Badator euria

Gauarenak dira orain ordurik gehienak. Hasiko dira kaleak putzuz estaltzen eta putzuak faroletako argien islez betetzen. Urarenak izango dira laster ordurik gehienak. Umeldu egingo gara, eta txokolate beroa jateko motiborik ez dugu bilatu beharko. Eguzkiaren argiaren faltan ordainpeko argiaren besoetan babestuko gara batzuk. Jarri du orbelak asfaltoa inbaditzeko plana martxan eta bide onetik doala dirudi.

Kaleko ilunak eta barruko ilunak bat egiten dute orain. Sasoi honetan zilegi da triste egotea, ulergarria da, logikoa da. Kalean ilun badago, barrua ilun izan dezakezu. Kalea umel badago barrua umel izan dezakezula pentsatuko du garagardozale amorraturen batek; badu bere logika. Lupetz sasoia dator, eta supermerkatuko karro bustiena. Badator teilatuetako itoginen eta loka dauden baldosa urtsuen garaia.

Eurira ohitzen hasi beharko dugu berriz. Ikusiko dugu goitik behera arropa iragazgaitzez jantzitako jendea. Aterkidunen jende-multzo anitza ere irtengo da kalera, bakoitza bere umeltasun eta xurgatze-gaitasun. Aterkidunen artean ikusiko ditugu aterkia jakaren kolkoaren atzeko aldean eskegita daramatenak. Agertuko dira hamar zentimetroko luzera eta hamar gramoko pisua duten aterkidunen jabeak. Duela hamar urte erositako guardasola jatorrizko zorrotik atera eta jatorrizko zorroan ondo itxita gordetzen duenik ere izango da. Aterako dira kalera euritakoaren hagaxka guztiak herdoildu zaizkiona eta hagaxka bat bera ere zuzen ez duena. Bere euritakoa zein den identifikatzeko kapaz ez denarekin ere egingo dugu topo euripean. Aterki barik dabilenik ere izango da eta aterkia non utzi duen asmatu ezinik dabilenik ere bai.

Euriak bereak diren egoerak sortzen ditu, euriarekin bakarrik gertatzen direnak, euripeko gertaerak. Demagun, oharkabean hasten da euria bota ahala eta alboan duzunak euritakoa ateratzen du, zuk ez daukazu aterkirik. Albokoa ez duzu behar beste ezagutzen eta bere aterpera gonbidatzen zaitu. Sartzen zara guardasolpean eta beste gorputza zurearen alboan sentitzen duzu. Ez dakizu besotik heldu ala ez. Ez badiozu heltzen zaila izango da burua eta gorputz erdi aterpean mantentzen. Heltzen badiozu, nola eta zenbat? Bere besoa inguratuko duzu zure eskumuturrarekin eta gura barik bere gorputza sentituko duzu. Deserosoa da egoera. Bestea ez da ezezagun bat, baina ez da nahikoa gertuko. Zuk ez diozu besotik heltzen edonori, ez horrela, ez horren gertu.

Euriak ataka horretan jarriko gaitu sarri euritako barik irteten garenok. Beste batzuek aterpea eta epela eskainiko diguzue, eta guk ez dugu jakingo zenbat aterpe eta zenbat epeltasun onartu. Ez dugu jakingo zuen besora eskumuturra edo besoa korapilatu; ziurrenik zalantza hori izatearren ahaztuko dugu aterkia goizero etxean. Tarteka geu izango gara aterpe eta beso. Eutsiko diogu aterkiari zuen besoa nahi baino astunago sentitzen dugunetan ere.

Badator euria, badator iluntasuna, badator barruetako epela eta, batez ere, badator bustitzeko garaia.