Parke eder baten erdian dago Zallako udaletxea. Eguerdi partean, aitona-amonak eta umeak zuhaitz artean paseatzen eta jolasten ikus daitezke. Izan ere, parkea inguratzen duen hesia irekita dago beti. Udal gobernu berriak maiatzean hartu zuen lehen erabakia, hain zuzen ere. Hesitik at herria dago. Bost solairuko etxeak, errepideak eta autoak. Auto gehiegi direla nabaritu du Javi Portillo Zallako alkateak, udaletxeko balkoitik begira dagoela. Bizikleta gehiago ikustea gustatuko litzaioke, herritarrak kaleetatik paseatzen.
Herria bost auzotan sakabanatuta egon arren, auzo bakoitzak bere nortasun propioa du, eta hori errespetatu gura du Udalak. Baina, aldi berean, herriaren identitatea indartu gura dute. Horretarako, aurreko hilabetean auzo bakoitzean bilerak egin zituzten, auzotarren nahiak eta kexak jasotzeko asmoz. Hilaren 20an, berriz, batzar irekia egingo dute herrian, jasotakoa mahai gainean jarri eta, datozen urteetan, Udalak zein proposamen gauzatuko dituen azaltzeko. Udalaren irudi ofizial berria eta udal aldizkaria ere aurkeztuko dituzte. “Batasuna lortu gura dugu herrian; guztiok herriaren onerako lan egiteko prest egotea, proiektuak batera aurrera eramatea”. Horixe da Portilloren itxaropena; aspaldi izan zen Zalla parte hartzaile eta bateratu hura berreskuratzea.
Izan ere, Zalla Bai herri plataforma horretarako sortu zen: apurka-apurka lokartzen ari zen herria esnarazteko. Erabakia hartu orduko, baina, hauteskundetarako alderdi berriak aurkezteko epea pasatuta zegoen jada, eta Aralar moduan hartu zuten parte. Hala ere, independenteak direla azpimarratu du alkate berriak. “Ez gara politikan aritutakoak. Gure muga eta gure helburua udal politika da, ez beste ezer”. Heldu berriak izan arren, ideiak argi dituzte. Nahiz eta gehiengo osoa duten, beste alderdi politikoei udal gobernuan zinegotzi bana izateko proposamena egin zien, Zalla guztien artean eraikitzea garrantzitsutzat jotzen baitute. Bilduk eta PSEk baietz esan zuten; EAJk, berriz, ezezko borobila. Hala ere, baikor ageri da Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Portillo, Zallan dagoen lehen alkate euskalduna. “Sei hilabeteren ostean, alderdi ezberdinetako zinegotzien arteko elkarlana herriarentzat positiboa delakoan nago”.
Badaki erronka galantak dituela. Krisialdi ekonomikoa kudeatu beharko dutela. Horrexegatik, enplegua sortzea ere dute helburu, herrira jarduera ekonomikoa ekartzea. “Jendeak orain gehien behar duena lanpostu bat da, eta horretan gabiltza”. Diru sarrerak murriztu dira. Hala ere, bankuan nahiko diru daukate. “Aurreko agintaldietan utzi diguten defizita zerbitzuetan daukagu”, salatu du. Polemika ez sortzearen aldekoa da Portillo. Hortaz, urteetan udal gobernua osatu duen EAJk Zalla Bai heldu berriarekin izandako jarrera ez dela “atsegina” izan besterik ez du azaldu. “Hutsetik hasi behar izan dugu”, gaineratu du, labur.
Hutsetik hasi arren, baina, badaude zuzendu beharko dituzten aspaldiko gai gatazkatsu batzuk. Cadagua ibaiaren bideratze proiektua edo Las Lagunas izeneko eremuan Zallaren gain-gainean dagoen zabortegia, besteak beste. Hala ere, Portillok ez du horretaz berba egin gura. “Ez dut esango txarto ala ondo dauden. Nire ustez, horien inguruan egon den informaziorik eza da gabezia nagusia. Horrek mesfidantza handia eragin du jendearengan. Orain, udalak konfiantza hori berreskuratu beharko du”.
Hortaz, aurrera begira udal gobernuak bultzatuko duenari buruz berba egitea nahiago du Portillok. Osasun zentro handia Zallan eraikitzea, hizkuntza eskola handitzea edo haur eskola indartzea dira etorkizunean garatu gura duten proiektuetariko batzuk. Hori bai, irizpide teknikoak kontutan hartuz. “Aurreko alkateak ez zuen egiten. Bera zen arkitektoa eta ingeniaria, eta, horren ondorioz, erabili ezin den zazpi milioiko frontoi bat daukagu herrian, txarto eraikita dagoelako”, kritikatu du, gogor.
Gazteak herriko dinamikan
Proiektu berriak martxan jartzeko buru-belarri ari da lanean. Pasguren eta El Longar poligonoetan, esaterako, hainbat proposamen berritzaile erredakzio fasean daude. Zehazki, El Longarreko hotel-jatetxearen kudeaketa enpresa pribatu bati bakarrik eman beharrean, herriko langileekin kooperatiba bat sortu gura dute. Euskara teknikari lanpostua ere sortuko du Udalak. “Euskararen erabilera bultzatu gura dugu, gazteen artean batez ere”. Izan ere, gazteria garrantzi handiko gaia da Portillorentzat.
Gazteak biltzeko erabilitako lonjen egoera normalizatu gura du. Herriko dinamikan sartu. “Gazte hauek egiten dituzten ekimenak zabaldu gura ditugu, elkarbizitza bultzatuz, auzokide eta gazteen arteko arautegi bat adostuz”, adierazi du. Hortaz, EHUrekin sinatutako hitzarmen baten bidez, Zallako gazteriari buruz analisi bat egingo dute. Eskualde mailan ere lan egiteko gogoa du Portillok. Enkarterriko identitatea bultzatuz, eta krisi ekonomikoari aurre eginez, herri eta kolore politiko guztiak batu nahi du hainbat jarduera ekonomiko sortzeko.