Maribel Aiertza: “Artea aitzakia bat izan da gizartean errotutako ideia batzuk aztertzeko”

Maribel Aiertza: “Artea aitzakia bat izan da gizartean errotutako ideia batzuk aztertzeko”

A. Igartua Aristondo

Maribel Aiertzak (Etxebarria, 1962) bere ipuin liburu berrian, Ezer ez da dirudiena-n (Elkar, 2021), askotariko pertsonaiak eta formatuak erabili ditu, narrazio bakoitza koadro ezberdin bat bezalakoa izateko helburuarekin. Ondarroako Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du, hurrengo ostiralean. Edonola ere, itxialdi oparoa izan du idazleak, dioenez: gazteentzako beste liburu bat atera berri du —Asteburua landetxean (Elkar, 2021)—, eta hirugarren bat publikatuko du 2022an.

Arteak ardaztutako ipuinen liburu bat da. Zergatik?

Modu naturalean sortu zitzaidan ideia, bi mundu horietan bizi naizelako: arte plastikoetan eta literaturan. Nire senarra [Mikel Lertxundi] eskultorea da, harekin kolaboratu dut, eta arte plastikoetan ezagutza eta bizipena ditut. Arteak ez dira lanbideak bakarrik, baizik eta bizitzeko moduak. Arte giroko ipuinak idazteko gogoa neukan, sentitzen nuelako nik nahi baino jende gutxiagok bizitzen duela artea kontenplatzearen esperientzia. Beharbada, istorio entretenigarriak emateaz gain, badago artea gizarteratzeko helburua ere; museo itxietatik atera, idulkietatik jaitsi eta zerbait mundukoagoa dela erakustekoa.

Helburu horren harira doa subjektuen aniztasuna?

Kolore aniztasuna lortzea izan da nire helburu nagusia, irakurleari ematea abaniko zabala. Erakusketa batean koadroak agertzen diren bezala, ni ahalegindu naiz bereziki eta nahita koadro horiek ahalik eta desberdinenak egiten, erakusten artearen bizitzako esparru, gertaera eta pertsonaia ezberdinak.

Era berean, artearen desmitifikazioa eragiten du horrek? Adibidez, garbitzailearen edo segurtasun langilearen kasuan, nabaria da prekaritatea.

Har liteke kritika moduan. Egia esan, gehiago zentratu naiz aberastasuna erakusten, ez hainbeste kritika serio bat egiten; baina beti gustatu izan zait hausnartzeko puntuak jartzea. Garbitzailearen ipuinean, berandu aurkitzen ditugun barne pasioez ari naiz gehiago, beharbada: jende batek ez ditu bizitza osoan ere aurkitzen, eta beste batzuek, oso gaztetan. Ipuin guztiak jolasak izan dira. Artea gehiago izan da aitzakia bat gizartean errotuta dauden jarrera eta ideia batzuk aztertzeko.

Beste gogoeta gai bat da emakumearen egoera artearen esparruan.

Horri ere keinuak egin dizkiot ipuin batzuetan; Grafitibirusa-n, adibidez. Dokumentazio lan handia egin behar izan nuen, ez delako asko ezagutzen dudan diziplina. Badaude emakume mordoxka horma irudiak egiten, baina lehen ez ziren azaltzen, edo hala aurkitu dut dokumentazioan. Berdintasunari keinuak egiteko baliatu dut.

Ipuin askoren ardatza gazteak dira. Nahita egin duzu?

Bai. Ipuinok gazte-helduentzat eta helduentzat dira. Grafitibirusa ipuina gazteengana heltzeko ere egin nuen, haiengandik gertuen dagoen artea izan daitekeelako.

Uste duzu arrakala dagoela belaunaldien artean?

Artera gerturatzeko orduan, bai; gauzak asko aldatu dira. Galeristek beti esaten digute arrakala hori nabaria dela ikusleen artean. Berton ditugu fakultateak eta Arte Ederrak ikasten ari den jende asko, baina, agian, ez dira galerietara eta museoetara gehien joaten direnak; beste modu bat aurkitu dute artera gerturatzeko.

Aipatu duzu ipuinak jolas bat izan direla. Bakoitzak forma ezberdina du. Zerk baldintzatuta?

Jolasarena egia da, prozesu osoa horrela bizi izan dudalako. Bi helburu nituen liburuarekin: ahalik eta kolore aniztasun handiena bilatzea, eta, izenburuak esaten digunari jarraituz, dirudienari buelta bat ematea, intriga erabilita eta usteak ezusteak bihurtzen. Ipuin bat bukatu ahala, beste agertoki bat aukeratzen nuen, beste pertsonaia batekin, eta modu desberdinean sortu dira ipuinak. Belarria lehenengoetarikoa izan zen, eta Van Gogh aukeratu nuen pentsatuta irakurlea izango zela, arte zalea baino gehiago, arte zaletu nahi nuena: hura izango da margolari unibertsaletan errazen ezagutzekoa, koadroak ere bai, baina gehiago oraindik bere belarri mozketa. Bestalde, euskal artean erreferente den koadroren batekin ipuin bat asmatu nahi nuen, eta aukeratu nuen Ramiro Arrueren Euskaldunak karta jokoan; koadroa izan zen lehen ideia, eta handik sortu nuen aitona eta beste jubilatuen istorioa. Ipuin denek dituzte abiapuntu ezberdinak.