Pandemiaren eragina ez da amaitu: Caritasek 12.569 bizkaitar artatu zituen iaz

Pandemiaren eragina ez da amaitu: Caritasek 12.569 bizkaitar artatu zituen iaz

Amaia Igartua Aristondo

Pandemia apalduz doala dirudien arren, arrasto luzea uzten ari da; batez ere, lehendik egoera prekarioan bizi ziren horiengan. “Biztanle guztiei ez diete berdin eragiten krisi sozialen ondorioek”, Bizkaiko Caritasko zuzendari Carlos Bargosen arabera. Erakundeak iazko urteko txostena aurkeztu zuen asteazkenean, Bilbon, eta esaldi horrekin laburbildu zituen Bargosek azterketaren emaitzak. Orotara, 12.569 pertsonari eman zien arta Caritasek Bizkaian, eta horietatik ia 4.000k lehen aldiz jo dute erakundearengana. 2020an baino gutxiago izan badira ere —13.096 izan ziren orduko hartan—, gizartea “urratuta” dagoela ohartarazi du zuzendariak: izurriaren aurretik baino pertsona gehiago daude bazterketa larrian. Guztira, 14,5 milioi euro inbertitu zituzten iaz, 230 proiektutan.

Laguntza jaso dutenen ezaugarriak aletu zituzten. Aldagaietako bat bakardadea da: artatu zituzten bizkaitarren %30 bakarrik bizi ziren, eta %21, guraso bakarreko etxeetan. Era berean, bazterketak “emakume aurpegia” duela azpimarratu du Ana Sofi Telletxea Bizkaiko Caritaseko Errealitate Sozialaren Behatokiko arduradunak, eta askotan adingabeak egoten dira harekin batera; izan ere, adingabeak zituzten 5.906 familiari eman zitzaien laguntza, horietatik %45 guraso bakarrekoak ziren, eta askok zuten emakume bat buru.

Adinekoen artean ere, sexu aldagaia oso nabarmena da: artatu zituzten 393 lagunetik, %77 andrazkoak ziren. Beste horrenbeste enplegua lortzeko zailtasunak dituztenen artean: behar duina lortzeko lagundu zituzten 2.367 pertsonetatik %65 emakumeak ziren.

Orobat, gizarteratzea oztopatzen duten beste faktore batzuk ere antzeman ditu Caritasek: besteak beste, migratzaileek euren egoera administratiboa erregulatu dezaten dauden trabak, arrakala digitala, eta zaintzeko edo zainduak izateko ezintasunak.

Boluntarioei dagokienez, baikor eta eskertuta agertu ziren: iaz, aurreko urtean baino 234 lagun gehiago batu ziren erakundera; guztira 2.036 dira Bizkaian.

Usteak “aldatu beharra”

Gizarte bazterketaren inguruko usteei ere erreparatu die Telletxeak aurkezpenean, irudia “aldatu behar” dela adierazi baitzuen. Haren irudiko, askotan soilik pobreziarekin lotzen da bazterketa, baina askotarikoak dira aldagaiak. “Arazo larri eta askoren batuketaren ondorio da. Gerta dakieke adinekoei, seme-alaben kargudun diren senideei, atzerritarrei, kalteberak diren gazte eta haurrei, edo osasun eta hezkuntza zerbitzuetara sartzea zail dutenei”.

Laguntzaren garrantziaz ere mintzatu da Bizkaiko Caritasen behatokiko arduraduna. “Errealitatea haien kontra dago. Gizarteak bazterkeria sortzen duten dinamikak ditu”.