Bilboko umeek euskara gozatzeko plaza

Bilboko umeek euskara gozatzeko plaza

Alaitz Armendariz

Abian da Bilboko Udalaren Ikusi eta ikasi programaren hamahirugarren edizioa. Egitarauaren barnean 60 ikuskizun eta tailer baino gehiago prestatu dituzte, 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat. Bilboko Udalak Topagunearekin batera antolatutako ekimena astelehenean hasi zen, eta apirilaren 5ean bukatuko da. Ia lau hilabete iraungo du, hortaz. Berrikuntza gisa, helduentzako emozioen inguruko hitzaldi bat egongo da aurten, seme-alabei euren etxeko lanekin laguntzen ikasteko, eta sendabelar tailer bat ere egingo dute. Aurten, hiru auzo gehiagotara helduko dira egitarauaren jarduerak; zehazki, Abusu, San Ignazio eta San Adrianera.

Apirilera bitarte iraungo duen egitarauan askotariko 66 ikuskizun izango dira: antzerkia, magia, txotxongiloak, pailazoak, musika, ipuin-kontalariak… Tailerrak ere egongo dira, hala nola sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelar tailerrak. Tailer eta ekintza guztiak 18:00etan hasiko dira, Deustuko Bidarte udaltegikoak izan ezik, 11:00etan hasiko baitira horiek. Ekintzok hiriko udaltegi, liburutegi eta aretoetan egingo dira.

Ekimenaren xedea aisialdian eta modu dibertigarrian euskara sustatzea da, kulturaren bidez hezkuntza ere sustatuz eta kalitatezko egitaraua eskainiz. Aurten, iaz baino tailer gehiago egongo dira: guztira, 31 ikuskizun, 28 tailer eta zazpi hitzaldi. Jendeak nahi duen tailerrean parte hartzeko “aukera bera” izateko, aurten zozketa bidez aukeratuko dituzte parte hartzaileak. Horretarako, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Hurrengo udaltegi, areto, liburutegi eta eskoletan izango dira ikuskizunak: Abandoko, Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañosko, Santutxuko eta Zorrotzako udaltegietan; Bilborock eta Indautxuko Karmen aretoetan; Abusuko liburutegian; San Ignazioko Euskararen Etxean, eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan.

Gurasoentzako hitzaldiak

Helduentzako tailerrak Iñaki Eizmendi hezitzaileak eta Eukene Larrea psikologo eta terapeutak eskainiko dituzte. Eizmendik gaztelaniazkoak emango ditu, helduei orientabideak emateko: euskaraz ez dakiten gurasoei seme-alabei etxeko lanetan lagundu ahal izateko gomendioak emango dizkie. Larreak, berriz, euskaraz emango ditu. Horiek gurasoak emozioetan heztea eta emozioen kontrol ona edukitzea izango dute xede, seme-alaben etorkizunerako “gako” delako. Hitzaldietara joateko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, baina lekuak mugatuak izango dira.

Umeentzako antzerkien artean, bi nabarmendu daitezke. Errekaldeko Udaltegian Zirtaka antzerki taldea arituko da Zu eta ni, sudurluze bi antzezlanarekin, otsailaren 10ean. Robustiana eta Zeledonio pertsonaien gorabeherak kontatzen ditu ikuskizunak, eta nola moldatuko diren bien artean egoera dibertigarrien bidez dirua lortzeko. Beste antzerkietako bat Bapatean Zirko izango da: zirkua eta antzerkia nahasten dira bertan. Pon eta Pa pertsonaiek Ponen urtebetetzea ospatuko dute malabare, akrobazia eta xaboi ponpa artean, Errekaldeko Udaltegian, otsailaren 10ean.

Magia ikuskizunak ere ez dira faltako. Besteak beste, Madiber Magoa Begoñako udaltegian arituko da otsailaren 9an, eta Kidam Magoa, berriz, Errekaldekoan, otsailaren 24an. Udaltegietatik kanpo, Bilborocken ere egongo da magia ikuskizunik: martxoaren 10ean, Eriz Magoa egongo da. Horrez gain, ipuin kontaketak ere izango dira gozagai. Otsailaren 26an, Ameli ipuinen jostuna ipuina irakurriko dute Abandoko udaltegian.

Iaz, 6.505 pertsonak parte hartu zuten lau hilabeteko egitarauan, euskararen erabilera bultzatzeko jarduera guztietan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

ikusietaikasi.net