Ilusioen baso magikoa

Ilusioen baso magikoa

Olatz Enzunza Mallona

Gabonak gerturatzen ari diren honetan, Euskal Herriko haur eta heldu asko egongo dira Olentzeroren esperoan. Horietako batzuek, baina, agian ez dute jakingo Olentzero Mungiako Landetxo Goikoa baserrian bizi dela Mari Domingirekin. Egunotan lanpetuta dabiltza, azken orduko opariak prestatzen, baina bertara azaltzen den edonor besoak zabalik hartuko dute.

Euskal mitologiari buruzko lehenengo interpretazio zentroan dago Olentzeroren baserria, Izenaduba Basoan. 6.000 metro koadro inguruko parkea da, eta askotariko pertsonaia mitologikoak daude bertan: besteak beste, galtzagorriak, Maritxu teilatuko, Basajaun, Anbotoko Mari eta laminak. Bisita gidatu guztiak antzeztuak izaten dira, eta horietako bakoitzean askotariko kondairak eta istorioak kontatzen dizkiete bisitariei.

Taldeak 25 pertsonakoak izaten dira. Talde bakoitzak ibilbide bat egin behar izaten du, eta puntu jakin bakoitzean euskal mitologiako pertsonaia bat ezagutzeko aukera izaten dute. Aurten, gainera, sakelako telefonoan edo tabletan Izenaduba Basoa deituriko aplikazioa jaisteko eskatu diete herritarrei, haren bitartez bisita gidatua behar bezala egin ahal izateko.

Bisitez gainera, jolasak eta tailerrak ere eskaintzen dituzte Izenaduba Basoan. Hauek dira horietako batzuk: sendabelarrak ezagutzeko Sorginen Baratza, Napo astoaren abenturak eta jolas tematizatuak. Horiez gainera, 3D simulagailua ere badago, eta bisitariak euskal unibertso mitologikoan barneratzea du helburu.

Haurrei zuzendutako bisitak ez ezik, helduentzako bisita gidatuak ere badaude aukeran. Izan ere, Olentzeroren etxeak esanahi handia du Bizkaia osoan: lurraldeko baserririk zaharrena da. Landetxo familiak eraiki zuen, 1510. urte inguruan, eta handik dator baserriaren izena ere: Landetxo Goikoa. Haren bitartez, haien estatus altua erakutsi nahi izan zuten Mungiako gainontzeko herritarren aurrean.

Zehazki, muino batean dago baserria, Butroi ibaiko uren eraginetik babesteko asmoz, eta, horrez gainera, belardi eta soro zabalak ere baditu inguruan. Aldez aurretik diseinatutako puzzle batean bezala, eraikineko pieza guztiak elkarren artean lotuta daude, eta egurrezko egitura eta harria dira eraikinaren material nagusienak. Horrez gainera, XVI. mendeko haritz arkitekturaren erabilera ere nabaria da.

Baserria bertatik bertara ezagutzeko, ordu eta erdiko bisita gidatuak eskaintzen dituzte, eta, gutxienez, hamabi laguneko taldeak osatu behar dira. Eraikina ikusteaz gainera, garai hartako bizimodua berriro gogoratzeko aukera ere izango dute bisitariek. Izan ere, Izenaduba Basoko kideek zehatz azaltzen dituzte baserriko bizitzak zituen xehetasunak: landa zein abere lanak, usadioak, sineskerak… Gainera, Euskal Herrian esanahi berezia duten sinboloetako batzuk lantzeko ere baliatzen dute bisita: besteak beste, eguzki loreak, aizkorak, beheko sua eta lizarrak.

Aurten, bisita gidatuaren osagarri gisa, eguzki loreen erakusketa bat jarri dute martxan baserrian bertan. Gorka Urrestieta artista da obren egilea, eta “arte eta naturaren elkartasunaren eredu” dira. Egurraren gainean eskuz landutako eguzki loreek osatzen dute erakusketa.

Basajaun

Urte eta erdiko etena

Pandemiaren ondorioz, urte eta erdiz itxita egon da Izenaduba Basoa. Hala ere, abenduaren hasierarekin batera, berriz ere zabaldu ditu ateak, eta herritarrek gogoz hartu dute irekiera. Dagoeneko salduta daude egunotarako sarrera gehienak, baina oraindik ere badago gutxi batzuk eskuratzeko aukera Izenaduba.com webgunean.

Etena, batez ere, berrikuntzak egiteko baliatu dute. Besteak beste, gunean konponketak egin dituzte, pertsonaia berriak jarri, argitasun berezia ezarri eta larrialdi klimatikoaren aurrean kontzientzia hartzeko proposamen didaktiko bat landu dute. Indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuz egingo da bisita: beharrezkoa izango da maskara une oro erabiltzea, eta segurtasun distantziak ere etengabe gorde beharko dira.