Aitziber Laskibar Lizarribar
Isla Kale kiroldegitik itsasorantz doan pasadizotik atera bezain laster, haize freskoak berehala astintzen dio aurpegiko azala bisitariari, Mundakan. Hozkirri horrek berak itsasora bitartean zabaltzen den eremu berde bezain ikusgarria biltzen du. Itsas muino baten gainean dago Santa Katalina ermita, izen bereko penintsulan. Alde batera begiratuta, Izaro irla ageri da; bestean, Ogoño lurmuturra. Norbere buruarekin bakea aurkitzeko eremu paregabea da.
Irudimena ere erraz hasiko zaio dantzan bisitariari. Historiako pasarte ugariren lekuko izan da paraje hura. Bistakoa da, duen kokapen estrategikoari erreparatuta soilik. Itsasoak astintzen dituen haitzetatik eta eremuetatik barrura, Busturialdeko itsasadarrerako bidea zabaltzen da; ur gazia eta geza elkartzen diren ingurua, hain zuzen.
Bikingoak itsasadarrean
Hura da lurrean barrena egiteko pasabidea. Garai zaharretara egin behar da atzera dakkar-ak itsasadarrean barrena sartzen imajinatzeko. Brankan dragoi baten buruaren irudia zeramaten bikingoen itsasontziek, eta uste dute Mundakan sartu eta bertan eta inguruetan kokatu zirela. Oso itsasontzi arinak eta azkarrak zerabiltzaten. Erreketan barrena sartzeko gai ziren, sakonera txikia zutelako. Bikingoek eta eskandinaviarrek ontzi horiek erabiltzen zituzten herrietan barrena oso azkar sartzeko.
Historia eta kondaira nahastu egiten dira pasadizo horiek gogora ekartzerakoan. Bikingoak itsasadarrean barrena irudikatzea ez da zail gertatuko neguko hotza iristen denean; hatsa bera ere izozten den egun horietako batean Santa Katalinara joan eta itsasoari begira paratuz gero, bederen.
Uste dute IX. mendean iritsi zirela Busturialdeko lurretara historian zehar basati gisa irudikatu diren Eskandinaviako jatorrizko herritarrak. Anton Erkoreka adituak hala uste du. Eta ikerketa arkeologikoak egin beharko liratekeela adierazi du.
Eleberrietan ere, presente
Errealitate izan daitezkeen historiako pasarteak eleberrien iturburu ere izan dira. Besteak beste, Oskar Benegas sendagile bilbotarrak Brujas del viento (Haizearen sorginak) eta Basabe liburuak argitaratu ditu azken urteetan.Urdaibai aldeko kondaira batean oinarrituta daude. Haren arabera, Europa iparraldeko edo Eskoziako —ez dago oso argi— neskato bat itsasontzi bikingo batean iritsi zen Mundakara, eta hondartza batean utzi zuten, bakarrik. Eskoziako printzesa bat zen. Kondairaren arabera, Jaun Zuria Bizkaiko I.engo jaunaren ama izan liteke. Emakume hura lider bihurtu zen Erdi Aroan. Elezahar horrek azal lezake zergatik bihurtu zen Mundaka Bizkaiko lehenengo elizate.
Handik aurrera ere, hainbat gatazka eta borrokaldiren lekuko izan dira Santa Katalina ermita eta haren inguruko landa eta harkaitzak. Erdi Aroaren bukaera aldetik eta XIX. mendea ondo sartu arte, Bizkaiko Jaurerriaren eginbeharretako bat foruen markoa babestea eta lurraldearen defentsa militarra bermatzea izan ziren. Santa Katalinak ere bete zuen bere lana arlo horretan. Gotorleku txiki gisa aritu zen hainbat urtez. Oraindik gaur egun bistakoak dira zaintzara bideratutako kokalekuen zuloak; itsasoari so zeuden begientzako babesguneak. Itsasoa zen-eta garai hartan arrisku bakarra; handik gerturatzen ziren Bizkaiko lurraldetik kanpoko mehatxuak.
Kostaldearen defentsa bermatze aldera, aldundia eta Mundaka bezalako hainbat herritako bizilagunak elkarlanean aritzen ziren, balizko eraso horiei aurre egin ahal izateko. Dena den, herriek autonomia izaten zuten antolaketarako.
Naturaren astinduen mende
Kresalaren eragina zein ekaitzak eta itsasoaren astinduak pairatu dituzte Santa Katalina penintsulak eta bertako ermitak. XVI. mende aldera eraiki zuten jatorrizko ermita. Gaur egungo eraikina baino txikiagoa zen lehenengo hura. Gotorleku txikiaren ondoan zegoen. 1879an eraitsi zuten, eta, herriaren dirua baliatuta, sei urte geroago eraiki zuten berri bat. Hainbat eraldaketa eta zaharberritze lan egin dizkiote. Hala, sarrerarako bidean alde batetik eta bestetik eskailerak dituen ermitaren irudia erabat aldatu da urteen poderioz.
1980ko hamarkadan eraberritu zuten azkenekoz. Hala ere, iaz beste obra txiki bat egin behar izan zuten. Ekaitz batek kanpandorrea goitik behera bota zuen. Tximista batek bota zuen bi urte lehenago konponduta zegoen ezkilategia. Izan ere, historian zehar babesgunearen adierazgarri izan den eremua, babesik gabe dago eguraldiaren zakartasunaren eta itsasoko kresalaren eraginen aurrean.
Mundakara joaten den orok nahitaezko bisita du historiaz eta pasadizoz betetako eremu horretan. Surfaren herriak badu-eta bestelako xarmarik. Uda garaian izugarri handitzen da bisitarien kopurua. Neguko bakardadeak bestelako interesa ematen dio kostaldeko eremu horri. Itsaso zakarrak eta eguraldi kaskarrak Santa Katalina eder bezain beldurgarri bihur dezakete; baina, betiere, erakargarri.