Arazoekin abiatu da TAO sistema berria Bilbon

Arazoekin abiatu da TAO sistema berria Bilbon

Auto andana batek bete zituen Bilboko kaleak joan den astelehen goizean, astero legez. Bigarren ilaran utzitako furgoneten larrialdi argiek eta autoen motorrek girotzen dute lan astearen hasiera. Hirira kanpotik joan direnek bilbotarrak entzutera ohituta dauden galdera bat egin dute autoko leihotik: «Non utz daiteke autoa TAOrik [Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua] ordaindu gabe edo gutxi ordainduta?». «Bilbon, zail» izaten da erantzuna, normalean; oraingoan, baina, erantzunak beste zati bat du: «Hori bai, kontuan izan gaurtik aurrera TAO sistema berria dagoela». Ohartarazpena entzunda, asko zur eta lur geratzen dira, sistema berriaren lehen eguna izan baita astelehena.

Bilbotarrentzat aparkatzeko orduan alde handirik ez dagoela irudi dezakeen arren, badago ezberdintasunik: gune urdinean ez dituzte bi ordu doan edukiko. Hiritik kanpo bizi direnentzat, ordea, buruhaustea izan da sistemaren lehen eguna. Makinetan zein sakelakoaren bidez eros daiteke autoa aparkatzeko tiketa; teorian, gutxienez. Izan ere, erabiltzaile asko kexatu dira ezin izan dutela sakelakoa erabili, Android sistema eragilea dutenetan ez baita ibili egun osoan. Are gehiago, TAOko zenbait makinak ez dira egun osoan ibili. Asko izan dira isuna jasotzeko beldur: esan dute ezin dela sakelakoarekin egin, makina ez dabilela, ez dietela telefonoa hartzen, eta TAOko autoa behin eta berriz dabilela bueltaka.

«Autoan nentorrela, Androiden ez zebilela entzun dut irratian, baina goizean goiz Apple sistemakoetan ere ezin zen erabili. Nire bikotekidea goizean etorri da, eta makinan atera behar izan du tiketa», argitu du Mihnea Huibanek. Huiban Bermeon bizi da, eta, Bilbora autobusez joan ohi den arren, «ohikoa» du autoan ere joatea. Sistema berriarekin «aldaketa handirik» sumatu ez badu ere, «xehetasun» batzuk egon badaudela dio. Matrikula makinan sartu ostean agertzen da aurreneko aldaketa, esaterako: aurrerantzean, bisitari edo erreserba artean aukeratu beharra dago.

Rafa Nieto harrituta geratu da aukeraketa horrekin, zer hautatu jakin gabe. Nieto espainiarra da, Errioxakoa, eta ez zuen aldaketaren berririk. Makinak ez du aukeren inguruko informaziorik, eta ez du jakin zein aukeratu. Azkenean, bisitariari eman dio; baleko aukera. Ez da makinak erabiltzaileei sortu dien arazo bakarra. «Lehen baino arazo gehiago sortzen dituela dirudi. Nik inoiz ez dut arazorik izan ordaintzeko, baina gaur hainbat saiakera egin behar izan ditut», zehaztu du Huibanek.

Gehiago ordaindu

Sakelakotik jarduteko ezintasunak, makinan egin beharreko aukeraketa berriak eta zenbait makina ez ibiltzeak eragin dituzten buruhausteak ez dira izan kexa nagusia TAOko erabiltzaileen artean: arazorik handiena eguerdian dohainik aparkatzeko aukera kendu izana da. Kexuka ibili dira Bilbora autoan doazenak. Izan ere, gune intentsibo izendatu dituzten eremuetan hiru orduz soilik utz daiteke autoa, 6,25 euroren truke. Bilbon lan egiten duten askorentzat «gutxiegi» da denbora tarte hori.

«Gaizki» iruditzen zaio Nietori TAOrik gabeko tartea kendu izana: «Guri dirua kentzeko hartzen ditu erabakiak Bilboko Udalak». 12:30ean aparkatu du autoa Nietok, eta 15:00ak arte utzi du. Sistema berriarekin ia bost euro ordaindu behar izan ditu. Joan den astean, ostera, bi euro baino gutxiago ordainduta denbora tarte bera utz zezakeen autoa hiriaren erdigunean. Ez da neurriagatik kexu den bakarra. Dani Etxebarria Algortan (Getxo) bizi da, eta, Bilbora gutxitan joaten den arren, astelehenean hirira joan behar izan zuen. «Lotsagarria» iruditzen zaio udalaren erabakia: «Tarte bakarra zegoen Bilbon egunez denbora tarte luzez eta merke autoa uzteko, eta hori ere kendu egin digute. Gainera, trafiko gutxien dagoen tartea da. Ez dut erabakia ulertzen. Arrazoi bakarra diru gehiago lortzea da».