“Makina morea eta indartsua”

“Makina morea eta indartsua”

Ibai Maruri Bilbao

“Makina morea eta indartsua”. Horrela deitu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Santurtziko Sotera trainerua. Joan den domekan eskuratu zuten Portugaleteko urtetan aurtengo Eusko Label ligako koroa. Astelehenean, Bizkaiko Foru Aldundiak harrera egin zien, Bilboko Foru Jauregian. Rementeriak aitortu du arraunzalea dela eta “izugarri gozatu” duela Santurtziko arraunlariekin.

Are gehiago: zaletasun horretatik, talde moreak bukatu berri den udan egin duen ibilbidea ere aztertzera ausartu da. Bi mugarri aipatu ditu ahaldun nagusiak. Lehena, abuztuaren 28an lehiatutako Aresko bandera (Galizia). “Ordura arte Hondarribia zetorren aurretik, indartsu. Egun hartan ehunen batzuengatik irabazi zenuten bandera. Zuentzat garaipen hura bultzagarria izan zela esango nuke”. Biharamunean, abuztuaren 29an, Moañako banderan (Galizia) lau segundoren aldearekin aurreratu zitzaizkien santurtziarrak hondarribiarrei. “Joan den zapatuan, Bermeon, bost segundoren aldea atera zenuten ziabogan, parekatuta zeundetenean. Izugarria da!”, jarraitu du kontakizuna. Bigarren mugarria 36 urteren ondoren Donostiako Kontxako Bandera irabaztea izan dela uste du. “Ez dut gogoan hain berdintsua izan den estropadarik, eta, hala ere, zuek zareten makina horren indarra atera, eta aurrea hartu zenieten”.

Rementeriak bereziki zoriondu du Iker Zabala entrenatzailea. 2017an iritsi zen Santurtzira, hondoa jota zegoen arraun talde historiko bat azaleratzeko helburuarekin. Eta lortu du, aurten denboraldi historikoa egiteraino. “Honen atzean ez dago magia trikimailurik; arraunlariek eta talde teknikoak egindako lan itzelaren emaitza izan da”, ohartarazi du Zabalak. Esan du Itsasoko Ama elkartera iritsi zenean, “harrobi izugarri ona” topatu zuela. “Fitxatu ditugun arraunlari bikainekin taldea fintzea lortu dugu”.

Gorabeherak

Arraun taldeko zuzendaritzak maila on honi eutsi gura dio datorren denboraldian ere. Baina oraindik ez dakite entrenatzailea aldatu beharko duten. Zabalak Urdaibaira itzultzeko eskaintza jaso du. Garai bateko talde indartsua izatera itzuli gura dute bermeotarrek. Edizio hau amaitzerako, oraindik erabakia hartu gabea zuen. Oro har, dena dago zehazteko 2022ko ligarako, aurki hasiko baita fitxaketa kanpaina. Edozelan ere, Bizkaiak sei talde izango ditu gorengo lehian. Izan ere, bigarren mailan urtebete egin ondoren Kaikuk Eusko Label ligara itzultzea lortu du. Jose Luis Kortak berebiziko garrantzia izan du Sestaoko taldearen berpiztean. Orain, mailari eustea eta garaipenak etxeratzea izango dute erronka, baina Kortak ere egunotan erabakiko du Bizkaitarra trainerua gidatzen jarraituko duen.

Euskotren ligara igotzea lortu ez dutenak Deustuko arraunlariak dira. Denboraldi bikaina egin arren, ezin izan diote Tolosaldeari aurrea hartu. Beraz, beste denboraldi batez, ez da Bizkaiko trainerurik izango Euskotren ligan.