Olatz Enzunza Mallona
1991tik antolatu izan du BBK fundazioak Pagasarri mendiko igoera. Egutegian gorriz markatutako ekitaldia zen herritar askorentzat, eta, hori oinarritzat hartuta, beste proiektu bat aurkeztu du aurten fundazioak: BBK Mendi Martxak. Bizkaiko Mendizale Federazioarekin eta zenbait eskualdetako mendi elkarteekin lankidetzan antolatu dute, eta, antolatzaileen arabera, lurraldea eta habitata zaintzeko eta babesteko konpromiso “premiazkoa eta ezinbestekoa” aldarrikatu nahi dute. Astelehenean abiatuko dira, Urduñan, Txarlazo mendiaren igoerarekin. Abendura bitarte, Bizkaiko beste lau tontorretara igoko dira: Ganguren, Tallu, Ubieta eta Pastorekorta.
Prestatzea, jardutea eta ezagutzea. Antolatzaileen arabera, hiru helburu nagusi horiek izango ditu BBKren proiektu berriak. Hau da, esan dutenez, lurraldea zaintzea eta babestea, jasangarritasunaren ikuspegitik kontzientzia hartzea, mendizaletasuna sustatzea, eta gizarte osoarentzako proiektu inklusibo bat izatea, “inolako bereizketarik egin barik”.
NBE Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agendan zehaztutako garapen jasangarrirako helburuekin bat egiten du egitasmoak, eta, horrez gainera, zaintza lana ere aldarrikatu nahi izan du Koldo Bilbao BBK-ko arloko arduradunak: “Datozen belaunaldien etorkizuna bermatzeko, gure ingurunea zaintzen hasi behar dugu; eta ingurunea hobeto ezagutzeak maitatzera eramango gaitu. Izpiritu horrekin jarri dugu abian ekimena”.
Mendi irteera gidatuak, inklusiboak eta dog friendly erakoak —txakurrekin egin ahal izatekoak— izango direla aurreratu dute, eta guztiak, gainera, doakoak izango dira. Hala ere, parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik izena eman beharko da mendi federazioaren webgunean: Bmf-fvm.org.
Era berean, ziur daude txangoak egin ostean ingurune “garbiagoa eta zainduagoa” lortuko dutela. Izan ere, irteera horiek guztiak baliatuko dituzte zero hondakin bilketak egiteko.
Astelehenean egingo dute lehenengo igoera, Urduñako Txarlazo mendira (927 metro), eta datozen hilabeteetan izango dira hurrengo lau txangoak: irailaren 11n, Gangurenera (477 metro) iritsiko da BBK Mendi Martxa; urriaren 9an, Tallura (344 metro); urriaren 16an, Ubietara (632 metro); eta abenduaren 18an, Gangoiti-Pastorekorta zirkuituarekin emango diote amaiera. Guztira, hamabi eta hamabost kilometro arteko ibilaldiak izango dira, 400 eta 700 metro arteko desnibelekin. “Segurtasunez ibili ahal izango da txango bakoitzean, eta pistek eta bidezidorrek ez dute zailtasun tekniko handirik izango”, gaineratu du Bilbaok.
Eskema bera
Urduñan, Galdakaon, Zallan, Mungian eta Bilbon egingo dituzte, beraz, bost mendi martxak, eta irteera bakoitzean eskema bera erabiliko dute. Izan ere, ibilaldiez gainera, ingurumen sentsibilizaziorako zenbait ekintza prestatu dituzte BBK fundazioak eta mendi taldeek.
Hasteko, ibilaldia baino egun batzuk lehenago, ingurune naturala zaintzeko ikerketaren eta konpromisoaren arloko aditu batzuek zenbait hitzaldi egingo dituzte. Lehenengo biak klima aldaketari buruzkoak izango dira: datorren astelehenean, Jeronimo Lopez Geologia Zientzietako doktore, ikertzaile, alpinista eta Antartikan espezializatua den irakasleak Izotza, mendiak eta klima aldaketa hitzaldia eskainiko du, Urduñan, Alondegiko ekitaldi aretoan; irailaren 15ean, berriz, Odile Rodriguez de la Fuente ingurumena zaintzeko kontzientziazioari buruzko dibulgatzaile zientifikoak Aldaketarako klima hitzaldia emango du Galdakaon, Torrezabal kultur aretoan.
Zenbait ingurumen ekintza egiteko ere aprobetxatu nahi dute mendi martxa bakoitza. Besteak beste, errekak edo eremu jakin batzuk garbitzeko, haziak batzeko, edota espezie autoktonoak bertako lurretan landatzeko. Urduñan, esate baterako, La Muerako aisialdi eremua garbituko dute; Galdakaon, Txaketolandako eremua eta Arantxileko errekaren ingurua; Zallan, Bolunburu aldea; eta, Mungian, Butroe ibaiaren ingurua. Pastorekortako igoerako ibilaldiari lotuta, berriz, espezie autoktonoetako ehunka zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte, Lurgaia fundazioaren eskutik.
Bost mendi martxak hurbileko mendietara egingo dituztenez, laguntzarako, prebentziorako eta hornidurarako “ahalik eta baliabide gutxien” eramateko gomendioa egin diete antolatzaileek mendizaleei.