Zirkua saretzeko jardunaldiak

Zirkua saretzeko jardunaldiak

Olatz Enzunza Mallona

Hainbat eraikin eta pabiloi hutsen artean dago Zirkozaurre, Bilboko Deustuibarrean. 2011ko azaroan hartu zuten gunea, eta, ordutik, lan asko eginez, erreferente bihurtu dira zirku munduan. Aurten, laugarrenez, ZKZ Topaketa antolatu dute. Leire Garcia antolatzailearen hitzetan, zirku topaketak helburu du sektorea sendotuko duten sare berriak sortzea eta lehengoak indarberritzea: “Zirku artistek norbere ezagutzak eta esperientziak elkarri ezagutaraztea da asmoa”. Gaur arratsaldean hasi eta lau egunez, tokiko zein nazioarteko artistak batuko ditu topaketak.

Bilboko zein inguruetako zirku artistak elkartzeko espazio moduan jaio zen ZKZ Topaketa 2017an: “Artisten arteko sinergiak sortzea zen asmoa: tailerrak, zirku olinpiadak… antolatzen genituen, eta, aldi berean, ikuskizun batzuk ere egoten ziren”. Gaur egun, berriz, egitaraua “zabalagoa” dela onartu du Garciak: “Egun, zirkua Bilbon erakusteko aukera paregabea da topaketa: gure hiria zirkuaren epizentro bihurtzea nahi dugu”. Pandemiaren ondorioz, egitaraua “pixka bat” moldatu behar izan dute eta espazio aldetik “irekiagoa” den guneetara lekualdatu behar izan dute: “Zirkozaurren jende gehiegi biltzea ezinezkoa zen”.

Aurten, beraz, Zirkozaurrez gainera, bi eszenatoki nagusi egongo dira: Etxebarria parkea eta Bilborock aretoa. “Lehen aldiz, ZKZ jaialdia hiriaren erdigunera hurbilduko dugu, eta hori izango da berrikuntzarik nabarmenena”, esan du Garciak.

Las XL

Adin guztietarako eta modalitate ugariko ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Besteak beste, ikusgai egongo dira malabareak, clown-ak, aireko akrobaziak, trapezioa eta kontorsioa. “Zirkua ikusteko, praktikatzeko edota gozatzeko gogoa duen edonork harrera ona izango du, salbuespenik gabe”, nabarmendu du Garciak. Guztira, zazpi ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, eta horietako bakoitzak hamar euro balioko du.

Bestalde, hiru gala ere egongo dira. Bihar izango da lehenengoa, eta astelehenean eta asteartean hurrengo biak. Astelehenekoa, gainera, “berezia” izango dela aurreratu dute: Euskal zirku gala. Iluntzeko zortzietan abiatuko dira galak, Etxebarria parkean, eta hamabi euroko prezioa izango dute. Masterclass espezializatuak eta zirku tailerrak ere izango dira jardunaldietan.

Vaques

Osasun neurriak zorroztuta

COVID-19a hartzen ari den bilakaeraren ondorioz, segurtasun-neurri guztiak “zorrotz” beteko dituztela azpimarratu dute antolatzaileek: “Pandemia geldiarazteko erantzukizunaren eta gozatzeko gogoaren arteko oreka bilatu behar dugu”. Hala ere, normaltasunera itzultzeko gogoa ere badutela azaldu dute: “Normaltasun gosea dago, baina datuek agintzen dute”. Ondorioz, ekintzetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatu dute, euren webgunearen bitartez.

Malabarismoa