I. Maruri Bilbao
“Ez baduzu ikusten sare sozialetan InfoRenfe-k [Renfe tren konpainiaren Twitter kontua] ipini duen txioa, zu nasara joaten zara, lanera joateko hartu behar zenuen trena hartzera, baina trena ez da iristen. Ez gara lantokira ordurako iristen, guk hartu beharreko trena egun batetik bestera kendu dutelako! Hori gertatzen zaio pertsona askori ia egunero”. Besteak beste, Jon Ander Iraetari jazo izan zaio hori sarritan. Bilboko Aldirietan Kaltetuak Izandako Erabiltzaileen Plataformako kidea da. Uda bukaeran, trenak huts egin zien halako goiz batean, hurrengoa hartzea lortu eta harekin batera Bilbora bidean zihoazen beste hiru bidaiarirekin sortu zuen. Oraingoz, sare sozialetan daude, eta gainontzeko kaltetuei eurekin bat egiteko eskatu die. Egoera salatzeaz gain, Renfek Bilbo inguruko aldiriko trenetan biharamunean kenduko dituen zerbitzuen berri ematen dute. “Bestela, ez dakigu gure trena etorriko den”.
“Uda oso gogorra izan da. Egunero zerbitzu asko kendu dituzte. Egun batean 36 zerbitzu kendu zituzten, aurreikusitako zerbitzu guztiak emateko makinistarik ez zegoelako”. Renfeko komunikazio arduradunek kazeta honi esan diote “arazo teknikoengatik” geratu izan direla bertan behera zerbitzuak. Baina Iraetak ez du sinistu. Eta CCOO sindikatuak ere gezurtatu egin du. Iraetak emandako azalpen bera eman du Daniel Rojok, CCOOk Renfen eta Adifen duen ordezkariak: “Arazo teknikoengatik izango balitz, Renfek ez luke jakingo bezperan zer zerbitzu ezingo duen eman biharamunean. Baina gaur iragarriko du bihar zeintzuk faltako diren”. Eta horrela da: InfoRenfe-k egunero jakinarazten du txio bidez, eta Iraetaren plataformak, ondoren, birtxiotu.
CCOO sindikatuaren arabera, 96 makinista behar dira Bilbo inguruetako aldiriko trenetan zerbitzua behar bezala emateko, baina, gaur egun, 89 baino ez daude; hau da, zazpi gutxiago. Abuztu bukaeran gehitu zuten makinista bat lan taldera; beraz, udako hilabeteetan 88 ibili dira beharrean. Enpresa guneka antolatuta dauka Renfek. “Bilboko guneko hainbat makinista Espainiako beste gune batzuetan daude lanean”, salatu du Rojok. Langile batzordeak dagoeneko hasi ditu mobilizazioak. Makinistak ez ezik kudeaketa zentroko langileak ere falta direla ohartarazi dute.
Hala ere, Renfek esandakoa ez da gezurra: sarritan “arazo teknikoek” eragiten dute zerbitzuak bertan behera utzi behar izatea. Iraetak eta Rojok, biek esan dute matxurak oso ohikoak izaten direla. Iraeta: “Behin, Arrigorriaga eta Ugao artean harrapatuta geratu ginen, matxura baten ondorioz. Ia hiru orduz egon ginen trenean, sekulako beroarekin”. Abuztuaren 19an izan zen; 16:15 inguruan gertatu zen ezbeharra, Arrigorriagako tren geltokitik 150 metrora. “Tren zaharrak dira, eta udan, beroarekin, erraz matxuratzen dira. Biharamunerako beroa iragarrita egoten zenean, hurrengo egunean zerbait gertatuko zela pentsatu eta asmatu egiten genuen”, gogoratu du.
Tren zaharrak
Hiriburua Muskizekin, Santurtzirekin eta Urduñarekin lotzen duten trenek 30 urte dituzte. “Oso zaila da matxuratzen diren piezak topatzea”, azaldu du Rojok. Sindikatuaren arabera, matxurengatik 35 zerbitzu bertan behera utzi behar izan zituzten aste bakarrean. Distantzia luzeko bidaiei ere egin die aipamen. Ekainean COVID-19aren pandemiagatik ezarritako alarma egoera amaitu zenetik, Bizkaian konfinamenduaren aurretik zeuden zerbitzuen %29 baino ez ditu eskaintzen Renfek. “Galiziarako eta Leonerako trenak kendu egin dituzte, eta Bartzelonarakoak orain ez dira egunero irteten”. Langile batzordea hasita dago mobilizazioekin, eta protestak indartzeko asmoa iragarri du.