Ahanztura historikoen zama

Ahanztura historikoen zama

​Argazki historikoz lepo dago aretoa, orain dela mende batzuetako dokumentuak ere jarri dituzte, garaiko prentsan agertutako piezak, eta zakuak eta saskiak ipini dituzte han eta hemen, bilduma girotzeko. Bilbon den erakusketako elementu horietatik guztietatik, Luis Pareten koadro bat hautatu du Amaia Apraiz Sahagun historialariak Bizkaiko andrazko zamaketarien kontakizunari ekiteko. Bilboko Areatza irudikatzen duen obran —1783-1784 urteen ingurukoa—, Paretek zamaketarien irudi «idealizatua» ematen du, Apraizen ustez, eta estereotipo hori indartu egin zuten hurrengo mendeko idazleek. Emiliano Arriagaren hitz batzuk irakurri ditu historialariak, hark zamaketariez egindako deskribapena Anales populares bilbaínos lanean (1894): «Buru harroan sorkia eta trentza luzeak dituzte, eta burukoa ere beti ondo jarria, euren hierarkiari dagokion diadema gisa; bularraldean oihaltxo garbi bat, eta gerruntze eskotatu estua. Azpiko gona hanka erdiraino, oinutsik eta saskia besoan… atsedenean zeudenean».

Argazkiek beste kontakizun bat eskaintzen dute, ordea. XIX. mendeko estereotipoak gezurtatzeko, eta behargin horien izen-abizenak eta bizimodua ezagutzeko, ikerketa bat egin dute Apraiz eta Maria Romano Vallejo historialariek. Enkarterrietako Museoaren laguntzarekin, «ikuspegi feminista» batetik landu dute gaia, eta garai hartako dokumentuetan, prentsako edukietan eta irudietan oinarritu dira. Bi euskarritan jaso dute egitasmoaren emaitza: Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea liburuan, eta izen bereko erakusketan. Liburua sarean aurkitu liteke, doan, eta erakusketa hilaren 24ra arte bisitatu ahalko da, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa aretoan.

Bilboko Areatza, Luis Paretek pintatua. Artelana 1783-1784 ingurukoa da. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

«Emakumeak beti egon izan dira industrian, baita ordainpeko lanetan ere», gogorarazi du Apraizek. Eta, zehazki, Bizkaiko andreek mende asko eman zituzten zamalanetan, ikerketan jasotako hainbat dokumentuk frogatzen dutenez: 1598ko agiri batean, Muskizko San Julian auzoan ibilitako zamaketari batzuk aipatzen dira, hala gizonak nola andreak; historialariaren hitzetan, «argi dago» batzuek zein besteek lan bera egiten zutela ordurako portuko kargan eta deskargan. «Datu hori ezezaguna zen». Bilboko 1673ko ordenantzetan, antzeko lanak egiten zituzten «neskameak» aipatzen dira.

Baldintza txarrak

1598ko agiriaren arabera, behargin bakoitzak erreal bat eta erdi jasotzen zuen eguneko, eta, hurrengo urteetan, bi eta hamar errealen inguruan egon zen zamaketarien soldata. Ez zen garai hartan bizitzeko nahikoa, ordea. Emakumeek hamabi orduko lanaldiak egiten zituzten portuan, eta, horrez gain, beste behar batzuk ere egin behar zituzten —garbitzen, dendetan…—, edo eskean ibili. «Dokumentatuta dago andre bat ibili zela kargan eta deskargan 89 urterekin; 14 urterekin hasten ziren». Ama asko ere aritzen ziren beharrean, eta kaian uzten zituzten beren haurrak. XIX. mendean, Bilboko aterpearekin batera, udalak gela bat egokitu zuen Uribitarteko kaian, umeak lagatzeko; kai horretan biltzen ziren «langile gehienak».

«[Kaietako langileburuen aldetik] Indarkeria kasu larriak egon ziren, eta zamaketari batzuk bizia galtzeko arriskuan egon ziren»
AMAIA APRAIZ SAHAGUN Historialaria

Ordainsaria ez zen bidezkoa, ezta lan baldintzak ere, eta egoera ez zen Paretek artelanean agertu bezain «lasaia», baizik eta gordinagoa, historialariak kontatu duenez. Eulalia Abaituaren argazki baten parean kokatu da Apraiz. Bilboko itsasadarrean ageri da emakume talde bat, 1900. urte inguruan, zamatuta, arrapala batetik jaisten; beharginez beteta dago pasabidea. Historialariak esplikatu duenez, saski hutsekin igotzen ziren, eta zamarekin jaitsi, eta ahalik eta ostera gehien egin behar zituzten. Arriskutsua zen, baina. «Emakume asko uretara erortzen ziren, eta batzuk itota hil ziren».

