Karrantzan argindar eta telefono sareek «sarriegi» huts egiten dutela salatu dute

Karrantzan argindar eta telefono sareek «sarriegi» huts egiten dutela salatu dute

Abenduaren 1ean, 06:00etatik 15:00etara bitartean, Karrantzako auzo nagusienetan argindar barik egon ziren. Etxeetan arazoak sortu zituen, eta dendetan eta tabernetan nekez egin ahal izan zuten lan. Raul Palacio alkatearen arabera, ez da lehen aldia: berbarako, azaroan, Salviejo auzoan, hogei egun egin zituzten telefono linea eta Interneterako konexio barik. «Argindar eta telefono konpainiek ez dute azpiegituren mantentze lanik egiten», esan du Palaciok.

Egoera hedabideetan salatzen hasi direnean agertu dira konpainietako lehen langileak Karrantzan. Alkatearen arabera, udalarentzat oso zaila da enpresekin harremanetan jartzea. «Guk daukagun harremanetarako kontaktu bakarra bezeroen arretarako zenbakira deitzea da. Deitu genuen, eta esan ziguten kaltetutako bezeroaren telefonotik deitu behar zitzaiela. Bezero baten telefonotik deitu genuen, eta erantzun ziguten arazoa erregistratuta zutela, eta konponduko zutela hainbat arinen. Azaldu genien Karrantzako Udala ginela, eta eskatu genien arduradun batekin jartzeko, baina ezinezkoa izan zen».

Alkateak kontatu duenez, azken urteetan zerbitzu hobea jasotzen ari ziren, baina badira hilabete batzuk berriro okerrera egin dutenetik. «Auzo batzuetan sarriegi geratzen dira argindar edo telefono barik, eta askotan ageriko arrazoi barik; haizeterik edo ekaitzik egiten ez duen egunetan izaten da». Palacioren arabera, ohikoa da argindar edo telefono lineako posteak erorita ikustea, eta kableak lurrean. 

Herritarrei, oro har, kalte handia eragiten diete tartekako mozketa horiek. Baina, batez ere, abeltzaintza sektoreak pairatzen ditu ondorioak, eta Karrantzako ekonomiaren oinarria da. «Asko modernizatu da. Robotizatua dute ekoizpena, eta argindar barik ezin dute ezer egin. Esaterako, esnearen eta esnekien ekoizpena berriro hasi behar izaten dute argindarra joaten zaienetan». 

Palacioren iritziz, baldintza horiek ez dira erakargarriak landa inguruan bizitzeko. «Oro har, zerbitzu gutxiago daude Karrantza bezalako herri batean. Horrez gainera, oinarrizkoenak ere bermatzen ez badizkigute, ez da etorriko jenderik hona bizitzera edo enpresak sortzera, eta, agian, hemengoak ere joan egingo dira».

Zuntza, ezinean

Argindarra, telefonoa eta Interneta ezinbestekoak dira. Gaur egun, Internet zerbitzu egokia jasotzeko, zuntza behar da. Foru aldundiak plan berezi bat izan du herrialdean falta izan duten inguruetara eroateko. Karrantzako alkatearen esanetan, aurrerapen handia izan da, baina hedatzea ez da erabatekoa izan: diputazioaren planean parte hartu duen telefono konpainiak auzo guztietara eroan du zuntza, horretarako kontratatu baitu diputazioak. Ondoren, bezeroek zerbitzua kontratatu behar izan dute, eta kontratatu duten enpresak eroan behar izan die auzoan kokatutako hargunetik etxera. «Konpainiei ez zaie errentagarria aparte dagoen baserri bakar batera arte zuntza eroatea. Udaletxera arazo hori duten bizilagun asko etortzen zaizkigu». 

Palaciok ohartarazi du landa inguruak aparteko babesa behar duela. «Herrien aldeko apustua egingo bada, egiazkoa izan behar da. Baina iruditzen zaigu erakunde publikoek ez dutela egiten». Karrantzan, esaterako, urteak daramatzate herrialdeko gainontzeko lekuekin lotuko dituen «ganorazko» errepide bat eta «kalitatezko» garraio publiko «erabilgarria» eskatzen.