Peru Azpillaga Diez
Koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako alarma egoerak eta konfinamendu neurriek goitik behera irauli dituzte herritarren bizitzak. Egoera berriak eragindako kalteak esparru guztietan nabaritu daitezke: lanetik aisialdiraino, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza ahaztu gabe. Hain zuzen ere, azken hori, eskubide unibertsaletako bat dena, izan da herritarren eta agintarien kezka piztu duten arazoetako bat: etxebizitza eskubidea. Joan den asteartean, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskubidea bermatzeko hainbat neurri aurkeztu zituzten, batik bat alokairuan dauden herritarrei zuzenduak. Konfinamendu egoera berri honetan, etxeak biztanle gehienen leku bakarra dira, baina egoera hori bera alokairuak edo hipotekak ordaintzeko oztopo bilakatu da milaka familiarentzat, kale gorrian geratzeko arriskuan utzi baititu asko. Etxetik irten gabe, ordaintzeko diru sarrerak falta.
“Espekulazioak jarraitu egiten du; denetariko kasuak daude, baina, esaterako, guri etxea utzi behar izan duten hiru maizterren kasuak heldu zaizkigu”, azaldu du Aratz Estonbak. “Horietako bati, gainera, isuna jarri zion Poliziak lekualdaketa egiten ari zela”, erantsi du. Akab Askatasun Kolektiborako Abokatuak kolektiboko kidea da Estonba. Laguntza juridikoa emateko eta herritarren eskubideak bermatzeko lanean dihardute egunotan.
Esplikatu duenez, bi kezka nagusi ditu; batetik, alarma egoerak sortzen duen “ezegonkortasun egoera” aipatu du batez ere, herritarrek ez baitakite zer eskubide dituzten. Bestetik, alarma egoera amaitzen denean izango den egoera sozioekonomikoak kezkatzen du: “Zeintzuk izango dira lan baldintzak? Aldi baterako erregulazioak lana erregulatzeko txosten bilakatuko dira?”.
Alokairua: neurriak martxan
Gobernuak koronabirusari aurre egiteko hartzen ari diren neurrien artean, herritarren etxebizitza eskubidea bermatzen saiatzeko zenbait neurri aurkeztu dituzte egunotan. Jaurlaritzak ekaina bitartean alokairua ez ordaintzeko aukera emango die etxebizitza sozialetan bizi diren eta koronabirusaren ondorioz egoera zaurgarrian geratu diren bizilagunei. Horretarako, 2,5 milioi euro bideratuko ditu COVID-19 izeneko funtsetik. Neurri hori osasun larrialdiaren ondorioz langabezian geratu direnek edo irabaziak edo salmentak %40 murriztu zaizkienek baliatu ahalko dute.
Baina alokairu gehienak pribatuak direla adierazi du Estonbak. Kasu horietan, Espainiako Gobernuak hartutako neurriei erreparatu behar zaie. Ministroen kontseiluak onartutako dekretuaren arabera, hiru neurri aplikatuko dituzte. Lehenik, etxegabetzeak geldituko dituzte alarma egoera amaitzen denetik aurrera, eta sei hilabetez. Bigarrenik, iraungitzear eta aldatzear zeuden lehen etxebizitzako alokairu kontratuentzat aparteko sei hilabeteko luzapen bat ezarriko du gobernuak. Azkenik, etxejabearekin akordiorik lortu ezean, interesik gabeko mikromaileguak eskatzeko aukera emango zaie ordaintzeko zailtasunak dituzten maizterrei. Maizterrek sei urteko epean eta komisiorik gabe itzuli beharko dituzte mailegu horiek, eta, ezin izatekotan, lau urteko beste epe luzeago bat emango zaie ordaintzeko.
Horrez gain, akordioak desberdintasunak zehazten ditu etxe-jabe “handien” eta “txikien” artean. Hala, maizterraren etxejabea inbertsio funts, aktibo kudeatzaile, finantza entitate edo higiezinen konpainia bat bada, zorraren erdia ordaindu gabe uzteko edota zorra berregituratzeko aukera eskaini beharko dio etxejabeak maizterrari. Edonola ere, maizter horiek ere izango dute mikromaileguak eskatzeko aukera.
Merkatuko “hutsuneak”
Estonbak hainbat “hutsune” ikusten ditu etxebizitza merkatuan. Haren iritziz, orain arte sustatu den etxebizitza merkatua “erabat librea” da: “Esku pribatuetan dago dena, eta administrazioek ez dute esku hartzen”. Hori kontuan izanda, arazoak aurreikusten ditu. “Norbanakoaren esku uzten ari da alokairuarekin akordio batera heltzeko pisua; maizterraren eta bere etxejabearen arteko hitzarmen baten gain”. Euskal Herri osoan sortu diren sareak ere interpelatu ditu: “Lan munduan zein etxebizitzarenean ahul daude oraindik; erabakiak norbanako bezala hartzen ari dira eta inor ez da pausoak ematera ausartzen”. Epaitegiak ebazpen bat hartzera behartu beharko liratekeela uste du, egin daitezkeen gauzen artean.
Horrekin batera, etxe kaleratzeak gelditzeko neurriaren “hipokrisia” ere salatu du: “Jakina geldituko dituztela, baina batik bat ezin dituztelako bideratu”. Nabarmendu duenez, epaitegiak “minimoen azpitik” dabiltza lanean, eta “soilik oso gauza zehatzak” daude martxan. “Paradoxikoa” den arren, “okupatzeko oso garai ona” datorrela azpimarratu du: “Une ezin hobea da, alarma egoera batean epaile batek ez duelako halako prozesu bat martxan jarriko”.
Horregatik, bestelako neurriak eskatu dizkio administrazioari. Azaldu duenez, Bizkaiko herri mugimenduak urteak daramatza aldarrikatzen administrazioak esku har dezala etxebizitza merkatuan: “Zergatik ez da alokairu sozial bat finkatzen? Zergatik ez dira hutsik dauden etxeak edo turistei ostatu emateko erabiltzen direnak azaleratzen?”.
Kaleratzerik Ez plataformak, berriz, oro har “positibotzat” jo ditu Espainiako Gobernuak hartutako neurriak. Dena den, etxejabe “handien” multzoak zabalagoa izan beharko lukeela salatu dute, eta, uste dute krisi egoera batean azken horiek “alokairuen pisua” beren gain hartu beharko luketela.