Mugikortasun jasangarria bultzatzeko plataforma bat sortu dute Trapagaranen

Mugikortasun jasangarria bultzatzeko plataforma bat sortu dute Trapagaranen

​Aspalditik dabiltza Trapagarango herritarrak udalari mugikortasun jasangarrirako urratsak egiteko eskatzen. Bueltan, baina, ez dute «ganorazko» erantzunik jasotzen. Egoeraz kezkatuta, Oin Biziz Mugi plataforma sortu dute Trapagarango hainbat herritarrek. Biztanleak udalerriaren egoeraren larritasunaz sentsibilizatzea lortu nahi dute, eta, horretarako, lehendabiziko jarduera egingo dute domekan: aldarrikapenerako martxa bat antolatu dute.

«Gure herriak ez du egokia den Mugikortasun Jasangarriko Plan Orokorrik». Hala esan du Iñaki Arana Oin Biziz Mugi plataformako kideak. Duela bi hilabete inguru sortu zuten herri plataforma, eta udalerriko egoera aldatzea dute xede. «Trapagarango egoera oso larria da. Ez dago plangintzarik herrian jasangarritasunari dagokionez». N-634 errepidearen eraginez, historikoki, ibilgailu motordunen trafikoa «oso bizia» izan dela nabarmendu du elkarteko kideak: «Herriaren erdigunea bitan zatitzen du errepide horrek. A8 autobidea egiteak hein handi batean arazoa arindu zuen, baina, udalerrian, oro har, autoarekiko menpekotasun handia dago».

Egoerari irtenbidea emateko, Zorrotza eta Muskiz arteko bidegorrira heltzeko lotura bat egitea da, oraingoz, haien lehen proposamena. «Urteotan, ibilgailu motordunentzako hamaika azpiegitura jarri dituzte, baina, inbertsio horiek guztiak gorabehera, udalerriak isolatuta jarraitzen du, bidegorriarekin inolako loturarik egin gabe».

Plataformako kideek «bizpahiru proposamen» jarri dituzte mahai gainean, baina adostasun bat lortzea da haien helburua: «Gure proposamenak jakinarazi nahi ditugu: bestelako eragileekin hitz egin, ideiak kontrastatu… Elkarlana ezinbestekoa da adostasunak lortzeko».

Egoera salatzeko, aldarrikapen martxa bat egingo dute domeka eguerdian: bizikletaz zein oinez egin ahal izango da. 12:00etan abiatuko da bizikleta martxa, eta 12:30ean, oinezkoa. «Ibilbideko puntu batean bi ibilbideak batuko dira, amaierara elkarrekin irits daitezen». Alabaina, elkarteko kideek argi dute era horretara ez dela udalerriaren egoera aldatuko: «Irteera batekin ez da arazoa konponduko, hau ez baita egun bateko kontua». Aurrera begira, jarduera gehiago antolatzeko asmoa dute: «Aurrerapausorik ez baldin badago, urri aldera kalera irtengo gara».

Onura «kontaezinak»

Eusko Legebiltzarrak iazko azaroan onartu zuen Mugikortasun Jasangarriaren Legea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugikortasuna ahal bezain jasangarria izatea da legearen helburua, eta, horretarako, aurreikusi zuten garraio publikoaren erabilera sustatzea, bai eta oinez edo bizikletan egiten den mugikortasun aktiboa bultzatzea ere. 

Ebazpen horrekin bat eginez, mugikortasun jasangarriaren onurak «kontaezinak» direla nabarmendu du Aranak. Bide horretan, Europako hainbat eredu aztertu dituzte; Belgikakoak, Herbehereetakoak edota Danimarkakoak, kasurako. «Herrialde horietan inbertsio asko egin dituzte jasangarritasunaren alde, eta frogatu dute onura asko dakartzala luzera begira». Eredu aldaketa bat egitea «ezinbestekoa» da, horrenbestez, Aranaren hitzetan.

Bidegorria galdakaoraino eraikitzeko eskatu du biziz bizi elkarteak

Bidegorria Galdakaora orain aldarrikapenarekin, Bilbotik Basaurirainoko bidegorria Galdakaoraino egiteko eskatu du berriz ere Galdakaoko Biziz Bizi Txirrindularien elkarteak. 2021eko urrian hasi zen elkartea Bilbotik Galdakaorainoko bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen. «Ibaizabal inguruan bizikletentzako ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu bizikleta martxak hilero: Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao artean modu seguruan mugitu nahi dugu bizikletaz», adierazi dute. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.