonomian, musikan, arkitekturan zein hirigintzan arituak eta adituak”.

Ibilbide gorabeheratsua izan dute, ordea. Zenbat Gara elkarteak argi ikusi zuen era horretako komunikabide bat sortu beharra. Kafe Antzokia ireki eta bi urtera jabetu ziren hedabideetan euskararen presentzia hedatu behar zela Bilbon bertan ere. “Orduan erabaki zuten Bilbo Handi osorako irrati bat egitea, euskara hutsean”.

Kazetari ez ziren beste ogibide batzuetako profesionalak jarri ziren, hasieran, mikrofonoaren aurrean. Euskara uhinetan barrena hedatzeak lan eta esfortzu hura merezi zuela jakitun. Geroago sartuko ziren profesionalak.

Duela urte gutxi aukera izan zuten Jaurlaritzak banatu behar zituen lizentzietako bat eskuratzeko. “Proiektu osatua eta landua aurkeztu genuen. Baina, guri eman ordez, gaztelera hutsez emititzen zuen irrati bati eman zioten lizentzia”. Inpugnazioen ostean, bertan behera geratu zen lehiaketa. Halere, berriz ere beste lehiaketa bat egin arte zain jarraitzen dute, “egoera alegalean”.

Euskarazko beste edozein komunikabidek egunerokoan euskaraz lan egiteko aurkitzen dituen zailtasunekin egiten du topo Bilbo Hiriak ere. Alegia, prentsaurrekoetan, elkarrizketak egiteko orduan zein bestelako komunikazioetarako askotan zailtasunak izaten ditu euskarazko mintzaideak aurkitzeko. Hala ere, airean igaro dituzten hogei urteetan sumatu dute aldaketarik. Auzoz auzo egitasmoa jarri dute abian urteurrena ospatzeko ekitaldien artean. “Auzoetatik bi orduko saio bereziak egin ditugu, auzootako bizilagunak protagonista zirela. Periferiatik abiatu genuen egitasmoa. Otxarkoagan, esaterako, bi orduko saioa osorik euskaraz egin genuen. Eragile mordoa pasatu zen bertatik, eta denak aritu ziren euskaraz”. Beraz, nahiz eta oraindik lan handia egiteko egon, Bilbo oztopo horiek gainditzen ari dela ikusi dute.

Euskararen erabilera horretan eragiteko asmoa ere badu Bilbo Hiria irratiak. Eragina aldebikoa izan beharko litzatekeela sinetsita dago Zabala: “Bilbo Handiko irrati euskalduna gara, eta Bilbon eragin nahi dugu, baina nahi dugu, era berean, erreminta gisa erabil gaitzaten. Horrek esan nahiko lukeelako Bilbo askoz ere euskaldunagoa dela, eta hedabide euskaldunen beharra duela”.

Bilbo Handira iristen dira 96.0an sintoniza daitezkeen irratiaren uhinak. “Galdakaotik Plentziara arte, Basauri barne”. Astindu horri eutsiko diote aurrerantzean ere, eta erronka berriak betetzen saiatuko dira: “Gure ibilbidearen 21. urteurrena hasiko dugu aurki. Kalean gure presentzia handitzen saiatuko gara. Auzoz auzo egitasmoarekin jarraituko dugu. Bestetik, hilean behin Kafe Antzokitik egingo dugu saio berezi bat: Bilbo Hiria Gosariak. Batez ere, kalean dugun presentzia areagotzeko”. Saio berezi gehiago ere egingo dituzte kalean. Eta, betiere, helburu zehatzari eusteko lanean jarraituko dute: “Bilbo handiko euskaldunak trinkotzeko erreminta izatea, eta euskal kultura hedatzea”.