Natalia Salazar Orbe
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du beharrezkoa dela aireportua handitzea jarduera ekonomikoa bultzatzeko. “Gure hirirako konexioak hobetzeko gai bagara, Bilbora etortzea erakargarri egingo dugu. Bide horretatik, hobetu egingo ditugu abiadura handiko trena eta hegaldi gehiago eta aireportu hobeak dituzten hiriekiko desabantaila”. Udalak 2023ra bitarte gauzatuko duen agintaldi planaren xehetasunak zehazteko asteartean egin zuen agerraldian, azaldu zuen eskaera horiek egingo dizkiola Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Hamar proiektu eta beste horrenbeste ildo bildu ditu planak. Eta horiek guztiak gauzatzeko ehun jarduera jaso dituzte. Horien artean kokatu dute hiriaren konektagarritasuna airez, itsasoz zein trenez hobetzeko eskaria.
Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren ildoaren barruan kokatu dituzte eskaera horiek. Ildo hori garatzeko, hamasei neurri aurreikusi dituzte atal horretan; besteak beste, iragarri dute Zazpikaleak merkataritza, kultura eta bizikidetza gune gisa garatuko dituztela; halaber, enplegu planak eta prestakuntza programak garatuko dituzte, eta nazioarteko ekitaldiak Bilbora ekartzeko lanean jarraituko dute. Planeko jarduera guztien egoeraren jarraipena egin dezakete herritarrek udalaren webgunean.
Gizarte politikak garatzeko, berriz, hemezortzi jarduera iragarri dituzte. Horien artean, zaintzaileentzako atseden zerbitzu bat iragarri dute: zaintza lanetan aritzen direnek atsedena hartu ahal izateko, zaintzapean dituzten adinekoentzako aldi baterako ostatua eskainiko dute. Bestalde, gogora ekarri dute 6.000 familiak jasotzen dituztela Bilbon gizarte larrialdiko laguntzak. Baldintzak betetzen dituzten familien eskaerei erantzuteko konpromisoa hartu du udalak.
Garraio, mugikortasun eta irisgarritasun arloetara bideratu dute hirugarren ildoa. Besteak beste, mugikortasun ordenantza berria osatuko dute. Gainerako puntuetan honako ildo hauek garatzeko neurriak jaso dituzte: gazteria, balioak, hezkuntza eta prestakuntza; bizikidetza eta segurtasuna; iraunkortasuna eta hiri eraldaketa; kultura eta kirola; auzoen garapena; Bilbo euskalduna; eta gardentasuna, parte hartzea, zorroztasuna eta kudeaketa ona.
Oposizioaren kritika
Plana aurkezteko orduan, Aburtok argi utzi zuen PSE-EEk eta EAJk osatzen duten udal gobernu bateratuak adostutako proposamena dela. Oposizioak berehala kritikatu udalaren estrategia. EH Bilduko zinegotzi Asier Gonzalezen arabera, planak “Zorrotzaurrekoa bezalako hiri proiektu handiak nabarmentzen ditu” —Bilboko Udalak aurkeztutako hamar proiektu nagusien artean lehenengoa da—. Era horretako lanen ondoan “bilbotarren bizi kalitatea non” geratuko den galdetu du.
Aireportua handitzeko eskaerari dagokionez, berriz, galdetu du ea handitze hori “etxean lan prekarioa sortzen duten eta bilbotarren bizi maila garestitzen duten nazioarteko ekitaldi handiak ekartzeko soilik” egin nahi duten. Askoz apustu handiagoa ere eskatu du euskararen etorkizunaren alde. Udalak hiru jarduera aurreikusi ditu ildo estrategiko hori garatzeko.
Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Ana Viñalsen ustez, planak “ez du ahalbidetzen gizartearen kohesioa, eta ez du egiten desberdintasunen aurka”. Gainera, kezka agertu du hamar proiektu garrantzitsuenen artean ez dietelako eskaini atalik berdintasunari edota etxebizitzari. “Horiek dira Bilbok dituen erronka nagusiak”, esan du.