Gabonak urte osoan

Gabonak urte osoan

Ibai Maruri Bilbao

Abendua iristean, ezagunek esaten diete lan gehien duten urteko sasoia izango dela elkartekoentzat. Baina ez da hala: “Guk oporrak hartzen ditugu abenduan”, esan du Bizkaiko Belenzaleen Elkarteko presidente Jesus Uresandik. “Errege eguna pasatuta hasiko gara aurtengo jaiotzak desmuntatzen. Gero, kalterik duten begiratu eta lokalean gordeko ditugu. Otsailean diseinatuko dugu Jesu Kristoren jaiotza irudikatzeko beste era bat; eta egin, martxoan”. Haientzat ia urte osoan dira Gabonak.

Jaiotzetako figuren urteroko azoka egin zen joan den astean, Bilboko Areatzako pasealekuan. Hiriburuko eta Bizkaiko beste herri batzuetako hainbat museo, eliza, denda, taberna eta plazatan makina bat daude muntatuta, nahi duenak ikusteko. Errege egunera arte egongo dira. Bizkaiko Belenzaleen Elkartekoek eginak dira, esate baterako, Bilboko Aste Santuko Pausuen Museoan daudenak, Itsasmuseumekoa, Euskal Museokoa eta Gernika-Lumoko Udalak Santa Luzia baselizan ipini duena. “08:00etan hasi eta 14:00etarako muntatua izaten ditugu. Azken batean, aurretik egindako piezak elkarri lotzea eta txukuntzea da lana. Baina jaiotza bera osatzeak hainbat hilabetetako beharra eskatzen du”. Esaterako, Itsasmuseumen dagoenarekin ekainean hasi ziren, eta urrirako prest izan zuten.

Aurten, COVID-19aren pandemia dela eta, denbora gutxiago izan dute. Erakusketak ere apalagoak egin dituzte. Berbarako, Aste Santuko Pausuen Museoan, ohikoen ordez, hiruzpalau txikiagoak ipini dituzte. “Segurtasun neurriak ere ezarri behar izan dira. Abendu normal batean, 25.000 eta 30.000 lagun artean igarotzen ziren handik. Aurten oso ezberdina da: aldi berean sei lagun baino gehiago ezin dira egon barruan”.

Jaiotzak

Klaustroari egokituta

Uresandik azaldu duenez, Bizkaian egiten diren jaiotzek badute berezitasun bat. Elkartea 1958an sortu zen, Bilboko San Anton elizan, parrokoaren ekimenez. “Hango fededun komunitatean jaiotzak egin zale ziren hainbat lagun zeuden”, gogoratu du. 62 urteotako abenduetan, hainbat tokitan atondu dituzte erakusketak. Urte gehien Bilboko Santiago katedraleko klaustro gotikoan igaro dituzte. Eta hark baldintzatu zuen elkarteko jaiotzen egitura. “Klaustroko hormetan tenpluari eusten dioten zutabeak daude, hiru metrorik hiru metrora. Zutabe arteko espazio hori erabiltzen genuen jaiotzak jartzeko. Horregatik, 2,5 metroko zabalera eta 1,5 eta 2 metro arteko sakonera dute guk egindakoek”.

Lurralde bakoitzeko elkarteak bere ezaugarri bereziak dituela esan du. Esaterako, Arabakoek kutxatxoetan sartzen diren jaiotza txikiak egiten dituzte, euren erakusketa Gasteizko fraide komentu bateko klaustroan egiten delako. “Ez dute lekurik handiak egiteko, eta, kide berriak doazkienean, halako jaiotza txikiak egiten irakasten diete”. Beste toki batzuetan, elkarteko kide guztien artean jaiotza erraldoi bakarra egiten dute. Bizkaikoek, kide baten edo biren artean, handi bat. Erakusketa nagusirako hamasei egiten dituzte urtero. “Kide bat edo bi arduratzen dira diseinuaz eta lanik handiena egiteaz. Gero, denok laguntzen diogu elkarri”. Horregatik ez dituzte sinatzen.

Jaiotzetako bakoitzak bi urteko iraupena du, nolabait esateko. Izan ere, urtero jaiotzaren erdia inguru berregiten dute. “Aurreko urteko elementu batzuk aprobetxatzen ditugu. Jende askok ordu luzeetan egindako lanaren emaitza dira. Ezin duzu urte berean zaborretara bota. Krudela da”. Gaur egun, poliespana erabiltzen dute egiturak sortzeko. Baina, garai batean, igeltsuarekin egiten zuten. Uresandik gurago du igeltsua, baina aitortu du poliespanak asko erraztu diela jaiotzak sortzea. Askoz arinagoa da, eta moldatzeko errazagoa.

Elkartearen helburua jaiotzekiko zaletasuna sustatzea da. Eta lortzen dutela uste dute. “Esango nuke azken urteetan berriro indar itzela hartzen ari direla. Guk lehiaketa antolatzen dugu urtero, eta gero eta familia, ostalari, dendari eta eskola gehiagok hartzen dute parte. Ikusgarria da zelako obrak egiten dituzten”.