Natalia Salazar Orbe
Aurten ere, abuztuaren 5ero legez, Doroteo Kaltzada eta harekin batera Busturian 1936ko gerran fusilatutako herritarrak omendu dituzte herrian. Elisa Kaltzada Ugalde (Busturia, 1929) Doroteoren alaba eta haren sendia fusilatu haien alargunek ere aitortza publikoa behar dutela aldarrikatzen ari dira azkenaldian. Elisak Euskal Herriko historia garaikidea iruten duten bizipen ugariz jositako kontakizuna egin du. Hala ere, sarri ohikoegia den bezala, bizitakoei eta egindako ekarpenei garrantzi handiegirik eman gabe. Diktadura bukatu osteko Busturiko lehen udal gobernuko zinegotzi izan zen. Eta heldua zela alfabetatu zen euskaraz. Nagore Zobaran Kaltzada alabak lagundu dio berak aipagarritzat jotzen ez dituen bizipen eta ekarpenak azaleratzen, Kaltzada jaio zen Etxebarri-Atze baserrian.
Haurtzaro errazik ez zenuen izango. Ba al duzu garai hartako oroitzapen politik?
Bai. Moja eskolan ibili nintzen. Umetan, ondo. Eskolara joaten ginen, jolastu, eta beste kezkarik ez genuen izaten. Apur bat kontzientzia hartzen hasi nintzen Gernikako bonbardaketa izan zenean. Egun hartan, gure etxe aurretik pasatzen ziren hegazkinak, binan-binan. Gure aita ortua lantzen ari zen, eta amak esan zidan aitari etortzeko esateko, zerbait gertatzen ari zela eta.
Ez zebilen oker.
Gauez Gernikan su izugarriak zeudela ikusten zen gure balkoitik, sua berton balego legez. Bonben sua zen, garra. [1937ko apirilaren] 26a zen, eta 29an sartu ziren [tropa frankistak]. Gure aitak eta beste batzuek etxetik ihes egin zuten. Gudari batzuk etorri ziren gurera, eta esan ziguten Kanalatik tiroka ari zirela argia zegoen etxe guztietara eta etxetik atera behar genuela. Gaua etxetik kanpo pasatu genuen. Goizean tropa frankistak sartu ziren.
8 urte zenituela hil zizuten aita.
8 urte betetzear nituela gertatu zen. Lehengusina baten etxera joana zen aita, Deriora. Gero, gure aita eta beste bi etorri egin ziren, eurek ezer ez zutelako egin eta pentsatuta ezer ezin zitzaiela gertatu. Udaletxera joan ziren zinegotzi moduan aurkeztera, baina esan zieten udala abandonatu zutela eta ez zutela zeresanik han. Besteek ihes egin zuten, baina gureek ez zuten ezer txarrik espero, eta herrira itzuli ziren.
Uste hori ez zen bete.
Ez. San Pedro egunean, Andres Zearreta eta biak goizeko bederatzietako mezatik atera zirenean, Busturiko 17 urteko mutil bi eta guardia zibilen bikote bat zain zituzten, elizpean. Mutil haiek esan behar zuten Zearreta eta gure aita nortzuk ziren. Bermeoko batzokian kuartela zuten jarria. Hara eraman zituzten gure aita eta Zearreta, eta beste atxilotu guztiak ere geroago eraman zituzten hara. Han pasatu zuten gau bat. Kamioi batean eraman zituzten gero Larrinagako kartzelara.
Haien berri izan zenuten etxean?
Bai, gutunak idatzi zizkieten emazteei, azalduz egoera txarto ikusten zutela han, eta ea gizon onik aurkituko ote zuten euren erantzule egingo zenik, euren alde egiteko, eta ea horrela askatzeko aukera zuten. Norbaiten bila ibili ziren, baina inor ez zen joan. Eta han geratu ziren. Epaiketa sumarisimoa egin zieten, eta, eguna iritsi zenean, abuztuaren 5ean, goizeko bostetan, fusilatu egin zituzten. Derioko familiak jakinarazi zigun fusilatu zituztela, eta non lurperatu zituzten.
Zer leporatzen zioten aitari?
Denen kontrako akusazioak berdinak ziren. Danborenea Castroviejo militarra zegoen Bermeoko kuartelean. Zuzendaritza batzorde bat izendatu zuten, eta Castroviejok izendatu zituen [Busturiko] zinegotzi berriak. Dario Gomez izendatu zuten alkate. Hark sinatu zituen paper guztiak. Eta beste salatzaile batek ere sinatu behar zuen. Guk badakigu nor izan zen gure salatzailea, agiria badaukagu eta. Hil zituztenean ez ziguten utzi elizkizunik egiten.
Nor zen Doroteo Kaltzada?
Gure aitak denbora gutxi egin zuen Busturian. Sindikatu abertzaleko kidea izan zen, eta EAJko zinegotzia.
