%4,1 »

Hiri hondakinen murrizketa Bizkaian. 2.000 herritar gehiago dauden arren, 2010ean baino 25.000 hiri hondakin tona gutxiago bildu ziren Bizkaian iaz: 588.804 tona. Alegia, %4,1 egin du behera. Hala, 1996an zuen mailara itzuli da herrialdea. Gainera, zaborraren %71 aprobetxatu egin da.

ASPALDIKO ZORRA KITATZEKO ASMOZ »

“Haren obraren eta izenaren aitortza egin gabe zegoen, eta honi esker zor bat kitatu dugula esango nuke”. Hitz horiekin aurkeztu du Javier Viar Bilboko Arte Eder museoaren zuzendariak Anselmo Guinearen (Bilbo, 1855-1906) lanekin osatutako erakusketa m…

4.000 »

Bilboko Udalak onartzea espero duen laguntzak. Asteon hasi da Bilboko Udala Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskaerak jasotzen; 4.000 inguru onartuko dituela aurreikusi du.

Kutxabank, pribatizaziora bidean »

EAJk eta PPk azpijoko antidemokratikoan ibili dira Gipuzkoako legezko ordezkariek Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan dagozkien lekuak izan ez ditzaten. Baina hori lehen urratsa besterik ez da izan, ekonomia globalizatuan euskal banku handi bat sortu eta pribatizatzea helburu duen estrategiaren barruan. Erakunde horrek, banku orok bezala, ez du kontsumo arduratsurako krediturik eskainiko, ezta edozein gizarte onurarakorik ere. Beste guztien antzera, espekulazioa zein epe motzeko mozkinak sustatuko ditu, eta, kosta ahala kosta, statu quo-a laguntzen saiatuko da.

Estrategia hori da, hain zuzen ere, ezagutarazi nahi duguna, hura gelditzeko garaiz gaudelako. Eskuma euskaldunak eta espainolak Italian 90eko hamarkadan jarraitutako prozesua berreskuratu nahi dute. Horri esker, aurrezki kutxak bankuetan eraldatu zituzten, gizarte-ekintzaren eta kapital publikoaren arrastorik utzi gabe. Egindako urratsak hauek izan ziren: bat, gizarte-ekintza bankuaren jardueratik banandu, fundazioak kontrolatuta ere; bi, legean aldaketak egin kapital pribatuaren sarrera ahalbidetzeko; hiru, kapital pribatua modu masiboan sartu; lau, kapital publikoari garrantzia kendu, azkenean esku pribatuetan uzteko. Emaitza: erabat pribatua den bankua eta gizarte-ekintzaren amaiera.

Dagoeneko lehen urratsa egin da. Orain, beste hirurak falta dira, zorrotz beteko dituztenak. Egia esan, badago berebiziko ezberdintasun bat. Izan ere, Italian 10 urte igaro behar izan ziren eta hemen ez dute hainbeste denbora itxoiteko asmorik. Mario Fernandezen azken deklarazioek bidea zabaldu dute, eta hurrengo urratsak justifikatzeko argudioak bilatzen hasi dira, “norbaitek behartu gaitzakeelako” aitzakiarekin.

Haientzat garrantzitsua zen Administrazio Kontseiluarekin egin dutena egitea: etxetik gorriak kaleratu, inork estrategia barrutik ezagut ez dezan, barruan dagoen inork banku publikoa eskatu ez dezan. Espainiako Bankuko diktadorea pozez zoratzen dago PP gobernura heltzeagatik —boterera ez da heldu, boterea beste nonbait baitago—: Dagoeneko finantza sistemaren erreforma berri bat iragarri dute! Behar bada, horrek ez dauka lehentasun handiena; aurretik sindikalismoa akabatu behar da, eta langile klasea zapaldu, negoziazio kolektiboa ezabatuz. Baina berehala helduko da berregituraketa eta finantza erakundeak kapitala handitzera behartuko dituzte, mundu globalizatu honetan irauteko asmoz, euren kaudimena ziurtatuz. Orduan Kutxabankek agindu horiek bete beharko ditu nahitaez: seguruenik, Espainiako hainbat aurrezki kutxa irentsiko ditu prezio merkean, gero kapital pribaturantz behin betiko pausua emateko… eta kito! 2., 3. eta 4. urratsak eginda denbora-markak hautsita! Koilarakada bat EAJ, PP ugari, Espainiako Bankuan muturreko eskuineko sukaldari bat, eta on egin!

