Maialen Arteaga
Estimulu bat sortuko duen sugarra, nahia piztuko duena, ezkutuko zaletasunak esnatuko dituen txinparta… Hori adierazi nahi du Kandelak. Iratxe Etxeandia eta Ane Berriotxoa dira taldeko kideetako bi. Markel Suarezekin batera, hiru lagunek osatzen dute Kandela sorkuntza laborategia. Zornotzarrak dira hirurak, eta, aurretik ere elkar ezagutzen zuten arren, argazkilaritzaren zaletasunak gehiago lotu zituen, “ezagun izatetik, lagun izateraino”. Behar izanak identifikatu, eta zulo horiek asetzeko sortu zuten: “Guk falta zela nabaritu dugun espazio bat eskaini nahi izan diogu herriari”, azaldu du Etxeandiak. Izan ere, argazkilaritzan murgiltzen hasi zirenean, herrian artearen zaletasuna konpartitzeko espazioren baten beharra sumatu zuten hirurek, eta gabezia horrek artea “autokontsumorako” izatea eragin dezakeela uste dute.
Hori ikusirik, erakusleiho izan nahi du Kandelak. Argazkilaritzak batzen ditu hiru lagunak, baina bakoitzak bere esparru eta estilora eramaten du. Etxeandiak musika taldeekin egiten du lan, eta musikaren diziplinarekin nahasten du argazkilaritza. Erretratuak egiten ditu, batik bat: “Pertsonak, animaliak… espazio batean norbaiti ateratzen dizkiot argazkiak, erretratista naiz”. Berriotxoa zinemagintza ikasten hasi da aurten, eta argazkilaritzan ere eragin dio horrek: “Jenderik gabeko espazio hutsei erreparatzen diet nik”. Suarez ez dago parean, baina argi dute bere esparrua zein den: “Ikus-entzunezkoekin egiten du lan Markelek, teknikoki oso ona da, eta azkenaldian argazkilaritza analogikoan aritu da buru-belarri”.
Hiru pertsona dira, eta bakoitzak estilo desberdina du; Kandelak elkartu eta kolektibo bihurtzen ditu, ordea: “Bakoitzak bere bide profesionala ikus-entzunezkoekin lotuta duen arren, argazkilaritzaren zaletasuna sostengatzeko hura konpartitzea behar genuela ikusi genuen; azkenean, pasioa eta zaletasuna bakarrik bizi direnean, hil egiten dira. Eta, aldiz, konpartitzen direnean, indartu eta ikasi egiten da”, argitu du Berriotxoak. Indibidualki “oso argazki desberdinak” egiten dituzte; Kandelaren sinadurapean doazen argazkiek, aldiz, izaera “kolektiboa” dutela uste du Etxeandiak: “Kandelako argazkietan ere hiruretako batek bakarrik egiten dio klik botoiari, baina klik pertsona bakarrak egin arren, nabaritzen da hirurok gaudela kameraren atzean”.
Argazkilaritza landuko du sakonki Kandela espazioak, baina ez dute baztertu beste arte diziplinarik. Horma zuri handi bat dago Kandelan, eta hiru kideen argazkiak zein beste edonoren artelanak erakusteko erabiliko dute: “Margolanak, testu zatiak… Edozein arte konpartitzeko espazioa da”. Erakusleiho izateaz gain, laborategia ere bada. Argazki analogikoak errebelatzen dituzte lokalean, zuri-beltzean zein koloretan, eta sorkuntza prozesu hori bertatik bertara nola egiten den erakutsi nahi diete herritarrei. “Argazki analogikoak errebelatzeko oso leku gutxi daude Euskal Herrian, eta prozesu hori ez galtzeko baliabideak eskaini nahi genituen”, kontatu du Berriotxoak.
Argitalpen bat gogoan
Etorkizunaren inguruan ez dute gehiegi hausnartu, baina Kandelaren sua mantentzea nahi dute: “Honetatik ez dugu atera nahi etekin ekonomikorik, baina modu duin batean sostengatu nahi dugu. Artea herriari eskaintzen dioten espazioek diru publikoa jaso behar dute, eta horretarako zilegitasuna dugula uste dugu”, adierazi dute Berriotxoak eta Etxeandiak. Oraingoz, ekintza txikietatik jasotzen dituzte diru sarrerak: Gaztezulo aldizkariarekin elkarlanean, Izaro abeslariarekin abiatuko duten argazki saioa, gaztetxeak antolatutako azokan saldu zituzten laminak…
Instagram kontua zabaldu dute harremanetarako, baina, luzera begira, diru sarrerak lortu ahala, paperean argitaratutako aldizkari bat publikatzea dute buruan. Hala ere, finantzaketaren kezkek ez diete gogorik kentzen; egoera edozein izanik ere, sormena esnatu nahi dute: “Nik uste nuen ez nintzela pertsona sortzailea, baina konturatu nintzen sormenerako baliabiderik eta estimulurik ez nuelako gertatzen zitzaidala hori. Sormena garatzeko baliabide eta estimulu izan nahi dugu guk”, aitortu du Etxeandiak. Behar hori duen edonorentzat ateak “beti zabalik” izango dituztela nabarmendu dute biek.