Peru Azpillaga Diez
Argitara eman da Euskal Herrian albaitaritzaren inguruan egin diren lehendabiziko azterketetako bat. Bizkaiko albaitaritza XIX. mendean izenburupean, Francisco Luis Dehesak idatzitako liburuak Bizkaiko albaitaritzaren historia garaikidea biltzen du: XVIII. mendetik Bizkaiko Albaitaritza Elkargoaren sorreraino, albaitaritzaren egoera aztertzen da era guztietako alderdiak kontuan hartuz, hala nola elikagaien ekoizpena, albaitari kontrolen berezitasunak, abeltzaintzaren eta arrantzaren produkzioa, portuetako jarduera maila eta hiltegien sorrera, besteak beste.
Liburuaren antolaketari erreparatuz gero, hiru ataletan banatuta dagoela ikusi daiteke. Lehenik, XIX. mendearen aurretiko berrikuspen bibliografiko bat egiten du Dehesak, abeltzaintza, nekazaritza eta arrantza ardatz hartuta. Atal horretan, albaitariaren ofizioaren parte ziren jarduerak azaltzen ditu: “Albaitarien lana ez datza soilik animaliak sendatzean: beste hainbat jarduera ere egiten dituzte; betidanik izan da horrela, eta hori ere agertzen da azterketa honetan”. Ondoren, XIX. mendean Bizkaian albaitaritzarekin lotuta sortu edota garatu ziren hainbat azpiegitura eta baliabide aipatzen dira. Azkenik, albaitaritza ikasketa edota ogibide profesional moduan hartu zuten lehendabiziko pertsonetan jartzen du arreta autoreak; batez ere zenbait profesionalen lana azpimarratzen du, eta lehenengo albaitari elkarteen sorrera azaldu.
Karrantzan jaiotako albaitari bat da Dehesa, eta txikitatik egon da abeltzaintzaren munduari lotuta. Gaur egun, Bilboko Mediku Zientzien Akademiako lehendakariordea da, eta Albaitarien Historiako Euskal Herriko Elkartearen presidentea. “Albaitaria naiz, eta aspaldian erabaki nuen doktorego tesia egitea. Gerora, argitaratzeko aukera sortu zen, eta liburu hau horren emaitza da”, azaldu du Dehesak. Albaitaria izateaz gain, txikitatik izan da historiazalea, eta, horregatik, bere bi zaletasunak uztartu, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko zuzendari zela, albaitaritzaren historiari buruzko azterketa bat martxan jartzea erabaki zuen.
“Bizkaiko albaitaritzari buruz ez zegoen ezer idatzita, eta, oro har, euskal albaitaritzaren inguruko lanak ere eskasak ziren”, nabarmendu du. “Hasi nintzen Bizkaiko albaitaritzari buruzko informazioa biltzen, eta ez zegoen ia ezer jasota; horregatik, lehenik abeltzaintzaren sorreraren testuingurua argitzea erabaki nuen”. Jakinarazi duenez, albaitaritza XVIII. mendearen amaieran agertzen da, Frantzian, batez ere abeltzaintzaren produkzioa hobetzeko helburuarekin. “Gerora, penintsulara hedatu zen, eta lehenengo albaitaritza eskola ireki zuten Madrilen, 1792. urtean”.
Albaitaritza aspalditik zetorren ofizio bat izan arren, XVIII. mendearen amaieran hasi ziren zientzia moduan ikertzen, eta horren harira sortu ziren lehen albaitaritza ikasketak eta titulazioak. “Albaitaritza arabieratik eratorritako hitza da: kultura arabiarretik eratorritako ofizio bat izan zen, eta, gerora, unibertsitateko titulazio bihurtu zen”. Madrilgo eskolaz gain Espainian beste hiru eskola ere sortu zirela adierazi du Dehesak, eta berak eskolotan ikasi zuten bizkaitarrak ikertu dituela. “Pertsona horien esperientziak berreskuratu nituen, eta, ostera, albaitaritza tradizionalaren eta garaikidearen artean gertatu zen aldaketa aztertu nuen”. Izan ere, Dehesak esplikatu duenez, nolabaiteko “talka” sortu zen bien artean: “Esate baterako, gaztelaniaz, ofizio tradizionalari albaitar deitzen jarraitu zitzaion, baina modernoari veterinario esaten zioten”.
Informazio berri asko
Euskal Herriko albaitaritzari buruzko datu berri asko bildu dituela azpimarratu du Dehesak. Topatu duen informazio guztiaren artean, balio berezia eman dio ahozko transmisioaren bidez lortutakoari. “Horregatik argitaratu nahi nuen lana: hemen material berri bat dago, askorentzat interesgarria izan daitekeena eta, orain arte, ia ezezaguna zen errealitate baten berri ematen duena”. Gainera, tokian-tokian albaitariek urteetan egindako lanaren garrantziaz ere aritu da Dehesa: “Herrietako historia idazterakoan, albaitariak ez dira inon agertzen, baina haiek han egon ziren, eta oso egiteko garrantzitsua izan zuten, funtsezkoa. Lan horren balioa eta izaera aldarrikatzeko era bat iruditzen zitzaidan liburu hau argitaratzea”. Azkenean, erakundeen elkarlanari esker lortu du liburua argitara ematea.