Peru Azpillaga Diez
Bi urteko prozesu luze baten ostean, behin betiko geratu da bertan behera Lezamako azken HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Espainako Auzitegi Gorenak ez du onartu Lezamako Udalak jarritako helegitea. 2018ko otsailaren 15ean, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen hirigintza plana eta epai haren aurkako helegitea jarri zuen udalak Auzitegi Gorenean. Orain iritsi da erantzuna. Hala, epaitegiek bigarren aldiz eman diote arrazoia Lezama Bizirik auzo elkarteari. Udalak plan berri bat garatzeko prozesua martxan jarriko duela jakinarazi du. Izan ere, orain 1988ko arau subsidiarioa dago indarrean HAPOen aurrekaria. Erabakiak eragina izango du Athletic futbol taldeak Lezaman dituen azpiegiturak handitzeko zuen proiektuan ere.
Auzo elkartetik epaitegien erabakia txalotu dute. Hamar urte baino gehiago luzatu den prozesua itxita, eskua luzatu diote udalari HAPO aurrerakoi eta adostu berri baten negoziazio eta tramiteetan laguntzeko. “Urtarrilean hasiko dira plan berri bat egiteko tramiteak; luze jotzen duen prozesua da. Begira zelan joan den orain arte, ia hamabost urte daramatzagu arau urbanistikorik gabe”, hasi da azaltzen Txema Pico Lezama Bizirik auzo elkarteko kidea. “Espero duguna da oraingoan benetako parte hartzea egotea eta kontuan hartzea herritarron hitza garapen plan egoki bat osatu ahal izateko; izan ere, badakigu gure eredua ez datorrela udalaren garapen ereduarekin bat”.
‘Déjà vu’ egoera
Lezama Bizirik auzo elkarteak birritan salatu du Lezamako Udalak aurkeztutako hirigintza plana. “Berriro ere Lezamako herriarentzat guztiz eragin kaltegarria izango zuen garapen plan bat gelditu dugu”. Hala ere, larrituta azaldu dira badakitelako udalerri txiki batentzat kaltegarria dela arau urbanistikorik ez izatea, egiten diren lanak “kontrolik gabe” egiten direlako. “Dena den, ezin genuen onartu neurriz kanpoko etxebizitzak eraikitzea, eta espekulazioa sustatzeko gure landa lurren okupazioa helburu zuen plan zentzugabe bat”, argudiatu du Picok.
Kontatu duenez, orain dela hamabi urte hasi zen prozesu guztia: 2007. urtean, lehenengo plan urbanistikoa adostu zutenean; plana baino gehiago, arau subsidiarioa zen. “Azkena 1988koa zen, berez hamar urtero edo berritu behar da, baina, Lezaman, ez zuten 2007ra arte egin. Garai hartara arte, egindako eraikuntza guztiak arau horri moldaketak eginez eraiki zituzten”. Lezamak 3.000 biztanle baino gutxiago dituenez, udalak 2007an onartutako arau subsidiarioak diputazioaren oniritzia behar zuen aurrera jarraitzeko, eta hala izan zen. “Kontuan izan behar da 2007an boom urbanistikoan murgilduta geundela, eta gutxira etorri zela krisia”, ohartarazi du Picok.
Hori dela eta, plan urbanistiko hura hazkundeari begira egina zegoela nabarmendu du. “Hemen 1.000 etxebizitza daude eraikita, eta horietatik 200 inguru hutsik daude. 2007ko arauan beste 1.000 eraikitzea aurreikusten zen”, salatu du. Horrekin batera, 600.000 metro karratu landa lur, lur industrial bihurtu nahi zituztela jakinarazi du. “Hori sekulako galera litzateke gurea bezalako herri batentzat. Gainera, ez zion eskaera zehatz bati erantzuten”. Picok dioenez, Lezaman 2.000 metro karratuko eremu industrial bat dago, 30 urte daramatzana egoera horretan, eta oraindik ez dago beteta. “Ez du inolako zentzurik”.
Plan urbanistiko bat garatzeko orduan, beharrezkoa da herritarren iritzia jasoko duen prozesu bat martxan jartzea. Lezamako Udalak halakorik egin ez zuenez, Lezama Bizirik auzo elkartetik epaitegietara jotzea erabaki zuten. 2009an EAEko Auzitegi Gorenak arau subsidiarioa bertan behera utzi zuen. “Argudio zorrotzak erabili zituen. Bata parte hartze faltari lotuta, eta bestea ingurumenarekin zerikusia zuten zenbait tramite ez egiteagatik”.
Udalak helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean eta, bi urte beranduago, 2011n, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia berretsi zuen. “Urte hartan bertan hasi ziren HAPO berri bat garatzen lege berriarekin izena aladatu zitzaion, arau subsidiario barik, hirigintza plan izango zen, baina eduki bera mantendu zuten”. Picok azaldu duenez, udalak argudiatu zuen aurreko planean izandako arazoek formarekin soilik zutela zerikusia, eta, beraz, edukiak “egokiak” zirela. Emaitza ordea, berbera izan da. “Berriz baztertu zuten prozesu parte hartzailea, eta, etxebizitza berrien kopurua zertxobait murriztu bazuten ere, plan urbanistikoa bere horretan mantendu zuten”. 2018an, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen hirigintza plan berria eta, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du berriro ere Lezamako Udalak jarritako helegitea.
Athletic taldeari kalte
Hirigintza plana bertan behera geratu denez, 1988ko arauak jarraitzen du indarrean, eta horrek, besteak beste, Athletic futbol taldeak Lezaman dituen instalazioetan ere eragina du. Planean futbol taldeak bere azpiegiturak handitzeko zuen proiektua ere biltzen zen: 3.200 metro karratuko eraikin bat altxatu nahi zuten. Baina orain, plana bertan behera geratu denez, ia erdira murritzu beharko dute eraikin berria, 1988ko arauetara moldatu ahal izateko.
“Orain arte nahi duten guztia egin dute Athleticekoek, eta udalak ez die inolako trabarik jarri. Legez kanpokoak ziren obrak egitera ere heldu dira”, salatu du Picok. Gainera, zenbait hedabidek albistea argitaratzerakoan haien elkarteari emandako trataera ere jarri du ezbaian: “Badirudi udalak dena ondo egiten duela, eta gu agintariak izorratzea beste asmorik ez duten lau zoro baino ez garela; eta ez da hala!”.