Helburua, egungo krisi sakonera zuzenean eraman gaituen logika kapitalistaren bidean jarraitzea da: sektore pribatuarentzat dirua liberatu, publikoa den oro desegin, merkatu aseezinek etekinak ateratzeko aukera berriak sortu eta langile klasea otzandu. Hori da euren helburu ezkutua. Eta zeharo aldenduta dago ezkerrak Euskal Herriarentzat egiten duen apustutik: finantza sistema publiko, garden eta demokratiko baten alde, hain zuzen; funtzio soziala definitu eta mugatuko duena eta banku komertzialaren rola gaindituko duena, irizpide ekologiko eta sozialetan oinarritutako inbertsio produktiboa erraztuko duen bankua izateko; zaintza ekonomia baten lehentasunei mailegu eta inbertsio egokiak eskainiko dizkiona, kalitatezko enplegua sortuz eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatuz, elikadura burujabetza eta sektore ahulenen kontsumoa sustatuko dituena, eta, azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzailea zein gardentasuna bidelagun izango dituena. Aitzitik, Kutxabankeko zuzendariak dagoeneko adierazi du “pausoak emateko” prest daudela inbertsioa Euskal Herritik aldenduko duten fusio berriak bilatzeko, erabat espekulatiboak diren interesen alde.

Pribatizaziorantz abiatutako bide hori ikusita, aurrez aurreko norgehiagoka garai baterantz abiatu behar gara, bi ereduak bateraezinak direlako. Batak epe laburreko mozkina bilatzen du; besteak, pausoak ematen ditu Euskal Herri burujabe eta sozialista baterantz, justizian zein pertsona guztiontzako eskubideetan oinarritua. Dagoeneko, bere garaian ezarritako euste-hormak nahikoak ez direla frogatzen hasi da, eta estrategia maltzur horri aurre egin behar diogu kaletik, gizartearen inkonformismotik. Noski, Administrazio Kontseiluan merezi dugun ordezkaritza demokratikoa eskatuko dugula, baina hori ez da nahikoa, ez dugu aski izango.

Publikoa dena kalean defendatu behar dugu, eta hori berebizikoa eta estrategikoa da. Haiek badute estrategia jakin bat, eta guk ere badugu geurea. Geldiarazi behar ditugu, garaiz gabiltza. Norgehiagoka, inkonformismoa eta borroka momentu historiko honen hitz gakoak izan behar dira. Banku publiko, sozial eta garden baten alde: Pribatizaziorik ez!

110 »

Foru Aldundiak eskatu duen mailegua, milioi eurotan. Bizkaiko Diputazioak 110 milioi euroko mailegua eskatu dio Europako Inbertsio Bankuari, Bilborako sarbideak finantzatzeko. 25 urteko amortizazio epea du, %3,755eko interes finkoarekin.

Begira nago begira »

Elurrak mara-mara zuritu ditu bazterrak, San Blas azukreak barruko bizkotxo anisduna lez. Bazterrik bazter ibili da jendea, aldran, Santa Ageda eskean, neguko zapatu hotza beste era batera pasatzeko aitzakian, zergatik ez? Mimosak loratzear dauden hon…

Erlijio Katolikoa ikasgaia aukeratzerakoan »

Urtarrilaren 30etik otsailaren 10era ikasleek datorren ikasturterako izena emoteko epea zabaltzen dala-ta, preminazkotzat joten dot eskolako irakaskuntza erlijiosoaren gaur egungo egoereaz hausnarketa egitea. Irakaskuntza erlijiosoa, izatez, zabala eta anitza dala eta kulturak, jakintzak, gaitasunak, giza balioak eta gizarte kezkak buztartzen dituala sinistuta egiten dot.

Familia eta ikasle guztien aukerak errespetatuta, erlijinoko eskola europar legediaren esparru legalaren, espainiar Konstituzinoaren, Hezkuntzarako Lege Organikoaren eta Euskal Eskola Publikoaren Legearen barruan gauzatzeko eskubidea da, eurok bermatzen eta arautzen dabelako dalako eskubide hori.

Erlijinoa irakasgaia eskolako ikasgai lez kokatzeko eta argitzeko lagungarri izan daitekezan kontu batzuk aztertu gura dodaz:

Ba ete dau gaurkotasunik eta etorkizunik erlijinoko eskolak?

Hezkuntza erreferente bezala hartu (esate baterako, Hezkuntzarako Europar Batzordea) eta Europari begiratzen badeutsagu, zera ikusiko dogu: behin eta barriro aitatzen dabela ezinbestekoa dala kultura erlijiosoa geletan. Europar alkarteko herrialde gehienetan egiaztatu daikegu hori, erlijinoa hezkuntza sisteman txertatzen dabelako eta akordioak daukiezalako erlijino sinismen desbardinekin, aukera anitzekin.