Gertuko argazki batean —1940ko edo 1950eko urteetakoa—, zama jaisten ari diren andre batzuk ageri dira, eta, lehorrean, zenbait gizon. «Langileburuak dira», argitu du Apraizek. «Andreak portura heltzen zirenean lan egiteko, ilaran ipini behar ziren, eta langileburuak erabakitzen zuen ea gai ziren lanerako, edo ez». Hain zen handia premia, ezen ordua baino askoz arinago heltzen baitziren emakumeetako asko. 1828an, Bilboko Udalak ordenantza bat onartu zuen egoera hori saihesteko. Arauak zera zioen: «Ezein zamaketari ez da aurkeztuko portuan ordu desegokian, eta ez du bere lekua gordeko ilaran». Era berean, langileek «ordena errespetatu» behar zuten, eta, bete ezean, buruek aukera zuten haiek zigortzeko, «zartadaz, eta saskia eta sorkia kenduta».

Zamaketariak Bilboko itsasadarrean, 1900 inguruan. EULALIA ABAITUA / EUSKAL MUSEOA

Historialariaren arabera, zamaketariek «egiturazko indarkeria» sufritzen zuten. Izan ere, langileburuen zigorrak bortitzegiak izaten ziren maiz. «Indarkeria kasu larriak egon ziren, eta zamaketari batzuk bizia galtzeko arriskuan egon ziren. Udalak neurriak hartu behar izan zituen, eta bando bat argitaratu zuen». Eta beharginen artean ere ezinikusiak zeuden; batik bat, Bilbokoak ez ziren langileekiko. Zamaketari gehienak hiriburuan bizi ziren, baina asko ez ziren bertakoak: lanak bultzatuta, Gernika-Lumotik eta Bermeotik joan ziren, baita Nafarroatik ere, edo Laredotik (Espainia). Etorkinok ez ziren ondo ikusiak.

Araudi zorrotza

XVI. mendera arte, andre eta gizon zamaketarien kopurua antzekoa zen Bizkaian, eta ordainsari bera jasotzen zuten behar beragatik; garai hartatik aurrera, ordea, emakumeak izan ziren nagusi. «XVII. mendekoak dira emakumeek kargan eta deskargan egiten zuten lana erregulatu zuten aurreneko ordenantzak», nabarmendu du Apraizek. Beharginak ugaritzen joan ziren hurrengo hamarkadetan, eta egoera legez kontrolatzen ahalegindu ziren. «XVIII. mendean, araudiaren gehiengoa emakumeei zuzendua zegoen».

Emakumeak zamalanetan, 1940-1950 inguruan. Lehorrean, langileburuak. BIZKAIKO FORU ARTXIBO HISTORIKOA

XIX. mendetik aurrera, zamaketariak bereziki gaizki ikusiak izan ziren hirian, Apraizen esanetan: garaiko «gizarte burgesak» deitoratu egiten zituen emakume langileak, eta Bilbo industriala hiri kosmopolita bilakatzeko grina zegoen. Hori horrela, hiria «erasokor» bilakatu zitzaien zamaketariei, hala nola ordenantzen kausaz. Esate baterako, 1894tik aurrera udalak galarazi egin zien eremu publikoan egon zitezen; almazen edo etxe batean sartu behar ziren, eta ez ziren entzun behar haien eskaerak eta liskarrak. «Debekatu egin zitzaien espaloitik joatea», historialariaren arabera.

Mende hura mugarria izan zen, orobat, asoziazionismoari dagokionez. Izan ere, 1899an moiletako lehen greba egin zuten —emakumeek ere parte hartu zuten—, eta 1903an, andreak sindikatu egin ziren: Kaiko Langileen Elkartea sortu zuten. Ordezkariak zituzten Bilbon, Deustun, Lamiakon, Portugaleten eta Sestaon, besteak beste, eta zamaketariek afiliatu beharra zuten lan egin ahal izateko. 1920ra arte iraun zuen sindikatuak. 36ko gerraren ostean, andrazko zamaketarien kopurua apaldu egin zen nabarmen, eta, gaur egun, %5 baino ez dira, historialariak esan duenez.