Ainhoa Larrabe Arnaiz
Francoren diktadurak iraun zuen 40 urteetan gorde zen gezurra, eta egia azaleratzea zaildu du horrek. 81 urte igaro diren arren, eztabaida politiko bizia sortzen du oraindik 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketaren auziak. Kontakizuna da guztiaren gakoa: gertakariari buruz zer esaten den eta 1936ko gertakariak nola oroitzen diren. Hilaren 10ean Espainiako Senatuko Justizia Batzordean jazotakoa da adibiderik hurbilena: PPk gelditu egin zuen Gernikako bonbardaketa lantzeko adituen nazioarteko kongresu bat antolatzeko proposamena, argudiatuta halako ekitaldi batek 1936ko gerrako gertakarien azterketa “partziala” bultzatzen duela.
Gernikako herri eragileek, ordea, eutsi egin nahi diote erakundeetatik geldiarazi nahi den ibilerari, eta ekitaldi sorta bat antolatu dute bonbardaketaren 81.urtemugaren harira. Astelehenean, adibidez, Lobak kolektiboak Gernikako sarraskiak udalerrian utzitako aztarnei buruzko egitasmo bat aurkeztuko du: 2037 Memoriaren mapa. Halere, egitarauaren prestaketan ez ezik, gernikarrek ardatzak marraztu dituzte aurrera begira elkarlanean aritzeko; besteak beste, egia historikoa lantzea eta 1937ko apirilaren 26ko gertakariei buruz inposatutako gezurra salatzea.
Pablo Picasso margolariaren Gernika izan da, historikoki, eskaera horien bilgunea, eta aurrerantzean elkarlanean arituko dira margolan hori Gernikaratu dadin. “Desberdinen arteko lotura da Gernika“. Hala azaldu du Sabin Ibazetak, Gernika Batzordeko kideak. “Gernika koadroa gure paisaia emozionalean txertatuta dagoen irudia da, urte luzez eta etxe askotan izan den irudia”. 1936ko gertakarien ikurra bihurtu da Gernika, eta, horregatik, margolana Gernikaratzeko eskaera Euskal Herriko oroimen kolektiboaren eraikuntzari lotzen zaio, nolabait. Izan ere, aski ezaguna da 1937ko Gernikaren aurkako erasoa ez zela hutsala izan; gizarte zibilaren aurka egin eta armategi berria erabiltzea ez ezik, erasoak euskalduntasunaren aurka egitea zuela helburu.
Koadroaren esangura
Euskal askatasunen ikurra zen Gernika. Horren adibide dira Wilhelm von Humboldtek Euskal Herrira egindako bigarren bisitaldiaren ondoren idatzitako testuak, William Wordsworth poeta ingelesak 1810ean publikatutako The Oak of Guernica poema eta Jose Maria Iparragirrek 1853an idatzitako Gernikako Arbola kantua. Herriaren sinbologia horrek lagundu zuen, besteak beste, apirilaren 26ko sarraskia mundura zabaltzen; era berean, sarraskiak, Gernika memoriaren leku bihurtu zuen nazioartean. Horregatik, hein handi batean, Gernika Gernikaratzea gertakarien aitortzarako ezinbesteko elementua ere bada.
Ibazetaren hitzetan, margolana jende askotarikoa biltzen duen aldarrikapena da. Eta azken hamarkadetan egindako hainbat eskaera ekarri ditu gogora, tartean 2013an Gernikako Udalak margolana herriratzeko egindako eskaera eta, iaz, bonbardaketaren 80. urtemugaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak egindako lege proposamena. Hari horri eutsi nahi diote orain. “Ez dugu bonbardaketaren urtemugaren datetara mugatzen den aldarrikapena izatea nahi; jarraipena izatea nahi dugu. Borondatezko atxikimendu batetik datorren aldarria izatea nahi dugu”.
Pixkanaka egingo dute aurrera, eta, herriko elkarteak bildu ondoren, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei egin diete elkartzeko deia. Astelehenean dira batzekoak: “Ez da erraza izango”. Ibazetak argi du zaila izango dela Gernika Madrileko Reina Sofia museotik mugitzea, baina, arazoei erreparatu baino, eremu politikoan jarri du arreta. “Ez da erraza izango. Espainiako Gobernu frankistaren itxuraldatze demokratikoaren ziurtagiria izan zen Gernika“. Koadroa New Yorken izan zen frankismo garaian, eta Picassok berak agindu zuen margolana ezingo zela Espainiaratu harik eta eskubide demokratikoak ezarri arte. “1981ean lortu zuten Gernika Madrilera eramatea, nolabait, demokrazia ezarrita zegoela irudikatzeko operazio argi batean”.
Gernikak nazioartean duen esangurari ere begiratu dio Ibazetak. “Azken urteetan, sarritan erabili dugu Gernikak kontzeptua”. Ekialde Hurbileko gerrak sortzen ari diren egoerez ari da. “Enpatia ariketa bat bultzatu dugu sufritzen ari direnekin; gehienbat sufrikario horien ondorioz, behartuta, erbesterako bidea hartzen duten pertsona horiekin”. Asteartean egingo dute gaiari buruzko hitzaldia. Gerrak hemen hasten dira goiburupean arituko dira solasean Ignacio Robles, armagintzaren aurkako suhiltzailea, eta Nati Oliveiro, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea.
Aldarrikapen historiko bati helduko diote gernikarrek datozen asteetan, Gernika koadroarekin batera, 1936ko gertakarien egia historikoa Gernikaratu dadin indar egiteko.