Peru Azpillaga Diez
“Bizitzarik ez duten objektuei arima ematean datza txontxongiloen artea”. Hala deritzo Juanjo Corrales Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiko 38. edizioko antolatzaileetako batek. Haren esanetan, objektuei bizitza emanez hamaika istorio konta daitezke, errealak zein fikziozkoak. “Egungo material eta teknikei esker, gainera, kontaezinak dira txotxongilogintzak eskaintzen dituen aukerak”. Hori dela eta, besteak beste, arte diziplina horrek duen balioa aldarrikatzeko eta berriz ere kulturaren lehen lerrora ekartzeko antolatu dute txotxongiloen jaialdia, beste behin ere. Bihar bertan emango diote hasiera, eta hurrengo asteko igandera arte iraungo du. Bederatzi egunotan, hainbat emanaldi eskainiko dituzte Bilbon zehar sakabanatutako sei tokitan: Deustu, Errekalde eta Otxarkoagoko udaltegietan eta Pabiloi 6, Fabrika eta Campos Eliseos antzokietan. Hain zuzen ere, Campos Eliseosekoa izango da agertoki nagusia, eta hantxe egingo dira programazioaren barruan ordainpekoak izango diren ikuskizun bakarrak. “Txotxongiloen antzerkia sustatu nahi dugu, bere garaian izan zituen zaleak berreskuratu ditzan berriro ere”, nabarmendu du Corralesek.
Azaldu duenez, 1982. urtean sortu zen Bilbon txotxongiloen jaialdia, eta garai hartan bazegoen egun hori “irrikaz” espero zuen publiko zabal bat. “Zale haiek berreskuratu nahi ditugu, eta erreferentzia bat bilakatu txotxongiloen munduan, hango eta hemengo konpainien garatzeko eta profesionaltasun minimo bat lortzeko aukera izan dezaten”. Era berean, txotxongilogintzak arte eszeniko gisa duen balioa aldarrikatu nahi dutela ere gogorarazi du Corralesek. “Bai arte estetiko moduan zein tresna pedagogiko legez duen balioa aldarrikatu nahi dugu; txotxongiloen alde estetikoa eta alde soziala kontuan izanik, indar handia duen tresna pedagogikoa izan daitekeelako”.
Corralesek gogora ekarri duenez, txotxongiloak antzinako arte bat dira, historian zehar gizartearen garapenean presente egon direnak. “Ezin da esan zehazki noiz sortu ziren, baina, zenbait teorien arabera, lehenengo itzal jokoak historiaurrean ere kokatu daitezke”. Azkenaldian, ordea, txotxongiloen arteak indarra galdu duela onartu du Corralesek Bere garaian, jaialdia martxan jarri zenean, egitasmo berritzaile bat bazen ere, aitortu du gaur egun, publikoarentzat ez dela hain ezaguna. Batez ere, azken urteetan haurrentzat bideratu izanari leporatu dio egungo egoera. “Arte eszenikoen barruan duen nortasun kultural eta artistikoa galdu ditu azken urteetan”. Bere historia osoan, ordea, publiko helduari zuzendutako artea izan dela azpimarratu du.
Jende gehienak uste duenaren aurka, Corralesek adierazi du txotxongiloen artearen barruan, teknika eta mekanismo askori esker, mota guztietako diziplina eta ikuskizunak daudela. “Ez dago soilik eskularruko txotxongiloa, edota hari bidezkoa, beste asko ere existitzen dira; zaharrak zein garaikideak, gainera”.
Euskal Herrian txotxongiloen artea oso hedatuta ez dagoen arren, Corralesek esperientzia “politak” daudela azaldu du. Tolosako Topic jaialdia jarri du adibidetzat. “Guretzat, horiek dira erreferentzia nagusia, programazioaren zati bat haiekin batera elkarlanean osatzen dugu”. Izan ere, Topic jaialdia Bilbokoa baino gazteagoa den arren, komunitate zabal bat osatzea lortu duela erantsi du Corralesek. “Garrantzitsua da batera lan egitea, Euskal Herrian ere txotxongiloen artea normalizatu eta garatzeko aukerak zabaltzeko”.