Oraindik gaur egun frankistek egindako akusazio haien errudun moduan agertzen da zuen aita.
Bai. Ez dute aitorpenik egiten. Guk egiten ditugu, baina…
Urteak pasatu behar izan ziren zuen aita eta hil zituzten beste bostak ekitaldi publiko batean gogoratu arte.
50 urte. 50 urtera artean, gure lorak eta besterik ez. 50. urteurrenean Joseba Agirreazkuenaga historialariak azalarazi zuen informazioa. Monumentua egitea lortu zuten. Udalak egin zuen 50. urteurrenean. Hura izan zen egin zen lehen ospakizun publikoa.
Gizonak fusilatu zituzten, baina haien emazteek ere ez zuten bizimodu erraza izango. Zuen amak gorriak ikusiko zituen.
Lagundu egiten zioten. Goierri auzoko guztiek azpigarriak ekartzen zizkioten gurdian. Gainera, amak jarraitu egin zuen zituen lau behi eta hiru txahalekin.
Haren kontrako mendekurik hartu al zuten?
Bai, isuna ezarri zieten alargun guztiei: 40.000 pezetakoa. Garia ere kendu egiten ziguten. Artoarekin taloa egin eta hura jaten genuen esnearekin, goiz, eguerdi, arratsalde eta gauez. Goserik ez genuen pasatu. Baserriko lan guztiak aurrera eraman zituen amak berak bakarrik.
Justizia eskatu izan duzu zuk. Zer beharko zenuke justizia egiteko?
Argitzea zer gertatu zen, eta zelan izan zen. Munduak jakin dezala zer-nola hil zituzten. Aitortu dezatela zer gertatu zen.
Argentinatik etorri behar izan zuen epaile batek frankismoaren biktimei deklarazioa hartzera. Zuek pauso handi moduan ikusi zenuten epaile baten aurrean kontatu ahal izatea gertatutakoa?
Bai, gauza handia izan zen, hunkigarria. Bi epaileren aurrean egin genuen, gainera: Gernikako epailea, idazkaria eta [Maria] Servini bera.
Maria Serviniren aurrean deklaratzeak itxaropena piztu zizuen. Bete al da Julen Kaltzada nebak eta biok espero zenutena?
Ez. Zerbait egitekoa zen, baina han geratu zen dena. Oraindik ez du bukatu; deklarazioak hartzen ari da. Atera nintzenean, pozik nengoen, behintzat norbaitek entzun gintuelako. Boterea duela eta zerbait egin zezakeela zirudien pertsona bati kontatzea gauza handia zen. Deklarazioa eman osteko egunetan, gaixotu ere egin nintzen.
Umetan, aitaren atxiloketa eta hilketa, eta handik urte batzuetara, Julen neba atxilotu eta Burgosko prozesuan auzipetu zuten. Zer-nola bizi izan zenuten egoera hura etxean?
Oso txarto. Julenengatik ez, haren aurka ez zegoelako heriotza zigorrik. Buelta asko egin genituen. Tentsio handiko garaiak izan ziren. Erromara ere joan ginen hamazazpi senide. Pentsatu genuen aita santuak hartuko gintuela eta munduaren aurrean zabaldu ahalko genuela egoeraren berri. Joan ginen eskatzera epaiketa ateak zabalik izan zedin, baina gure ordezkaritzak ez zuen lortu aita santuak hartzerik. Gero, [Pedro] Arrupe jesuiten buruak agindu zigun aita santuarentzat eraman genuen gutuna emango ziola. Espainian prozesu hau itxita egin nahi zuten, inor ez enteratzeko. Hara joan ginen emakumeok salatu nahi genuen torturak egon zirela, abadeak ere torturatu zituztela, epaiketa ateak itxita egin nahi zutela, eta horretarako apaizak auzipetuta zeudela baliatzen zutela. Erroman mugimendu handia sortu zen. Kazetariak enteratu ziren. Epaiketa ateak zabalik egin zuen azkenean Francok.
1976an atera zen espetxetik Julen. 1975ean, ordea, zuri tokatu zitzaizun. Salbuespen egoera ezarrita zegoen, eta atxilotu egin zintuzten.
Gure etxeak orbana zuen; zerbait gertatzen zen guztietan, hona etortzen ziren guardia zibilak. Gotzon [Goieaskoetxea] atxilotuta egon zen nire aurretik. Pentsa ezazu zer-nola tratatu zuten, leihotik bota baitzun bere burua. Blanca [Salegi] eta Iñaki [Garai] Gernikan hil zituzten garaia zen. Bateren batek ihes egin zuen, eta aztoratuta zebiltzan haren bila.
Zer-nolakoa izan zen zure atxiloaldia?
