Natalia Salazar Orbe
Oinezkoari estropezu eginaraz diezaiokeen harlauza. Horra stolperstein hitz alemanaren esanahia. Gunter Demnig artistaren proiektu baten izena ere bada. Kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten herritarren patua oroitzeko asmoz osatu zuen. Alde guztiek hamar zentimetro dituzten zementuzko kuboak dira stolperstein-ak; bidean galtzada harri gisa jartzekoak. Goialdean letoizko plakatxo bat dute, eta bakoitzak oroitarazi nahi duen pertsonaren datuak jasotzen ditu. Proiektu hori bera Barakaldon gauzatzeko eskaera egin dute bertako Alazne ikastetxeko ikasleek. Udalak onartu egin du.
Iaz hasi zen kozinatzen proiektua, Gurutzeta auzoan kokatutako ikastetxeko DBHko laugarren mailako ikasleen eskutik. Jagoba Alvarez irakasleak II. Mundu Gerrari buruzko lan bat eraman zuen ikasle horien geletara. Gerra hura euskal herritarrek ere pairatu zutela erakustea zen helburua. “Nerabeek oso urrun ikusten dute II. Mundu Gerra”. Hala azaldu du Alvarezek.
Naziek kontzentrazio esparruetan preso izan zituzten Barakaldoko sei herritarri buruzko informazioa bildu ostean, udalari zuzendu zitzaizkion Demnigek Europako hainbat herritan gauzatu zuen proiektua Euskal Herrira ekartzeko.
Beste bi biktima
Proiektuaren albisteak komunikabideetan oihartzuna izan ostean, Alazne ikastetxeko ikasleen ikerketa osatzeko datu gehiago azaldu dira. Alvarezek eman ditu azalpenak: “Barakaldoko Nicolas Martin Gonzalezen senideak etorri zitzaizkigun. Zerrendatan bilbotar gisa azaltzen zen, baina Barakaldokoa dela esan ziguten. Eta Josu Txueka historialariak Gurseko kontzentrazio esparruari buruz idatzitako liburuan berretsi nuen informazioa”. Ana Garcia Santa Maria ikerlaria ere eurekin jarri zen harremanetan. Martin Veiga Uzkatiren berri eman zien. “Ez da agertzen ministerioaren edota kontzentrazio esparruetako zerrendatan. Baina Frantzian egon zen, Gestapok kudeatzen zuen esparru batean. 1944. urtean tren batean sartu zuten, beste esparru batera eramateko. Lekuz aldatu behar zituzten presoen azken taldean zegoen. Eta bidaian ihes egin zuen”.
Proiektuaren bidez omenduko dituzten barakaldarretatik lau kontzentrazio esparruetan hil ziren. Hain zuzen, Julian Aparicio, Gerardo Moreno, Felix Urrutia eta Nicolas Martin. Beste hiru, berriz, tropa aliatuek askatu zituzten 1945ean: Luis Arranz, Emilio Cuevas eta Jose Luis Mazo izan ziren berriz aske geratu ziren hirurak. Veigak, berriz, ihes egin zuen.
Leku berezia harrientzat
Oinezkoari estropezu eginarazteko, stolperstein harriak inguruko zorua baino milimetro batzuk gorago jartzen dira. Koska horri esker, goialdeko xaflatxoa nabaritzen dute oinezkoek, eta bertan zer jartzen duen jakiteko makurtzen dira. Amaia del Campo alkateak esan du “leku berezi batean” jarriko dituztela, erraz ikusteko tokian. “Handik pasatzen garenean, herrikide horiek bizi zuten izugarrikeria oroitzea da helburua, berriz gerta ez dadin”.
Jatorrian, harri horiek omendutako bizilaguna bizi izan zen inguruan kokatu dituzte, helburua baita bertan bizi izan zen herritarra ez ahaztea. Egilearen arabera, haren izena oroitarazita beti gogoan izango da.