Natalia Salazar Orbe
Nekazariek eta artzainek zerua izan dute iparrorratz historian. Norabidea erakusteko ez eze, egutegi gisa erabiltzen zituzten izarrak. “Haiei esker zekiten noiz egin behar zituzten landaketak eta noiz bildu behar zuten uzta”. Astronomiak mendeetan izan duen garrantzia azaldu du Eduardo Rodriguezek, Bizkaiko Astronomia Elkarteko presidenteak. Gaur egun erabilera hori beharrezkoa ez izan arren, uste du garrantzitsua dela astronomiak kulturan eta zientzian izan duen garrantziaren berri ematea. Rodriguezek eta haren elkarteak lan horretan dihardute. 1982an sortu zuen astronomiazaleen talde batek.
Hainbat jarduera eskaintzen dute: urtero, astronomiaren hastapen ikastaro bat egiten dute; eklipseak edo jazoera bereziren bat badago, behaketa publikoak antolatzen dituzte; ekoetxea Urdaibairekin ere urtero egiten dute zerbait. “Bereziki udan, pertseidak behatzen ditugu, edo planetak”. Konferentziak eta hitzaldiak ere ematen dituzte.
Ez da erraza Bizkaian zerua oskarbi duen eta argi artifizialak kutsatu ez duen eremurik aurkitzea. Bi oztopo horiek izaten dituzte astronomia behatzaileek. Gizakiak ezinezkoa du lehenengoa kontrolatzea; hori bai, bigarrena murriztea bere esku dago. Gainera, Rodriguezek azaldu du oso eragin kaltegarria egiten duela astronomiaz kanpoko hainbat arlotan ere. “Uste dugu argi asko izatea askoz seguruagoa eta hobea dela. Kale-argi askok argi asko gorantz botatzen dute, ordea, zerurantz. Beraz, argi hori galdu egiten da, eta, atmosferan dagoen hautsaren ondorioz, sakabanatu egiten da. Adibide bat ematearren, Bilboko argiaren kutsadura 60 kilometroko distantzian ikusten da”. Egoera horrek astronomiak kulturan izan duen tradizioa ulertaraztea zailtzen duela deritzo: “Herriguneetako heldu eta ume askok Esne Bidea ere ez dute ikusi inoiz”.
Gogorarazi du argi horrek animaliengan ere eragina duela, eta gizakien osasunean izan ditzakeen ondorioak aztertzen ari direla azaldu du: “Ikertzen ari dira ea eragina izan dezakeen gaueko eta eguneko zikloak kontrolatzen dituzten ziklo zirkadiarretan. Alegia, etxe barruan sartzen zaigun argi artifizialak loan zer-nolako eragina izan dezakeen”.
Azkeneko urteetan led argiak jartzeko joerak arazook larriagotu egin dituela dio. “Beste argiek baino argindar gutxiago kontsumitzen dute, baina led zuriak jartzen dituzte, eta kalte gehien egiten dutenak dira. Argi urdina dute, eta horrek egiten dio kalterik handiena gure osasunari”. Baita astronomiari ere.
Lekurik aproposenak
Oztopoak oztopo, elkarteak aurkitu ditu unibertsoari begiratzeko txoko batzuk. “Gorbeia inguruak eta Enkarterri dira lekurik aproposenak; iparralderantz dauden objektuak behatzeko, Bakio eta Bermeo artean itsaso gainean dagoen begiralekua”. Herriguneetatik urrun dauden tokiak dira onenak. Burgosera (Espainia) ere sarri jotzen dute, Mena eta Lausa haranetara.
Eguzkia, Ilargia eta planetak dira errazen beha daitezkeenak. “Oso objektu distiratsuak dira, eta edonondik beha daitezke. Galaxiak eta nebulosak bezala distira txikia duten objektuak ikusi nahi baditugu, zeru ilunagoak bilatu behar ditugu”.
Izarrak, planetak, sateliteak, galaxiak… Denetarik beha daiteke ekipamendu egokia izanez gero. “Ozar izarrak ikusteko, ez dugu ezer behar”, dio Rodriguezek. Prismatiko batzuek unibertsoan gehiago sartzen lagunduko diote behatzaileari. “Nebulosaren bat edo galaxiaren bat ikus dezakegu. Hortik aurrera, gure gogoaren eta aurrekontuaren arabera, nahi beste egin dezakegu”.
COVID-19ak geldiarazi egin du apur bat haien elkartearen urteroko martxa. Hala ere, sumatu dute askok astronomiarako leihoa zabaltzeko baliatu dutela birusaren ondorioz eguneroko abiadura mantsotu izana. “Sare sozialen bidez ikusi dugu: beste zereginik gabe, zerura begira jarri da jendea. Galdera ugari egin digute, ikusten zituzten argiak zer objektu ziren argitzen laguntzeko. Bateren batek objektu hegalari ezezagun batenak ote ziren galdetu zigun…”.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:
www.aavbae.net