Maila zehatzagoan, familia askok eta ikasleek eurek erlijinoa ikasgaia eskatzen dabe eskola publikoan zein kontzertatu ez konfesionalean.

Eskubide hau errespetatu egin behar da eskolan bertan. Ikastetxeak legez derrigortuta dagoz Haur Hezkuntzan, hiru urtekoen geletan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan —18 urtera arte— erlijinoko eskola eskaintzera. Zoritxarrez, irakaskuntza erlijiosoak era askotako presinoak jasaten ditu leku askotatik, hezkuntza esparru publikotik kanpo iztea edo gurasoei euren seme-alabak ikasgai horretan apuntatzea burutik kentzea helburutzat hartuz, sinisgarriak ez diran argumentuak —askotan ideologiko samarrak— erabiliz eta, batez be, familiei jagoken funtsezko eskubide hau askatasunez betetea galarazoz. Administrazino desbardinek eta ikastetxeek eurek arreta eta ardura jarri behar dabe legaltasuna bete daiten eta, batez be, gure funtsezko ordenamentu juridikoan jasoten danaren arabera, familiek euren uste sendoetan oinarritutako hezkuntza jakin bat aukeratzeko askatasuna gauzatu daien.

Zer eskaintzen deutso erlijinoa ikasgaiak ikasleari eta eskoleari?

Esan daigun, lehenengo eta behin, erlijinoa ikasgaia, abagunea dala, kristinau mezuak eta bere kulturak, beste jakintza eta bidezko aukera batzuekin batera, honeekaz alkarrizketan, eskaintzen daben alderdi pertsonal eta sozialeko hezkuntzaren aldeko aukerea. Eskoleak, laikoa edo konfesionala, publikoa edo kontzertatua izan, jakintza eta balioak, ezagutzak eta gaitasunak buztartu behar ditu, bere baitan onartu behar ditu guztiak, erlijinoen eta euren kulturen munduagazko alkarrizketa eta bizikidetasunean, gaitasun espiritualean hezi behar dau, osoko hezkuntzari begira.

Euren seme-alabak erlijinoa ikasgaian matrikulatzeak daukan garrantzia gogorarazo gurako neuskie kristinau familiei. Benetako hezkuntza, gizakiari errealidade oso-osoa eskaintzea da eta, horregaitik, nahitaezkoa da harek gizakiaren alderdi guztiak bere gain hartzea. Zalantza barik, erlijinoak asko aberasten dau hezkuntza arloa. Erlijinoaren irakaskuntzak berezkoa dauan alderdian hezten dau umea eta gaztea, gizakia ez dalako arrazionala eta soziala bakarrik, alderdi erlijiosoa eta transzendentea be osagaitzat ditualako. Hezkuntza erlijiosoak gure bizitzako eta gure izatearen azken zentzunari buruzko galderarik sakonenei erantzuten laguntzen dau: nondik nator, ze zentzun dauka nire bizitzak, zer itxaron daiket, zer da maitatzea, zergaitik parkatu behar dot, ze zentzun dauka gaixotasunak, zer esan gura dau heriotzak, zelan egin gizarte zuzen eta solidarioa, egian eta guztion ongizatean sustraitutako gizartea, giza bihotzaren guraririk sakonenekin bat datorren gizartea. Gure bizitzari zeru-muga barria dakartsan Nazaretheko Jesusegaz bat egitean eta Bera ezagutzean aurkituko doguz galdera honeei erantzuteko funtsezko giltzak.

Gainera, irakaskuntza erlijiosoak ikaragarri eragiten dau hazkunde pertsonala, eta egian eta onbidean, alkarrenganako errespetu eta tolerantzian, maitasun eta parkamenean, alkartasun eta doakotasunean, zuzentasun eta bakean, erruki eta gupidan, behartsuenenganako laguntasunean eta makalen babes eta tutoretzan sustraitutako gizarte eta munduaren eraikuntzan erabagigarria da. Ekarpen guztiz positiboa dau oinaze eta bidebakokeriak sortzen dituan eukite, menperatze eta aginterako grinan hainbestetan jausten dan mundu hau gizatasunez beteteko.

Era berean, kristinau sustrai sakonak dituan gure kultura baloratzen laguntzen deusku eta, maila pertsonalean zein sozialean, gure izatasuna itxuratu dauan eta kristinautasunaren erreferentzia barik erraz ulertu ezin daiteken gure zibilizazinoaren zutabeetako bat izan dan legaduan parte izaten.

