Gorputz eta arimen babesleku

Gorputz eta arimen babesleku

Ibai Maruri Bilbao

Leku sakratuen jatorrian Erdi Aroko legenda erlijiosoak eta gertaera historikoak nahastu ohi direla esan du Ziortzako monasterioko (Ziortza-Bolibar) priore Antonio Maria Martin Fernandez-Castrok. Euren kasuan ere bai. Donemiliaga Kukulako monasterioko (Errioxa, Espainia) idatzi batean dago jasota: “Kontatzen du 960. urtean ingurukoak Oizen Andre Mariaren Jasokunde eguneko meza entzuten zeudela, arrano koroatu batek burezur bat hartu zuela hilerritik, harana zeharkatu zuela, eta hemen utzi zuela jausten. Ulertu zuten Ama Birjinak gura zuela hemen ermita bat eraikitzea, eta hori egin zuten”.

Bidegurutze batean dago Ziortza. Handik igarotzen da kostaldeko Donejakue bidea, jatorrizkoa deritzona. Ardoaren eta arrainaren bidea ere bai, Bizkaia eta Errioxa artean ardoa eta arraina garraiatzeko erabiltzen zena. “Frantziatik datorren bidea hemen erdibitzen da: eskumatara, Gernikara eta Bilbora jarraitu daiteke, Donejakue bidetik; ezkerretara, Oiz igarota, Durangaldetik penintsularantz”.

Bidegurutzeetan merkataritza sortzen da, eta haren abaroan joan zen ermita handitzen. Lehen eliza XII. mendekoa da. XV eta XVI. mendeetan bizi izan zuen urrezko aroa. Orduan eraiki ziren gaur egunera iritsi diren eraikinak, eta bihurtu zen kolegio eliza. “Parrokia baino gehiago da, baina katedrala baino gutxiago. Bizitza erdi erlijiosoa egiten duten kalonjeak izeneko abadeen komunitate batek gidatzen du”.

Eliza gotiko berantiarra da, areto zabalekoa eta garaia; erretaula flamenkoa du. Klaustroa txikia da, baina esanguratsua: Bizkaian dagoen Errenazimentuko estiloko bakarra. Organoa, barrokoa. “Bizkaiko zaharrena da. Iberiar organoa delakoa da. Eibarko [Gipuzkoa] Joseph Etxebarria frantziskotarrak sortutako organo mota da, soinu bibratzailekoa eta hoditeria bertikala organotik gora irteten dituena”. Penintsulan eta Ameriketan hedatu ziren estilo horretakoak. Gehienak galdu dira; Ziortzakoa da funtzionatzen duen bakarrenetakoa. Erabat zaharberritu zuten, eta irailean kontzertu zikloa egiten dute.

Ziortzako monasterioa

XIX. mendean kalonjeak joan ziren, eta parroko baten ardurapean geratu zen. Ingurukoek eraikinak okupatu zituzten. XX. mende erdi aldera XVI. mendeko erromesen aterpea erre zen. 1970. hamarkadan eraikin guztiak zaharberritzeko lanak hasi zituen Bizkaiko Diputazioak. “Juan Maria Uriarte Bilboko gotzain laguntzaile ohia urtero Olibako monasteriora [Zarrakastelu, Nafarroa] joaten zen, gogo jardunetara. Hango fraideei esaten zien hemen beste komunitate bat sortu behar zutela, eta azkenean kasu egin zioten”, gogoratu du. 1977an, kolegio eliza monasterio bihurtu zen, eta Gordetze Hertsiko Zistertar Ordenaren esku dago.

Ostatua eta aterpea

Ordenako monasterio guztiek bezala, honek ere ostatua du. “Jendea etortzen da gogo jardunak egitera, gogoeta egitera, otoitz egitera, edo, besterik gabe, lasai egon eta inguruaz gozatzera”. Erromesen aterpea ere badute. Duela hamabost urte ipini zuten martxan, izaten zituzten eskaerei erantzuteko. 20-22 lagunentzat dute lekua, eta ohea, afaria, armosua eta dutxatzeko aukera eskaintzen dute. Azken urteetan gainezka dabiltzala esan du.

Edonor joan daiteke Ziortzara: ostatu hartzera, tokia ikustera edo han bizi diren bost fraideekin otoitz egitera. Egunean hainbat otoitzaldi egiten dituzte elizan. Martinek kontatu du jende “asko” batzen zaiela: goizeko gorespenetan eta mezan (08:00) bai, baina, batez ere, iluntzean (20:30) bezperak errezatzen dituztenean.

Ziortzako monasterioa