Diktadorea beldur zen sasoietakoa

Diktadorea beldur zen sasoietakoa

Garai batean gerrarako defentsa lerroa izan zena, bakez inguratutako begiratoki bilakatu da; hots, Gorlizko bunkerrak. 1940ko hamarkadan eraiki zituzten. Jende askok pentsatzen du 36ko gerran egindako Burdinazko Hesiaren parte zirela, baina gerra amaitu ostean eraiki zituzten.

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, bloke aliatua gailendu, eta nazismoaren suntsipena etorri zen. Adolf Hitler Alemaniako diktadoreak bere buruaz beste egin zuen. Italiako erresistentzia talde batek tiroz hil egin zuen hango diktadore Benito Mussolini, eta haren gorpua gasolindegi bateko teilatutik zintzilik agertu zen. Egoera ikusita, Espainiako Estatuan matxinada bat edo inbasio bat gerta zitekeen beldur zen Francisco Franco diktadorea. Horrenbestez, bunkerrez osaturiko gotorleku militarren sarea antolatu zuten frankistek. P lerroa deitu zioten defentsa lerroari, eta Pirinioetako Defentsa Antolaketa izan zuen izen ofiziala. Horren aztarnak oraindik ikus daitezke Bizkaiko beste txoko batzuetan; hala nola Luzuero lurmuturrean (Zierbena) edo Galea lurmuturrean (Getxo).

10.000 bunker inguru izan zituen P lerroak. Francok haietako bat bat kokatu zuen Gorlizen, leku estrategiko gisa hartu baitzuen Bizkaiko kostaldeko herria. Batez ere, itsasotik eta iparraldetik etor zitezkeen erasoei aurre egiteko leku aproposa zen. Itsas mailatik altuera handi batean dago bunkerra: Billao lurmuturrean, hain justu. Puntu horretatik aire ikuspegia ere kontrolatu zitekeen. Hala eta guztiz ere, Gorlizko bunkerrak ez zituzten inoiz erabili, ez zutelako erasorik jaso.

Gaur egun, hormigoiz egindako lur azpiko galeriak, tunelak eta tiro postuak bisitatu daitezke. Bando frankistak esklabotzat zituen zenbait presok egin zuten egitura. Bisitariek lur azpiko galeriak zeharkatu ditzakete tiro postuetara iristeko. Bere garaian, gudariek galerietan ezkutatzeko aukera zuten, eta tiro postuak komunikatzeko ere erabiltzen zituzten. Guztira, hiru tiro postu daude, mendi mazelan zehar. Egun, hiru kanoietatik bakarra kontserbatzen da.

Interesgune historikoa izateaz gain, bunkerrak bista izugarriak ditu Kantauri itsasorantz eta Billao uharterantz. Bestalde, metro batzuetara, Gorlizko itsasargia dago. Bizkaiko itsasargirik altuena da, 21 metro garai baita. Andrea Gonzalez Rubio Gorlizko turismo bulegoko langileak azaldu duenez, bisitari gehienak itsasargia ikusteko joaten dira Gorlizera.

Iristeko bi bide

Gorlizko bunkerrak bisitatzeko itsasargira joateko bideari jarraitu behar zaio. Dena den, bisitariek bi ibilbide dauzkate aukeratzeko. Biak Astondo hondartzatik hasten dira, baina ibilbide bat kostaldetik eta itsaslabarretatik doa, eta, aldiz, besteak, barnealdeko belardi zabalak zeharkatzen ditu. Biak bide erosoak izanda ere, kostaldeko ibilbidean lur jausien arriskua igartzen duten seinaleak daude. Dena den, Gonzalezek adierazi duenez, familiek eta eskoletako umeek egiten dute txangoa urtean zehar.

Ibilbideari dagokionez, pertsona bakoitzak marka dezake erritmoa, bere gaitasunen arabera. Edozelan ere, egiteo erraza da. Dena dela, Gonzalezen ustez, kostaldeko ibilbidea pixka bat luzeagoa izan daiteke: 45-60 minutuko igoera du. Barnealdetik egiten den ibilbidea 30-45 minututan osa daiteke. Ibilbide bat ala bestea aukeratu, bisitariei gomendatzen zaie oinetako erosoak eramatea. Horrez gain, komeni da esku argia eramatea lur azpiko galerietatik ibili ahal izateko.

GORLIZKO BUNKERRAK

  • Helbidea. Fano bidea, 13. Gorliz. 
  • Bisita. Edonoiz bisitatu daiteke. Gorlizko Turismo Bulegoan bunkerrei buruzko informazioa ematen dute, besteak beste. Eguaztenetik zapatura egoten da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara.
  • Web orria. Visitgorliz.eus