Gernikara eraman ninduten, eta eskailerara lotuta utzi ninduten, eskuburdinez. Gau hartan eraman ninduten kuartelaren beheko aldera. Kamantza batzuk zeuden. Lotu zizkidaten eskumuturrak ohearen burdinetara, belauniko jarri, eta oin azpietan jotzen zidaten, gogor. Mugitzen saiatzen nintzen, baina hanka, izter eta denetan jotzen zidaten, gogor. Zelan! Gero, behegainean utzi ninduten. Gazte guztiak atxilotu zituzten. Gauero bila joaten ziren etxeetara, eta ez zuten aurkitzen inor. Neska gazteak, andre ezkonduak, pila bat egon ginen Basauriko kartzelan.
Zenbat denbora egin zenuen kartzelan?
Hilabete egin nuen kartzelan, eta bermepean atera nintzen. Franco hil zen, eta amnistiarekin bermea bueltatu zidaten. Mariangeles koinata joan zen fidantza ordaintzera, Madrilera. Azaroaren 20a zen. Gauez egin zuen bidaia, jakin gabe Franco hiltzear zegoela. Ordaindu, eta egun horretan atera nintzen Basauritik, arratsaldean. Epaiketaren zain atera nintzen. Gero, amnistiarekin, libre geratu nintzen.
Handik aurrera ere ez zineten trankil geratu, ordea.
Egin-en auzia ere tokatu zitzaigun. Orduan ere berriro etorri ziren Julenen bila. Eta lehenago Doroteoren [bere semea] bila ere etorri ziren. Eraman zuten. Lau lagun atxilotu zituzten. Indautxura [Bilbo] eraman zituen Espainiako Poliziak. Senideak egunero joaten ginen komisariara, arropa garbiak eramatera, ikusteko zikinak zer-nola ateratzen zituzten. Ekin eta ekin ibili ginen. Alferrik. Horietako bisita batean, Doroteo autoan zeramatela ikusi genuen. Atzetik joan nintzen, ea nora zihoazen. Errigoitira eraman zuten. Atzetik jarraitu nien. Gelditu egin ziren iritsi orduko, eta galdetu zidaten ea zergatik nihoan atzetik. “Nire semea daramazuelako”, esan nien, “eta jakin egin behar dudalako nora zoazten”. “Sakan batean behera botako dugula uste al duzu, ala?”, erantzun zidaten. “Ez dakit”, nik. Azkenean arropa garbiak hartu zizkiguten, eta, beraz, jakin genuen Madrilera eramango zituztela. Julen eta biok joan ginen Madrilera. Aske geratu ziren, baina tortura latzak pairatu zituzten.
Urte batzuetara, Egin itxi eta Julen neba atxilotu zuten berriro.
Egin itxi zutenean, Julen atxilotzera etorri ziren. Polizia etxe guztia miatzen ari zen. Julenek kartzelatik idatzi zizkidan gutun guztiak gordeak nituen. Aurkitu zituzten. Nire gutunak zirela esaten nien, baina berdin zitzaien. 111 gutun eraman zizkidaten. Han gelditu ziren. Baltasar Garzonek izango ditu gordeak. Azken logelan aurkitu zuten Julen, jantzita. Esan zigun ez ernegatzeko. Nire senarrari bihotzeko modukoak eman zion. Julen Bilbora eraman zuten, hango egoitzako giltza zuelako. Ordukoan ni ez nintzen joan Madrilera. Prozesio asko egin dugu guk.
Euskararen aldeko lanari ere oso lotuta egon da zuen familia. Zuk ere izan al duzu euskararen aldeko grina hori?
Bai, AEK baino askoz lehenagotik ere bai. Hirugarren adineko elkarteko batzordekidea izan naiz, eta utzi egingo dudala esateko gutuna idatzi behar diet. Esan behar diet penaz esaten diedala agur, ez dudalako lortu elkarteak euskaraz egiterik. Denak dira erdaldunak, eta ez dut lortu elkartea euskalduntzerik. Euskaraz idazten nituen gutunak udaletxera eta bestelakoetara. Baina batzar guztiak erdaraz egin izan ditugu. Euskara eskolak ere jaso nituen heldua nintzela. Eskolan irakurtzen eta idazten ikasi nuen nik, gazteleraz. Lehenengo euskarazko ikastaroa egin genuen Busturian, Elorrieta anaiekin, Andoni eta Juan Felixekin. Alfabetatzeko ikastaroak eman zizkiguten. Denetan apuntatzen nintzen. Hirugarren adineko elkartea egin genuenean, euskara ikasteko ikastaroa antolatu genuen. Eta gero Hitza-k ere lagundu digu asko. Euskara praktikatzera zetozenak ere hartzen genituen etxean.
Zinegotzi ere izan zinen.
Demokraziako lehen zinegotzietako bat izan nintzen, Busturian. Guk osatu genuen lehenengo udal hura. Altamirako eskolan obra handia egin genuen. Baina ospitalea izan zen eraikina ere bota genuen. Zer pena ni udalean nengoela etxe hura bota beharra!
Herria egin egin behar dela uste duzu zuk?
Bai, noski. Osterantzean zer herri mota izango dugu, bada?