Arropei beste erabilera bat emateko planta bat zabaldu dute Mungian

Arropei beste erabilera bat emateko planta bat zabaldu dute Mungian

Kooperak bigarren lantegia du Mungian, arropei beste erabilera bat emateko asmoz irekia —irabazi asmorik gabeko erakundeak bertan dauzka Euskal Herriko biak—. Kooperak Mungian jadanik zuen lantegiaren lanari segida emateko helburua du, hau da, ehunen birziklapenean beste urrats bat egitea. 3.368 metro koadro ditu plantak, eta berton Kooperak biltzen dituen jantzien ehunak tratatu eta kudeatuko ditu, beste erabilera bat emateko. Caritasen eta Eusko Jaurlaritzaren zein beste erakunde publikoren laguntza jasotzen du horretarako. Hego Euskal Herriko herri eta hirietan dauden edukiontzi zurietan biltzen dute arropa, herritarrek jadanik erabili nahi ez dituzten jantziak, hain zuzen.

Kooperak biltzen duen guztiaren parte bat zuzenean doa erakundeak dituen bigarren eskuko dendetara —Bizkaian 11 daude, eta abenduan hamabigarrena zabalduko dute: Bilboko Santutxu auzoan–. Aukeraketaren lehen pausoa orain arte egon den Mungiako planta bakarrean egin izan dute. Berrerabili ezin ziren jantzien gainontzekoa, berriz, zuzenean bidaltzen zuten enpresa berezituetara, haiek birziklatu eta bestelako lehengaiak sortzeko. Hemendik aurrera, baina, beste urrats bat egingo dute birziklatutako ehunak kanpoko enpresetara bidali aurretik.

Nerea Perez Kooperako komunikazio teknikariak azaldu duenez, bigarren plantaren egiteko nagusia ehunak sailkatzea da, gero nora bidali jakiteko. Izan ere, Mungiako planta berriak duen aurrerapen teknologiko nagusia ehunak sailkatzeko makina da, Perezen esanetan: «Aurretiaz eta era azkar batean jakingo dugu zer materialez eginda dauden arropak». Horri esker, uste du lortuko dutela material gehiago birziklatzea, ehun bakoitza dagokion enpresa berezitura bidaliko baitute. Ehunak birziklatzea «funtsezkoa» dela iritzi dio, lehengaiak mugatuak baitira.

Geroz eta dohaintza gehiago jasotzen dituztela jakinarazi du Perezek, eta, hori dela eta, beharrezkotzat jo zuten Mungian beste planta bat eraikitzea. Urtean 2.500 tona gehiago hartzeko ahalmena izango dute —Valentzian (Herrialde Katalanak) beste planta bat du—, orain arte baino 7.000 gehiago. Erakundeak 820.000 euro inguru inbertitu ditu planta eraiki eta martxan jarri ahal izateko.

Duintasuna xede

Ekonomia zirkularraren alde egiteaz gain, Kooperak «gizartean bazterturik daudenekin, edo baztertzeko arriskuan daudenekin» egiten du lan. Mungiako lantoki berrian, langileen «erdiek baino gehiagok» gizarteratze kontratua izango dute, Perezek azpimarratu duenez. Hau da, plantako langileek hiru urteko prestakuntza eta lan kontratua izango dute, Kooperak eskainia. Bertatik igaro ostean, ohiko lan merkatura itzuliko dira. Mungiako lantoki berrian, oraingoz, 45 lagun hasiko dira beharrean, eta Kooperak aurreikusi du datorren urtetik aurrera beste 11 behargin hastea, eta  bigarren lan txanda ezartzea.

Hori, baina, ez da Kooperak «duintasunari» lotuta egiten duen lan bakarra. Komunikazio teknikariaren esanetan, Koopera Storeak, bigarren eskuko arropak saltzeaz gain, «baliabide ekonomiko gutxi» dituztenei egiten dizkie entregak: «Bono batzuen bidez egiten dugu banaketa, salerosketen esperientzia bera izan dezaten, haien bizitzak duintze aldera».