Oparitu dizuten azken katilutik ateratzen den lurrunak ezkutatzen du sukaldeko leihotik ikusten den Kolitza mendiaren profila. Garai bateko arrainak, “ur handitako arrainak”, etortzen zaizkizu burura, baina une honetan ahaztuta dituzu bi liburu betetzeko erabili zenituen marrazkiak, esaldiak eta egunkarietako paper apurrak, irudien biltegia osatzeko bete zenituen kartoizko karpeta urdinetan ondo gordeta daudenak.
Azken bolada honetako aurkikuntzak oparitu dizu arrainaren egitura xumeak dituen katilua. Zeramikaren gaineko esmalte urdinak aukeratu ditu arrainekiko duzun zaletasuna, beste jarduera batekin lotzen baitu, elkartzen zareten apurretan arraina erosten baituzu bizitzaren une gozoak ospatzeko beharra duzulako. Behatzen du itsasotik heltzen diren modeloak nola marrazten dituzun, nola prestatzen dituzun su motelean zein txingarretan, bero egokiak bihurtzen baititu gozo aho sabaian.
Finean, Kolitzapetik badakigu orokorrean gauza horiek egiten, janariaren bitartez metaforak sortzen, bihotzak zaintzen, begiradak elikatzen. Mundu zabalera hedatzen ditugu putxerak, tipulak, gaztak, ardikiak, behikiak, txakolina… Kinka larrian dagoen lehen sektorearen jardunaren emaitza denon gozamenerako mahai gainean jarriz, esku leunak gozotzen eta gozatzen dituzten bitartean. Ja(n)kituria hori eremu pertsonalagoetan ere erabiltzen dugu azukrezko koxkorra limurtzeko.
Su eztian zauden bitartean bi berri heltzen dira zuregana. Baten atzetik urte batzuetako ikerketaren datuak daude. Burdina, nikela, sufrea eta beste ekaiekin dituen lurraren nukleoaren abiadurak eta mugitzeko erak ez dute zerikusirik kanpoaldearekin. Bizitza eta izaera propioa dituzten geruza hauek badaramate mugimendu bat norabide berean, baina erritmo ezberdinetan, horrek mugimendu erlatiboa aldatzen du, eta atzeraka doala ematen du, beste norabide batean… Baina berbera omen da. Zur eta lur.
Agian ez dut ondo ulertu, ala irakurketa azkarra egin dut, bapateko klikaren bila doazen kazetarien antzera. Baina denboraren perzepzioarekin lotu dut: ez dakigu denbora luzatzen den ala erreferentzia kontua den… Zein izarren eta zein planetaren inguruan biratzen garen izango da.
Horretan zauden bitartean minbiziak eramaten du aurretik ia adinkidea den emakume ezaguna, bere semea adinez nagusi bihurtzen den egun berean. Urtebeteko iraupena eman ziotenean, egun horretara heltzea zuen helburua. Bizitzaren zentzua zein den. Nola agurtu bera, nola bizi, kontuan harturik norberaren aurrekariak. Kolitzaren maldetatik aireratu beharreko duda-mudak dabiltza, ingurutik pasatzen diren trenak ezin ihesi utzi. Dakiguna da ez ditugula une guztiak berdin bizi. Eguneratu beharra badu ere, gizaki guztiak barneratzeko bederen, Sarako elizaren dorretik gogoratzen digute: “Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen”.