June Prieto
Gabonak gertu daude, eta opariak erosteko estutasuna ere nabari da jende askorengan. Garai honetan “derrigorrezkoa dirudien kontsumismo eredua” aldatzeko, Mungiako Bitxikiak elkarteak bigarren eskuko azoka bat antolatzen du urtero. Objektuen erabilera luzatu nahi dute. Antzinako kamerak, jostailuak edota altzariak topatu daitezke Mungiako Gabonetako Merkatuan. Aurtengoa bihar goizean izango da, Mungiako Legarda eskolako patio estalian.
Bildumagileen elkartea da Bitxikiak, hamazazpi urte daramatza abenduko merkatua egiten, eta elkarteko kideek hainbat ekitaldi antolatzen dituzte objektuen bildumen inguruan. Antonio Lopez madrildarra hasieratik dago elkartearen zuzendaritzan; izan ere, berrogei urte darama Mungian bizitzen, eta bildumazalea da bera ere: “Mungian biltzen ginen bildumazale batzuek sortu genuen elkartea, 2013. urtean. Helburu nagusia bildumagileentzako objektuak bilatzea zen, betiere bildumen mundu honetan sortzen diren azpimerkatuak gainditu nahian”.
Geroago konturatu ziren elkartearen bidez bildumazaletasuna pertsona gehiagorengana zabaldu ahal zutela, eta horretarako egiten dituzte hainbat erakusketa eta feria. “Jendeari erakutsi nahi diogu bilduma bat egitea ez dela soilik gauzak pilatzea, baizik eta badela herriaren historia eta kultura mantentzeko modu bat”, aldarrikatu du Lopezek.
Plentziako trenak 125 urte bete zituenean, esaterako, erakusketa batean parte hartu zuten, trenaren maketak eta hainbat elementu zahar mailegatuz. Beste erakunde publiko eta pribatu batzuek ere atrezzoa eta bestelako erabilerak izan dituzten materialak eskatu dizkiete: “Friki deitzen digute, baina gai batzuetan aditu bihurtzen gara bildumazaleak”.
Urtero bi ekintza nagusi antolatzen dituzte: Bildumazaleen Feria eta Gabonetako Merkatua. Feriarekin hasi zirenean, hurbiltzen zirenak bildumazaleak ziren gehienbat, eta objektu berezien bila joaten ziren. Gabonetako Merkatua beste arrazoi batzuengatik antolatu zuten: “Garai hartan birziklatzearekin buru-belarri zebilen Mungia, eta gure ekarpena hau izan zen: alde batetik, bildumazaleentzako leku bat egokitzea, eta, bestetik, etxean ditugun gauzei beste erabilpen bat emateko aukera sortzea. Gabonetan izatea ez da kasualitatea: kontsumismo basatiena indartu egiten da urteko garai hauetan”.
Dagoeneko 800 erakusketa
Biharko merkatuan 180 mahai egongo dira. Elkartea irabazi asmorik gabekoa da, eta kideek era altruistan egiten dute lan. Halere, mahaia jartzeko zortzi euro ordaindu behar dira; gehienbat, azpiegitura gastuak eta egun horretan kontratatzen diren langileak ordaintzeko erabiltzen da diru hori. Bildumagileek askatasun osoa daukate beren gauzei nahi duten prezioa jartzeko edo trukean emateko.
Bitxikiak elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu urte osoan. “Hamabosgarren urteurrenean atzera begira jarri, eta ohartu ginen zortziehun erakusketa baino gehiago egin genituela”. Lopezek nabarmendu dituenen artean, irratien erakusketa bat eta kafe makinen beste bat daude. Galeria batean jartzen dituzte ikusgai, eta urteko egun guztietan daukate erakusketaren bat.
Elkartean 120 bazkide daude, gehienak 50 urtetik gorakoak. “Izan ere, bildumagilea izateko, denbora behar da, objektuak datatzeko, erregistro bat sortzeko. Horrek bihurtzen zaitu benetan bildumagile”. Lopezek kontatu duenez, berrehun liburu tolesgarriz osatutako bilduma bat du berak; urteak igaro ditu pieza batzuen bila.
Umeak erakartzeko programak ere egiten dituzte; hitzaldiak eskoletan, adibidez. Horrela lortu zuten 14 urteko neska bat Harry Potter-en objektuen bilduma egiten hastea. “Gazteek gustuko izaten dituzte liburuekin edo pelikulekin zerikusia duten gauzak. Magic karta jokoak eta Lego jokoak ere haien arreta erakartzen dute”.
Izan ere, Lopezen esanetan, edonork dauka edonolako bildumaren bat etxean gordeta: “Oso gutxitan gertatu zait pertsona bati galdetzea bildumarik egiten duen, eta ezezko erantzuna jasotzea; nahi gabe ere, bildumak egiteko joera daukagu”.