Jazza eta bluesa, gotortuta

Jazza eta bluesa, gotortuta

Amaia Igartua Aristondo

Aldiz aldi, formatu txikian, egonkortu egin da dagoeneko Elorrioko Arriola antzokiak antolatzen duen Jazz Blues jaialdia. Zehazki, 33. edizioa egingo dute azaroaren 20ra bitartean. Rumbling Lips Donostiako taldeak hasi zuen aurtengoa atzo, 1960ko eta 1970eko urteetako rock eta psikodelia doinuekin, eta beste sei talde eta musikari igoko dira oholtzara datozen egunetan. Kontzertu guztiak Arriola antzokian izango dira, azkena izan ezik: aurten ere, aretotik aterako dute festibala, eta azaroaren 20ko kontzertua udalerriko Portalekua tabernan egingo dute.

Hamarkadetako ibilbidea du Jazz Blues jaialdiak, antzokiak berak bezala. Biak ala biak eskutik joan izan baitira, Aitor Iriarte jaialdiaren antolatzailearen hitzei erreparatuta. Izan ere, Arriola zabaldu zutenean, Elorrio inguruan urriak ziren antzokiak eta kontzertuetako aretoak, Iriartek gogoan duenez. “Arriola martxan jarri genuenean, musikako eta arte eszenikoetako arlo guztiak jorratzeko asmoarekin, pentsatu genuen tokiren bat egin behar geniela bluesari eta jazzari, hemen inguruan oso gutxi entzuten baitziren. Ideia horrekin hasi ginen, eta horrela jarraitzen dugu”.

Jazza eta bluesa dira festibalaren muina, baina aniztasunera ere jotzen dute aldiro, jende gaztea lotzeko, batez ere. “Jatorrizko formatuko bluesa eta jazza programatzen badituzu, jendea erakartzea gaitzagoa da”. Hori horrela, kontuan izaten dute bestelako moldeetara ere jotzen duten musikariak, edo betiko moldeari ukitu modernoak txertatzen dizkiotenak.

Programa murritz batean sartzen dute hori dena. “Gure dinamika da ostiraletan jazz ortodoxoa programatzea; larunbatetan, bluesa; eta, ostegunetan, jendea erakartzeko, rock-and-roll kutsukoak ekartzen ditugu”. Gaurko taldeak, Move Quartetek, herri musika du oinarrian, baina abangoardia ere badute jopuntuan haren doinuek. Horiek horrela, eurek sortutako musika eta moldatutako kantak uztartzen dituzte errepertorioan. Doinu apalak sortzen dituztela nabarmendu dute antolatzaileek.

Matteo Sansonetto musikaria igoko da bihar Arriolako agertokira. Italiako bluesaren izen ezagunenetako bat da. Chicago blues doinuak jotzen ditu, eta molde horretara jotzen duen musikari bakarrenetakoa da Europan, antolatzaileen arabera. Musika eklektikoa da harena.

Hurrengo asteko kartela Euskal Herriko musikari batek zabalduko du: Juan de Diego bilbotarrak. Proiektu berri bat aurkeztuko du gaur zortzi, Arriola antzokian: Grebalariak. 1919an, Bartzelonako La Canadenca enpresa elektrikoko beharginek greba bat abiatu zuten, eta hiri osora hedatu zen. Hori oinarri hartuta, De Diegok abesti bat sortu zuen aurrena, eta disko bat taxutu du azkenik. Gainera, kide berriak ditu bidelagun: Toni Saigi pianista, Eric Surmenian kontrabaxu jotzailea eta Ramon Prats bateria jotzailea. De Diegok sortu ditu diskoaren hamar abestiak, eta bep-boparen eta jazz garaikidearen uztarketa bat da emaitza, gutxi-asko.

Datorren asteko zapatuan, bluesaren txanda izango da ostera ere. Mingo Balaguer Espainiako musikaria ariko da jaialdian. Ibilbide luze eta oparoko artista da Balaguer: 35 urteko karrera du —1987an hasi baitzen—, eta hamazazpi album kaleratu ditu, guztira; talde ugaritan hartu du parte, gainera. Antolatzaileen esanetan, bluesaren ertz asko biltzen ditu Balaguerren musikak: besteak beste, Chicagoko blues elektrikoa, jum-bluesa eta Texasko blues doinuak dituzte haren abestiek. Nazioarteko musikariekin jo izan du sarritan.

Azken emanaldian, jaialdia antzokitik lekualdatuko da: domekan, azaroak 20, Elorrioko Portalekua tabernan joko dute Diablues eta Bluezifer musikariek —Mikel Etxeberria eta Asier Elorza, hurrenez hurren—. Doako kontzertua izango da. Bergarako (Gipuzkoa) musikariak dira biak ala biak, eta 2014tik jotzen dute batera. Antolatzaileen azalpenaren arabera, bluesaren sustraietara jotzen dute artistok. Mississippiko doinu zaharrez baliatzen dira, baina beraien ukitua ere ematen diete. Blues akustikoan ohikoak diren musika tresnak darabiltzate, baina bestelako baliabideetara ere jotzen dute: ahots jokoak erabiltzen dituzte, baita dobroa —gitarra antzeko bat— eta tronpeta ere, besteak beste.

Mingo Balaguer

Publikoaren arrastoan

Jazz eta blues lehortea igarrita abiatu zuten Iriartek eta gainerako antolatzaileek Jazz Blues jaialdia. Urte andana baten ondoren, egoera aldatu dela onartu du Iriartek, baina ez modu berean bi estiloentzat. “Gaur egun, jazzak baditu jarraitzaileak. Horrenbeste musika eskola egonda… Baina bluesak ez ditu hainbeste zale. Hala ere, gaur egun gehiago entzuten da bluesa ere, orain jendeak edozein musika mota entzuten du eta”.

Musikariei erreparatuta ere, hemen inguruan errazagoa da topatzea jazza egiten dutenak, blues musikariak baino, antolatzailearen esanetan. “Jazzari dagokionez, Euskal Herrian oso musikari onak ditugu”. Eta gertu ere aukera oparoa dagoela nabarmendu du antolatzaileak: Bartzelonan, Madrilen… Hori hala, jazza programatzea ez da buruhaustea, Iriarteren esanetan. Kontrakoa gertatzen da bluesaren kasuan, ordea. “Euskal Herrian, banaka batzuek egiten dute bluesa. Bluesa programatzeko, kanpoko jendearekin jarri behar duzu harremanetan: biran datozen amerikarrekin, adibidez”.

Eta, hala ere, jaialdiak ikusle asko biltzen zituen aurreneko urteetan, Iriarteren hitzetan. “Hasi ginenean, inguruan ez zegoenez ezer, jende mordoa agertzen zen: sekulako giroa egoten zen”. Urteekin, ordea, hauspoa nabarmen ahuldu da. “Ikustea besterik ez dago gaur egun zer ehun duen Euskal Herriak: edozein herrik badu bere kultur etxea, antzokia, gaztetxea…”. Durangaldeko jazz zaleak eta blues zaleak hor daude oraindik, halere.

Horrez gain, gazteak ere badituzte jopuntuan: izan ere, ez dago “belaunaldien arteko erreleborik”, antolatzailearen irudiko. “Pena da jende gaztea ez erakartzea. Ematen du jazz eta blues erritmoak helduentzat direla”. Dena den, Iriarteri ez zaio kezkarik igartzen etorkizunera begira: dioenez, formatu txikiko festibala izanik, aurrekontua ere mugatua da; horiek horrela, egiteko modukoa da oraindik.