Ainhoa Larrabe Arnaiz
Hobiaren inguruko lur guztia galbahetik igarotzeko agindu zuen Paco Etxeberria auzi mediku eta Aranzadi zientzia elkarteko lehendakariak, Larrabetzuko Urkulu mendian, 36ko gerrako borrokalariaren arrastoak aurkitu zituzten eremuan. Lur artean egon daitekeen edozein aztarna da garrantzitsua giza hobi batean. 09:30ean abiatu zituzten aurkitutako hobia azaleratzeko lanak, larunbatean. Ez zegoen toki onean, Etxeberriaren arabera. “Zona malkartsua da. Hobia aldapan behera dago; eta, ondorioz, arrastoak sakabanatu dira. Zaila izango da ezer berreskuratzea”. Lanak bukatzear, 13:15 aldera, oihu egin zuen galbahearekin lanean ari zen gazteetako batek: “Identifikazio txapa agertu da!”. Gudariaren zenbakia du identifikazio txapak, eta, datozen egunetan, zenbaki horri esker jakingo dute zeintzuk diren borrokalariaren izen-abizenak.
Joan den urtean aurkitu zuten Urkulu mendiko hobia Alberto J. Sampedro Euskal Prospekzio Taldeko kideak eta Sergio Mondinak, metal detektagailuarekin mendia aztertzen ari zirela. Aurretik, beste bi hobi aurkitu zituzten eremu berean —identifikatu gabeko borrokalari batena, lehenik; eta Ramon Portillo CNTko Celta brigadako kidearen giza hobia, gero—. Aranzadik ingurua aztertzeko eskatu zien prospekzio taldekoei; beste hobirik ba ote zen aztertzeko.
Esan eta egin. Denbora gutxira errepublikaren aldekoek erabiltzen zituzten balak eta garai hartako Jaurlaritzaren armarria duen gerrikoa aurkitu zituzten Sampedrok eta Mondinak, baita 36ko gerran erabiltzen zituzten balak ere. Ingurua gehiago arakatzean konturatu ziren materialaren jabea zena ere hantxe lurperatuta zegoela. Masailezurra eta besoko hezurra ikusi, eta hobiari buruzko abisua eman zieten Aranzadiko kideei berehala. Joan den larunbatean azaleratu zuten. Arrasto gutxi berreskuratu badituzte ere, izen-abizenak jarriko dizkiote borrokalariari, aurkitutako txapari esker. Artxibategietan ari dira lanean orain; 36ko gerran borrokan aritu zirenen izen zerrendetan txaparen zenbakia daramanaren bila.
“Garezurren mendia”
Gamiz-Fika, Morga eta Larrabetzu arteko mendixka da Urkulu, eta haren hegoaldean aurkitu dute borrokalariaren gorpua. 1937ko ekainaren 11n, borroka latzak izan ziren Urkulun. Eta garrantzi berezia dute gertakari horiek, Burdin Hesia esaten zaiona hausteko lehen urratsa izan baitzen Urkuluren aurkako erasoa. Errepublikanoen aldekoen UGT 2 batailoia izan zen borrokan, hobia aurkitu duten inguruetan, eta bando frankistak egindako erasoari zortzi orduz eutsi zion.
Frankistek Urkulu hartu ondoren, posizioak berreskuratzeko kontraerasoa ere egin zuten errepublikaren aldekoek egun bereko iluntzean, aire armadarik ez zegoela baliatuz. Asturiasko batailoiak, Sacco y Vanzetti batailoia eta Abellaneda batailoia izan ziren mendixka berreskuratzen saiatu zirenak. Baina ez zuten lortu, eta egunsentiarekin batera egin zuten atzera. Borroka odoltsu gisa deskribatu zuten ordukoa kazetariek, eta Urkulun ehunka hil zirela diote. Garezurren mendia zeritzona zen.
Behin Larrabetzuko mendixka hartuta, Bilbo defendatzen zuen sistema parez pare begiztatzen zuten frankistek, 1.500 metro ingurura. Posizio horiek erabili zituzten matxinatuek Burdin Hesiari eraso egiteko. Urkulu hartu eta hurrengo egunean, ekainaren 12an, egin zuten erasoa. Larrabetzu eta Fika arteko mendialdean ireki zuten arrakala, eta zazpi egunera hartu zuten frankistek Bilbo.
Urtebeteko epean Larrabetzun azaleratzen duten laugarren hobia da larunbatekoa. Urkulu mendian beste bi borrokalariren hobiak aurkitu zituzten 2016ko urtarrilean. Metal detektagailuekin aurkitu zituzten bi-biak Euskal Prospekzio taldeko kideek. Bi aurkikuntza horien ondorioz erabaki zuten Urkulu mendia sakonago arakatzea; eta azaleratu berri duten hirugarren hobiarekin egin zuten topo.
Legina auzoan ere aurkitu zuten beste hobi bat joan den urtean. Larrabetzuko bi herritarrek emandako informazioari esker lortu zuten hobiaren kokapena. 2015etik ari dira ikertzen 36ko gerra eta frankismoa Larrabetzuko Karraderan elkarteko boluntarioak. 36ko gerra bizi izan zuten herritarren lekukotzak hartu, eta, besteak beste, herria inguratzen duen Burdin Hesiaren aztarnak babesten dihardute.