Ibai Maruri Bilbao
Erakusketek normalean hari bat izaten dute. Obra guztiek badute zerbait komuna. Baina egunotan Igorreko kultur etxean ikus daitezkeen lan guztiak erabat ezberdinak dira. “Pertsona bakoitzak obra erabat ezberdina egin du. Horrek bihurtzen du interesgarri erakusketa hau. Ezberdinak dira kalitate plastikoan, hautatutako gaietan, tekniketan, neurrietan… Hasiberriek lan txikiagoak egiten dituzte, eta esperientzia gehiago dutenek, handixeagoak”, azaldu du Ines Medina artista eta irakasle galdakoztarrak. Sortzaile genuinoaren garapena arte plastikoen bidez izeneko seminarioa eskaintzen du kultur etxean bertan, 2009tik. Eta haren ikasleek egindako lanak ikusgai daude azaroaren 29ra bitartean. Seminarioaren izen bera ipini diote erakusketari. 2018-2019 ikasturtean egindako obrak daude ikusgai.
Teoria azaltzen die Medinak, baina, batez ere, astoz asto joatea gustatzen zaio, eta banan banan laguntzea lana osatzen. Horregatik dira ezberdinak lanak. Hiru joera nagusi nabaritu ditu berak ikasleen artean. Batzuek gai tradizionalak lantzen segitzeko hautua egin dute. Beste batzuek pinturaren ezagutzan sakondu nahi izan dute. Euren burua gehiago ezagutzeko prozesu modura hartu du hirugarren talde batek. Dena den, uste du badutela zerbait komuna. Erakusketa guztietan izaten da hala, gutxi edo asko. “Ez da oso agerikoa. Lehen begiratuan ez dakizu zer den. Baina zerbait nabaritzen da. Erakusketa ikusten duzu, eta ohartzen zara badagoela zerbait. Pertzepzio kontua da. Igartzen da guztiek dutela benetakotasun edo egiazkotasun bat. Egia eta bakea transmititzen dute guztiek. Eta, hautatu duten gaia hautatu dutela, teknika bat edo beste erabili, ez dago ikuslea minduko duen obrarik erakusketa osoan”.
Haren ikasleetako batzuk adituak dira. Arte Ederretako lizentziaduna eta doktoreak ere baditu. Baina badaude ezagutzarik gabe hasi direnak ere, Igorrekoak eta Arratia ingurukoak, interes hutsagatik izena eman dutenak. Aitortu du obra batzuetatik bestera igartzen dela esperientzian dagoen aldea. Baina, zerotik hasi arren, ikasle guztiek maila “oso ona” lortu dutela iruditzen zaio Medinari. “Batzuek teknika errazagoak hautatu dituzte, eta beste batzuek, zailagoak edo konplexuagoak. Batzuek tamaina handiagoko lanak egitea erabaki dute, eta beste batzuk ez dira ausartu halako neurriak hartzera. Baina koadro guzti-guztietan igartzen duzu itzelezko kalitatea dagoela sortu duten horretan”.
Seminarioak hamar urte bete ditu dagoeneko. Datozen asteetan ekingo diote 11. ikasturteari. Ez da urtebetean bukatzen den kontua; beraz, gehienek segitu egiten dute. “Sortzaile genuinoa aurkitzeko zenbat denbora behar da? Hara nik zenbat urte daramatzadan honetan, eta jarraitzen dut. Uste dut bizitza osorako kontua dela”. Hala ere, honako hau zazpigarren erakusketa da, hirugarren urtera arte ez baitziren hasi seminarioan egindako lanak igorreztarrei erakusten. “Ez nekien ikasleak horretarako prest egongo ziren, ezta aukerarik izango genuen ere”.
New Yorketik Igorrera
Medinak ezberdintasuna izan du ikerketa ildo nagusi bere sormen prozesuetan. “Ez soilik generoen artekoa. Baita arrazen, erlijioen eta enparauen artekoa ere. Nik jakin nahi nuen gizarteak zergatik zatitzen dituen multzoka bere kide direnak”. Ikerketari goiburu bat ipintzekotan, zatiketaren kontzeptua izan beharko luke. Lehenik Euskal Herrian, ondoren Madrilen eta azkenik New Yorken egindako lanaren emaitza da.
Euskal Herrira itzuli zenean, Emakunderen beka batekin hasi zen bere lan guztiak bilduko zituen erakusketa atontzen. Besteak beste, Igorreko kultur etxean erakutsiko zuen serie horietako bat. Eta orduan ezagutu zuen hango arduradun tekniko Janire Lopez. Garai bertsuan, orain Igorren eskaintzen duen seminarioa eskaintzen zuen Bilbo Arten. “Ikasle talde bat nuen, eta jarraitzeko interesa zuten. Baina, Igorrera nindoala, pentsatu nuen Janireri [Lopez] eskaini behar niola, eta hala egin nuen. Berehala onartu zidan”. Gerora, New Yorken eta Ipar Carolinan ere eskaini du seminario bera.
Hiru ardatz nagusi ditu. Batetik, pintura arloko teknika guztiak ikasten dituzte. Baita ordenagailu bidezkoak ere; ez dute ordenagailurik ikasgelan, baina interesa duenak etxetik eroateko aukera du. Tekniketan eskultura ere landu izan dute, baina soilik buztinezkoa. Bigarren ardatzean kontzeptu plastikoak lantzen dituzten: zer den garrantzitsua obra bat egiterakoan, konposizioa, neurria, kolorea… Eta hirugarrenean jorratzen dute seminarioaren muina: benetako sortzailearen garapena. “Zer da benetako sortzailea? Euskarriarekin, teknikarekin… konexioa duena. Egiten den horrekin elkarrizketa bat eduki behar da margotzen den hori irakurtzen ikasteko”. Berbaldi horretan ibili dira ikasleak seminarioan, eta topatu dutena eroan dute erakusketara.