Ibai Maruri Bilbao
“Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunean oinarritutako gizarte batean bizi gara, adierazpen ugari dituen desberdintasun batean”, ohartarazi du Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak. Horri buelta emateko asmotan, beste kanpaina bat abiatu du Bizkaiko Diputazioak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Tipo apartak nahi ditugu leloa ipini diote, gizontasun eredu bati aipamen eginez.
Laespadak azaldu du zelakoa den kanpainak aintzatesten duen gizon eredua: “Errespetatzen, baloratzen eta babesten duten gizonak, partekatzen eta aintzatesten dutenak, eta, aldi berean, kontrolatzen ez dutenak, umiliatzen, iraintzen, erasotzen eta hiltzen ez dutenak dira. Berdintasuna babesten dute, indarkeria matxistaren aurka daude maila guzitetan, ez dira heroi erromantikoak, baina ezta sexu harrapariak ere, berdintasunezko afektibitatea eta sexulitatea garatzen dutelako. Ingurukoak zaintzen dituzte, zainduak izan behar direla onartzen dute eta zaurgarriak direla onartzen dute”.
Kanpaina honekin gizonek duten jokabidean eragin nahi du diputazioak. Izan ere, modu horretakoak diren gizonek “pauso bat ematea” lortu nahi dute, Laespadaren esanetan. Horretarako kartelak ipiniko dituzte Bizkaiko hainbat tokitan —autobus eta metro geltokiaetan, kaleko iragarki paneletan, ikastetxeetan, denda eta tabernetan…—, eta iragarkiak herrialdean kontsumitzen diren hedabideetan. Horrez gainera, kanpainaren materiala sortu dute: 3.000 kamiseta, 250.000 eranskailu, 16.000 kartel, 1.500 koaderno, 1.500 motxila, 1.500 poltsa, 41.000 txapa eta mila triptikotik gora. Azaroaren 25ean bertan banatuko dituzte Bilboko Emilio Campuzano Lanbide Heziketa Institutuan eta Guggenheim museoaren atzeko aldean. Baita abenduaren 6tik 8ra Barakaldoko BEC erakustazokan egingo den Fun & Serius bideo jokoen jaialdian. Helburua gizarte osora iristea da, baina, batez ere, beladunaldi gazteenetara.
Horrez gainera, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatzen duen Gizartegune foroaren 14. ekitaldia gizontasun ereduari eskainiko diote. Azaroaren 28an egingo da, Bizkaia aretoko Mitxelena gelan, Gizonak, begirada feminista emakumeen ikuspegitik lelopean. Besteak beste, Amparo Tome soziologoak ikerketa baten emaitzak aurkeztuko ditu. Honakoa da bere berbaldiaren izena: Hezkidetzaren erronkak XXI. mendean. Nola gehitu ume, gazte eta gizonak gizarte berdinago bat lortzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, bestalde, adierazpena onartu zuten eguaztenean, Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran. Besteak beste, indarkeria matxistaren biktimen erreparazioaren garrantzia azpimarratu dute, “komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko”. Era berean, biktimen eskubideak politiken erdian jartzeko ere eskatu dute.