Hau da gure zirkua

Noiz izan zen azkenengo aldia? Elorrioko lehengusu-lehengusinekin joan nintzeneko hartan, beharbada? Auzoko aparkalekura etorri zireneko hartan, akaso? Ez dakit. Nire oroimenari egindako galderek ez dute erantzun argirik bueltatzen. Baina ez du inporta. Kontua bestelakoa da. Izango da erdi kazetari erdi pailazo naizelako. Izango da sudur gorririk bako pailazo ibiltaria naizelako. Baina kontua da, oso aspaldiko partez, zirkura joan naizela eta egundoko emozio sorta sentitu dudala erraietan. Denbora asko zen ikuskizun kultural batek halako emozio koktelera bat sentiarazten ez zidala. Eta hori, zalantza barik, Iker Galartzari eta haren lankide bikainei zor diet. Eurovision festibala pasatu berri den honetan, aprobetxatuko dut hamabi puxtarriak euskarazko zirkuari emateko.

Gure Zirkuak Amillanpe honetatik abiatu du denboraldi berria: Durangotik. Emanaldiak arrakastatsuak izaten ari dira. Karpa jendez lepo, errementatu beharrean. Artistak, bikain. Ilusioa eta magia, bor-bor. Eta xehetasun bakoitza, txikiena izanik ere, zainduta. (Bai, xehetasunik txikiena ere bai. Karparako sarreran zerbitzatzen dituzten krispetek ere gatz puntu egokia baitute. Hori bai. Kontuz. Pailazoek sorrarazitako barre algararekin krispetak okerreko lekutik joan dakizkizuke eta!). Baina, bai. Hori guztia du euskarazko zirku honek. Eta horixe komentatzen nion lagunari karpatik irten berritan: egundoko emozio saltsa isiotu zaidala barrenean. Eta hori guztia, euskaraz sentitu dudala. Gure Zirkuak eskaintzen duena, ikuskizun eder batetik aparte, txute ikaragarri bat delako komunitate euskaldunarentzat. Euskaraz flipatzen duzulako. Euskaraz hunkitzen zarelako. Euskaraz deskojonatzen zarelako.

Gisa honetako proiektuek indarra ematen diote sukarrak jota dagoela dirudien ekosistema euskaldunari. Eta pentsatu gura dut, Gure Zirkua bezalako proposamen ausart, konprometitu eta profesionalei esker, egunen batean atzean utziko dugula euskal ekosisteman kronifikatutako kalentura hori. Berdin, norbanakoen, elkarteen, herri mugimenduaren eta instituzioen konpromisoari esker. Berdin, proposamen berritzaileei esker. Eta berdin, erabakiekin asmatzen. Aurten, orain arte egindako bideak behintzat baikortasunerako tartetxo bat utzi baitu: Korrikaren 22. aldiak inoizko harrerarik onena izan du eta Herri Urratsen Itzulera aspaldiko jendetsuenetakoa izan da. Ea aurretik datozkigunekin ere bide beretik jarraitzen dugun. Bihar egitekoa den Euskara Aurrera manifestazioarekin, adibidez. Edo Abusun maiatzaren 29an egitekoa den Ibilaldiarekin. Bestela, hor segituko du euskarazko kultur sistemak, funanbulisten kablean atzera eta aurrera, jausi edo ez jausi. Hor jarraituko dute euskalgintzako eragileek, diru sarrerekin eta militantzia lanekin malabarismoak egiten. Hor kateatuko gara, magia egiteko saiakeretan. Eta zer gura duzue esatea: kontuak ez luke grazia izpirik, ezta sudur gorria jantzita ere.