Gaur abiatuko da Sopela Kosta Fest, osasun neurriei egokituta

Gaur abiatuko da Sopela Kosta Fest, osasun neurriei egokituta

Peru Azpillaga Diez

Gaur emango diote hasiera azken urteetan egin den Sopela Kosta Fest jaialdirik berezienari. Pandemiaren eraginez, jaialdia osasun neurri berriei egokitu behar izan dute antolatzaileek, eta, horretarako, ekitaldi bakoitza moldatzeaz gain, jende pilaketa handiak eragozteko apustua egin dute. Hori dela eta, gutxienekora murriztu dituzte jaialdian izango diren kontzertuak —bi baino ez dira egongo—, eta garrantzi berezia eskaini urtero antolatzen dituzten tailer, ikastaro, erakusketa eta lehiaketak mantentzeari.

“Udan antolatutako ekintzetan, protokoloak eraginkorrak direla frogatu ahal izan dugu, eta, beraz, horiek bermatuz gero, jaialdia ere mantendu genezakeela ulertu genuen”, azaldu dute udaleko kultur teknikariek. “Distantziak mantentzeko espazioak izatea, sarreretan eta irteeretan pilaketak ekiditea, artisten osasuna bermatzea, gunea desinfektatzea… hori guztia betetzeko gai ginela ikusi genuen eta, beraz, programa murriztuta bazen ere, jaialdia mantentzea erabaki genuen”, erantsi dute.

Izan ere, hasieratik izan zuten argi hainbat ekintza utzi beharko zituztela aurtengo egitarautik kanpo. Janariarekin lotutako guztiak, esaterako, bertan behera utzi behar izan dituzte, eta kontzertuak murriztu eta egokitu egin dituzte. “Lau edo bost egoten ziren gaueko, baina horrek arazo asko ekarriko zizkigun aurten, bai artisten arteko kontaktuagatik, baina baita jendearen pilaketari erreparatuta ere”. Horregatik, bi kontzertu izango dira aurten, eta bietarako sarrerak bi orduan amaitu zirela jakinarazi dute antolatzaileek.

“Aurtengo egitaraua laurdena izan daiteke aurrekoekin konparatuta, azkenean, neurriek asko mugatzen dutelako dena”. Hala ere, arlo bakoitzeko ekitaldiak mantentzen saiatu direla azaldu dute: skate saioak, kayak, surfa, argazkilaritza, tailerrak… “Ekintza askotan herriko elkarteek ere hartzen dute parte, eta hain zuzen ere, hori izan da jaialdiarekin aurrera jarraitzeko arrazoi nagusietako bat”, adierazi dute. Elkarte horientzat ere “garai txarrak” direla gogorarazi dute, eta ekintzak mantentzeko lan handia egin dela azpimarratu, besteak beste, “protokolo oso zorrotzak” zehaztuz. Horrekin batera, jaialdiarekin aurrera eginez, kirol eta kultur jarduerak oraindik ere egin daitezkeela erakutsi nahi dute antolatzaileek.

Hori bai: oso adi egongo dira, osasun neurri guztiak bete daitezen. Kontzertuetan, esaterako, mugatu egin da bertaratu ahalko den jende kopurua; emanaldi osoan zehar, publikoa eserita egon beharko da, eta, bai sartzeko zein irteteko, antolakuntzako kideen baimena izan beharko dute ikusleek, pilaketak eragozteko asmoz.

Umeentzako begiraleak

Aurtengo jaialdian, gainera, aldez aurretik eman beharko da izena edozein ekintzatan parte hartzeko. “Tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak… guztientzat izango da beharrezkoa sarrera izatea edota aurretiaz izena ematea; horrela, momentu oro kontrolatu ahalko dugu bertan parte hartzen ari den jende kopurua”. Horrekin batera, umeei zuzendutako ekintzetan begiraleak egongo direla nabarmendu dute, neurriak betetzen direla bermatzeko. Era berean, jaialdiak dituen espazioak zabalak izanik, ez dute distantziak mantentzekoa arazo handirik aurreikusten. Baina ekintzetako gune guztiak estali egin beharko dituztela jakinarazi dute, inguruan jendea pilatzen ez dela ziurtatzeko.

Egitaraua

Tailerrek eta lehiaketek osatuko dute aurtengo ezohiko Sopela Kosta Fest jaialdiaren egitarauko zatirik handiena.

Gaur

16:00. Instagrameko argazkigintza ikastaroaren hasiera.

21:30. Kontzertua: Afrika Bibang. Udaletxeko plazan.

Bihar

8:30-14:30. Sopelako II. Argazki Rallya.

8:30-20:30. Euskal Herriko Surf Txapelketa, Arriatara hondartzan. Euskal Herriko Surf Beterano Txapelketa, Arriatarako aldapan.

9:00-21:00. Bizkaiko eta Euskadiko Kayak Surf Txapelketa, Barinatxa hondartzan.

9:00-11:00. Surf egokituko ikastaroa, Arriatara hondartzan.

11:00-14:00. Harezko eskultura tailerra, Arriatara hondartzan. Tailerrak, udaletxean.

11:00-13:00. Flyschera bisita gidatua, Peña Txuri surf eskolatik abiatuta.

11:00-14:00. Harezko eskultura tailerra, Arriatara hondartzan. Tailerrak, udaletxean.

11:30-15:00. Kometa tailerra, Arriatara hondartzan.

18:00-19:30. Eusko Riders 2020 skate erakustaldia, Zipiriñe eskolako patioan.

21:30. Kontzertua: Travellin Brothers, udaletxeko plazan.

Bihar

8:30-19:00. Euskal Herriko Surf Txapelketa eta Euskal Herriko Surf Beterano Txapelketa, Arriatara hondartzan.

10:00-11:30. Tai Txi ekialdeko kirolen erakusketa itsasoari begira, Arriatara hondartzan.

11:00-13:00. Flyschera bisita gidatua, Peña Txuri surf eskolatik abiatuta.

11:00-14:00. Tailerrak, udaletxeko plazan. 15:00. Instagram argazki lehiaketaren amaiera.

19:00-20:00. Amico on the beach familientzako ikuskizuna, udaletxeko plazan.

20:30. Instagram argazki lehiaketaren eta argazki rallyaren sari banaketak, udaletxeko plazan.