Aurtengo egitarauari lotuz, zenbait herrialdetako artistak bildu dituzte Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiko 38. edizioan: Grezia, Italia, Espainia, Brasil, Herrialde Katalanak, Galizia… “Oso programa oparoa osatu dugu. Eskaintza benetan zabala da, eta askotariko proposamenak egongo dira aukeran: pantomimatik hasi eta antzerki musikaleraino, paperezko, irudi bidezko edota itzal bidezko antzerkietatik igaroz”. Eskaintza zabal horren artean, Veronica Gonzalezen obra azpimarratu du Corralesek. “Haren proposamena benetan berezia da; oinekin egiten du antzerkia Gonzalezek, eta munduan artista oso gutxik eskaintzen dute halako proposamen bat”.
Hedapenari bultzada
Hirugarren urtez jarraian, Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiak zabalpen prozesu batean murgilduta jarraitzen du. Hala, toki bakarretik, Bilboko hainbat auzotara hedatu ostean, aurten, Bizkaiko beste zenbait udalerritara zabaltzeko apustua egin dute. “Iaz oso ondo joan zen, eskolekin egindako saioek arrakasta handia izan zuten, eta saio irekietan ere audientziak gora egin zuen”. Corralesek esplikatu duenez, 2017az geroztik jaialdia deszentralizatzeko ahalegina egiten dabiltza. Auzoetatik igaro ostean, oraingoan Bizkaiko zenbait herritara zabalduko dira. “Arratiako eta Txoriherriko eskualdeekin saiatuko gara aurten, eta, ondoren, are gehiago zabaltzea da asmoa”.
Hala ere, jaialdiaren muinean dagoen Campos Antzokia mantenduko dutela gogorarazi du Corralesek. “Zentro hori mantenduko dugu, Bilboko erdigunean dagoelako; bertara bideratzen dugu programazioaren atalik garrantzitsuena, arratsaldero emanaldi bat eskainiz”. Gainontzeko saio guztiak doan direla gogorarazi du Corralesek. “Jaurlaritzak eta diputazioak ematen dizkiguten diru laguntzak herritarrengan inbertitzen ditugu zuzenean, uste dugulako oso garrantzitsua dela zaleak sortzea eta kultura herritarrengan hurbiltzea”. Horregatik erabaki dute, besteak beste, kulturak eta arteak presentzia gutxi duen tokietara hedatzea jaialdia.
Ideia berari jarraituz, hiru ikastaro jarri dituzte martxan, nazioarteko formakuntza ziklo bat osatuz. “Formakuntza ikastaroen helburua txotxongiloen munduan aktore lanetan dabilen pertsonei zabaltzea da, arte mota honek dituen ezaugarriak ezagutu ditzaten”, azaldu du Corralesek.
Baliabide askorik ez duten arren, gutxinaka aurrera doazela uste du, eta urte batzuen bueltan, jaialdiak presentzia eta garrantzi gehiago izatea espero du Corralesek. “Oso eskertuta gaude urte gutxi hauetan egindako ibilbideaz eta eskura ditugun baliabideez. Horiek erarik eraginkorrenean baliatu eta denborak aurrera egin ahala, jaialdia Bizkaia osora hedatzea espero dugu”. Corralesek ohartarazi duenez, Euskal Herrian oraindik ez dago Herrialde Katalanetan edota Andaluzian duten txotxongiloen kultura eta tradizioa, baina “bidea egiten” ari direla deritzo. “Sortu egin dira zenbait konpainia. Ez da oso hedatuta dagoen arte mota bat, beraz, oraindik badugu egiteko lan asko, Gure jaialdiak bultzada eman behar die hazten ari diren artista guzti horiei”.