Beraz, arrazoi honeek eta beste batzuek bideratuta eta suspertuta, guraso kristinauek Erlijinoa ikasgaian matrikulatu behar dabez euren seme-alabak.

209.531 »

Antonio Lopezen erakusketan izan diren bisitariak. Marka guztiak hautsi ditu Bilboko Arte Eder Museoak Antonio Lopez artistaren erakusketarekin. Urriaren 10ean zabaldu zuten, eta, joan den domekan itxi zuten arte, 209.531 bisitari izan ditu. Bariku eta zapatuetan, 22:00etara arte egon da zabalik. Ohi ez bezala, astelehenetan ere ireki egin dute, eta astebetez luzatu dute erakusketa, bisitari oldea hartu ahal izateko.

Egun suediar bat »

Une batez pentsatu nuen desgraziaren bat gertatu ote zen inguruetan, istripu masiboren bat, Garoñak eztanda egin eta gu enteratu ez, zerbait larria behintzat, hainbeste jende egoteko Gurutzetako pasilloetan hara-hona, astegun buruzurian. Askoz geroago otu zitzaidan seguruenik horrelakoak direla egun guztiak ospitalean. Jendearen marearen erdian zabuka, zoruan pintatutako marra urdin bati jarraituz, zarata zarataren gainean, ez dakit denak zebiltzalako oihuka ala denak marmarka, baina zarata zen, merkatukoa edo patiokoa bezain ozena baina larriagoa, eta akordatu nintzen Frantziako autobideetako atsedenguneekin: ehun pertsona bazkaltzen, tartean berrogei ume, eta zaratarik ez, noizean behin tenedoreen hots metalikoa plateren kontra, hori da Europa, pentsatu nuen.

Ospitaleko jendetzaren artean itota, korridore batean jarri duten Zumetaren margolan itzela ikusteko aukerarik ere ez genuen izan ia (sufrimenduaren erdian edertasunak ez baitu lekurik, inork ez dio kasurik egiten), eta igogailura sartzeko ilarak atzean utzi eta pediatriako kanpo-kontsultetara heltzean, imajinazio handirik gabe pentsa zitekeen hura Balkanetako herri bonbardatu bateko ospitalea zela, hainbeste jende aulkietan, lurrean etzanda, zutik, hormen kontra, joan-etorrian eta urduri. Benetan ez zuen Garoñak eztanda egin, eta gu artean enteratu gabe? Benetan al zen hura nire mundu mendebaldekoa, ordenatua, zibilizatua? Dekadentzia hartatik ihes egiteko modu bakarra zegoen: egin beharreko ekokardiografiak egin eta dena ondo zegoela berretsita, medikuaren alta jaso eta arineketan alde egitea, berdin zion nora, Ikeako jatetxera ere gustura.

Izan ere, asteburuetan Bizkaiko lekurik populatuena eta iskanbilatsuena dena, Ikea alegia, aste barruan izugarri leku lasaia da, bazkalorduan sikiera: oasitxo eskandinaviar harrigarria, brikolajez egindako gastronomia suediarraren parke tematiko perfektua, termatxo bat kanpoko hotzetik babesteko. Harmonia betean egiten du ilara jendeak buffetaren zain, erabakitzen duten bitartean izokina ala txerri-ukondoa jango duten; eta platera betetzen dute barazkiz, astean behin jaten dutelako barazkia eta hain zuzen ere Ikean; eta hiruzpalau kafe hartzen dituzte, lehenengoa ordainduta beste guztiak dohainik direlako; eta isiltasuna eta errespetua da nagusi, irribarreak ume eta emazteei, elkarrizketa lasaiak, hau Europa delako, Europa iparraldea hain justu (Norvegia zatitxo bat baino ez dago gu baino iparralderago kontinentean).

Europa gara, bai, eta kasualitatez ez bagina ere, menturaz norbaitek oihuka esango baligu Barakaldon gaudela, ez sinetsi, albondiga suediar hauek jaten ditugun bitartean inork ez baitigu ilusioa kenduko. Nor akordatzen da Balkanetako herri bonbardatuekin, kafea dohainik ematen duten lekuan? Nork ez du nahi egun suediar bat. Egun suediar luze-luze bat.

1.200 »

Galindoko uren araztegian landatuko dituzten arbolak. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa bertoko 1.200 fruta arbola eta zuhaixkak landatzen eta belardia prestatzen hasi da Galindon (Sestao), hondakin uren araztegiaren estazioan.